Amaia Basterretxea: "Gure bizimodua nolakoa izan den azaltzea da gure egitekoa"

2004-01-09

EZKERRA, Estibalitz

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 237 > Elkarrizketa -->

2004/01/09-16 Amaia Basterretxea

Euskal Museoko zuzendaria "Gure bizimodua nolakoa izan den azaltzea da gure egitekoa" Estibalitz Ezkerra

Traducción al español Unamuno plazara ematen duen sarrera zabaldu zutenetik, Bilboko Euskal Museoak beste bat dirudi. Baina ez dezala itxurak bisitaria engainatu. Horma sendo horiek 1921ean hitzarturikoari leial izaten jarraitzen dute: euskal etnografia, historia eta arkeologiaren zantzuak gordetzeari leial, alegia. 1921, bai. Urte hartan batu ziren Arkeologia eta Etnografia museoak, geroztik San Andres ikastetxean (garai batean Aita Jesuiten egoitza) kokatu den museoa eratzeko. Espainiako Gerra Zibila piztu zen arte, hura izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan osatu ziren zazpi museoetatik bat. Gainerakoak San Telmo, Donostiako Aquarium-a, Zumaian Zuloagari zuzendurikoa, Eibarko Armen museoa eta Bilboko Arte Eder zein Arte Sakroari buruzkoa izan ziren.

Ordutik hona, hamaika euriteren lekuko izan da museoa, eta ez alferrik gainera. Tarte horretan, une loriatsuak eta ez hain baikorrak igarotzea egokitu zaio. Gutxi gorabehera hiriak berak pasa dituen antzekoak. Baina horrelakoetatik beti dago zer ikasi, halaxe uste du Amaia Basterretxea erakundeko zuzendariak. Lehen lezioa, inoiz ez amore ematea. Memento zailak pasa dituzten arren, Basterretxeak ilusioz ikusten du etorkizuna. Museoa garai berrietara egokitzeko emandako urratsak hasi dira lehen fruituak ematen. Euskal Museoa Bilboko eta Euskal Herriko museo zaharrenetariko bat den arren, jende askok ez du ezagutzen. Museoa izendatzeko terminologia eta horren atzean egon daitekeen funtzioa arrotza zaie erabat. Bai, hala da. Pentsa, sarrera berria dela-eta behin bisitari batek galdetu zidan ea museoa berria zen. Nik baietz erantzun nion, ehun urte dauzkan arren museo berria dela (kar, kar). Eta Bilbokoa zen! Izenarekin beste horrenbeste. Hasiera batean, bi erakunde ziren: batetik, Euskal Museo Etnografikoa zegoen, eta, bestetik, Bizkaiko Arkeologia museoa. Biak batu zirenean Euskal Museo Arkeologiko eta Etnografikoa izatera igaro zen. Gerra ostean, Bizkaiko Museo Historikoa izendatu zuten, baina 1980an Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoa jarri genion. Eta orduan bai nahastea. Jendeak ez zekien zer esan nahi zuen horrek, eta batzuek museo enologikoarekin, beste batzuek antropologikoarekin nahasten zuten. Horregatik erabaki genuen geure burua ezagutzera emateko modurik errazena izen labur eta orokorra bilatzea zela, eta Euskal Museoa izena eman genion erakundeari. Apurka-apurka jendea konturatzen ari da non gauden, zer egiten dugun. Askorentzat Mikeldia duen museoa izaten jarraitzen dugu, nahiz eta pieza horren esanahia zein den ezezaguna zaien. Izan ere, orain arte bilduma iraunkorreko museoa izatera mugatu gara, eta nola jendeari bisita bakarra nahikoa zaion piezak ezagutzeko, elkar-ezagutza horretan ez dugu gehiegi sakondu. Orain, aldi baterako erakusketen bidez, prozesu hori abian jarrai nahi dugu, bisitaria gu hobeto ezagutzera animatuz. Mikeldia aipatu duzu. Egia da museo honek duen pieza garrantzitsuenetako bat dela, baina ez bakarra. Nolabait, Mikeldia da museo honen ikurra. Horretaz aparte bilduma oparoa daukagu, baina jende gehienarentzat erabat ezezaguna da. Horregatik iaz museoko bilduma osoarekin aldi baterako erakusketa bat antolatzea erabaki genuen, eta aurten jantziari buruzko beste bat osatu dugu. Inork ez zekien hainbeste jantzi genituenik, eta horixe da, hain zuzen, museo honek duen ondarerik aberatsena. Alde horretatik, jendeak ezusteko ederra hartu du, eta haietako asko informazio eske etorri zaizkigu. Niri, behintzat, gustatuko litzaidake dugun guztia jendeari erakustea, baita guk museoaz dugun ideia azaldu ere. Kontua da eraikinaren erdia biltegia dela, eta, beraz, erakusketarako espazio handirik ez daukagu. Mallonako geltokiko eraikinean, Aurre Historia jasoko duen museoa eraikitzeko proiektua martxan dago. Biltegiko piezak hara eramatea da helburua (ondo katalogatuta eta jendeak ikusteko moduan), eta beste erakina erakusketetarako uztea. Dena multzo batean eduki beharrean ondo definitu nahiko genuke zer den antropologia, etnografia eta arkeologia, eta bakoitzari dagokion ondarea. Baina piezak erakusteaz gain, haien gaineko ikerketa sustatzea da gure helburuetako bat. Hau da, dugun materialetik abiatuta bestelako esparruak lantzea. Eta horretan gaude. Kaleko jendearentzat museoa obrak biltzen dituen tokia da, eta ez da konturatzen ikerketa eta argitalpen zentro ere badela. Bisitaria erakusketara datorrenerako pieza bakoitza bere tokian kokaturik dago, eta ez da konturatzen horren atzean zenbat lan dagoen. Datorren urtean, adibidez, grabatuen bidez janzkerak izan duen bilakaerari buruzko erakusketa aurkeztuko dugu, eta hiru urte daramatzagu materiala biltzen. Horixe da Mallonako eraikinari ikusten diodan arazoa. Aurre Historiari zuzendurik egongo da, baina zer eta nola ipiniko dugu? Hemen ez dago hainbeste jenderik dena antolatzeko. Museoan gordeta dagoen material asko landu gabe dago oraindik, eta piezak erakutsi gura badira, ulertzeko moduan aurkeztu behar dira. Datorren hilean, esate baterako, Paleolitiko garaiko lanekin Manos a la piedra erakustaldia eskainiko dugu. Museoko lan taldeak Gasteizko ikerlari batzuen laguntza jaso du zer eta gela bakarra hartuko duen erakusketa prestatzeko! Txikia, bai, baina lan handia eman du. Horregatik diot dena ez dela piezak erakustea. Haien atzean zer dagoen jakitea, obren esanahia ulertzea, ezinbestekoa iruditzen zaigu. Ikuslea horretaz ohartzea nahiko genuke. Etengabe ari zara espazioaren arazoa aipatzen. Gezurra dirudi museo honek ehun urte izatea eta oraindik horrekin bueltaka ibiltzea. Gela txikiak ditugu. Sarritan pentsatu dut jantzien erakusketa bestelako espazio batean antolatu izan bagenu zer nolako emaitza emango zuen. Kontua da hauxe eraikin historikoa dela, eta, beraz, ezin da ezer aldatu. Neurri horietan mugitu behar gara. Klaustroa estaltzea gustatuko litzaiguke bestelako jarduerak antolatu ahal izateko: kontzertuak, bestelako erakusketak… Nolabait, museoari bizia handiagoa eman. Baina dena da diru arazoa. Museoa dinamikoago bihurtzeko lehen urratsa eman duzue, behintzat. Hau da, aldi baterako erakusketak antolatzea. Hemengo obren inguruan zegoen ezezagutza gainditzeko erabaki genuen haiek antolatzea. Izan ere, museoan lan egiten dugunok badakigu biltegietan zer dagoen, baina kanpokoek ez. Aldi baterako erakusketen formula egokia iruditu zitzaigun, aldiro-aldiro obra guztiak erakusteko eta zer garrantzia duten adierazteko. Erosi ez dugu askorik erosten, baina garai batean donazio dezente jaso genituen. Bisitariak ez daki pieza horiek existitzen direnik ere. Gaur egun, zer moduz dago donazioen kontua? Ez dago garai batean zegoen gauzak gordetzeko ohiturarik, eta, beraz, geroz eta pertsona gutxiago datoz museora antzinako objektuekin. Hain zuzen, antzinakoak direlako baliorik ez dutela uste dute, eta bota egiten dituzte. Hori dela-eta, ez bakarrik museo honetan, beste hainbatetan ere epearen arabera hutsune handiak dituzte beren bildumetan. Jantzia adibide moduan erabiliko dut. Museo honetan 1940. urtea arteko jantziak ditugu, baina ordutik hona ez daukagu ezer. Horregatik ere funtsezkoa iruditzen zaigu duguna erakustea, jendea konturatu dadin zer garrantzia duten halako objektuek. Zeren balio funtzionalik ez badute ere, geure historia osatzen joateko baliogarriak dira. Ez dira koadroak bezain “garestiak” izango, baina badira gure bizimodua nolakoa izan zen eta egunerokotasunaren barruan gauza batzuek zer nolako garrantzia eduki zuten azaltzeko modua. Sasoi batean historiarekiko interes handiagoa zegoen, baina badirudi urteekin apalduz joan dela. Bai, nire ustez kontsumoaren gizarteak ezarritako legea da. Dena bota eta aldatzeko grin hori nagusitu da. Kontu horretan atzera egin dugula iruditzen zait. Antikuarioek ere horixe esaten dute: memento oso ona egon da, eta orain atzerantza goaz. Azalekoaren gizartean bizi gara, eta antzinako objektuek galdu dute beren garrantzia. Horregatik esaten dut ez dela bakarrik piezak erakustea; ez nioke hezkuntza deituko, baina, nolabait, jendeari gure bizimodua nolakoa izan den azaltzea da gure egitekoa. Garrantzitsua da nortzuk izan garen jakitea. Jakinmin falta hori museoak ere nabarituko zuen, ezta? Hona, gehienbat, kanpotarrak etortzen dira. Haiei izugarri gustatzen zaie museoa. Amerikarrak1 batez ere txundituta geratzen dira hain objetu zaharrak ikusterakoan. Beraientzat Guggenheima ez da kontu berria, haiek ere badute bat; kultura eta arte eredu hori aski ezaguna zaie. Baina hona datozenean euskal kultura zer den jakin nahi dute. Baina hemengoei… Azken finean, badakigu nortzuk garen, eta, beraz, zertarako museora joan? Bestalde, gustatuko litzaidake erakusketak euskararekin girotzea. Izan ere, hizkuntza kulturaren ezinbesteko elementua da. Artzainen mundua ez baduzu euskaraz entzuten, ez duzu ulertzen. Azken finean, euskara da. Horixe da hemen faltan botatzen dudan zerbait. Nahiz eta ez ulertu, hizkuntza entzutea. Horren inguruan zer egin dezakegun pentsatzen ari gara. Museo tradizionalak erakusketaz duen kontzeptuaren aldean, ikuspegi berritzailea da hori. Bai, ea aurrera ateratzea lortzen dugun! Duela hilabete batzuk, Euskaltzaindiak gauza bera euskalki guztietan adierazita biltzen zuen diskoa atera zuen. Ikaragarri polita iruditu zitzaidan. Gauza bera ikusi nuen Kanadako museo batean frantsesarekin. Aldi baterako erakusketa bat zen, eta gela handi batean gauza bera Frantzian eta Quebecen nola esaten ziren entzun zitekeen. Modu horretan, toki batean eta bestean hizkuntzak izan duen bilakaera adierazten zuten. Gure hizkuntza aberatsa da, hemengo aberastasun hori ipini nahiko nuke museoan ere. Askok hizkuntzagatik galdetzen digute, baina hizkuntza ezin da paper batean idatzi eta horman kokatu. Hizkuntza ez da horrela baloratzen. Oraindik amerikarren kontuarekin nabil bueltaka, nola haiek gurea estimatzen duten eta gu, berriz, haiena imitatzen gabiltzan. San Telmorekin gertatzen ari dena ekarri dit gogora horrek. Arte eredu batzuk sustatzeko dirua egon badago, baina beste batzuetarako ez. Ikaragarria da San Telmon gertatu dena. Lotsagarria. Ez da bakarrik museoagatik, baizik eta ondareagatik ere. Ez baduzu museoa mantendu gura, behintzat itxi eta zaindu obrak. Sekulako bilduma daukate; aberatsa da museo hori. Ez dakit zer egingo duten, ez dut ulertzen. Eta gero beste bat zabaldu nahi dute? Suposatzen dut politika kontuak izango direla horiek, baina guri, behintzat, ez zaigu horrelakorik gertatuko. Azken finean, artea inbertsioa da. Halako koadro bat saldu eta dezente lor dezakezu haren truke. Aldiz, saia zaitez hemengo aulki bat saltzen. Polita dela esango dizute, baina harengatik ez dizute zentimorik emango. Aberatsak dira obra biak, baina balio ezberdinekoak. Amaia Basterretxea

Historian lizentziatua da eta Arkeologian doktore.1997tik Bilboko Euskal Museoko zuzendaria da.Hainbat ikerketa eta argitalpen landu ditu azken urteetan, horien artean Bergara: Hiria erdi aroan (Hiru argitaletxea), Bermeotik Gaztelerrira. De Bermeo a Castilla (museoak jasotako izen bereko erakusketaren harira). 1 Hain zuzen, Euskal Museoaren harira, hona hemen Marisa Bartolucci kazetariak iazko The Atlantic Online aldizkarian idatzirikoa: “Turista askok aitortu egiten dute nahiago dutela museoa (Euskal Museoa) Guggenheim baino. Erakunde ezaguna bezain aberatsa eta probokatiboa ez den arren, nik neuk ere berdin pentsatzen dut. Guggenheim loriatsuak bizi eta arnasten dugun gaur egungo kultura globalizatuaren garaikur artistikoak erakusten dizkigun bitartean, erakunde apal honek iraganeko mundu txundigarria izan zen modukoa erakusten digu. Ohartzen naiz halako testigantzek duten balioaz, zeren jakin badakit artzainen, arrantzaleen eta nekazarien mundua hamarkada batzuk barru desagertu egingo dela”.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Adolfo Arejita: "Kardaberaz izan da, Mendibururekin batera, euskal idazle klasiko nagusia"

 

Irakurri

Frantxis López de Landatxe: "Jendeak bereganatu egin du Koldo Mitxelena, liburutegiko erabiltzaileak eta bisitariak Kulturunearen jabe bihurtu dira"

 

Irakurri

Borja Aginagalde: "Artxiboen dinamizazio kulturala da gure hurrengo erronka"

 

Irakurri

Mariano Camio: "Cristóbal Balenciaga jostunarengan, bere naturaltasuna eta Euskal Herriarekiko, Getariarekiko eta inguruan zeukan jendearekiko sentitzen zituen maitasuna azpimarratuko nituzke"

 

Irakurri

Alain Lamassoure: "Baiona-Donostia multzo koherentea bihurtu, goi mailako ekipamendu publikoak dituen hiri uhartedi baten antzekoa"

 

Irakurri