Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak

2020. urtean mundu mailan zabaldutako Covid-19 pandemiak eragin nabarmena izan du kulturaren arloan; aurretik zetozen eraldaketak bizkortzeaz gain (digitalizazioa bereziki), kulturgintzak zituen berezko ahuleziak sakontzea eragin du. Egoerak kultur politiken norabide aldaketa bat eskatzen du. Noruntz jo? Eusko Ikaskuntzaren egitasmo honen proposamena da kultur eskubideak hartzea itsasargi gisa.

Eremu tematikoak
Errealitate sozio-kulturala
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2022-01-01-2023-12-31

 

Deskribapena

XX. mendean osasun eta hezkuntza politikak izan baziren demokratizazioan sakondu eta pertsonen arteko berdintasuna lortzeko funtsezko politikak, XXI. mendean kultur politikei dagokie beren ekarpena egitea desberdinkerien aurkako borrokan eta herritarren eskubideak eta aukerak zabaltzen. Horregatik nahi dugu proiektu honetan kultur politikei buruz hitz egin. Baina nondik?

Euskal jendarte eta kulturaren etengabeko eraldaketei (globalizazioa, digitalizazioa…) Covid-19aren pandemiaren eraginez kulturgintzak berezkoak zituen ahulezien sakontzea batu zaie. Osasun egoerak agerian utzi du kultur langile gehienen egiturazko prekarietatea, babes-mekanismo nahikoen eza, eta ziurgabetasun handia eragin du proiektu publiko, pribatu eta herri-ekimen askoren etorkizunari buruz. Kulturatik eta kulturarako lan egiten dutenen aldarria da egoera irauli beharra. Kultur politikak inflexio puntu batean daudela eta hauek berpentsatzeko beharra azaleratu da. Nazioarteko hainbat foro eta tokitan egiten ari direnaren ildotik, egitasmo honen proposamena da berrikuspen hori eskubide kulturalen paradigmatik egitea.

Kulturari aplikatutako giza eskubideak dira eskubide kulturalak; aldi berean, indibidualak eta kolektiboak dira, pertsona bakoitzaren eskubideak babesten dituzte, besteekiko komunitatean eta gizabanako-talde gisa bizi direnean. Kulturari buruzko ikuspegi tradizionaletik jauzi egin eta herritartasun, garapen eta jasangarritasun kontzeptuekin lotzen gaituzte. Izan ere, kontua ez da kultura edo ondarea per se babestea, baizik eta pertsona guztiek, bereizketarik gabe, bizitza kulturalaz gozatu eta horretan parte hartu eta ekarpenak egin ahal izateko baldintzak zaintzea eta horiek etengabe garatzea.

Euskal Herriaren kasuan kultur politikek dituzten erronkei hizkuntza eta kultura minorizatu izatearena gehitu behar zaie. Nola irakurtzen dira aldagai horiek eskubide kulturalen ikuspegitik? Eusko Ikaskuntzaren nahia da esparru honetan dagoen hutsunea bete, eta “gureari” adi egonda ekarpenak egitea.

Helburuak

Helburu orokorra:

Eskubide kulturalak bermatzeko eta egikaritzeko kultur politiken proposamenak egitea.

Helburu espezifikoak:

  • Eskubide kulturalen eztabaida Euskal Herrira ekartzea.
  • Euskal Herriko eskubide kulturalen erradiografia egitea (deskribapena eta diagnostikoa).
  • Kultur eskubideen dimentsio bakoitza sustatzeko praktika onen azterketan oinarritutako kultur politiken (orokorrak eta tokikoak) proposamenak egitea.

Prozedurazko helburua:

Euskal Herri osoko kulturgintzako herritar eta eragile anitzak hurbiltzea eta haien arteko konfiantzan eta elkarrekiko aitortzan oinarritutako lankidetza sustatzea, heldutasun eta berdintasunetik.

Irismena

Proiektu honen azterketa gaia, beraz, eskubide kulturalak izanen dira eta, zehazkiago, hauen oinarrizko hiru dimentsioak: parte-hartu, ekoiztu eta erabaki.

  • Parte-hartze kulturala: Kultur jardueretara joatea eta adierazpen-, sormen-, prestakuntza- eta elkarte-praktikak, plano fisiko-analogikoan eta digitalean.
  • Sorkuntza eta ekoizpena: Profesionalen sorkuntza eta ekoizpen prozesuak, arreta jarrita hauen bizi eta lan baldintzei.
  • Gobernantza kulturala: Kultur politikak egiteko, ezartzeko eta ebaluatzeko prozesuetan parte-hartzea, eta baita kultur kudeaketan ere.

Faseak eta ekintzak

I. Fasea: Ikerketa (2022ko urtarrila-iraila)

Helburua: Eskubide kulturalen hurbilpen teorikoa eta Euskal Herriko eskubide kulturalen erradiografia (diagnostikoa) egitea.

II. Fasea: Sozializazioa (2022ko iraila-2023ko martxoa)

Helburua: Eskubide kulturalen eztabaida mahai gainean jartzea ikerketaren zabalkundea eta honen kontrastearen bidez. Horretarako Euskal Herriko kulturgintzako eragile gakoekin, erakundeekin eta herritarrekin lankidetzan aritzea ezinbestekoa izanen da, eskubide kulturalen egikaritzeak dituen erronkak identifikatzeko. Gainera, kulturgintzatik haratagoko ekarpenak funtsezkoak izanen dira (hezkuntza, feminismoa, zuzenbidea, alderdi politikoak, sindikatuak, beste mugimendu sozialak…).

III. Fasea: Proposamen eta praktika onen bilketa (2023ko martxoa-abendua)

Helburua: kultur eskubideen dimentsio bakoitza (herritarren parte-hartze kulturala, sorkuntza eta ekoizpena eta gobernantza kulturala ) sustatzeko praktika onen azterketan oinarritutako kultur politiken (orokorrak eta tokikoak) proposamenak egitea.

 

PROIEKTU KUDEATZAILEA: 

Miren EPALZA RONCAL

 


Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua: