Gazteak izango dira hurrengo ekintzen protagonistak azterketa bigarren fasean sartu delarik.
Duela urtebete hasi zen Eusko Ikaskuntzaren Euskal Nortasuna(k) XXI. mendean: 2050 helburu lan-programa eta dagoeneko bigarren fasean dago. Urrats honetan, gaian sakontzeaz gain, etorkizunerako proposamenak definitu nahi dira, eta, horretarako, hainbat ekintza programatu dira, aurten gauzatuko direnak.
Proiektuaren lehen fasean, identitateen azterketari eragiten dioten joera nagusiak identifikatu eta aztertu dira. Horretarako, sakoneko elkarrizketak, gaian erreferentzia diren pertsonen narrazioak eta hainbat erakunderen web orrien azterketa egin da. Ekintza horien bidez lortutako informaziotik abiatuta, hurrengo asteetan gaian sakondu nahi da, bildutako diskurtsoetan ahots berriak gehituz. Horrela, datozen hilabeteetan Euskal Herriko gazteek, 17 eta 25 urte bitartekoak, euskal nortasuna nola ulertzen duten ezagutuko da.
Identitate eta kultura desberdinetako pertsonen bizikidetza, gazteriaren balio eta erreferentzia berriak, sare sozialen eta Interneten garrantzia, hirietan kontzentratzeko joera, etab. ezaugarri eta pentsaera berriak sortzen ditu. Gazteekin egingo diren saio horiek Euskal Herriko hiru lurraldeetan izango dira eta, horretarako, Eusko Ikaskuntzako udal laguntzaileen lankidetza izango da.
