Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriko 7 unibertsitateak ikerketa sustatu eta laguntzeko programa berria aurkeztu dute

Bekak

2024/10/29

Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriko 7 unibertsitateak ikerketa sustatu eta laguntzeko programa berria aurkeztu dute

Hiru laguntza emango dira doktoregai, master eta graduetako 4. eta 5. mailako ikasleek aurkeztutako lanei 2024-2025 ikasturtean.

Aurkeztu berri da ikerketa sustatu eta laguntzeko programaren lehenengo deialdia, azaroaren 22ra arte zabalik egongo dena. Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Eusko Ikaskuntzak berak bultzatutako ekimena da. 

Programaren helburua etorkizuneko ikergaien hasierako azterketa sustatzea, lehen hilabeteetako lana bultzatzea eta etorkizuneko ikerketa-ildoen "artearen egoera"-ren lanketa erraztea da. Zehazki, hiru laguntza eskainiko dira 2024-2025 ikasturtean, bakoitza 2.000 eurokoa. Doktoregaiak, masterreko ikasleak edo graduetako 4. mailako eta gradu bikoitzetako 5. mailako ikasleak aurkeztu ahal izango dira, bai banaka bai taldeka.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu duenez “2021ean Euskal Herriko unibertsitateekin sinatutako hitzarmen markoaren baitan kokatzen da lehenengo deialdi hau, lankidetza eta gure esparruko ikergaiak bultzatu eta indartzeko”. Zehazki, hilaren hasieran erakundeak abiatu zuen XIX. Kongresuaren ostean aurkeztu da programa. Izan ere, “Eusko Ikaskuntzak aurrerantzean –Kongresuan- definitutako ibilbide-orriari erantzuteko elkarlanak duen garrantziaren erakusle argia da, indarrak batzeko, aliantzak sendotzeko eta bidea elkarrekin egiten jarraitzeko”, adierazi du Urkizak.  

Javier Arrieta programaren koordinatzaileak zehaztu duenez “deialdia irekia da gaiei dagokionez, baina lehentasunezko hamahiru ikerketa-gai finkatu dira eremu anitzekoak”. Era berean, “proposamenak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez egin ahal izango dira, baina euskarak izango du lehentasuna ikerketak garatzeko hizkuntza gisa” gehitu du. Xehetasun guztiak baita aurkezteko eskaera-inprimakia ikusgai daude hemen.

Ikerketa sustatzeko eta babesteko programa
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp