Hurbiltzen egitasmoa abian da Euskaltzaleen Topagunearen eta Asmoz Fundazioaren eskutik

Ikastaroak

2020/11/16

Hurbiltzen egitasmoa abian da Euskaltzaleen Topagunearen eta Asmoz Fundazioaren eskutik

Soraluzen eta Ermuan emango zaio hasiera familiak euskararen eta kulturartekotasunaren bitartez elkartu nahi dituen egitasmoari.

Familien arteko elkar ezagutza sustatzen duen egitasmoa da Hurbiltzen. Euskara eta euskal mundua partekatzeko aukerak ematen dituena, familien hizkuntza aniztasunaren elkar aitortza egiteko pentsatu den egitasmoay. Erlazioak berdintasunetik abiatuz Soraluzen eta Ermuan harrera euskaratik egiteko baliotuko den proiektu jaio berria da Hurbiltzen.

Egitasmoaren helburu nagusia euskaratik urrun dauden familiak eta euskaratik gertu dauden familiak elkartzea da, kulturartekotasuna, elkar laguntza eta euskara bera hizpide hartuta. Ermuan zein Soraluzen, San Lorenzo eta Plaentxi eskoletako familien arteko topaketak antolatuko dira, 5 eta 10 urte bitarteko haurrekin gutxienez astean behin. Programa azaroan eta abenduan garatuko da. Gainera, hilean behin familia guztiak dinamizatzaile batekin bilduko dira saio gidatu bat egiteko eta familian joko dibertigarriez gozatzeko. Prozesuan zehar, aholkularitza, laguntza eta dinamizazioa eskainiko da.

Topaketa hauek hasi aurretik, hainbat sentsibilizazio hitzaldi eskaini dira online formatuan: Nola lagundu etxeko lanekin euskaraz ez badakigu?, Kulturartekotasuna eta motibazioa edo Euskarara hurbiltzen: identitatea eta euskara. 

Proiektu honi esker, zure seme-alaben eskola bereko familiekin batera hainbat momentu eta esperientzia bizituko dituzu. Anima zaitez familian parte hartzera!

hurbiltzen.soraluze@gmail.com 
Asmoz Fundazioa: 943 21 23 69

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp