Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak Ana Urkizaren lehendakaritza berretsi du 2028ra arte

Berri korporatiboak

2024/11/30

Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak Ana Urkizaren lehendakaritza berretsi du 2028ra arte

Era berean, Kontseilu Errektoreko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kideak aukeratu dira.

Eusko Ikaskuntzaren Ezohiko Batzarra izan zen azaroaren 30ean Donostiako Gipuzkoako Bazkundean erakundearen Lehendakaritza eta Kontseilu Errektorerako Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau ordezkariak aukeratzeko.

Bazkideen babes zabala jasota, Ana Urkiza Ibaibarriagak bigarren agintaldiari aurre egingo dio. Erakundearen historian kargua hartu duen zortzigarren pertsona da, eta lehen emakumea, 2020an lehendakari hautatu zutenetik. Era berean, Kontseilu Errektorean karguari jarraipena eman diote Asier Etxenike Ugartek (Araba), Zelai Nikolas Ezkurdiak (Bizkaia) eta Isabel Elizalde Arretxek (Nafarroa). Oraingo honetan, kide berri bakarra, Rikardo Bueno Zabalo izan da, Gipuzkoako ordezkari gisa.

Batzarra aurrez aurre eta online jarraitu ahal izan zuten Eusko Ikaskuntzako bazkideek eta aurkeztu den programa berriaren xehetasunak ezagutu.

2024-2028 programaren oinarri nagusiak

Agintaldi berrirako programak AMIA dokumentua (erakundearen ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak) aztertu eta kontrastatzetik abiatzen da. Dokumentu hori 2024an burutu den sei hilabeteko hausnarketa-prozesu sakon baten emaitza da. Eusko Ikaskuntzako bazkideen, Kontseilu Errektoreko kideen eta izangaien, langile eta zuzendari zientifikoen ekarpenak jaso dira, ezagutzak, iritziak, ideiak eta proposamenak batuz eta partekatuz.

Hala, 2024-2028 aldirako programa lau ardatz estrategikoren inguruan egituratzen da, zeharkako hiru lan-ildoren laguntzarekin:

  1. Bazkideak. Ardatz horrek lau helburu nagusi ditu: bazkide berriak erakartzea, erakundearekiko hurbiltasun-sentimendua areagotzea, partaidetza bultzatzea eta asoziazionismoaren gaineko hausnarketa bideratzea.
  2. Proiektuak eta agenda. Ardatz honen helburuak dira proiektuen kalitatea, inpaktua eta errotazioa handitzea, eta gizartearen beharrekin lotutako agenda bat egitea.
  3. Komunikazioa eta erreferentzialtasuna. Eusko Ikaskuntzaren ikusgarritasuna eta erreferentzialtasuna hobetzea.
  4. Finantzaketa. Finantzaketa-iturriak dibertsifikatzea eta diru-sarrerak egonkortzea.

Ardatz horiek zeharkako lan-ildo hauekin batera etorriko dira:
•    Lantaldea. Lantaldearen berrikuntza gaitasuna eta koordinazioa hobetzea.
•    Aliantzak. Dauden aliantza estrategikoak indartzea eta berriak sortzea.
•    Lurraldetasuna. Eusko Ikaskuntzak bere proiektuak Euskal Herri osoan garatzen jarraituko du, lurralde ezberdinetara eskalagarriak diren proiektuak sustatuz, mugaz gaindiko proiektuak bultzatuz eta euskal lurraldeen arteko oreka bilatuko duten neurriak proposatuz.

Lurralde guztiak biltzen dituen Kontseilu Errektorea

Eusko Ikaskuntzaren lurraldetasun izaerari leial, bere Kontseilu Errektorearen osaketan Euskal Herriko lurralde guztiak daude ordezkatuta: Araban, Asier Etxenike eta Izaskun Iriarte; Bizkaian, Zelai Nikolas eta Mario Zubiaga; Gipuzkoan, Rikardo Bueno eta Jose Manuel Bujanda; Nafarroan, Isabel Elizalde eta Anika Lujan; Ipar Euskal Herrian, Maitena Urmeneta eta Iban Larrandaburu. Izan ere, zazpi lurraldeetako kideetaz gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak daude, Nafarroako Gobernua eta baita Euskal Hirigune Elkargoa ere. Idazkari Nagusiak eta langileen ordezkariak osatzen dute halaber kontseilua.

Helburu komunak ahaztu gabe baina tokiko berezitasunak kontuan izanik, bi hilean behin Kontseilua biltzen da unean uneko beharrei jarraipena eta erantzuna emateko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp