Proposamena garatzeko 10.000 euroko diru-laguntza izango dute.
Arrasateko Lezetxiki aztarnategiaren iragana eta oraina ikertuko ditu 2017ko Barandiaran Bekak. Izan ere, aurtengo deialdiak Jose Miguel Barandiaranek abian jarri zituen lan arkeologikoen bilakaera aztertzea izan du xede nagusi. Hala, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak antolatutako deialdiaren epai-mahaiak Maria Jose Iriartek eta Alvaro Arrizabalagak egindako proposamenari eman dio aurtengo beka: De ayer y de hoy. Documentación, salvaguarda digital y actualización de los trabajos arqueológicos de Jose Miguel de Barandiarán en la cueva de Lezetxiki (Arrasate), a la luz de las excavaciones más recientes y la documentación original. Proiektua garatzeko 10.000 euroko diru-laguntza izango dute.
Epai-mahaiaren hitzetan, “oso planteamendu zehatza eta interesgarria egiten du lantaldeak”, eta bete-betean egiten du bat aurtengo helburuarekin: Jose Miguel Barandiaranek abian jarritako aztarnategi baten bilakaera aztertzea. Ildo berean, epai-mahaiak bereziki azpimarratu du Iriartek eta Arrizabalagak gaiaren inguruan duten ezagutza, biak izan baitira aztarnategiaren zuzendariak, 1996tik 2016ra bitartean, hain zuzen. Horiek horrela, epaia-mahaiak bereziki nabarmendu du euren proposamenak “bultzada nabarmena emango diola garai batean Barandiaranek egin zuen lanari”, eta horri esker gaurkotu egingo dela Jose Miguel Barandiaranen legatua.
Proiektuaren izenburuak adierazten duen bezala, proposamenak helburu anitz ditu; esaterako, Lezetxikiko informazio originala euskarri digitalera bihurtuko dute, etorkizunean gordeta izateko helburuarekin; gero, informazio guztia transkribatu egingo dute, modu errazean erabili ahal izateko; bukatzeko, informazio guztia Barandiaranen testuinguru pertsonalean eta akademikoan kokatuko da, eta erregistro hau bateratuko da indusketetan berreskuratutakoarekin.