Txotxongilo sortzaile, idazle eta kultur dibulgatzaileak Eusko Ikaskuntzaren saria jasoko du.
Enkarni Genua (Donostia, 1942) antzerki-sortzailea, idazlea eta kultura-dibulgatzailea da aurten Manuel Lekuona saria jaso duena. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen sari hori, 1983an, euskal kulturaren alde egindako lanagatik nabarmendu ziren pertsona ospetsuen obra osoa (opera omnia) goratzeko.
Horrela, Eusko Ikaskuntzak orain arte saritu ez duen sormenaren esparrua aitortu nahi izan du, eta Genuaren ekarpena balioan jarri. “Txontxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu, ahozko transmisioaren bidez haurrenganaino helduz, euren iruditeria aberastuz eta euskal ahozko tradizioa balioan jarriz” nabarmendu dute Eusko ikaskuntzako ordezkariek. Zehazki, nazioartean ere, baldintza zailetan eta baliabide gutxirekin “txotxongiloen euskarazko emanaldiak nazioarteko jaialdietara eraman ahal izan dira, euskal kulturaren sustraiak ederki islatuz” adierazi dute Eusko Ikaskuntzatik.
Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretako lizentziaduna, 1971n, Manolo Gómezekin batera, Txotxongillo taldea sortu zuen. Talde horrekin, mende erdi baino gehiagoan, txotxongilo-antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialde, hiri, eskualde, herri eta auzotan.
Idazle gisa, hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak (antzerki eta telebista gidoiak, ipuinak, diskoak...) eta material didaktikoak argitaratu ditu. Bere sorkuntzetan, ahozko literaturaren eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzeko ahalegina nabarmentzen da, publiko berrietara egokituz.
1992tik aurrera, Titirijai, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen, eta, ondoren, TOPIC—Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa sortzen, biak Tolosan. Sormen-gaitasuna eta ezagutzak ere partekatu ditu, aisialdiko begiraleen, irakasle-eskolako ikasleen eta eskola-tailerretako ikasleen prestakuntzaren bidez.
Hainbat aitorpen eta sari jaso ditu, besteak beste, Bilboko Udaleko Ercilla Saria (1980) edo Arte Eszenikoetako Ibilbidea aitortzen duen Victoria Eugenia Saria (2007). Donostiako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion Txotxongilo taldeari 2013. urtean.
2014az geroztik, Lekuona Saria ebazteko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da bozketa ireki bidez. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza. Aurten, Eusko Ikaskuntzaz gain, Soinuenea Fundazioa, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea erakundeetako ordezkariek osatu dute.
Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura, Manuel Lekuona saria gauzatzen duena, ekitaldi publiko batean emango zaio, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean.
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu dutenen zerrenda: | |
2022: Enkarni Genua 2021: Jon Bagüés 2020: Jose Ramon Etxebarria 2019: Xabier Amuriza 2018: Mari-Jose Azurmendi 2017: Fermín Leizaola 2016: Jean-Louis Davant Iratzabal 2015: Joan Mari Torrealdai Nabea 2014: Antxon Aguirre Sorondo 2012: Soledad de Silva y Verástegui 2011: José Luis Ansorena Miranda 2010: Jose Antonio Arana Martixa 2009: Txomin Peillen 2008: Montxo Armendáriz 2007: Sabin Salaberri Urzelai 2006: Menchu Gal Orendain 2005: Elías Amézaga Urlézaga 2004: Jean Haritschelhar 2003: Jesus Atxa Agirre 2002: Armando Llanos Ortiz de Landaluze | 2001: José Ignacio Tellechea Idígoras |