Solas-Ola Lurralde Laborategia
Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herriko Garapen Kontseiluarekin batera, Solas-Ola Lurralde Laborategia definitzeko ko-sorkuntza prozesua abian jarri du, Euskal Herriko lurralde kohesioa indartzeko eta klima larrialdiari erantzun integralak ematera bideratutako laborategi aitzindaria.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Herriko eragile sozialen oinarri esanguratsu batek babesten duten prozesu hau mugarri bat da lurralde artikulazioan, non elkarrizketa, berrikuntza eta lankidetza izango diren Euskal Herri funtzional, kohesionatu eta erresilienteago baten eraldaketarako motorrak.
Prozesu hau gidatzen duen ikuspegia da lurralde kohesiorako erreferentziazko laborategi bat lankidetzan eraikitzea, analisiari, hausnarketari eta ekintza bateratuari ekingo diona.
Solas-Olak Euskal Herriko lurraldeen ezagutzak, gaitasunak, baliabideak eta beharrak integratu nahi ditu, eztabaida soziala, herritarren deliberazioa eta eragile eta erakundeen lankidetza aktiboa artikulatuz.
ZERGATIK ETA ZERTARAKO SOLAS-OLA LURRALDE LABORATEGIA?
Aurrekariak: premia partekatua
Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren esparruan 2024an garatutako hausnarketa eta lankidetza-prozesuan identifikatutako premia partekatu bati erantzuteko sortzen da. Prozesu horrek Nafarroako Parlamentuaren eta Gobernuaren babesa izan zuen orduan ere.
Lan horretan, lurralde-garapena klima-aldaketaren eta herritarren parte-hartzearen ikuspegitik jorratu zen, eta Europako gidalerroetara eta orientazioetara hurbildu ginen, modu mailakatuan, hurbileko errealitateak ezagutzeko eta entzuteko, gainditu beharreko muga-eremuetako berezko oztopoak daudela nabarmenduz. Era berean, beren kezkak eta planteamenduak partekatu dituzten hainbat eragilerekin eztabaidatzeko espazioak ireki ziren, eta gure lanean txertatzen joan ginen. Ikasitakoa diagnostiko batean laburbildu zen, proposamen zehatzak planteatzeko. Lan hau Euskal Herria, lurralde bizia eta mugaldea, klima larrialdiaren erronkaren aurrean. Mugak erronka eta aukera bihurtzen, lurralde kohesiotik eta herritarren partaidetzatik izeneko txostenean jasotzen da.
Euskal Herriaren etorkizuneko lurralde kohesioak eta eskualde funtzional gisa egituratzeak duen garrantzia azpimarratzen da txosten horretan, bereziki klima larrialdiaren testuinguruan. Lurralde laborategiak esperimentazio eta berrikuntza gune gisa proposatzen dira, kohesioa, gobernantza parte-hartzailea eta trantsizio jasangarria sustatzeko.
Zer ikuspegi proiektatzen dugu Solas-Ola Lurralde Laborategirako?

2025eko EKITALDIKO PROZESUA
Solas-Ola Lurralde Laborategiaren ko-sorkuntza, lankidetzazko gobernantzan eta talde eragilea osatzen duten eragileen arteko konfiantzaren eraikuntzan oinarritutako prozesu gisa ulertzen da. Talde eragilea, Eusko Ikaskuntzarekin batera, Euskal Herriko Garapen Kontseiluak, Arantzazulabek, TMLabek eta Pirinioetako Mahaiak osatzen dute.
Prozesu honek esperimentazioaren eta egokitzapenaren aldeko apustua egiten du, ikasketa kolektiborako espazio bihurtuz.
2025eko ekitaldirako proposatutako estrategia, helburu eta ekintzen diseinu metodologikoa, Solas-Ola Lurralde Laborategiaren egonkortasuna bermatzeko beharrezko baldintzak sortzeko mekanismo gisa planteatzen dira. Gainera, esperimentatzeko, aplikatzeko eta kontrastatzeko espazioa eskaintzen da, gai jakin bati buruz jardunez: Landa garapena klima larrialdiaren aurrean.



PROIEKTU KUDEATZAILEA:
Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua:




