Egungo gizartearen erronka eta kezkekin bat datozen hiru gai nagusi aukeratu ditugu, hain zuzen ere pertsonak eta gizarte-kolektiboak —gure benetako lehengaia— ardatz hartzen dituztenak.
Euskal herritarren Gizarte Ongizatean arreta jartzea ezinbestekoa da; lehen ardatza, da, ardatz nagusia. Ez aurrerapenek ez ezagutzek ez dute zentzurik, baldin eta ez badute kohesionatzen, eta ez badira solidarioak. Herritarren ongizatea da helburua; horretarako, desberdintasunak txikitu behar dira, eta arreta jarri zaintzetan, gizarteratzean eta gure gizarte-zerbitzuen sisteman. Hori lortzeko baliabideei soilik erreparatuz gero, gaizki bideratuko genuke partekatu nahi dugun ikuspegi orokorra, nahi dugun gizartea.
Bigarren ardatzaren xedea lurralde-estrategiak eta iraunkortasuna dira. Produkzio-estrategiaz, sektore ekonomikoez eta aberastasunaren sorreraz hitz egingo dugu, bai eta iraunkortasunerako ereduaren eraldaketaz ere. Lurralde-estrategian, behar-beharrezkoa da lehentasunei eta hautaketa estrategikoei buruz pentsatzea, baina enpresa-estrategiaz mintzatzea baino askoz ere konplexuagoa da, eta hautaketa horiek erabakitzea konplexua da, hainbat eragileri eragiten baitiete. Horrenbestez, lurralde-estrategia zehaztean, gure indarguneak eta gure berezitasunak aprobetxatu behar ditugu, eta adimentsu eta lankidetzan jokatu, eta gure harremanak trinkotu ere bai, erronkei aurre egiteko erantzun berriak aurkitzeko. Lurralde-estrategia ekimen ekonomikoen, lurraldeen eta administrazioen artean gauzatu behar da ezinbestean.
Eta hirugarren ardatzak, enpresa-ereduak, lan-harremanak eta ekonomia berriak aintzat hartzen dituenak, zentzuzko zirkulu bat ixten du. Aberastasunik gabe, ez dago ongizaterik, eta, enpresa-eredu eta lan-harremanen eredu argirik gabe, ez da aberastasunik sortzen. Eta, horretarako, eredu horiek gure lehiakortasuna handitzea ekarri behar dute, bai enpresa bakoitzarena, bai gure lurraldearena eta jarduera ekonomikoarena. Eta, aldaketa teknologikoak hain bizkor gertatzen diren garai hauetan, guztiz beharrezkoa da gure inguruko ekonomia berri horiei eta hain berriak ez direnei arretaz, lotsarik gabe eta enpatiaz erreparatzea.