Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak proiektua 2022. urteko urtarrilean abiatu zen eta 2024. urteko urrian emango dio amaiera gogoeta-ibilbideari, Eusko Ikaskuntzaren XIX Kongresuan ondorio nagusiak eta bide-orri nagusia aurkeztearekin batera.
Eusko Ikaskuntzaren hainbat baliorekin bat egiten du bere ibilbidean proiektuak, hala nola: gai estrategikoak lantzea epe luzeko begiradarekin, gizarte zibilaren ahotsa, eztabaida eta deliberazioetarako gunea, independentzia ideologikoa, diziplinartekotasuna, genero ikuspegiaren txertaketa eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea.
Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak proiektuak Euskal Herriko kultur politikak gogoeta-gai hartu ditu, betiere kultur eskubideak herritarrek ditugun eskubideen artean kokatuz. Norabide horretan, lehenik, hainbat hurbilketa teorikotik elikatzen den kultur eskubideen markoa euskal testuinguru politiko, ekonomiko, administratibo eta kulturalera ekartzeko urratsak egin dira. Nolanahi ere, hausnarketarako eta ekintzarako tresnak eskaintzea izan da proiektu honen helburu nagusia: kultur eskubideak Euskal Herriko testuinguruan nola ulertu edo nola zedarritu behar diren aztertu, eta kultur eskubide horiek bermatzeko zein pauso eman beharko liratekeen aztertzea.
Horretarako, hainbat herrialdetako esperientziak ezagutzeko urratsak egin dira eta Euskal Herrian esperientzia horiek aplikatzeko zer bide marraztu beharko liratekeen irudikatu da. Beraz, hurbilketa teorikoetatik abiatuz, lan-taldeko kideen eta beste kultur eragile batzuen hausnarketak bildu dira, betiere nazioarteko esperientzia esanguratsu zenbait jomuga izanda, eta proposamen zehatzak egikaritzea helburu izanda.
Bilboko Sinposioko 2024ko edizio honetan, bizpahiru urte hauetan zehar proiektuan bildutako gogoeten, esperientzien eta ondorioen berri eman eta kultur eragileekin kontraste saio bat egin nahi dugu, zoru komun eta adostu bat eraikitze aldera. Euskal Herri osoko kulturgintzako herritar eta eragileak Bilbon elkartzea dugu xede, elkarrenganako konfiantzan eta elkarrekiko aitortzan oinarritutako lankidetza sustatu nahi dugu, ideiak eta gogoetak trukatzeko.
Sinposio honen helburua kultur proiektuan zehar parte-hartu duten eta interesa adierazi duten eragileekin ondorio txostenaren aurkezpena eta kontrastea egitea izango da. Kultur politikak diseinatzeko eta irudikatzeko gakoetan sakontzeko asmoz egingo da honako ariketa kolektibo hau. Horretarako, kultur kudeaketaren hainbat esparruri erreparatuko zaio, eta ondorioak fintzeko eta xeheago lantzeko askotariko eragileak solasean jarri nahi ditugu, euren esperientziatik eta ezagutzatik kultur kudeaketak eta kultur politikak zer-nolakoak izan behar diren ezagutzeko, eta esperientzia horietatik kultur eskubideak garatzeko zer-nolako bidea egin behar den argiago izateko, betiere kultur politika parte-hartzaileak iparrorratz hartuta.
Bilboko eta Euskal Herriko adituak eta arituak ekarriko ditugu galdera hauei erantzuten saiatzeko: zertan birpentsatu behar dira Euskal Herriko kultur politikak parte-hartze kulturala sustatze aldera? Zertan birpentsatu behar dira Euskal Herriko kultur kudeaketaren eredu ofizialak parte-hartze kulturala sustatze aldera? Zertan birpentsatu behar dira Euskal Herriko kultur politikak eta kudeaketa-ereduak euskal kulturaren sozializazioan urrats sendoak egite aldera?
Formatu praktikoan eta parte-hartzailean oinarrituko da elkargunea, izan ere, urteetan zehar jasotako ondorioak eta egindako hausnarketak borobiltzeko, adosteko eta ñabartzeko saioa izango da.
Dinamika parte-hartzailea izateko saiakera egingo da, hitzartzeak eta dinamika parte-hartzaileak uztartuz. Proiektuak jasotzen dituen proposamen, erronkak eta ondorioak aurkeztuko dira, eta horien gainean ekarpenak egiteko eta (des)adostasunak adierazteko hainbat hari proposatuko zaizkie bertaratzen direnei. Ondorioen txostenean proposaturiko erronkak, praktikak eta bideak egoki josita dauden aztertuko da, baita eraginkor ikusten diren ere, etorkizuneko kultur politika parte-hartzaileagoak diseinatzeko eta kultur kudeaketaren eredu berrietan urratsak egiteko.
Artaziak kooperatibako kideek dinamizatuko dute saio parte-hartzailea, eta Karraskan (Euskadin kulturaren berrikuntza eta berrikuntzaren kultura sustatzeko elkartea) lagunduko du jardunaldiaren ondorioen garapenean.
10:00
Irekiera-hitzak: Kultur eskubideak, Euskal Herriko kultur politikak birpentsatzeko akuilu (eu)
Oskia UGARTE. Talde eragileko kidea
10:15
Parte-hartze kulturalerako politikak, kultur eskubideak iparrorratz hartuta: ondorioen txostena (2022-2024) (eu)
Maider ZILBETI. Talde eragileko kidea
10:45
Kultur eskubideetan arakatuz Ipar Euskal Herriko begiradatik (eu)
Alaia CACHENAUT. Talde eragileko kidea
11:00
Eskubide kulturalak. Begirada aldaketa topaketen ostean herritarren artean zabaltzeko sortu den fanzinearen aurkezpena (eu)
Irati SEIJO. Artaziakoop
11:15
11:30
Euskal Herrirako kultur eskubideen mapa bat zirriborratzeko gakoak (eu)
Iratxe RETOLAZA. Talde eragileko kidea
12:00
Dinamika parte-hartzailea. Hitzaldi laburretan bildutako ondorioen edo gakoen inguruko eztabaida kolektiboa
13:45
Agur-hitzak eta itxiera (eu)
Joanmari LARRARTE. Talde eragileko kidea