Euskal Herria, lurralde bizia, muga espazioa, klima larrialdiaren erronkaren aurrean: oztopoak eta zailtasunak erronka bihurtzen, lurralde-kohesiotik eta herritarren partaidetzatik abiatuta

Eusko Ikaskuntzarentzat garrantzitsua da mugaren alde bateko eta besteko Euskal Herriko herritarren arteko harremanak zaintzea, garatzea eta sendotzea, naturaltasun osoz eta oztoporik gabe, lurralde bizi, adimendun, ahaldundu eta, azken batean, kohesionatu bati dagokion bezala.

Eremu tematikoak
Egituraketa sozio-politikoa
Kategoria
Hausnarketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2024-01-01-2025-04-30

     
 

 

sarrera

Egoera korapilatsu eta konplexuan bizi gara, eta dagokion garaiari galderak eta erantzunak asmatzeko xedez, Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektoreak, XIX. Kongresua antolatzea erabaki zuen. Kongresu hori kohesioaren kontzeptuaren inguruan antolatzea proposatu zuen: "Herri ituna(k), jendartearen eta lurraldearen kohesiorako", 2024ko urriaren 2tik 4ra. Leloa "Elkartzen gaituena" izango da.

Kongresuaren ibilbidean lurralde kohesioaren inguruko azterketa bat egin nahi dugu, izenburu hau duena: Euskal Herria, lurralde bizia eta muga gunea, klima larrialdiaren aurrean: mugak aukera bihurtzen, kohesiotik eta parte-hartzetik. Lurralde kohesioaren politiken bidez, herritarren bizitza hobetu nahi da, gobernantza maila desberdinen arteko politiken koordinazioa sustatu eta hobetu, garapena bideratu, eta horren guztiaren bidez Europaren integrazioa areagotu. Hori dela eta, mugakideak diren lurralde arteko harremanak eta lankidetza sustatzea Europa mailan helburu garrantzitsua da.

Nolanahi ere, muga administratiboak zurrunegiak gertatzen dira sarri eremu mugakideetan dauden problema edo aukerak lankidetzan gainditzeko. Euskal Herriko lurraldeek eta herritarrek bete-betean pairatzen dugu egoera hori.

Euskal lurraldeen arteko herritarren, erakunde publiko eta gizarte eta ekonomia eragileen artean harreman dinamikak pizteko ahalegina bizi-bizirik egon arren, zailtasun eta oztopo ugari daude harreman horiek normaltasunez eta bizitasunez garatzeko. Horrek zerbitzuen eskaintzan ondorioak ditu, mugako beste eskualdeetan gauzatzen ari diren egitasmoak gurean garatu ezinean gelditzen dira aunitzetan, elkarren artean baliabideak partekatzeko zailtasunak sortzen dira batzuetan lege arlokoak, beste batzuetan administrazio arlokoak, larrialdi klimatikoari aurre egiteko proposamen kolektiboak gauzatzeko zailtasunak, eta abar. Eta ororen gainetik, herritarrak ditugu, bere bizipenekin, bere beharrekin eta bere eguneroko erronkekin, aurrera egin nahi eta behar dutenak.

Kontu guzti hauei erantzuteko, proiektuak hiru begirada jasotzen ditu: Muga hurbilen inguruko bizipenak eta mugak gainditzeko kulturaren irakaspenak, Diasporaren inguruko bizipenak eta praktika onak, eta lurralde kohesioan sakontzeko proposamena.

helburuak

Proiektu honen bidez honako helburu zehatz hauek lortu nahi dira:

  • Euskal lurraldeak lurralde biziak direla erakustea eta erronka komunei aurre egiteko gaitasuna badagoela, besteak beste, klima aldaketa esperientzia esparru gisa hartuz.
  • Hori aintzat hartuta esperientzia-esparru gisa jardun dezaketela jabetuz, lurralde kohesioaren zailtasunak identifikatu eta gainditzeko pilatzen ari den ezagutza eta esperientzia ezagutaraztea dugu xedetzat. Horretarako, asmoa da lurralde kohesioaren inguruan Euskal Herriko gobernantza eremu ezberdinetan zuzenean ardura duten erakundeekin eta eragileekin batera lurralde kohesioaren inguruan diagnostiko komun bat lantzea eta partekatzea, lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.
  • Kongresuko proiektuen esperientziatik abiatuta, lurraldetasunaren lanketarako metodologia partekatuaren zoru komuna landu, aurrera begira praktika on gisa proposatzeko. Lurraldetasunaren lanketarako baliabideen eta tresnen inguruko gogoeta landu eta partekatu, Europako esperientzia aintzat hartuta eta klima larrialdian garatzen ari diren metodologia eta baliabideekin alderatuta.
  • Lurralde kohesioan sakontzeko erakundeen arteko eta eragileekin egon daitezkeen sinergiak eta tresnak aztertzea eta partekatzea.
  • Euskal Herriko lurralde kohesiorako tresna parte hartzaile aktibo eta arduratsuaren osagaiak eta lankidetza esparruak partekatzea, erronka eta premia komunak identifikatu eta horien aurrean erantzun bateratuak lantzeko asmoz, besteren artean lurralde kohesioan sakontzeko eta klima larrialdiari aurre egiteko.

Horrekin guztiarekin, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren esparruan eztabaidarako gune bat eskaini nahi da, lurralde kohesioaren erronkei buruzko ikuspegi desberdinak partekatzeko eta lurralde kohesiorako balizko estrategiari buruzko elkarrizketa egituratu bat antolatzeko aukerei buruz eztabaidatzeko, eta lurraldetasunaren ikuspegi funtzional bat aintzat hartuta, bai eta lurralde kohesioaren erronkei lotutako arloetan lurralde laborategi gisako esperientzia pilotuak eratzeko aukerei buruz eztabaidatzeko ere, ekosistema parte-hartzailearen ikuspegitik.

Zehazki, bi galdera erantzun nahi dira:

  • Nola landu lurraldetasuna Euskal Herrian XXI. mendean, Europako testuinguruan eta klima larrialdiaren aurrean?
  • Zer eginkizun du Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko lurraldeen kohesio handiagoa sustatzeko? Zein izan liteke aliantzen sarea ekarpen eraginkor eta iraunkorra lortzeko?

2024an gauzatuko diren ekintzak

GOGOETA LANAK

  • Muga hurbilen bizipenen txostena
  • Diasporaren bizipenak mugen inguruan txostena
  • "Euskal Herria, lurralde bizia, muga espazioa, klima larrialdiaren erronkaren aurrean: aukerak eta oztopoak erronka bihurtzen, lurralde kohesiotik eta herritarren partaidetzatik abiatuta"

MINTEGIAK

  • Mintegia metodologiari buruzkoa
  • Mintegia: hurbileko mugen bizipenak
  • Mintegia diasporaren mugaren inguruko bizipenak
  • Lan- tailerra gizarte eragileekin: EH muga gunea, lurralde bizia, klima aldaketaren aurrean: aukerak eta oztopoak erronka bihurtzen, diagnositik lurraldetasun itunera: ahuleziak, mehatxuak, indar guneak eta aukerak

dokumentuak

EUSKAL HERRIA, LURRALDE BIZIA ETA MUGALDEA, KLIMA LARRIALDIAREN ERRONKAREN AURREAN  

Euskal Herria, lurralde bizia eta mugaldea, klima larrialdiaren erronkaren aurrean

LABURPEN EXEKUTIBOA

 
EUSKAL HERRIA, LURRALDE BIZIA ETA MUGALDEA, KLIMA LARRIALDIAREN ERRONKAREN AURREAN  

Euskal Herria, lurralde bizia eta mugaldea, klima larrialdiaren erronkaren aurrean

MUGAK ERRONKA ETA AUKERA BIHURTZEN, LURRALDE KOHESIOTIK ETA HERRITARREN PARTAIDETZATIK ABIATUTA

 

 

Solasaldiak

lantaldea

Proiektuaren zuzendari zientifikoak: Isabel Elizalde, Aitzpea Leizaola eta Zelai Nikolas.

  • Isabel Elizalde Arretxea (1964), Landa-garapenean, iraunkortasunean eta ekonomia zirkularrean eta gizarte ekonomian aditua da. Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Toki Administrazioa eta Ingurumeneko kontseilaria ohia eta gaur egun gizarte eta laneratzeko mikrokooperatibako proiektu burua eta Peio Martikorena Fundazioko zuzendaria. Gaiarekiko esperientziari lotuta aipa daitezke Nafarroako Gobernuko KLINA. Klima Aldaketaren Ibilbide Orria-ren sustatzaile eta arduraduna eta Nafarroako Parlamentuan antolatu ziren “Emakumeak eta Klima aldaketa” topaketen antolatzailea (2018).
  • Aitzpea Leizaola Egaña (1971), Antropologian eta hizkuntzalaritzan lizentziaduna Paris X eta Sorbonako unibertsitateetan. Han ere graduondoko ikasketak egin zituen bi alorretan. Antropologian doktoratu zen Paris Nanterreko Unibertsitatean 2010ean., eta gaika mMuga politikoak Euskal Herrian duen eragina landuaukeratu zuen tesian, nortasunaren eta lurraldetasunaren ardatz harturikgai gisa. Muga - Frontière, identité et territoire au Pays basque. Paris Ouest Nanterre Unibertsitatea. 2010eko abenduaren 18.Graduondoko prestakuntza atzerriko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan burutu zuen, besteak beste Berlingo Fu eta Belfasteko Queen’s Unibertsitateetan. Oxfordeko Unibertsitatean Basque Visiting Fellow izan zen.. 2004 eta 2005 artean Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendaria izan zen. Gaur egun, EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko gizarte antropologiako saileko irakaslea da eta bertako Antropologia Master ofizialeko zuzendaria ere.
  • Zelai Nikolas Ezkurdia (1968), zuzenbide ikasketak ditu. Abokatu jardueran aritutakoa (1992-1997), EHUko zuzenbide zibileko saileko irakasle elkartua (1993-2002) eta 1997-2018 bitartean Eusko Jaurlaritzan aholkulari juridiko eta legelari lanetan ibili zen hainbat sailetan. Gaur egun, Eusko Legebiltzarreko legelaria da eta Eusko Ikaskuntzeko Bizkaiko lehendakariordea.

 

PROIEKTU KUDEATZAILEA: 

Amaia NAUSIA PIMOULIER