Pandemia biralaren ondorioz bizitzen ari garen salbuespenezko egoeran, Europako ereduari eta haren etorkizunari buruzko eztabaida berpiztu da. Krisiari erantzun zuzen eta koherente bat emateko, egungo erabakiguneak birplanteatu behar dira.
Europarlamentari euskal-katalanekin batera, etorkizuneko Europaren eraikuntzarako espazio horiek irekitzeko aukerei buruz eztabaidatuko dugu.
Mahai-inguru hau, Lurralde burujabetza gatazkak: jardunbide egokien kode baterantz izenburuarekin gauzatuko diren nazioarteko jardunaldietan garatuko den eztabaida akademiko eta sozio-politikoaren atariko gisa aurkezten da. Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek antolatzen dituzten jardunaldi hauek, azaroaren 11, 12 eta 13an gauzatuko dira.
Europar Batasunean indarrean dagoen eredu konfederalari eusteak erabateko protagonismoa ematen die egungo estatu-nazioei. Lurralde-unitate txikiek – eskualdeak, nazioak eta estaturik gabeko herriak – oso mugatuta ikusten dute beren eragin-ahalmena Europako esparruan, eta beren barne-autogobernua estatu matrizeek emandako deszentralizazio-mailaren mende dago. Pandemia biralaren ondorioz bizitzen ari garen salbuespenezko egoeran, Europaren federalizazioari buruzko eztabaida zaharrak berriz piztu dira. Osasun-krisi honek eragindako ondorio ekonomiko larriei aurre egitera bideratutako funtsen kudeaketa bidezkoagoa eta eraginkorragoa gaur egungo estatuekin bat ez datozen lurralde-unitateetan oinarritutako federalizazioari lotuta egon daiteke. Europako funtsen kudeaketa subsidiarioak eta eskualde mailako krisiari erantzun zuzen eta koherentea ematea ahalbidetuko duen Europako espazio fiskal bat ezartzeak egungo erabakiguneak birplanteatzera behartzen du. Lurralde-egokitzapen horri esker, ziurrenik, estaturik gabeko herrien, nazioen edo eskualdeen gaitasun politikoa indartu ahal izango da, "no taxation without representation" printzipioaren arabera. Ez alferrik, aukera federal edo konfederalari buruzko eztabaida politikoak atzera egiten digu konstituzionalismo amerikarraren hastapenetara eta Alexander Hamiltonen gobernu federal indartsu baten aldeko proposamenetara. Lurralde burujabetza gatazkak konpontzeko jardunbide egokien esparruan, estaturik gabeko nazio europarrek berezko estatalitatea lortzea erraztu lezake Europaren federalizazioak, Europako proiektu federal komun baten barruan.
Mahai-ingurua: Europa, etorkizun federala edo konfederala?
Eztabaidan hartu zuten parte Izaskun Bilbao Barandica – EAJ-PNVko europarlamentaria –, Pernando Barrena Arza – Eh bilduko europarlamentaria –, Toni Comín – JxCateko europarlamentaria – eta Jordi Solé – ERCko europarlamentaria –.
Eztabaida justu Europako Kontseiluaren negoziazioen atarian gertatu zen, koronabirusak sortutako krisiari aurre egiteko "susperraldirako itun handia" deitu dena negoziatzen ari zela. Eztabaidan krisiaren aurrean gaur egun dagoen testuingurua, jorratu beharreko erronkak eta Europako erakundeek krisiari aurre egiteko proposatzen dituzten neurriak aztertu ziren, baita estatu kideek horiei buruz dituzten jarrerak ere.
Krisia kudeatzeko Europako erakundeen (Batzordea eta Banku Zentrala esaterako) jarrera indartzeko neurriak hartzeko beharraren inguruan eztabaidatu zen, zenbait estatu kideren jarrera konfederalagoari aurre egiteko joera federalizatzaileak indartuz, beto-eskubideak Batasunaren bilakaera geldiarazten baitu. Eztabaidan, hizlari bakoitzak eredu federalagoranzko bilakaera horri buruz dituen itxaropen desberdinak islatu ziren.
Partekatu zutena zera izan zen, Europaren konstituzio-une berri batean gaudela, une berezi bat. Batzuek aukera-leiho gisa ere kalifikatu zuten une hori: Europa bat lortzeko, non Europako interes gorenak estatu-nazionalen interesen gainetik nagusitzea lortuko zen, elkartasun-mekanismo sendoagoak dituen Europako subiranotasun-esparru batean.
Europako proiektua birformulatzeko une "historiko" honek galdera handiak planteatzen ditu berezko baliabideak (zuzenean zerga europarrak) eta erronka komunak partekatzea lortu behar duen europar botere bat demokratikoki legitimatzeko moduari buruz. Europako estaturik gabeko herriak Europako legitimitate demokratiko horren parte dira, eta egitura-aldaketen une hauetan elkarlanerako espazio berriak ireki daitezke, orain arte ezkutuan egon diren ikuspegi bereziei ahotsa emateko. Europako proiektuan benetan erabakitzeko duen gaitasunean sakontzeko unea izan daiteke. Jordi Solék adierazi zuenez, "Harago joateko aukera ematen diguten ikuspegietan sakontzeko unea da", eta Europako etorkizun partekatu baten aukerak aprobetxatzeko unea.
Bizkaia Aretoa UPV/EHU. Abandoibarra Etorb., 3, 48009 Bilbo, Bizkaia