Belaunaldien arteko elkartasuna

Belaunaldien artekoa ez da harreman estatiko bat; erantzukizunek, zorrek eta aukerek ehundutako sare korapilatsua baizik. Gizaldiz gizaldi, euskal gizarteak onartutzat eduki du belaunaldi bakoitza aurrekoa baino hobeto biziko dela, baina gaur egun zalantzak sortzen dira: belaunaldi berriek eskubide eta ongizate gehiagoko etorkizuna jasoko dute, ala, aitzitik, baliabide gutxiago eta arazo handiagoak izango dituzte?

Belaunaldien arteko elkartasuna premiazko gaia da: onurak eta kargak egungo gazteen eta adinekoen artean nola banatzen diren aztertzen du, eta baita etorkizuneko belaunaldiei uzten zaien ondarea zer nolakoa izango den ere.

Eremu tematikoak
Ongizate integralerako bideen azterketa
Kategoria
Hausnarketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2025-01-01-2026-12-31

 

Sarrera

Proiektuaren abiapuntua honakoa da: belaunaldien arteko elkartasuna ez da kontzeptu abstraktu bat, euskal herritarren eguneroko bizitza zeharkatzen duten behar sozial, politiko eta etiko bat baizik. Elkartasun horrek zer esan nahi duen eta nola gauzatzen den ulertzea funtsezkoa da etorkizun bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko.

Belaunaldien arteko harremanak hainbat dimentsio ditu. Alde batetik, familia-loturak daude — aitona-amonen, gurasoen eta seme-alaben artekoak —, non zaintzak, balioen transmisioak eta elkarrekikotasunak funtsezko zeregina duten. Baina, eremu pribatutik haratago, gaia gizarte osora hedatzen da: nola banatzen dira baliabideak, aukerak eta kargak belaunaldi gazteen eta adinekoen artean? Zer erantzukizun dituzte egungo herritarrek  oraindik jaio ez direnekiko?

Gaur egun desoreka handiak ikusten dira. Belaunaldi gazte askok bizi-zailtasunak dituzte enplegu egonkor bat, etxebizitza bat edo ongizate-sistema jasangarri batean onuradun izateko; belaunaldi nagusiek, berriz, hazkunde ekonomikoaren eta gizarte-egonkortasunaren ziklo bat bizi izan zuten urte gehiagoz, baina gaur egun arazo propioak dituzte, hala nola zahartzearen ondoriozko bakardadea, osasunaren narriadura eta pertsona batzuek bizitza duin bati eusteko dituzten pentsioen gutxiegitasuna. Horri gehitu behar zaio zor ekologiko eta finantzario handia, etorkizuneko belaunaldien bizitza larriki baldintzatuko duela mehatxatzen duena. Horregatik, beharrezkoa da desberdintasun horiek kritikoki berrikustea eta ekitatezko formulak bilatzea.

Horregatik guztiagatik, proiektu honek belaunaldien arteko elkartasunari buruzko eztabaida sakon eta eraikitzailea zabaltzen lagundu nahi du Euskal Herrian. Kontua ez da gazteen eta adinekoen arteko gatazka piztea, kontrara, belaunaldi bakoitzak indarguneak, zorrak eta erantzukizunak dituela onartzea baizik, eta akordioen, lankidetzaren eta ikuspegi partekatuaren bidez bakarrik eraiki ahal izango dela gizarte kohesionatua. Erronka elkarlanerako izpirituari eustea da, belaunaldien arteko zubiak eraikitzea eta transmititzen den ondarea duina, bidezkoa eta jasangarria izatea etortzeke daudenentzat.

HELBURU NAGUSIAK

Proiektuak helburu zehatz hauek dira:

  • Zer esan nahi du benetan belaunaldien arteko elkartasunak krisi ekologiko, ekonomiko eta sozialaren testuinguruan
  • Nola bermatu gaurko erabaki politikoek etorkizuneko belaunaldien askatasuna eta ongizatea ez mugatzea?
  • Nola bana ditzakegu modu justuan ongizate-sistemaren, zainketen eta zor publikoaren kostuak eta onurak?
  • Zer eginkizun izan behar dute gazteek eta adinekoek gizarte-proiektu komun baten eraikuntzan?
  • Nola eraldatu belaunaldien arteko harremana gatazka-egoera batetik lankidetza eta erantzunkidetasun esparru batera?

FUNTSEZKO GALDERAK

Proiektuak funtsezko galdera hauei erantzun nahi die:

  • Belaunaldien arteko justizia sustatzea, bai orainaldian ulertuta (gazteak eta adinekoak), bai gaur bizi garenon eta bihar jaioko direnen arteko harremanean ulertuta.
  • Elkartasun hori arriskuan jartzen duten egungo erronkak ikusaraztea: klima-aldaketa, pentsio- eta zaintza-sistemak, zorpetze publikoa, hezkuntza edo lana eskuratzeko desberdintasunak.
  • Belaunaldien arteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzea, aurrez aurreko ikuspegiak gaindituz eta elkarrekiko erantzunkidetasun-eredu bat eraikiz.
  • Belaunaldien arteko interdependentzia eta epe luzera pentsatzeko beharra ulertuko dituen kontzientzia etiko eta politikoa.

Metodologia

Proiektuak hiru fase osagarri ditu, ikerketa, gizarte-eragileen arteko topaketa eta dibulgazio publikoa uztartzen dituena. Proiektuaren ibilbidean, hausnarketa teorikotik hasi eta emaitzak gizartean zabaltzera igaro nahi da, tartean proposamenak askoren artean elkarrekin eraikita.

1. FASEA: Aurretiazko ikerketa

Lehenengo etapan, belaunaldien arteko elkartasunari buruzko literaturaren eta eztabaida akademikoaren berrikuspena egingo da. Belaunaldien arteko justiziari lotutako kontzeptu nagusiak aztertuko dira — bai ikuspegi politikoan, sozialean eta ekonomikoan —, eta arreta berezia jarriko zaie gazteriari, zahartzeari, iraunkortasunari eta gizarte-ekitateari buruz berriki egindako ikerketei. Aurretiazko ikerketa horrek oinarri gisa balioko du egungo dilemak identifikatzeko, kontzeptuaren dimentsioak argitzeko eta proiektuaren hurrengo faseak gidatuko dituen erreferentzia-esparru sendo bat ezartzeko.

2. FASEA: Belaunaldien arteko Elkartasunari buruzko Sinposioa

Bigarren une garrantzitsua Belaunaldien arteko Elkartasunari buruzko Sinposioa izango da, Bilbon, azaroaren 3an. Topaketa horretan aditu akademikoak, erakundeetako ordezkariak eta gizarte zibileko kideak bilduko dira, belaunaldien arteko elkartasunaren inguruko diagnostikoak partekatzeko, ikuspegiak kontrastatzeko eta eztabaida aberasteko. Sinposioa elkarrizketarako gune ireki gisa ulertzen da, eta bertan ikuspegi espezializatuak eta herritarren esperientziak partekatuko dira adostasunak, tentsio-puntuak eta lankidetzarako aukerak identifikatzeko.

3. FASEA: Sozializazioa eta dibulgazioa

Proiektuaren azken etapa dibulgaziozkoa izango da. Komunikabideen, argitalpen digitalen eta sare sozialen bidez, aurreko faseetan sortutako diagnostiko eta proposamen nagusiak zabalduko dira. Helburua emaitzak esparru akademikotik edo instituzionaletik harago eramatea da, belaunaldien arteko justiziaren garrantziari buruzko gizarte-kontzientzia sortuz eta irtenbide partekatuen bilaketan hainbat kolektiboren parte-hartzea sustatuz.

Oro har, metodologia horri esker, analisi kontzeptualetik ekintza kolektiboraino aurrera egin ahal izango da, arazoa hobeto uler dadin sustatuz eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzea sustatuz, gizarte-kohesioaren eta etorkizun komunaren mesedetan.

PROIEKTU KUDEATZAILEA: 

Joseba BERGARETXE ZIPITRIA

 


Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua: