Ana Aguirre Zurutuza. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua: Euskal Herriak ezin du soldata baxuetan oinarritzen diren egitasmoekin lehiatu, eta, gainera, ez du nahi

2004-07-10

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

GARMENDIA YARZA, Koro

Ana Aguirre Zurutuza

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua "Euskal Herriak ezin du soldata baxuetan oinarritzen diren egitasmoekin lehiatu, eta, gainera, ez du nahi" Ismael Diaz de Mendibil

Itzulpena: Koro Garmendia

Versión original "Ziurgabetasuna". Horra, analisten esanetan, egungo egoera ekonomikoa ondoen definitzen duen hitza. Eta, hazkundea aurreikusi den arren -aurreko urteetakoa baino apalagoa, baina hazkundea azken batean-, gero eta gehiago dira atzeraldiaz mintzo direnak. Ana Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua, egoera horri buruz mintzo zaigu elkarrizketan zehar. Gauzak asko laburbilduz, ondorioa honakoa litzateke: ziurgabetasun ekonomikoaren aurrean, ikerketa eta berrikuntza. Oso balorazio ezberdinak entzuten ditugu egungo egoera ekonomikoaren inguruan: patronala atzerakadaz mintzo den bitartean, Eusko Jaurlaritzak hazkunde garaia datorkigula esaten digu. Nola uztartu ikuspegi hauek? Egoera ez denean ziurra, eta aldaketak behin eta berriro ematen direnean, orain gertatzen ari zaigun bezala, normala da etorkizun hurbilari buruz ikuskera ezberdinak izatea. Eusko Jaurlaritzak %2,6ko hazkundea aurreikusi zuen 2004. urterako, eta oraingoz behintzat ez daukagu gure aurreikuspenean huts egingo dugula pentsatzeko arrazoirik. Euskal patronalaren esanetan, bai lan gatazkak, bai soldatak handiagoak dira Euskal Herrian Estatuan baino. Hala da zure iritzian ere? Euskal Herrian ordaintzen diren soldatak espainiar Estatuko handienetarikoak dira. Beraz, mundu zabaleko testuinguru ekonomiko berrian lehiakorrak izan nahi badugu, balio erantsi handiagoko ekintzak garatu beharko ditugu. Euskal Herriak ezin du soldata baxuetan oinarritzen diren egitasmoekin lehiatu, eta, gainera, ez du horrelakorik nahi. Arabako instituzioek jakinarazi dute Michelin edo Mercedes bezalako multinazionalek gehiegizko menpekotasun ekonomikoa eragiten dutela. Nola ikusten duzu egoera hori? Bada, Michelin eta Mercedesen kasuak, hain zuzen ere, globalizazioaren garaiotan Euskal Herriaren eta, zehazkiago, Arabaren aldeko apustua egin duten multinazionalen adibide ditugula, noiz eta deslokalizazio hitza hain modan dagoenean. Bi multinazional hauek funtsezkoak ditugu Arabaren garapenerako, eta oso lagungarriak dira enpresa arabar txikiagoen garapena bultzatzeko. Gainera, zabaldu egin dute Araban lantzen diren jardueren esparrua; orain, esaterako, sektore aeronautikoa ere badaukagu. Azkenaldian lan munduan izan diren gorabeheren harian, multinazionalek eta patronalak beren instalazioak lekualdatu egingo dituztenaren mehatxua bota dute... Lan munduko gatazkak ez dira jarduera berriak bultzatzeko testuingururik aproposena; askoz ere hobea litzateke gizartean lasaitasuna edo bakea arnastuko bagenitu. Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean behin eta berriro aritzen gara gatazkak ekiditearren enpresariak eta langileak akordio batera iristeko bultzatzen. Betiere, lan harremanetarako dauden foroei errespetu osoa agertuz. Ez dauzkagu oso urrun Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa atzerritar ospetsuen etorrerarekin amesten aritzen ginen egunak. Daewoo-ren esperientzia bezalakoek amets horiekin ez itsutzen irakatsi digute? Atzerritik etorritako inbertsioak beti dira ongi etorriak. Nolanahi ere, inbertsio atzerritarrak erakartzeko estrategiak aldatzen joaten dira, unean uneko egoera ekonomikoari egokitu behar zaizkiolako. Orain bertan, gure asmoa izango litzateke hemengo sektore ekonomikoak osatu edo kontsolidatzeko balio erantsia daukaten egitasmoak erakartzea. Horretara zuzentzen da, beraz, gure estrategia. Globalizazio prozesua hain zabalduta dagoen garaiotan, gure helburu nagusia "euskal multinazionalak" garatzea da; hau da, erabaki-guneak Euskal Herrian dauzkaten multinazionalen etorrera sustatzea. Eusko Jaurlaritzak, eta, zehazkiago, zuk zeuk zuzentzen duzun Sailak, datozen urteotarako finkatu dituen lehentasunen artean, I+G alorrera zuzendutako inbertsioak bultzatzea sartu du. Zein ekintza aurreikusi dituzue xede hori erdiesteari begira? Eusko Jaurlaritzaren helburua izango litzateke Euskal Herrian daukagun teknologia Europar Batasunekoaren maila berean egotea, eta, horretarako, 2010erako BPGren %3a zuzendu nahiko genioke I+G arloari. Ez da helburu makala. Ahalegin handiak egin beharko ditugu, bai arlo publikoan, bai pribatuan. Hori guztia, prestatzen ari garen 2005-2008 Zientziaren, Teknologiaren eta Informaziorako Gizartearen Planean jasoko dugu. Industriaren arloak hiru ardatz nagusi izango ditu: I+G arloan dabiltzan enpresen kopurua handitzea; I+Gri zuzendutako inbertsioen portzentajea handitzea; eta I+Gn balio erantsi eta iraunkorra daukaten sektore berriak sortzea; bioteknologia adibidez. Datuek erakusten digutenaren arabera, Euskal Herrian Espainian baino ikerketa gehiago egiten dira, eta hobeak gainera. Halere, Europako herrialde aurreratuenekin alderatuz gero, atzeratuta gabiltza oraindik. Euskal Herrian, azken hogei urteotan, hogeita bikoiztu egin dugu I+Gren arloan egindako lana. Azpigarapen teknologiko egoeratik abiatuta, I+Gri BPGren %1,5a zuzentzera iritsi gara (2002. urtean), Estatuko batezbestekoa baino %50 gehiago. Dena den, Suedia edo Finlandiarekin alderatuz gero, herrialde eredugarriak biak ere, oraindik urrun samar gabiltzala ikus dezakegu. 2010. urtean BPGren %3 zuzentzen badiogu I+Gri, Europar Batasunaren parean jarriko gara, eta asko hurbilduko gatzaizkie iparraldeko aipaturiko herrialde horiei. José Manuel Farto jaunak, Arabako enpresariak biltzen dituen SEA Elkarteko kideak, duela zenbait aste egindako adierazpen batzuetan azaldu zuenaren arabera, Euskal Herrian ikertu bai, ikertzen dela, baina ez hainbeste Euskal Herriko industriak bizi duen egoeraren gainean. Euskal Herrian egin behar duguna, ikerketak hemengo errealitate industrialari aplikatzea baino gehiago, ikerketak produktu edo patenteetara zuzentzea da. Urte bakoitzeko erregistratzen diren euskal patenteen kopurua ez da urtero garatzen diren I+G ekintzekiko proportzionala. Beraz, egitasmo industrial berrien kopurua handitzerantz jo beharko genuke. Orain bertan, garrantzi handiagoa ematen zaio berriztatzeari sortzeari baino? Berriztatzea eta sortzea ez dira kontzeptu antagonikoak. Euskal Herrian ordaintzen diren soldatak kontuan hartuz, gure lehiakortasuna areagotu nahi baldin badugu, enpresa munduko kontzeptu guztiak berritu beharko ditugu: ekoizpen prozesua, produktuak, merkatuak, etab. Gaur egun ez da I+G kontzeptua erabiltzen enpresa edo herrialde baten garapen neurriaz mintzatzeko; kontzeptu horri berrikuntza terminoa erantsi zaio, eta orain formula hori I+G+B modura ematen da. Kezkarik eragiten al dizu euskal Y-a Europar Batasunak datozen urteotan finantzatu beharreko lehentasunen artean ez egoteak? Euskal Herrian funtsezkoa da aire, itsaso zein errepide bidezko garraiorako azpiegiturak garatzea, pertsonak lekualdatzeko bakarrik ez, baizik eta salgaiei dagokienez ere bai. Eta hori oso onuragarria da gure enpresen logistikaren eraginkortasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko. Gainera, Europar Batasunean herrialde berriak sartu direnez geroztik Europaren erdialde geografikoa ekialderago gelditu denez, gugandik urrunago, azpiegitura horiek nolabait arindu egingo ligukete distantziaren arazoa. Gutxi falta da Eusko Legebiltzarrean Ibarretxeren Planari buruzko eztabaidari ekiteko. Aurka daudenek arrazoi ekonomikoak argudiatzen dituzte zuzentzen dizkioten kritiken artean. Gernikako Estatutuaren bidez burujabetza daukagunez geroztik, per capita errenta %70 izatetik %107 izatera igo da, hori baita gaur egun daukaguna. Beraz, burujabetza handitzeari buruzko debate batek, printzipioz, ez du zertan gure garapen ekonomikoa oztopatu. Ez zait iruditzen gure estatus politikoa eguneratzeak edo denon arteko adostasunez aldatzeak gure jarduera ekonomikoari eta gure herrialdearen ongizateari negatiboki eragingo dionik. Nolakoa izango litzateke Euskal Herriko egoera ekonomikoa indarkeriarik ez balego? Indarkeria egonik %107ko per capita errenta izatera iritsi baldin bagara, bistan da indarkeriarik gabe gure egoera askoz ere hobea izango litzatekeela. Baina, indarkeriazko testuinguruan denbora gehiegi badaramagu ere, eta distortsioak pertsonengan zein euskal jarduera ekonomikoan eragin handia badu ere, herri honek demostratu du gauza dela aurrera egiteko eta oso hazkunde positiboak izateko. Etorkizunari dagokionez, ez da falta krisi ekonomikoa lehenago edo beranduago iritsiko zaigula gogorarazten digunik. Gaur egun aldaketak etengabe ematen direnez, eta ziztu bizian gainera, eta Europa ekialdeko herrialdeen lehiakortasuna -Txinarena bereziki- zenbat handitzen ari den ikusita, oso zaila egiten zait etorkizuna nolakoa izango den iragartzea. Garbi dagoena da Euskal Herrian datozen bost urteotan izango dugun I+G+Bren garapena oinarrizkoa izango dela gerora mundu globalizatu lehiakor honetan zein leku izango dugun jakiteko. Edonola ere, beharrezko diren neurriak hartu beharko ditugu, epe labur edo ertainean atzeraldi bat ematekotan berme guztiekin aurre egiteko gai izan gaitezen. Ana Aguirre Zurutuza

Duela zenbait hilabete, Juan José Ibarretxe lehendakariak Ana Aguirre Zurutuza izendatu zuen Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburu. Ana Aguirre Josu Jon Imazen lantaldean aritua zen hainbat urtez, eta azken hau Euskadi Buru Batzarreko buruzagi aukeratu zutenean, 47 urteko bilbotar hau bihurtu zen sailburu berri. Bere izendapena batzuentzat ustekabekoa izan bazen ere, ez zuen hainbesteko harridurarik eragin euskal exekutiboko "sukaldea" gertutik ezagutzen duten eta bere jakintza zein eskarmentuaren jakitun direnen artean. Menua ELKARRIZKETA Aurreko Aleetan Inicio > EM 267 > Elkarrizketa -->

2004/09/10-17
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Pilar Belzunce. Chillida-Leku: Eduardok zakarrontzira botatzen zituen marrazkiak ere erreskatatu nituen

 

Irakurri

Javier Caamaño. Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko zuzendaria: Santiago Bidean gehiago eragiten da izatea, edukitzea baino

 

Irakurri

Izaskun Astondoa. Pirotecnia Astondoako gerentea: Euskal Herrian jende asko ibili da lanbide honetan, baina denboraz desagertuz joan dira, eta ez dute jarraipenik eduki.

 

Irakurri

José Ignacio Beitia. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko zuzendaria: Euskadin dantza talde asko dago, baina amateur moduan aritzen dira. Eta hemen dantza eta folkloreko profesionalen beharra daukagu

 

Irakurri

Almudena Cid. Gimnasta: Final olinpiko batean hirugarren aldiz jarraian egotearekin amesten dut

 

Irakurri