Herri Txikien Akademia hausnarketarako, ezagutzaren zabalkunderako eta interes komunak dituzten herrien arteko elkarlana bideratzeko gunea da eta Eusko Ikaskuntzaren Lurralde Oreka lan ildoren baitan dago txertatuta.
Eusko Ikaskuntzak 2022an abiaraziko du proiektu hau, eta Arabako lurraldean burutuko du lehen edizio pilotua.
Edizio pilotu honen baitan jorratuko diren gaietan parte hartze anitza sustatuko da. Batetik, herritarrak eta landa eremuko ekintzaileak protagonista izatea nahi dugu; bestetik, landuko diren gaietan lanean diharduten erakundeak parte hartzea nahi dugu (ezagutza kualifikatua dutenak); eta bukatzeko, erabaki ahalmena duten administrazio eta botere publikoetako ordezkariak parte hartzea sustatuko dugu. Arabako landa eremuaren sustapen ekonomikoa eta biziberritzeari begira soluzioak modu kolaboratiboan planteatzeko dinamikak burutuko dira. Finean, arabako herri txikiei etorkizuneko ereduak eskaintzeko elkarlaenan egin nahi da lan proiektu honetan.
Hiru ardatzen inguruan lan egingo dugu. Ardatz hauek lehentasunezko arazoak dira despopulazio arriskuari aurre egiteko eta herrien biziberritzerako. Eusko Ikaskuntzaren jardunaldietan azaleratu izan dira eta problematika honen inguruan lanean diharduten agenteek behin eta berriz aipatzen dituzte.
Etxebizitza landa eremuan eta egitasmoak finkatzeko espazioak
Gabezia ugari daude landa ingurunera biztanle berriak erakartzeko baita aktibitate ekonomikoak ezartzeko ere. Askotan etxebizitzak berritzeko eta obrak egiteko arauak oso murriztaileak dira, eta ez dute eskaintzen landa eremuak behar lukeen malgutasuna.
Honetaz gain, herritarren mentalitateak ditugu. Batetik, gerta daiteke biztanle berriak dituzten espektatibak ez betetzea. Eta bestetik, gerta daiteke landa eremuko etxe hutsak erabiltzeko zailtasunak egotea, haien jabeek ez dituztelako alokatu, saldu edo beste formularik aztertu nahi.
Ekintzailetza eta enplegua landa eremuan
Oinarrizko baldintza da landa eremuak bere garapen ekonomikoa izatea eta gaur egungo trantsizioekin bat egitea (ekologikoa, digitala, demografikoa). Despopulazioari aurre egiteko ezinbesteko baldintza da landa eremuan enpleguak sortzea, eta bereziki garrantzitsua emakumeek lan duinak izatea, izan ere, landa eremuan maskulinizazio tasa altuak dira, emakumeak –bizi baldintza kaskarragoen ondorioz- hirira bizitzera joateko erabakia hartzen dutelako. Egoera horri aurre egiteko, arreta berezia jarriko dugu emakumeentzat enplegu duinak garatu ditzaketen egitasmoetan.
Horretaz gain, ekintzaileen eta eragileen artean egon beharko lukeen elkarreragina eta lankidetzan sakondu nahi dugu. Lurraldearen eta kuadrilla bakoitzaren bisio estrategiko bat garatzen ahaleginduko gara, eta narratiba aldatzen. Ekintzaileak, lurraldeko eragileen bultzada gabe, ezingo du errealitatea eraldatu.
Belaunaldi arteko dinamikak eta bizitza komunitarioa
Hirugarren arloan herri biziak garatzeko estrategiak planteatuko dira. Ez ditugu nahi lo-lekuak diren herriak, elkar zaintzen duten herriak nahi ditugu, belaunaldien arteko harremanak dituztenak, kultura bizia eta tradizioen transmisioa egiten dutenak.
Ardatz honetan ere, praktika onak bilduko dira: auzolana, zaintza sareak, ekimen kulturalak eta ondare inmateriala zaintzeko praktika onak bilduko dira.
Urriak 6 – Laudio. Aiaraldea Ekintzen Faktoria
17:00
17:15
Hiru saioetako ondorio nagusiak
17:45
Herri Txikien Akademairen aurkezpena
18:30
Itxiera
Herri Txikien AkademiaHerri Txikiak indartzeko elkarlan, aholkularitza eta saretze proiektua |
Laudio. Aiaraldea Ekintzen Faktoria |