Ongizate Politikak eta Gizarte Zerbitzuei buruzko mugaz gaindiko I. Mintegia izan zen Irunen azaroaren 22an.
Gizarte politiken diseinu, kudeaketa eta interbentziorako erakunde eta profesional ugari bildu zituen Eusko Ikaskuntzak Irunen. FICOBAn, azaroaren 22an, egin zen Ongizate eta Gizarte Zerbitzuetako mugaz gaindiko I. Mintegiak agerian utzi zuen mugaz gaindiko jarduerak lurraldeen arteko lankidetzarako aukera gisa sustatzen duen interesa.
Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko administrazio publiko, unibertsitate, profesional eta herritarrek izan zuten gogoetan parte hartzeko aukera. Egunean zehar, elkarrekin lan egiteko behar zein aukerak identifikatu ziren, bai eta horiek egituratzeko erronka nagusienak eta zailtasunak ere. Era berean, gizarte alorreko mugaz gaindiko bost lankidetza esperientzia eman ziren jakitera (MUGIGAIN proiektua, LIMITIS FORUM proiektua, Asociación Navarra Nuevo Futuro, Agintzari Kooperatiba eta Etcharry Formation Développment).
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariak ere izan ziren bi lurraldeetako gizarte politikak azaltzen.
Partaidetza saioan lurraldeen arteko lankidetzan sakondu zuten. Bertan, zerbitzuen ikerketa eta garapenerako lehentasunak zehaztu ziren.
Era berean, topaketan zehar, lurraldeen arteko konparaketa egiteko datu kuantitatiboak eman ziren. Alderaketa hori 40 adierazletan oinarrituta. Horri esker, konparazio aukerak diagnostikatu eta informazio estatistikoaren diseinuan eta datuen jasoeran aurrera egiteko galdera nagusiak mahaigaineratu ziren.
Mugaz gaindiko lehen mintegi honekin, Eusko Ikaskuntzak jarraipena eman dio Mendeurrenean aurkeztutako lan kolektiboari: gogoeta bateratuak bultzatu Herri gisa estrategia bat garatzeko, konkretuki, kasu honetan, gizarte-ongizate alorrean.