Eusko Ikaskuntzaren metodologiaren egokitzapen batek Tokiko Zaintza Ekosistemetan diagnostikoak egiten esperimentatzeko balio du.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Zaintza Lurraldea estrategiaren esparruan garatutako Zaintza Herrilab programaren barruan kokatzen da. Programa hiru ardatz nagusiren inguruan egituratzen da: zainketen pertsonalizazioa, arreta sistemen arteko koordinazioa eta sare komunitarioak bultzatzea.
Herrilabak tokiko laborategiak dira, eta etxean bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen asistentzia eta bizi kalitatea hobetzea dute helburu. Horretarako, sarean integratutako udalerri bakoitzean, Tokiko Garapen Plan bat egiten da, aurretiazko diagnostikoaren fasean antzemandako arazo bati irtenbidea bilatzera bideratuta.
Diagnostikoak oso modu desberdinean egin izan dira: horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Ikaskuntzari eskatu zion fase diagnostikoaren modelizazioan lan egitea eta piloto zehatz batean esperimentatzea.
Legazpi izan zen, une oro Eusko Ikaskuntzaren teknikekin elkarlanean, esperimentatzeko prest agertu zen udalerria. Bertan, iturri kuantitatiboetan (Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren datu estatistikoak) eta kualitatiboetan (hiru eragile motarentzat egindako galdetegiak: zuzeneko esku hartzeko eragileak, zeharkako esku hartzeko eragileak eta erabiltzaileak eta senideak) oinarritutako diagnostikoa egin da.
Diagnostikoa osatzeko, gainera, hiru tailer egin dira. Horietan, bertaratutakoek zainketen arloko eragile eta ekimen berritzaileen mapa osatu dute, erronka, gabezia eta zailtasun nagusiak aztertu dituzte, eta irtenbide posibleak diseinatu dituzte, urgentziaren eta egingarritasunaren arabera lehenetsiz.
Esperimentazio fase honen emaitzak, beraz, hiru dira: diagnostikoa (Legazpirentzat), Tokiko Zainketen Ekosistema Garapen-Planerako Proposamen bat, eta Diagnostikoak egiteko Gida bat.
Bigarren fasean, pilotuaren esperientzia Gipuzkoako beste hiru udalerritan eskalatuko da.
