Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Eusko Folklore Urtekariaren 55. zenbakia argitaratu du, Barandiaranek berak sortu zuen 1921ean, eta eskuragarri dago paperean nahiz euskarri digitalean.
BIBAT museoan egin zen abenduaren 15ean Eusko Folklore Urtekariaren azken liburukiaren aurkezpena. Bertan Ixone Fernandez de Labastida fundazioko presidenteak, Abel Ariznabarreta agerkariaren zuzendariak eta Inmaculada Sanchez Arabako Kultura zuzendariak esku hartu zuten.
Aldizkari zientifiko aitzindariaren azken argitalpenaren harira, Euskal Herriko azterketa antropologiko eta etnografikoen panoraman ekintza horrek gaur egun arte eman dituen emaitzen lagin adierazgarri bat jasotzen saiatzea izan da helburua, Ariznabarretak azaldu bezala. Horretarako besteak beste, erakunde erreferenteekin kontatu da, tartean Labayru Fundazioa, Ankulegi, Arantzadi Zientzia Elkartea edota Renoko Euskal Ikerketen Zentroarekin.
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidentearen hitzetan, “gure argitalpen enblematikoenak 100 urte bete ditu, eta gogoratzeko garaia dela uste dugu, baina baita aurrera begira jarraitzeko garaia ere”.
Aurrera begirako erronkez zein agerkariaren 100 urteko bidea errepasatuz bideoa ere ekoiztu du Fundazioak. Hau eta Eusko Folklore Urtekariaren azken zenbakia webgunean kontsulta daitezke.