Ikerketa linguistikoa eta sorkuntza artistikoa, 2024ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sarien protagonistak

Sariak

2024/07/19

Ikerketa linguistikoa eta sorkuntza artistikoa, 2024ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sarien protagonistak

Itziar Laka katedradun bizkaitarrak eta Maite Aizpurua eta Garazi Navas gazteek jaso zituzte sariak Bilbon egin zen ekitaldian.

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria emateko ekitaldia egin zen ostiralean, uztailak 19, Bilboko Azkuna Zentroan. Sariak 1995etik Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzietako curriculum onenak aintzatesten ditu, eta 2019tik aurrera gazteek aurkeztutako sorkuntza- edo ikerketa-proiektuak ere bai. 2024ko edizioan, Itziar Laka hizkuntza-ikertzailea eta Maite Aizpurua eta Garazi Navas sortzaileak saritu zituzten.

Izaro Iraeta kazetariak gidatu zuen ekitaldia erakunde zein kultura, hezkuntza eta gizarte esparruetako ordezkaritza zabal baten aurrean. Noemi Santisteban Dantzertiko zuzendariak irakurri zuen Gazte Sariaren epaimahaiaren akta; Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak, berriz, Itziar Laka Mugarzaren aldeko epaimahaiaren erabaki arrazoitua jakinarazi zuen.

Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek, Adarbakarra eta soinujolea proiektu artistikoaren egileek, saria eskertu zuten, eta kezka agertu zuten kulturak bizi duen egoera prekarioagatik.
 


LABORAL Kutxako Presidente Adolfo Plazak berretsi egin zuen erakundeak sariari emandako babes osoa, eta eskerrak eman zizkien erakundeei eta hori posible egin zuten pertsonei. Hain zuzen ere, sariaren hogeita hamargarren edizioa duen honetan eskaini zuen hitzaldia lehenengoz saria emateko ekitaldi batean. Hala, Itziar Lakari buruz, “pertsona irekia, ekintzailea, kolaboratzailea eta gure hizkuntzaren etorkizunarekin konprometitua” dela nabarmendu zuen Plazak, eta, aldi berean, erreferente handia dela mundu mailako ikertzaile profesionalentzat eta, bereziki, euskal gazteentzat.

Bestalde, Adolfo Plazak Gazte Saria jaso zuten emakumeen prestakuntza zabala azpimarratu zuen, eta etorkizun oparoa izango dutela iragarri die, aitortza hori euren karreretarako pizgarri izateko desioa agertzearekin bat.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak Itziar Laka sarituaren bi ideia aipatuz hasi zen: hitzak gurekin jaiotzen direla, eta hizkuntza oraindik argitu gabeko misterioz betetako fakultatea dela, duela lau hamarkada ikertzen hasi zen misterioaz. Halaber, Ana Urkizak Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunaren ibilbidea eta izaera laburbildu zituen gainditu dituen bost erronken bidez: bide berrietatik ibiltzea, lanari beste era batera heltzea, bere herrialdera itzultzea kanpoan hasitako lanari jarraipena emateko, proiektu berritzaile baten inguruan ikerketa talde bat osatu eta mantentzea, eta ahalegin horren guztiaren emaitza norberarena dela aitortzea. Hala, Itziar Lakari zuzendu zitzaion, eta saria aitorpen pertsonal eta berezi gisa onartzeko eskatu zion.

Gazte Sariari dagokionez, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak honela definitu zuen proposamen irabazlea: 2019tik saria ematera animatzen duen espirituarekin guztiz bat datorren proiektua. Proposamen horrek “gure orainaren errealitate konplexuari buruzko hausnarketarako ateak zabaldu nahi ditu, garaikidetasunetik, eta begirada berriak” plazaratu nahi ditu.

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa 2024 Saria CV nabarmenari ematen zion diploma eskuan zuela, Itziar Lakak hartu zuen hitza. Esker oneko hitzen artean, leku berezia izan zuten berak zuzentzen duen Gogo Elebiduna ikerketa taldea osatzen duten kideek. Gure gizartean euskararen, hizkuntzaren eta elebitasunaren ikerketak estrategikoa izan behar duela aldarrikatu, eta unibertsitateak daukan erabateko garrantzia azpimarratu zuen, unibertsitatearen zioa ezagutza sortzea eta zabaltzea delako, hiritarren jakintza etengabe eguneratuaz.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak amaiera eman zioten ekitaldiari.

Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Saria 2024

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp