Badira ia 20 urte “derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma” eraiki zela; erreferentea izan dena euskara eta euskal kultura ardatz izatea nahi izan duen hezkuntza sisteman. Erreferentea ere euskal hezkuntza komunitatearen sarea elkar hartzen duen prozesu zabal eta sakon batez sortu eta eraiki zelako. Erreferentea, etorkizuneko Euskal Herriko jendartearen premiei aurre hartzeko nahia bilatzen zuelako; finean, herri ikuspegi batetik eraiki zelako.
Egun, jendartean gertatzen ari diren aldaketa anitzek eta joera globalen eraginek medio, hainbat eragile eta pentsamendu gune jarri dute berriz erdigunean euskal curriculumaren inguruko gogoeta egitearen premia.
Ikastaro honen helburua horri buruzko gogoeta partekatua egitea izango da. Euskara eta euskal kulturaren transmisioa hezkuntzan, Euskal Herriko kohesiorako tresna hausnarketarako ardatz hartuta, ikastaro honetara “euskal curriculumaren ber-kontzeptualizazioa gaurko Euskal Herriaren kohesiorako eta biziberritze baterako tresna gisa” ekarriko dugu aztergai. Horretaz gain, mugaz gaindiko lankidetza eta lurralde kohesioa helburu, Euskal Herri mailako egungo eta etorkizuneko balizko egituraketak izango ditugu eztabaidagai.
Ikastaro honekin gaia aztertzen eta biziberritzen ari diren Euskal Herriko lurralde guztietako eragileak eta, honetan ikerkuntzatik eta teoriatik ekarpenak egin ditzaketen pertsonen bilgunea izatea nahi dugu, gogoeta partekatua burutzeko eta eztabaida zabaltzeko helburuarekin.
Ikastaroa Eusko Ikaskuntzak abian duen hezkuntzarekin lotutako Euskal Herri mailako herri-hausnarketaren prozesuan mugarri nagusi bat da. 2021an hasiera eman zitzaion prozesu parte-hartzailean zehar jasotako lehentasunezko gaiei eta horiei erantzuteko proposamenei adituen eta arituen ekarpenak jasotzea bilatuko dugu ere. Ikastaroarekin prozesuaren fase berri bat irekiko dugu; fase berri honetan, jasotakoaren adostasunak landuko ditugu Euskal Herri mailako hezkuntzarekin lotutako herri-ituna irudikatzeko eta, hurrengo mugarri nagusira eramango duguna: 2024ko udazkenean ospatuko den Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua.
Hezkuntzarekin lotutako zeharkako gai komunak ditugu euskal lurralde guztietan eta horien inguruko herri-hausnarketa bultzatzea da gure bide orria. Euskal Herriko jendartearen aniztasunaz jabetuta, euskara eta euskal kultura tresna garrantzitsuak dira identitate partekatuaren eraikuntzan eta, ondorioz, jendarteren eta lurralde kohesioan. Ikastaro honetan jasoko diren ekarpenak funtsezkoak izango dira bide orrian markatutako pausuei balio erantsia eskaintzeko.