Tolosako Inmakulada Lanbide Heziketa zentroko hogei bat ikaslek parte hartu dute maiatzaren 25ean eta 26an egin diren lehen tailerretan.
Euskal kultura ezagutu eta bizitzeko gakoak behar dituzten Euskal Herriko herritarren artean euskal kultura sustatu eta transmititzeko asmoz, Eusko Ikaskuntzak Euskal Kulturaren Transmisiorako programa jarri zuen abian.
Programaren helburuak hauek dira: euskal kulturaren erreferenteekiko sarbidea erraztea eta jakin-mina piztea; euskal komunitateko kide izatearen sentimendua lantzea; kohesio soziala eta aniztasunaren errespetua bultzatzea; eta bizitza kulturalean inklusioa erraztea. Horretarako, “ibilbide praktiko eta inklusibo” bat irduikatu da, euskal kulturaren alderdi nagusiak biltzen dituzten modulu tematiko batzuekin: historia, hizkuntza, artea eta ondarea, musika, dantza eta euskal literatura, herri kirolak...
Horrelako ekimen batek tokiko gizarte-, kultura- eta hezkuntza-eragileen eta erakunde eta unibertsitateen inplikazioa eskatzen du; horien guztien parte-hartzearekin eta konplizitatearekin, ekimena aberastu egiten da, planifikatu egiten da, eta gauzatzeko beharrezkoak diren bitartekoak eta tresnak lortzen ditu. Horrela eman zaio forma Tolosan egin den programaren lehen pilotuari.
Lehen pilotu honen diseinuan aktiboki parte hartu dute Tolosako Udalak, Galtzaundi Elkarteak, Udaberri Dantza Taldeak, Zu ta Nik, Jatorkinek, SOS Arrazakeriak eta Jo! Topagunea. Aipatutakoez gain, tokiko hezkuntza-sare zabala gehitu zaio programari, eta horien artean Inmakulada Lanbide Heziketako Zentroa nabarmentzen da. Zentro horretako hogei bat ikaslek parte hartu dute tailer horietan.
Programak sei modulu tematiko ditu, eta ikastetxearen curriculum-planaren barruan garatuko da (eskola-egutegiaren barruan eta eskola-orduetan). Lehenengo bi tailerrak ikasturte honetan egin dira, eta hurrengoak 26-27 ikasturtearen hasieran (iraila eta urria bitartean).
Maiatzaren 25ean eta 26an egin diren bi tailerrak herriko eta Euskal Herriko historiara hurbildu ditu ikasleak, eta, euskararen gaia eta hizkuntza aniztasuna landtzeko aukera ahalbidetu die; bi kasuetan, ibilbide propio bat diseinatu da Tolosako kaleetan barrena, eta landu diren gaietako bakoitzean ezagutza handia duten herriko pertsonek dinamizatu dituzte.
