2022tik 2024ra bitartean egindako azterketaren emaitzak webgunean eskuragarri jarri dira.
Eusko Ikaskuntzak 2021ean, euskal gizarte gero eta pluralago baten aurrean, euskaraz eta euskal kulturan oinarritutako identitate partekatu bat eraikitzeko moduari buruz hausnartzeko beharra ikusi zuen. Horrela Euskal nortasuna(k) XXI. mendeari begira: 2050 helburu proiektuari eman zitzaion hasiera, euskal identitate plurala, kohesionatzailea eta inklusiboa eraikitzeko oinarriak proposatzeko.
2022tik 2024ra bitartean egindako azterketa Euskal Herriko unibertsitateetako diziplina arteko ikertzaile talde batek egin du, Patxi Juaristi Larrinagaren zuzendaritza zientifikoaren pean. Ikerketa euskal nortasuna nola hautematen eta bizitzen den sakon ulertzeko, haren etorkizuna nola irudikatzen den ezagutzeko eta kohesioaren eta aniztasunaren erronkei aurre egiteko proposamenak jasotzeko diseinatu da.
Ikerketa honen informazio-iturri nagusia Euskal Herrian eta diasporan bizi diren pertsonak izan dira. Guztira, euskal nortasunaren etorkizunarekin interesa eta konpromisoa duten 129 pertsonak parte hartu dute azterlan honetan, informatzaile gisa: nortasunari buruzko gaietan adituak diren pertsonak; euskal identitatearekin lotura sendoa duten erreferenteak; hezkuntza, administrazioa, diaspora,.. bezalako esparruekin lan egiten duten edo harremanetan dauden pertsonak; baita gai horretan interesa duten herritar arruntak ere.
Iazko urrian, Gasteizen izandako Eusko Ikaskuntzaren XIX Kongresuan, aurkeztu genituen lehen aldiz ikerketa honen emaitzak. Orain, txosten hau zabalduta, interesdun guztien eskura jarri nahi ditugu azterlan honen ondorioak, euskal nortasunaren etorkizuneko ikuspegia, identifikatutako erronkak eta azterlan honetatik abiatuta sortu diren proposamenak.
Aurkezten dugun txostenak euskal nortasunaren ezaugarri den aniztasuna islatzen du, bere etorkizunari buruz dagoen iritzi aniztasuna azpimarratuz. Azkenik, ikerketak txosten bat sortzeaz gain, euskal nortasunaren etorkizunari buruzko hausnarketa sakona egitea ere ekarri du.
![]() | Euskal nortasuna(k) XXI. mendeari begira: 2050 helburuTxostenaren laburpena 2024ko abendua | |