Eusko Ikaskuntzak uztailaren 2an Baionan parte hartuko du EHUren mugaz gaindiko Uda Ikastaroan.
“Mugaz gaindiko komunikazio eleanitza: erronkak, praktikak eta ikuspegiak” izenburupean, ikastaroak komunikazio eleanitz eraginkorra ulertzeko modua jorratuko du, lurraldeen berezitasun kultural eta linguistikoak errespetatuz. Mugaz gaindiko hainbat egiturak (elkarteak, administrazioak edo euroeskualdeak) beren xede publikoak lortzeko ezarritako estrategien berri emango da.
Testuinguru horretan egingo da mahai-ingurua: “Eremu praktikoa: euskara hizkuntza komun gisa txertatuz, mugaz gaindiko komunikazio eleaniztunaren erronkak eta irtenbideak”. Bertan, kultura, gizarte zibil, enpresa, irakaskuntza eta ekonomiako ordezkariek hartuko dute parte. Eusko Ikaskuntzaren izenean, berriz, Leire Gaceo Melgosa komunikazio arduraduna arituko da.