Gazte lankidetzarako sareak

Gazteen aniztasuna eta gobernantza eredu berriak: mugaz gaindiko gazte lankidetzarako oinarriak finkatzen.

Eusko Ikaskuntzak 2016-2018 urteetan garatutako Geroa Elkar-Ekin prozesuaren baitan kokatzen da proiektua. Euskal Lurraldeen Liburu Berdea zein Zuriaren oinarrietan agertutako premia bati erantzuna eman nahian: Euskal Herriko lurralde ezberdinetako gazteak euren premiez eztabaidatu eta elkar aritzeko elkartu beharra. Horrela, helburu nagusia izanik Euskal Herriko gazte banako zein eragileak harremanetan jartzea eta haien arteko sarea sortzea, euren kezka eta gobernantza eredu berriak jasotzea bilatuko da.

Eremu tematikoak
Etorkizuna Irudikatu
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2019-01-01-2021-12-31

 

Aurrekariak: Euskal Herriko lurralde(ar)en Liburu Zuria

Eusko Ikaskuntzak Liburu Zuriaren oinarriak ezarri ditu 2018an, eta gazteok gure aletxoa jarri dugu oinarri horietan. Alabaina, zerbait eraikitzen jarraitzeko oinarri horiek handitu egin behar dute Liburu Zuriaren oinarriei gure begirada propioa txertatuz, hau da, gazteon adimen kolektibotik eratorriko dena gehituz. Horretarako, Euskal Herriko gazteen sistema adimentsu kolektiboa garatzea nahi da; Euskal Herriko gazte anitzen adimen kolektiboaren elkargune izango dena, gazteon begirada Liburu Zurian txertatua eta garatua izan dadin.

Aurreko prozesu kongresualak irekitako elkarlanari segida emateko helburua du. Batetik, sortutako ideia, sinergiek eta saretzeak jarraipena eta sakontzea behar dutelako; bestetik, Euskal Herriko gazteoi eragiten diguten erronkei aurre egiteko modu kolektiboan proiektu zehatzen identifikazioa beharrezkoa delako.

 

 

Helburua: mugaz gaindiko gazte lankidetzarako oinarriak eraikitzea

Proiektua mugaz gaindiko gizarte-berrikuntzarako ariketa bat da, gazteak ardatz dituena, diziplina anitzekoa, eta elkar ezagutzea eta balio partekatuak sortzea bultzatzen duena, hori baita Euroeskualdeko herritartasuna ernetzeko oinarrizko printzipioa.

Mugaz gaindiko gizarte-berrikuntza dei al diogu proiektu honi, mugaz gaindiko lurralde euskaldunetako herritarren artean jardunbide egokiak eta proiektu partekatuak trukatzea bultzatuko baitu. Diziplina anitzeko ikuspegitik, elkarrizketak, jardunaldiak eta topaketak antolatuko dira lurraldeetan, gai komunak identifikatzeko eta herritarren, erakundeen eta elkarteen arteko baterako lana indartzeko, lau arlotan zentratuta: hezkuntza (formala eta informala), gobernantza (parte-hartzea eta ahalduntzea), sozio-ekonomia (ongizate materiala), eta hizkuntzaren esparrua (euskara eta hizkuntza politikak).


Proiektuaren helburu nagusiak:

  • Euroeskualdeko lurraldeetako gazteen lankidetza eta ahalduntzea bultzatzea, balio partekatuak identifikatuz.
  • Euroeskualdea osatzeko lurraldeen elkar ezagutza indartzeko.
  • Euroeskualdeko hizkuntzen ezagutza eta gaitasuna honetzea bultzatzea, hizkuntzen erabilera normalizatu eta orokortua izan dadin.

Helburu eratorriak:

  • Euroeskualdea osatzen duten hiru eskualdeetako gazteen, norbanakoen eta erakundeen artean sare bat sortzea, gazteen beharrei aurre egiteko.
  • Gazteen parte-hartzea sustatzea eremu publikoan.
  • Gazteen arteko mugaz gaindiko lankidetza garatzea hainbat sektoretan, batez ere hezkuntzan, hizkuntzan, parte-hartzean eta sozioekonomian.
  • Gazteen artean kontzientzia kritikoa garatzea.
  • Sinergiak eraikitzea Euroeskualdeko lurraldeetako Gazteriaren Kontseiluen artean.


Proiektu kideak

Eusko Ikaskuntzarekin batera proiektu honetan parte hartzen duten kideen arteko lankidetza espazioak, Euskal Herriko gazteentzako baliagarriak izango diren praktika onak eta balioak partekatzeko sareak sortzeko aukera eskaintzen digu:

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK): Erakunde honen helburuetako bat gazteen eta gazte elkarteen parte-hartzea sustatzea da, era berean, gazteengana zuzendutako politika publikoen garrantzia azpimarratzea, erakunde publikoek gazteen ikuspegia aintzat hartzea, baita ere, gazteen eta gazte elkarteen, eta, erakunde publikoen arteko zubi lana egitea. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde askorekin kooperazio hitzarmenak dauzka, hala nola, Eusko Jaurlaritzarekin, Emakunderekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin, eta, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko Udaletxeekin.

Nafarroako Gazteriaren Kontseilua (NGK): Nafarroako Gazte Kontseilua 1986an sortu zen Nafarroako gazteria ordezkatuko zuen organoa izateko. Gazteriaren parte-hartzea bideratzen bilatzen du, era berean, gazteen eta gazte erakundeen eskubideak eta interesak babesteko lan egiten du. Plataforma plural  bat izateko ahaleginetan gogoeten, ideien eta esperientzien arteko elkar trukaketa bultzatzen du. Era honetara, erakunde publikoekiko, agente sozialekiko eta komunikabideekiko gazteek dauzkaten proposamen, aldarrikapen eta salaketak bideratzen ditu. Guzti hau gazteek dauzkaten arazo, kezka eta xedeei erantzun bat emateko egiten du, baita ere, hauen bizi kalitatea hobetu dadin.

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU): Irabazi asmorik gabeko elkarte kultural bat da. Ipar Euskal Herrian sortu zen 1973an, hortik aurrera, bere misioa Unibertsitate euskalduna sortzea izan da. Helburu hori hizpide izanik hiru izan dira bere lan esparruak: Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea, komunitate zientifiko-intelektual euskalduna batzea; eta, diziplina unibertsitarioak sortzea eta hauek gizartearen zerbitzura jartzea. Honekin batera, gazteengana zuzendutako Iker Gazte iniziatiba azpimarratu nahi dugu, ikertzaile gazteen sareak sortzea izanik helburua.

Faseak eta Parte Hartze espazioak

1go fasea. Diagnosi partekatua (2019-2020)

2. fasea. Praktika onen foroa (2020-2021)
 

1go fasea. Diagnosi partekatua (2019-2020)
 

  • Diagnostikoa eta kontzeptualizazioa: Lehen diagnosi partekatua burutzeko asmoarekin, baterako hausnarketa egin zen hiru eskualdeetako gazte-erakunde esanguratsuen artean. Horrela, foroetan sakonduko ziren lan-ildoen diagnosi partekatuari buruzko hasierako txostenari eman zitzaion bidea.
  • Gazte Foroak: Erronkak identifikatu eta ebazpen-mekanismoen proposamenak lantzeko topaketa parte-hartzaileak burutu ziren. Lehen aipatutako gaietan sakondu zen: hezkuntza (formala eta informala), gobernantza (parte-hartzea eta ahalduntzea), sozioekonomia (ongizate materiala) eta hizkuntza (euskara eta hizkuntza-politikak).

- Gazte Foroa Donostia (2019.12.14)
- Gazte Foroa Iruña (2020.02.08)
- Gazte Foroa Baiona (2020.05.09)

  • Ondorioak aurkezteko ZOOM foroa: COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, aurreikusita zegoen mugaz gaindiko foroa ezin izan da burutu; beraz, lankidetzarako mekanismoak lantzen jarraitzeko foroaren ordez, ondorioak aurkezteko online foroa antolatu behar izan da. Alabaina, proiektuak jarraipena izango du eta datozen hilabeteotan lan-ildo horrekin aurrera egingo da.

2. fasea. Praktika onen foroa (2021)
 

Foro honek hainbat helburu ditu:

1) Gazteen artean lankidetza-aukera berriak sortzeko aukera emango duen elkargune berria proposatzea.

2) Gazteen mugaz gaindiko sarearen oinarri sendoak ezartzea eta lurralde bakoitzeko gazteen parte-hartzea modu orekatuan indartzea.

3) Mugaz gaindiko agenda komun bat eraikitzea, lurralde desberdinetako gazteek eta gazteentzat egina, mugaz gaindiko garapenerako potentziala duten aurkeztutako proiektuen inguruan.

Aplikatutako metodologia open space/speed dating motakoa izango da, eta gai espezifikoei buruzko hainbat mahai-ingururen bidez ezarriko da. Mahai-inguru horietan, parte-hartzaileek arazo zehatzei buruz hitz egin ahal izango dute, eta beren lurraldeari buruzko ekimenak aurkeztu ahal izango dituzte. Adibidez: landa-inguruneko lanbideen gida, gazteek ostatu hartzeko aukerak, eleaniztasunari buruzko ekintzak...

Dokumentuak

Gazte Agora - Emaitza Txostena 2020  GAZTE FOROETARAKO EZTABAIDAGAIAK ETA EDUKIAK     


Bideoak

Iruña


 

Donostia

argazkiak

Iruña

Gazte Agora. II. topaketa
 

Donostia

Gazte Agora. I. topaketa


Babesleak

                           

 

proiektu kudeatzailea: 

Josune ETXANIZ BARRIO