Eskubide Kulturalak eta Giza Eskubideak, estuki lotuta

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2022/05/27

Eskubide Kulturalak eta Giza Eskubideak, estuki lotuta

Iruñean egin zen jardunaldian, gai hauek eztabaidatu ziren: lurralde eta lanbide arloetako Kultura Eskubideen errealitatea, horien benetako praktika eta ingurune digitaletan duten aplikazioa.

“Eskubide kulturalak: zer, nola, zertarako?” jardunaldia egin zen, maiatzak 27, Iruñean, Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Nafarroako hiriburuko Udalaren laguntzarekin. Kultura-jardueran aritu eta askotariko jarrera, espezialitate eta diziplinetako kolektiboetako ordezkari eta pertsonek parte hartu zuten Eusko Ikaskuntzaren Eskubide kulturalak: parte hartze eta gobernantzarako politikak lan-programa berriaren lehen ekitaldi publikoan. Programa honen helburua da Kultura Eskubideei buruzko ezagutza aztertu eta zabaltzea, Giza Eskubideetatik bereiziezinak eta funtsezkoak baitira gure gizartearen bizi kalitaterako eta osasun demokratikorako.

Inaugurazioaren ondoren, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko teknikari María García Barberenak eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak egindakoa, Oskia Ugartek lan-programa berriaren oinarri orokorrak eta helburuak aurkeztu zituen.

Sarrerako hitzaldian, Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko Nicolás Barbierik, kultura eskubideak baldintzatzen dituzten desberdintasun garrantzitsuak azaldu zituen. Halaber, zehaztu zuen zein politika publiko ezarri diren berdintasun hori lortzeko.

Eskubide kulturalek ingurune digitaletan dituzten erronkek Baketik Fundazioaren Maider Marañaren azterketa izan zuten ardatz. Ekoizpen eta on line kultura-kontsumo jakin batzuk ez dira bateragarriak giza eskubideen estandarrekin, eta, hizlariaren iritziz, oraindik asko dago egiteko kultura-eskubideak giza eskubideen logikan txertatzeko.

Jardunaldiaren bigarren zatia mahai-inguruan egin zen, “Eskubide kulturalen markoa praktikara eramateko bideak” gaiaren inguruan. Nafarroako Gobernuko María Camino Barcenillak Nafarroako Kultur Eskubideei buruzko Foru Legearen ildo nagusiak azaldu zituen, Europan aitzindari diren alderdiak biltzen dituen legea. Lanarteako Amagoia Gurrutxagak hitza eman zien euskarazko profesionalei eta eskubide horiek eskuratzeko dituzten zailtasunei. EKE–Euskal Kultura Erakundeko Terexa Lekumberrik hitz egin zuen Iparraldeko euskal kulturaren egoerari buruz. Oskia Ugarte aritu zen moderazio lanetan eta mahaigaineratutakoek jendearen eta hizlarien arteko elkarrizketa interesgarria piztu zuten.

“Eskubide kulturalak: zer, nola, zertarako?” jardunaldiak aukera eman zuen arazoa argitzeko eta Eusko Ikaskuntzaren lan-programak emango dituen hurrengo urratsen dituen ildo nagusiak zehazteko.
 

Eskubide Kulturalak jardunaldia

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp