Nafarroako gazteak: azterketa baten ondorioak

Proiektuak

2022/12/14

Nafarroako gazteak: azterketa baten ondorioak

Dagoeneko ezagutzen dira joan den udaberrian “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: gazteen begirada” programak egindako lanaren ondorioak.

Belaunaldien giltzarri berriak identifikatzeko, Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak 2019az geroztik sustatutako ikerketa amaitzen den urtean, Foru Komunitateko gazteen iritzia bildu du, nortasunaren konplexutasunari eta aniztasun ideologikoari buruz, besteak beste.

Programaren baitan, bi talde mota eratu ziren. Nafarroko hegoaldeko eta iparraldeko gazte ez politizatuekin bilera bana egin zen eta politizatutako gazteekin beste talde bat osatu zen, lau aldiz batu zena. Taldeen osaera Nafarroako gizartearen beraren aniztasunaren adierazgarri izan zedin bilatu zen, batez ere geografikoa eta politikoa. Aztertu nahi izan genuen, batetik, ea gazteek begiratu desberdina ekar lezaketen arlo politikoaren eztabaidara; bestetik, ea politizazio edo ideologizazio mailak eragin lezakeen desberdintasuna gazteen pentsamoldean eta azkenik, gazte politizatuei begira, ea aukerarik ikusten den Nafarroako Administrazioari begira, aholku edo gomendiorik adostea.

Ondorioek Nafarroako ipar eta hegoaren arteko harremanetara, euskarari buruzko pentsaerara, ideologia politikoetara eta belaunaldi aldaketara begira antolatu genituen. Oro har, ikusten da ez dagoela haustura bortitzik gazteen eta helduen ikusmoldeen artean, nahiz eta haiek elkarrizketarako eta elkarrekin egiteko gogoetarako irekiago egon, eta jarduera politiko askorekin kritiko agertzen dira, Nafarroako Administrazioak ezartzen dituen jarduera politikoei alternatiba ondo oinarrituak planteatzera iritsi gabe. Gainera, badakite azken hamarkadan izandako aldaketek lagundu egin dutela giro politikoan izan daitekeen krispazioa arintzen.

Itxura guztien arabera, etorkizuneko Nafarroan, egungo belaunaldi gazteak protagonismoa duen tokian, polarizazio gutxiago eta bizikidetza hobea izango dira. Hala ere, azterlanaren hasierako hipotesia —gaur egungo gazteriak identitate-arazoak aurreko belaunaldiek ez bezala bizi dituela— berretsi arren, ñabardura garrantzitsu bat egin behar da: Nafarroako gazteek beren burua toleranteago duten arren (sexu-identitatea bezalako gaietan nabaria dena), “zaila da esatea epe laburrean jauzi kualitatibo bat egin daitekeela nazio-identitateari, kulturari edo hizkuntzari buruzko eztabaida sozial eta politikoaren ezaugarrietan”.
 

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Gazteriaren begirada (2022)  

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Gazteriaren begirada
2022

 
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp