Adelaide Daraspe. Euskaldunak Quebeceko lehendakari ohia: Lan handia egiteko gelditzen da munduko eta Euskal Herriko euskaldunak hurbiltzeko

2015-01-07

ETXABE ISTILLART, Miren

Adelaide Daraspe, gazte Urruñarrak, mundo osoan zabaldu nahi du euskal kultura eta historia. Batez ere, diasporan eta Euskal Etxeetan ikusi duen irudia Euskal Herriari buruz, iraganekoa da, folklorean oinarrituta, eta berak alde folklorikoa alde batera utzi gabe gaur egungo errealitatea ezagun dezaten ahalegintzen da.

Urruñan jaio zara, Hendaiako Ikastolan egin dituzu lehen ikasketak eta ondoren Bordeleko Unibertsitatean Historia ikasi duzu. 2006an Master bat egitera joan zinen Quebecera hango euskaldunak nola bizi zuten euskal kultura ezagutu eta ikertzera. Zer topatu zenuen han? Nolakoak dira Quebeckeko euskaldunak?

Montrealera iritisi bezain laister ezagutu nuen lehen euskalduna, Euskal Etxeko kide bat etorri baitzen nire bila aireportura. Hark informazio andana bat eman zidan, eta 21 urtetan bakar bakarrik beste kontinente batera iristean, halako aholkuak ukatea bikaina iruditu zitzaidan. Elkartasun handia susmatu nuen han. Nire laguntzeko gogo handia zuten, Euskal Herritik netorrelako eta urteak lehenago, nik egiten nuen bidaia hori jada egina zutelako.

Bertako euskaldunak urte guztietakoak dira, baina gehienak 65 urte baino gehiago ala 35 urte baino guttiago dute. Gazte eta adineko taldetxo eder bat dago, proiektuak elgarrekin burura eramaten dituztenak. Egia erran iritsi nintzenean ez zegoen gazterik administrazio kontseiluan, baina hori poliki poliki aldatu zen.

Quebeckeko Euskal Etxearen lehendakari izan zara. Zerk bultzatu zintuen kargu hori hartzera?

Quebec eskualdera iritsi bezain laister, bertako euskaldunak ahal nuen bezala laguntzen hasi nintzen. Gehienetan, gazteleraz eta euskaraz jasotzen zituzten emailak itzultzen nizkien.

Ekitaldi handi bat antolatzen zenean Quebec hiritik Montrealera joaten nintzen autobusez. Gauza berdina egiten nuen 15 egunero euskara ikastaroak emateko. Eroa dirudi, Euskal Herrian garenean, 2:45 orduz autobusa hartu dezakegula pentsatzeak, 2 oreneko euskara ikastaro baten emateko...

Urte hau pasa eta garai hartan administrazio kontseiluko kideek lehendakari ordea bilakatzeko proposatu zidaten. Gogotik onartu nuen, adineko lagun horiek laguntzen ahalko nituelakoan.

Urtea pasa eta gure lehendakaria eri zegoen eta hark aipatu zidan ongi irudikatzen ninduela postu horren hartzeko. Lehendakaritza ordeak iniziatibak proposatzeko gogoa eman zidan, beraz plazerrarekin hartu nuen Euskal Etxaren ardura, proiektu ainitz aintzina eramaten ahalko nituelakoan. Nire helburua argia zen. Dinamika berri bat sortu nahi nuen, Euskal Etxeari helburu kultural berri bat emanez.

Adelaide Daraspe, gazte Urruñarrak, mundo osoan zabaldu nahi du euskal kultura eta historia.

Euskal Herria eta diasporaren arteko distantzia orain txikiagoa beharko luke komunikazio bideak erraztu diren heinean. Hori nabari da? Elkar ezagutzen dugu?

Hein batean bai. Interneten bidez mundu inguruko euskaldun eta komunikabide euskalzaleen harteko harremanak gero eta errexago dira. Baina harremanak sendotzeko eta garatzeko buruz buruzko harremanak beharrezkoak dira. Gizataldeen Mundu kongresuak bezala.

Proiektu handiak eta sendoak bururaino eramateko derigorrezkoa iruditzen zait elgar ezagutzea.

Lan handia egiteko gelditzen da munduko eta Euskal Herriko euskaldunak hurbiltzeko. Dena den, interesa hor dago. Beti harritu naiz Euskal Herrira iristen nintzelarik diasporarentzat zegoen interesaz. Bat egiteko gogoa hor dago. Baina bat egin aintzin, diasporako komunitate desberdin eta ugariak ongi ezagutzea derigorrezkoa da. Hori izan behar litzateke lehen etapa.

Kanpoko Euskal Gizataldeen V Mundu-Batzarrean parte hartu zenuen eta munduko puntu desberdinetatik etorritako euskaldunak ezagutu zenituen. Zer geratu zitzaizun batzar horretatik? Desberdintasun haundia al dago kanpoko euskal gizataldeen artean?

Niretzat Euskal Gizataldeen V. Mundu-Batzarra esperientzia zoragarria izan zen. Benetan ahanztezina. Kongresu hortan ezagutu ahal izan genituen Euskal Herriko hainbat partaideekin. Komunikabideak, Eusko Jaurlaritzako langileak eta diasporarekin lanean ari diren elkarteetako kideak buruz buru ezagutzea bikaina izan zen. Betiko esaldia hura zen: “hainbeste mezu elektroniko igorri eta azkenean ezagutzen dugu elgar!”.

Mundu guztietako euskaldunak ezagutzeko aukera ukatea zoragarria izan zen. Bakoitzak desafio eta arrangura desberdinak genituela konturatu ginen, guztion helburuak euskal kulturaren bizia gelditzen zelarik.

Kongresu hortan bi talde nabaritu nituen, euskal etxe tradizionalagoak eta beste batzu gazteagoak, imigrazio gune berrietan sortuak.

Euskal etxeen bizi iraupena nola ikusten duzu? Belaunaldi berriak jarraitzeko prest ikusten dituzu?

Belaunaldiz belaunaldi, jatorriko kulturarekiko atxikimendua ttikitzen da eta bertako kulturarekin identifikazioa handitzen. Hori imigratzaile populu guztietan gertatzen da eta nire ustez, hein batean positiboa da.

Baina euskal etxeek beti iraungo dute bizirik. Imigrazio gune berriak sortzen baitira eta euskaldunak beti mugitzen baitira. Baina noski, herri eta kultura guztiak bezala gurea aldatuko da geroan. Baina hala ez bazan ez litzateke hain interesgarria izanen historia ikasi eta ikertzea!

Hitzaldiak ere ematen dituzu, Euskal Herriaren berri emanez. Zein da helburua? Eta zer nolako proiektuak burutzen dituzue?

Euskal Herriari buruzko ikerketak egitea naturala iruditzen zait, euskalduna naizelako eta beste kulturetan ikertzen diren problematika eta kontzeptuak buruz buru emateko gogoa nuen.

Ikerketa mailan kontzeptu berriak egunero sortzen dira eta ikertzaileek gure kultura ikertu behar dute, folklorismotik ateratzeko eta aintina joateko.

Orain dela lau urte Azerbaidjan herrira joan nintzen eta han, nire ikerketa lan bat aurkeztu nien. Konferentzia horren prestatzeko, atzerritarrek (frantsez, ingeles, txekiar, polonesek) XVIII eta XIX. mendeetan Euskal Herrira etortzean euskaldunak nola deskribatu zituzten ikertu nuen.

Oso interesatua izan zen horren ikerketa eta ikasitakoa zabaltzea, beste kulturekin harremanetan izanik.

Zure tesiaren izenburua “Euskaldunen janaria eta nortasuna XVIII mendetik orain arte”. Nondik dator janariarekin dugun lotura hori?

Tesia lan hori utzi badut ere, Euskal Herrian gure kultura janariari lotua dela ezin ukatua da. Janariaren inguruan elgartzen gara, janaria eskaintzen dugu zerbait ospatzen denean eta janariaren ekoizpena oso baloratua da beti. Nire ikerlana, jaten ditugun gauza batzuei zein balore kultural eman diegun lantzea izan zen. Nola erran dezakegu plater bat euskalduna dela? Nola eta noiztik egin da, elikagai berrien integrazioa eta berreskuraketa?

Urtean hiru aldiz artisau merkatuak antolatzen dituzte, “Martxuka Merkatuak”.

Quebecketik Euskal Herrira itzuli zinenean Martxuka izeneko denda zabaldu zenuen zure herrian, Urruñan. Azaldu zer den Martxuka?

Martxuka Euskal Herriko esku langileen denda eta te gozotegi bat da. Kontzeptu bikoitza da: gure herrian ongi eginak diren mozkinak erosteko aukera, baita gune goxo batean kafe, smoothie ala te baten hartzeko parada. Horrelako kontzeptu bikoitzak hainbat ikusi nituen Ipar Amerikan. Euskal Herrira itzuli eta halako gune goxoak faltan botatzen nituen. Horregatik Martxuka idekitzeko gogoa eta motibazioa sortu zen nire baitan.

Urtean hiru aldiz artisau merkatuak antolatzen ditugu ere, “Martxuka Merkatuak” deitzen ditugunak.

Nire helburua, beste martxuka dendak sortzea liteke, Euskal Herriko esku langileek beraien arteari esker bizitzeko aukera ukan dezaten. Baina lan hori poliki poliki egingo da. Euskal Herriko denda guztietan bertako sortzaileen ekoizpenak saldu beharko genituzke eta hori ez liteke gauza berezia izan behar.

Amaitzeko, jakin dugu munduari itzulia egitera zohazela. Kontaiguzu proiektu zirraragarri honen berri. (Elkarrizketa hau bidaiara joan aurretik egin genuen)

Orain dela 3 urte hasi ginen, bikotean genuen proiektu handi hori aipatzen. Hilabetero diru pixkat atxiki eta poliki poliki proiektu hori burura eramatea lortu dugu. Urriaren erdian abiatuko gara, munduan gaindi paisaia, kultura eta pertsonak ezagutzera. Irrikitan nago!!
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Jesus Arzamendi. Euskaltzale, euskaldun berria: Mundu ezezagun bat deskubritu nuen euskararekin

 

Irakurri

Pedro Anitua Aldekoa. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria: Hiri ordenamenduak zerikusi handia dauka kalteen murrizketan

 

Irakurri

Agustín Azkarate. Arkeologoa: Aldaietak arabar tipologiako arma industria bat azalarazi du

 

Irakurri

Joseba Achotegui Loizate. Psikiatra eta Psikoterapeuta: Lehen bizio eta bekatu nagusiez hitz egiten genuen, orain buruko nahasteak ahoz aho dabiltza

 

Irakurri

Aritz Aranburu. Surflaria: Surfa bizimodu izatea errealitate bilakatutako ametsa da

 

Irakurri