Xabier Etxeberria Mauleón katedradun eta gizarte-ekintzaileak eta Jon Esnaola Agirre konpositore gazteak jaso zituzten sariak omenaldi batean.
Bilboko Euskalduna jauregian eman zen uztailaren 10ean Eusko Ikaskuntza - LABORAL Kutxa Saria, 1995etik Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan curriculumik onenak saritzen dituena, eta, 2019tik aurrera, gazteek aurkeztutako sorkuntza- edo ikerkuntza-proiektuak aintzatesten dituena. 2025eko edizioan honako hauek dira sarituak: Xabier Etxeberria Mauleón, Filosofian doktorea eta katedradun emeritua Deustuko Unibertsitatean, eta Jon Esnaola Agirre, konpositorea.
Ekitaldiak instituzioen eta euskal kulturaren, hezkuntzaren eta gizartearen ordezkaritza zabala izan zuen, baita epaimahaia osatu zuten unibertsitate eta erakundeena ere. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano Nagore Ipiña Larrañagak abiatu zuen ekitaldia, 2025eko Eusko Ikaskuntza - LABORAL Kutxa Gazte Sariaren epaimahaiaren akta irakurriz, zeinak Jon Esnaola Agirre konpositore tolosarra saritu baitu, LUUR, Néstor Basterretxearen oroimenez proiektu musikalagatik — uztailaren 11n, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan estreinatuko du Euskal Herriko Gazte Orkestrak—.
Ondoren, Juan José Etxeberria Sagastume Deustuko Unibertsitateko errektoreak hartu zuen hitza, Xabier Etxeberria Mauleónen laudatioa egiteko. «Sariak gogorarazten digu —esan zuen— pentsamendu etikoaren lanketa ez dela luxu akademiko bat, gure garaiko erronkei argitasunez, sentsibilitatez eta erantzukizunez aurre egiteko ezinbesteko beharra baizik». Etxeberria irakaslearen eginkizun giltzarriari ere erreparatu zion; izan ere, haren lana funtsezkoa izan da «kristau-inspirazioko unibertsitate batentzako horizonte bat eratzeko, gero eta pluralagoa den gizarte honen testuinguruan».
Javier Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak Nafarroako Gobernuaren izenean ohartarazi zuenez, beharrezkoa da balioetan sakontzen jarraitzea, «aniztasuna, bizikidetza, kulturartekotasuna, integrazioa, gizarte- eta lurralde-kohesioa, eta desberdinkerien aurkako borroka errespetatzea, giza eskubideak pertsona guztientzat zalantzan jartzen ari diren une honetan». Horrela, Etxeberriak «gaur egungoa bezain edo baino leku eta une zailagoetan» giza eskubideen defentsan egin duen ekarpena nabarmendu zuen. Esnaolari dagokionez, belaunaldien eta diziplinen artean zubiak eraikitzeko duen gaitasuna goraipatu zuen, gure erreferentziak berrinterpretatzeko gaitasuna.
Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak Xabier Etxeberria Mauleónen hausnarketan eta konpromiso sozialean jarri zuen arreta, hiru alorretan: indarkerian eta bakegintzan, gatazkan dauden identitate kolektiboetan, eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboetan. Etxeberriak Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroan egindako lanak balioen eremua argitzea izan du ardatz, bai eguneroko lanean eta bai giza eskubideetan, eta aniztasuna errespetatzea. Laburbilduz hauxe esan zuen: «Xabier Etxeberriak gure oinarri diren etikari eta balioei buruz hausnartzeko egin dituen deiak guztiz premiazkoak dira gaur egun. Ez baitago ezer baliagarriagorik edo balio handiagokorik garena zalantzan jartzea baino (nor gara?) eta gizaki gisa batzen gaituena (norekin arituko gara?) eta munduan dugun tokiarekiko maitasuna (non bizi nahi dugu?) ulertzea baino. Eta horixe da, hain zuzen ere, Xabier Etxeberriaren ibilbideak erakusten diguna».
Gazte-modalitateko sarituari dagokionez, haren ikasteko eta sortzen jarraitzeko etengabeko grina azpimarratu zuen Ana Urkizak, hain urte gutxian izan duen curriculum zabalak erakusten duenez. Jon Esnaolak «sentsibilitate berria eskaintzen dio euskal musika garaikideari» eta, aldi berean, kultura-transmisiorako zubiak zabaltzen ditu.
Adolfo Plaza LABORAL Kutxako lehendakariaren ustetan, aurtengo sariak «inpaktu handiko gizarte-lana» eta zientzia- eta irakaskuntza-ekarpen nabarmena aitortzen ditu, «bokazio humanista eta mundu hobe eta inklusiboago bat egiteko bokazioa ahaztu gabe». Etika funtsezkoa denez gizarte-bizikidetzarako, Etxeberria irakasleak Deustuko Unibertsitatean profesionalen prestakuntza etikoan egindako lana goraipatu zuen Adolfo Plazak. Baina, era berean, «kalera eta munduko beste leku batzuetara irteten jakin du, kolektibo zaurgarriekin bizitzeko eta lan egiteko, haien eskubideen bila». Epaimahaiaren aktak jasotzen duenez, «zeregin horiek, meritu handikoak ez ezik, funtsezkoak ere badira giza printzipio orientatzaileak bereziki behar dituen garai honetan».
2025eko Eusko Ikaskuntza - LABORAL Kutxa Gazte Sariari dagokionez, Adolfo Plazak gazteentzako «erreferentzia garrantzitsutzat» jo zuen Jon Esnaola, bere garaian aitzindari izan ziren sortzaileak berrikusteko edo berrinterpretatzeko duen gaitasun artistikoagatik; horren adibide dira hainbat lan eskaini dizkien eskultoreak.
Ondoren, saritu dituztela aitortzen duen eskultura bana eman zitzaien sarituei. Jon Esnaola izan zen hunkituta estatuatxoa jasotzen lehena, eta eskerrak ematean gogoratu zuen, Tolosan jaiak girotzen dituzten musikari herrikoien semea eta biloba izanik, oso goiz jakin zuela musikari izan nahi zuela. «Edozein ideia edo sentimendu musika bihur» zezakeela ohartzean, sormenarekiko grina piztu zitzaion, eta tradizioak berritzeko oinarri gisa hartu zituen. Izan ere, «tradizioak aldakorra izan behar du, begi eta belarri berriak behar ditu bizirik jarraitzeko», ziurtatu zuen. Azkenik, eskerrak eman zizkien bere prestakuntzan irakasle eta laguntzaile izan dituenei, baita Euskal Herriko Gazte Orkestrari, Musikeneri eta Bilboko Orkestra Sinfonikoari ere —horrekin grabatu du LUUR, Néstor Basterretxearen oroimenez—.
Ondoren, Xabier Etxeberria Mauleón igo zen agertokira, eta eskerrak eman zituen, golardoak bere ibilbideko bi alderdi azpimarratzen baititu berariaz: etikaren eta giza eskubideen arloan egindako hausnarketa, konpromiso hezitzaile eta zibikoekin estuki lotuta dagoena, eta, azken horien artean, hiru kolektibori lotzen zaiena: intentzionalitate politikoko indarkeriaren biktimak, Latinoamerikako herri indigenak eta desgaitasun intelektuala duten pertsonak.
Hausnarketa eta konpromiso sakonak dira, eta, horiek jorratzean, hiru kolektibo horiei lagundu die. Dena den, aldi berean, haiengandik irakaspen garrantzitsuak jaso ditu: elkar aberasten gaituen dinamismoa, irakasleak «harmen erantzulea» deiturikoa. Esan zuenez, lotura horren bidez, hiru kolektibo horietako pertsonek «justiziaren eta ongiaren alde egitera interpelatu naute». Ondorioa: «Hain zuzen ere, harmen erantzulearen zirkularitate horiek nire bizitzan presente egon direlako, gaur Eusko Ikaskuntza - LABORAL Kutxak sari honen bidez adierazi didan aintzatespena, bada horietan inplikatutako pertsona eta erakunde guztien aintzatespena ere».
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak itxi zuen ekitaldia. Etxeberria irakaslea “eragile” bezala definitu zuen, jardun den alor askotarikoetan. Bere hitzetan Joxe Azurmendi pentsalari eta idazlea izan zuen gogoan, eta Etxeberria bezala, pentsamendu libre eta kritikoan sakondu duten erreferente bezala kokatu zituen biak. Esnaola konpositore gazteari dagokionez, “iragana aztertu eta etorkizunera proiektatzeko” egiten duen lana goraipatu zuen. Izan ere, kulturari bizia emateko duen gaitasuna nabarmendu du, funtsezkoa dena pertsona eta herri bezala hazteko eta jarraitzeko.

