Martxoaren 4an, Bilbon, hezkuntza-sistemako segregazioa aztertu zuten espezialistek eta gizarte-eragileek.
Eskola segregazioari aurka egiteko prozesuan mugarria izan da Segregazioari nola erantzun hezkuntza sistematik? ulermen partekatua eta erronkak kudeatzeko proposamenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera antolatutako jardunaldia. Batetik, eskola segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua eta, elkarrekin identifikatutako erronkei erantzuna emateko proposamenen emaitza kolektiboa plazaratu delako; bestetik, askoren artean osatutako ekarpen horri aurrera egiteko ditugun gakoei azpimarra jarri zaiolako adituen eskutik.
Jardunaldiaren irekieran Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak hartu zuten hitza. Hezkuntza Sailburuak Hezkuntza Saileko helburu nagusiak zeintzuk diren gogorarazi zuen. Kalitatezko hezkuntza eta ikaslea erdigunean jarrita, Hezkuntza akordioan jasotzen diren neurriak betetzea izango dute bide orri, neurri horietako bat, eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala burutzea izanik, udalekin lankidetzan eta kobernantzan arituz. Bestalde, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, Eusko Ikaskuntzak betetzen duen artekaritza funtzioan jarri zuen azpimarra, Euskal Herriko gizarte-kohesioa helburu, herri-hausnarketarako espazioak eskainiz.
Gaian aditu den Xabier Bonalek, Eusko Jaurlaritzaren eskariz, Gerard Ferrer eta Adrián Zankajorekin batera egindako diagnostikoaren argazkia aurkeztu zuen, Desberdintasun sozioespazialak Euskadiko hezkuntzan txostenean jasotzen direnak. Xavier Bonalek jardunaldian aurkeztutako argazkian jasotzen dira, besteak beste, mugikortasun handia dagoela, eskola segregazioa bizileku segregazioa baino handiagoa dela, eta sareen arteko zein sareen barneko segregazioa dagoela. Eskola segregazioa “fenomeno konplexua eta multidimensionala” dela azpimarratu zuen, ondorioztatuz, “hezkuntza eskaintza plurala, desberdintasun sozialak eta askotariko hizkuntza ereduak dauden testuinguruetan, hezkuntzako desberdintasuna areagotzen dela”.
Gainontzeko adituei bidea emanez, Idoia Fernandezek eta Beatriz Akizuk, Eusko Ikaskuntzako hezkuntza proiektuko kideek, Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua, erronkak kudeatzeko proposamenak txostena aurkeztuko zuten. Askoren artean identifikatutako bost erronka eta horiek kudeatzeko proposamenak aipatzeaz gain, adostasun zabalean oinarritutako itun sozialaren garrantzia azpimarratu zuten.
Ondoren, Eduardo Ruiz-Vieytez Deustuko Unibertsitateko irakasleak, ikuspegi kritiko batetik, hausnarketa aktibatzeko zenbait gako, behar eta proposamen luzatu zituen. Esaterako, aniztasun kulturala proiektu nazional gisa asumitu beharko litzatekeela eta aniztasunaren kudeaketarako oinarri politikoak behar direla prozesuak eta egiturak aldatzeko eta berritzeko, kultura-ikuspegi berriak txertatzeko eta partekatzeko.
Jarraian, Kataluniako eskola segregazioaren aurkako itunean zuzeneko erantzukizuna izan zuen Juanjo Falcók hartu zuen hitza. Aipatu zuen segregazioari aurre egiteko bi elementu direla ezinbestekoak: kontzientzia soziala eta kolektiboa, eta ausardia politikoa neurriak hartzeko.
Bukatzeko, Eider Amundarrain (Lardizabal Herri Eskola, Zaldibia), Tasio Arrizabalaga (Elhuyar), Irati Urdalleta (Berria) eta Nora Salbotxen (Eusko Ikaskuntzako hezkuntza taldeko kidea) eskutik, gauzatzen ari diren esperientziak eta praktikak ezagutuz, etorkizunera begira jarri ziren komunitatetik, tokitik, egin daitekeenaren inguruan solastuz.
Amaieran, Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuordeak eta Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako hezkuntza proiektu arduradunak segregazioari aurre egiteko herri gisa dugun erantzukizunean jarri zuten azpimarra.