Jesus Arzamendi. Euskaltzale, euskaldun berria: Mundu ezezagun bat deskubritu nuen euskararekin

2014-12-03

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Zer dela-eta zure gisako euskaldun bat Toledon jaioa?

Sendiko kontua da, amaren aldeko amona eta lau osaba-izeba han bizi ziren. Gizonak apaizak ziren eta hirugarrenaren lehen meza ospatu zenean hara joan zen nire ama, haurdun zegoena. Eta suertatu zen ni Toledon jaiotzea.

Aita David, Arrasateko organo jolea. Zu izenez Jesus eta herriko abade etxean bizi zinen. Aurretik hautatua al zeunden apaiztegirako?

Testuingurua nahiko egokia zen horretarako. Aita organo jolea Arrasateko parrokian, beste hiru osaba apaiz nituen, tiplea nintzen eta abade etxean bizi ginen. Atera kontua! Garai hartan, bestalde, normaltzat jotzen zen semeetarikoren batek apaiztegira jotzea. Hogeita bost gazte ginen Arrasatetik Donostiako Apaiztegira ikastera joandakoak. Horrezaz gain ordena erlijiosoetan ari zirenak zeuden, frantziskotarrak, kaputxinoak, biatoristak eta abar.

Zer dela-eta euskaldundu zinen?

Nik uste dut zenbait arrazoik bat egin zutela. Alde batetik, apaiztegian modan jarri zen apaiz langileen modeloa. Eta urtebete bat egin ohi zen lanean, ikasketak utzita. Bestetik, nik orduan banuen halako errudun konplexua, lagunak nigatik euskaratik erdarara pasatzen zuten-eta. Horrek amorrua ematen zidan. Eta gertatu zen nire irakasle batek, Joxe Zamora, Beizamako Urki baserriko lagunekin harremanak zituela. Beraz, erabaki nuen langile moduan urtebete hura Beizaman emango nuela, 1967an.

Eta nola heldu zinen Beizamara?

Zamoratarren bidez heldu nintzen, cow boy euskalduna izateko asmotan, behi mordoa baitzeukaten Urki baserrian. 1967an heldu nintzen eta hamar bat hilabete egon nintzen. 1968ko maiatz ospetsua nik lanean eman nuen Beizaman.

Beizamak eta Parisek antz gutxi zuten, beraz...

Printzipioz, ez gehiegi. Baina nire bizitza propioan, pertsonalean, iraultzaren modukoa izan zen Beizamako egonaldia, orduan ere oso erabaki inportantea hartu bainuen, Apaizgaitegira ez itzultzekoa, alegia. Eta Unibertsitatean hasi nintzen. Beste aldetik, euskal kulturan sartu nintzen, buru belarri. Bi hilabetetan prestatu nuen PREU, Valladoliden gainditu nuen froga eta 1968-69 ikasturtean ekin nion Filosofia eta Letrak ikasteari EUTGn.

EUTGra zoaz eta topo egiten duzu Patxi Altunarekin, zure maisua izango zena ...

Hasiera-hasieratik izan nituen harremanak Patxirekin. Ezagutu ninduen bezain laster eskua luzatu zidan. Lehendabiziko ikasturtean Juan Antonio Artamendiren laguntzailea izan nintzen, nik Filosofia osoa egina bainuen Apaiztegian. Eta bigarrenean ekin nion Patxiren laguntzaile izateari, latina gaiarekin. Laugarren ikasturtean Euskal Dialektologia eman nuen Patxiren ordez. Hura espetxeratu zutenean ere, nik Euskal Literatura eman nuen Patxiren hutsunea betetzeko. Oso lagun handia izan nuen Patxi Altuna.

Zer nolako giroa zen urte haietan euskalgintzari dagokionez EUTGn?

Ez pentsa gehiegi zenik. Euskarazko klaseak ematen ziren, eta nolabait bihurtu zen hura ordura arteko gau eskola herrikoiaren bertsio serioa. Giroa artean behar bezala egituratu gabe zegoen. Barruan geundenok bultzatzen genuen modelo berri baterantz, baina EUTGk, erakunde bezala, ez zuen larregi laguntzen. Patxi Altuna bazebilen, baina Euskaltzaindiarekin estu lotuta.

Eta ikasle izatetik irakasle izatera igaro zinen EUTGn ... Hizkuntzaren Pedagogiako eta Semiotikako Irakaslea...

EUTGn, berez, hasi nintzen Filosofia irakasten eta horren barruan semiotika genuen. Gero semantikako irakaslea eta linguistikakoa ere izan nintzen. Gogorren gertatu zitzaidana izan zen, gaueko ikasle batzuei semantikako klasea euskaraz eman behar izatea. Ez genuen hiztegirik eta asko asmatu behar izan genuen. Horretan, aitortu behar dut, ikasleek eurek lagundu zidaten mordoxka, eta ulertu zuten ez zela hain erreza ikasgai hura euskaraz prestatzea aurrekaririk gabe. Gero sortu zen Hizkuntza Pedagogia UPV-EHU Unibertsitatean eta Feli Etxebarria lagun minak gonbidatu ninduen hara pasatzera eta baietz esan nion. Zorroagako eraikin ospetsu hartan aritu izan nintzen eta bi unibertsitateetan ihardun nuen denboralditxo batez, ahalik eta Gregorio Monreal erretoreak planteatu arte batean ala bestean lan egitea eta 1981ean hautatu nuen publikoa, UPV-EHU.

UPV-EHUn erretoreorde izatera heldu zinen ...

Une batean irakasle talde batek zenbait aldaketaren alde jo genuen. Eta irabazi genituen hauteskundeak. Hiru urtez aritu nintzen erretore ordez, Gipuzkoako Campusean. Nik uste dut zerbait lortu genuela —ez gehiegi, hori ere egia da— batez ere azpiegituraren aldetik. Emilio Barbera izan zen orduko erretorea eta Gipuzkoako pisu espezifikoari eutsi genion Unibertsitatearen egituran. Alde horretatik ni pozik nago, burutu lanarekin.

Zer azpimarratuko zenuke, bertan aritu izan zinen aldikoa?

Gazteak ginen eta, normal den bezala, pentsatzen genuen gai ginela gauzak erroetatik hobetzeko. Eta sartu ginen aldagai haien errebisioan. Gero etorri zen irakasle asoziatuen mugimenduan esku sartu genuen, ordena pixka bat jartzeko, eta lortu genuen haietako askok bere lanpostuari eutsi ahal izatea. Horrek sendotu egin zuen, nolabait, UPV-EHU bera ere. Ikerkuntzan hasi zen urrats handiak ematen.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko unibertsitate-egoera, behin jubilatuz gero?

Egia esatera, ez daukat informazio zuzenik. Eta nire iritzia oso mugatua dago. Alde batetik, sentsazio ezkorra daukat, unibertsitate publikoaren bilakaeran okerrera joango bagina bezala. Baikorra naiz, ordea, talde batzuen bilakaera ikusita, batez ere ikerkuntzan. Unibertsitate pribatuetan, aldiz, azken urteotako murrizketek gogor jo dute, eta euren arteko lehia guztiz normala da, biziko badira. Baina etorkizuna ez dut erreza ikusten.

Orain Fundación Universitaria Iberoamericana-ko kolaboratzailea zara.

Gertatu zen duela hamazazpi urte Bartzelonako irakasle batzuekin elkar lanean hasi nintzela, on line bidetik esperimentatu nahi genuen-eta, master batzuk prestatzeko. Haiek lagunduta hiru lan lerro nagusi jarri genituen martxan euskara, gaztelania eta ingelesa erabiliz, hain zuzen. Hiru erakunde bildu ginen - UPV-EHUko Pedagogia eta Magisteritza sailak, HABE eta British Council. Hiru hilabetez curriculum bakar bat sortu nahian aritu ginen, eta hortik sortu ziren hiru master. Euskarazkoa, adibidez, erabili zen AEK-ko irakasleak prestatzeko. Beste biekin sortu zen Fundación Universitaria Iberoamericana. Beraz, hasieratik Fundazio horrekin lotuta nago erabat, eta segitzen dut kolaboratzen, aholkulari gisa.

Itzul gaitezen Beizamara. Zerk harrapatu zintuen giro hartan?

Beizama niretzat aldaketa izugarria izan zen. Apaizgaitegiko giro hura utzi eta baserrian egun osoan mendian behiak zaintzen ibiltzeak eta horiek eskatzen zuten lana egiteak zeharo bestelakotu zidaten bizimodua. Munduz aldatzea izan balitz bezala. Asko zor diet hilabete haiei. Nire buruan beste ate batzuk ireki nituen, besteak beste euskal kulturaz ezagutzekoa eta oro har nire buruaz bat egitekoa.

Euskara ikasteak zer suposatu zuen zuretzat?

Mundu ezezagun bat deskubritzea eta Euskal Herrian oso osorik bizi ahal izatea.

Bizitza profesionalean izan zarena erdietsiko al zenuen Beizamarik gabe?

Igarotako esperientziak baloratzen ditut beren heinean eta beraz Beizamara etortzeak nire bizitzako bihurgune handia hartzea suposatu zuen. Eta horregatik beti diot Beizama puntu garrantzitsua izan dela niretzat.

Eta Beizamako lanaz, oroitzen al zara?

Kooperatiba bat zen, bost bazkiderekin, eta denera 250 behirekin. Eta ni morroi laguntzailea nintzen. Ukuiluak garbitzen nituen eta simaurra ateratzen nuen esku-orgarekin. Larreko lana ere ez zen makala, belarra moztu eta ukuiluetara eraman behar baitzen. Baina esan behar dut, psikikoki ez ezik arlo fisikoan ere arnas hartu nuela nik Beizaman.

Itzuli al zara?

Bai, oso gustura itzultzen naiz. Beti da eskergarria lagunekin iraganeko uneak birbizitzea.
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Pedro Anitua Aldekoa. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria: Hiri ordenamenduak zerikusi handia dauka kalteen murrizketan

 

Irakurri

Agustín Azkarate. Arkeologoa: Aldaietak arabar tipologiako arma industria bat azalarazi du

 

Irakurri

Joseba Achotegui Loizate. Psikiatra eta Psikoterapeuta: Lehen bizio eta bekatu nagusiez hitz egiten genuen, orain buruko nahasteak ahoz aho dabiltza

 

Irakurri

Aritz Aranburu. Surflaria: Surfa bizimodu izatea errealitate bilakatutako ametsa da

 

Irakurri

Mariasun Landa. Idazlea: Utopia historiaren motorra da eta 68ko maiatza hartan ezagutu genuen hori

 

Irakurri