EuskarAbentura: 2021eko espediziorako izen-emate epea zabalik dago

Berri korporatiboak

2021/02/04

EuskarAbentura: 2021eko espediziorako izen-emate epea zabalik dago

Eusko Ikaskuntzak aurkezten diren lanen ebaluaketa prozesuan parte hartzen du, PuntuEUS Fundazioarekin batera.

Aurtengo deialdia 2004 eta 2005 urteetan jaiotako Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazteei zuzenduta dago. Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea helburu duen egitasmoak, bigarren baldintza bat jartzen die gazte interesatuei: euskaraz jakitea.

Gazte interesatuek, martxoaren 12a baino lehen, proiektu bat eta aurkezpen-bideo bat bidali beharko dute Euskarabentura webgunean jasotzen den formularioa osatuz.

Gaur eguneko gaiei ere erreparatu diete aurten antolatzaileek gaiak proposatzeko orduan, gazteek gaurkotasuneko gaiei buruz hausnar dezaten nahiarekin. Honakoak dira gaiak: ‘Baserritik sardexkara’: elikaduraren kontsumo ereduak gizakion eta ingurumenaren osasunean duen eragina; ‘Klik eta post’: irudiaren eta irudien garrantzia egunerokoan eta honen eragina; ‘Adinaren, jantziaren iturri’, konfinamendua baino garai okerragoak bizi izan duten edadeko pertsonen esperientzia haintzakotzat hartzea bilatzen duen gaia.

Lanen baloraziorako  (lanaren originaltasuna, estiloa, teknika eta kalitatea ) Elkarteko kideek PuntuEUS Fundazioaren eta Eusko Ikaskuntzaren laguntza izaten dute. PuntuEUSek sormen digitaleko formatuan aurkeztutako lanak ebaluatzen ditu, aldiz Eusko Ikaskuntzak lan historikoak, literarioak (ipuiak, olerkiak,…), musikalak, ikus-entzunezkoak eta artistikoak (margolana, collagea, argazkia,…) ebaluatzeko ardura izaten du. Balorazio prozesu horretan ezinbestekoa dugu,  besteak beste, natur zientzietan, antropologian, musikan eta ikus-entzunezko komunikazio gaietan aditu diren Eusko Ikaskuntzako zenbait bazkide irakasle eta idazle.

Aurreko edizioetan jasotako lanen kopuruak adierazten digu egitasmoa interesa piztu duela gazteen artean.

EuskarAbentura Elkarteko kideek bere eskuartean dagoen guztia egingo dute espedizioa aurrera eramateko, eta 2020ko edizioan ibilaldia egin gabe geratu ziren gazteei aukera emango die aurten parte-hartzeko.  Horrela, aurtengo 2021eko espedizioko hautaketa prozesuan iaz jasotako hautagaitzak izango dira kontuan.

Informazio gehiago Euskarabentura webgunean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp