Carmen Gómez. Sancho el Sabio fundazioaren zuzendaria: Iragana maisu bikaina da etorkizuna ulertzeko

2010-02-12

BEGIRISTAIN, Edurne

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Carmen Gómezek dagoeneko mende laurdena eman du Sancho el Sabio Fundazioaren buru. Fundazioak Gasteizen dauka egoitza nagusia eta euskal kulturari buruzko dokumentazio-zentro garrantzitsuena da. 1991n Zulueta Jauregian jarri zen egoitza eta bere funtsak digitalizatzeko lanean hasi zen. Duela zazpi hilabete egoitza berri bat inauguratu zuen, eta aldi berean publiko zabalari ateak irekitzea helburu duen etapa bati ekin zion. Lekualdaketa horrek instituzioaren historia errepasatzeko aukera eman dio Carmen Gómezi, 1955ean sortu zenetik hasi eta gaur arte.

Duela zazpi hilabete baino gehixeagotik hona Sancho el Sabio Fundazioa Betoñun dago, egoitza moderno batean. Zer aldaketa nagusi ekarri ditu Zulueta Jauregitik eraikuntza berrira egindako aldaketak?

Lekualdaketa 2009ko martxoan egin genuen eta ekainaren 1ean ikerketa-lanetarako ere ireki genuen. Aurretiaz urtebete baino gehiago eman genuen funtsen lekualdaketaren inguruan lanean, eta ez dugu inolako arazorik izan. Bi eraikuntzak oso desberdinak dira. Zulueta Jauregiak arkitektura aldetik xarma berezia zeukan, eta hara joan ginenean abantaila asko eta asko eskaini zizkigun: leku zabala zeukan eta erdigunean zegoen, eta urte luzetan gure irudia finkatu zuen. Beraz, ezin da alderaketarik egin eraikuntza bataren eta bestearen artean: honako hau eraikuntza minimalista bat da, guztiz praktikoa eta espresuki Fundazioarentzat egina. Zulueta jauregian gu egokitu behar izan gintzaizkion eraikuntzari, eta kasu honetan eraikuntza gure beharren arabera eraiki da.

Zentzu horretan, aldaketa oso positiboa izan da, eraikuntza honek baldintza ezin hobeak biltzen baititu gordailuari dagokionez nahiz funtsak kontserbatzeari dagokionez: umeltasuna, tenperatura, lan-eremuen segurtasuna, etab. eta horrekin batera, irudi bikaina dauka. Nortasun berezia duen eraikuntza bat izaten jarraitzen dugu, eta atsegin dut hori. Ingurua, aurreko gunearen aldean, guztiz desberdina da, eta gainera, Krea eraikuntzarekin batera, kultura-polo bat sortuko da hemen. Helburuetan bi erakunde oso desberdin gara, baina ingurune berean egoteak biltzen gaitu.

Eremu fisikoaz baino harago, lekualdaketak etapa berri baten hasiera ekarri dio Fundazioari?

Bai. Sancho el Sabio Fundazioa gizarteari, eta lehenik eta behin Gasteizi, zabaltzeko ahalegin berezia egin dugu. Kanpora begira askoz ere jarduera gehiago egiten ditugu, baina, jakina, geure helburu nagusia ahaztu barik. Adibidez, egin dugun bisitaldi gidatuen programazioak arrakasta itzela izan du. Ni neu ere ustekabean harrapatu nau. Ostegunero, gurera etorri nahi duten guztientzako bisitaldiak egin ditugu, eta horretaz gain, talde berezientzako beste bisitaldi espezifiko batzuk ere bai: arkitektura ikasten duten unibertsitarioak direla, geure alorreko profesionalak direla, ... Erantzuna eder-ederra izan da. Etapa berri bati ekin diogu, kultura-jarduera gehiago egiteko, gehiago ezagut gaitzatela. Zalantzarik gabe geuk dugu interes handiena jendeak ezagut gaitzan, orain jendeak honaino etortzeko mugitu egin behar baitu. Nire iritzian, kultura-poloa eginda dagoenean jendea erakartzeko leku aproposa izango da. Horixe da gure apustua.

Sancho el Sabiok betidanik eduki duen elitezko itxura hori baztertzen lagunduko ote du gizartearengana hurbiltzeko apustuak?

Nik mende laurdena eman dut erakunde honetan eta beti egin dut apustua Fundazioa mundu guztiarena eta mundu guztiarentzat izan dadin, inolako mugarik gabe. Baina egia da Zuluetako eraikuntzak nolabaiteko elitezko itxura ematen zigula: jauregia inguratzen zuen burdin hesia, sarrerako harmailadia, eraikuntza hain arranditsua... Horrek guztiak nolabaiteko elitezko itxura hori eman zigula uste dut, nahiz eta hori horrela izan ez zedin zoroen pare borrokatu dugun. Nik neuk beti esan dut mundu guztiarentzat irekita zegoela: edozein pertsona etor daiteke gure funtsak kontsultatzera. Ikerketarako liburutegia gara, eta nire ustez berdin etor daiteke ikertzera 14 urteko mutiko bat zein profesional bat. Ikerketa oso bokaziozko kontua dela uste dut, eta umetatik moldatzen has daiteke. Honelako zentroak jendeari ireki behar zaizkio, eta jendea etor dadin erraztasunak eman behar dira, zer dagoen ikus dezan, kontsultak egin ditzan, ...

Eraikuntza berria erdigunetik urrun egoteak ez du zailtzen gizartearekiko harremana?

Kultura-zentroak hirien aldirietan egotea Europa mailan ematen ari den joera batean kokatzen da. Kultura-zentro asko ari dira irteten hirietako erdigunetik kanpo, askotan ezinezkoa delako hiri horretan gehiago eraikitzea. Nik beti ipintzen dut adibide bezala Pariseko liburutegi berria, Mitterrand. Guztiz narriatuta zegoen auzo batean eraiki zen, eta liburutegiak ingurune guzti hori piztea lortu du. Hemen gauza bera gertatzen da: industrigune batean gaude, eta inguru guzti hau piztea da helburua, Gasteizko kultura-guneetako bat bihur dadin. Krearekin batera, eremu hau kulturaren uharte bat izango da.

Gaur egun Sancho el Sabio Fundazioa mundu mailan ezagutua da baina, nolakoa izan zen hasiera 50-60 hamarkadan?

Fundazioko lehen zuzendariak, Jesus Olaizolak, bere jakituria, denbora eta borondatea jarri zituen proiektuan, eta garai hartan Udal Aurrezki Kutxako zuzendaria zen Vicente Botellak sustatzaile lana egin zuen, bitartekoak jarri zituen. Une hartan, ideia hori izatea zen garrantzitsuena, eta nire ustez benetan ideia berritzailea izan zen garai hartan norbaitek zentro batean herri baten historia eta kultura bil zitezkeela pentsatzea. Orduan hemen ez baitzegoen Unibertsitaterik, eta Valladolideko Unibertsitatetik bueltan zetorren jendeak ikasteko, lan egiteko edo kontsultatzeko zentro bat izateko ideia eduki zuen Olaizolak. Erakundea 1955ean sortu zen, eta 1964an dokumentazio-zentro bihurtu zen. Beraz, erakundeak ibilbide luzea dauka, ez da moda hutsa.

Zertarako jaio zen Sancho el Sabio Fundazioa?

Sortu zenean gauza apala izan zen, eskuragarria, baina batik bat hainbat material eskuratzeko oso garai onean sortu zen. 1964an euskaraz idatzitako guztiak, nolabait esatearren, zentzuzko prezioa baitzeukan. Bibliografia zaharrean, eskaintza eta eskaera bakantasunaren arabera neurtzen da, baina une hartan ez zegoen erakunde asko interes hori zutenik. Gaur egun, ordea, badira izan, eta eskaintza oso murritza da gainera. Olaizolak erosketa asko egin ahal izan zituen eta euskarazko funts oso interesgarria sortzen hasi zen. Gaur egun halakorik sortzea askoz zailagoa eta askoz ere garestia izango litzateke. Olaizolak pasioz maite zuen bere lana. Liburu zaharrak liluratu egiten zuen. Bera izan zen nire maisua eta euskal liburu zaharrean sarrarazi ninduena. Ikerketa-lan oso garrantzitsua egin zuen. Horrela hasi eta, nire ustez, zoriontsu hil zen. Hasierako urteetan, hau guztia sortzen hasi zenean, ia bakarrik zegoen, eta ia dena egin behar izaten zuen: materialak erosi, baina baita sailkatu eta katalogatu ere. Beraz, erakundea bizitza propioa izaten eta jende berria hartzen hasi zela ikusi zuenean guztiz zoriontsu zegoen, hain zuzen gustuko zuen horretan ari zelako: liburu zaharren katalogoak ikusten. Horrela, eguneroko kudeaketa-lanaren kezka eta zeregin guztietatik aldentzea lortu zuen.

Zu 1985ean iritsi zinen Fundaziora. Zein izan zen zure ekarpen nagusia?

Garai hartan Arabako Aldundian lan egiten nuen eta Sancho el Sabio liburutegia teknikoki berrantolatzeko deitu zidaten. Une hartan Jesus Olaizolak sailkatutako materialak zeuden, eta horiek guztiak teknikoki berrantolatzen hasi nintzen, artxibategiak zein liburutegiak sailkatzeko nazioarteko araudien irizpideei jarraituz. Garai hartan materialaren zati bat informatizatzen hasi ginen eta ni iraultza teknologikorako iritsi nintzen. Eta urte hauetan guztietan zehar horixe egin dugu: teknologia berriak ezarri ditugu. Punta-puntako zentroa lortu dugulakoan nago.

Zer eragin izan dute teknologia berriek zure lanean?

Funtsak digitalizatzen lehenak izan gara. 1993an hasi ginen: lehenik, funtsak informatizatu genituen, eta gero digitalizatu egin genituen. Lehenengo web orria 1996an sortu genuen, eta orain dagoena sortutako hirugarrena da. Hiru plataforma ditugu sarean: alde batetik web orria, tradizionala, araudi osoa eta ia 2 milioi eta erdi orri dituena sarean. Eta, beste aldetik, duela bi urtetik hona, Euskal Memoria Digitala izeneko proiektu berrian ari gara. Sistema irekikoa deritzon plataforma bat da. Hau da, edozein bilatzailetan norbaitek, adibidez, Nafarroako Erresumari buruz galdetzen badu, ez da Fundazioko web orria agertuko, Fundazioaren liburu digitalizatua baizik. Kultura Ministerioak finantzatutako proiektua da, eta ministerioaren bidez Europako liburutegi digitalean sartzeko aukera dugu. Beraz bai, hala da, teknologia berrietan urrats asko eta asko eman ditugu.

Ez zen izango lan erraza material guztia digitalizatzea, zenbat dokumentazio erabiltzen duzuen kontuan hartuta.

Ez, ez da erraza izan. Adibide bat jartzearren, 2009an gure on-line orrian 2.300.000 kontsulta edo atzipen izan ziren, eta Eusko Jaurlaritzarekin dugun liburutegi digitalean milioi bat kontsulta jaso ditugu. Digitalizazioaren arrakastak guztiz gainditu gaitu. Azken hilean 48 herrialdetatik jaso ditugu kontsultak. Pozik gaude, nolabait, geure ahaleginak saria duela ikusten dugu eta. Egia esanda, hemen baino ezagunagoak gara atzerrian, eta horregatik egin dugu Gasteizek eta Euskal Herriak ezagut gaitzaten apustua. Norbaitek euskal kulturaren altxorra deitu zion zentro honi. Jendea ez da konturatzen zenbat gauza aurki ditzakeen hemen.

Zer material motarekin egiten du lan Fundazioak?

Errazago esatearren, bi material baizik ez daude gure lan-esparrutik kanpo: musika, gure ustez horrexetarako baitago Eresbil, eta filmak, horrexetarako baitago Euskal Filmoteka. Hau da, ez dugu nahi beste erakunde batzuek dagoeneko egiten duten, eta ondo egiten duten, lana berriz egitea. Hemen, batik bat, liburuak eta aldizkariak ditugu (gutxi gorabehera 11.000 aldizkari-izenburu, hau da, milaka eta milaka ale). Baina baditugu beste material batzuk ere, orain arte honelako zentroek biltzen ez zituztenak: pegatinak, kalean botatzen diren paskinak, txartelak,... Halako materialean funts bikaina daukagu. Hainbat Unibertsitaterekin hitzarmena daukagu ikasleek praktikak berton egin ditzaten, eta beraiek lantzen dute horrelako materiala. Horrekin batera, mapa-bilduma interesgarri-interesgarria daukagu, eta artxibo familiarren sail bat ere bai. Duela 20 urte hasi ginen horrelako dokumentazioa biltzen, pentsatu ere egin gabe. Une hartan familia batek bere artxibo familiarra hemen uzteko interes handia erakutsi zuen, eta hortik abiatu zen dena. Artxibo familiar horietako sei on-line ditugu. Agiri horiek familiekin egindako hitzarmen baten ondoren digitalizatzen ditugu. Jende askok dokumentazioarekiko ondare-ikuspegia dauka eta ez dauka interesik saltzeko edo antzeko ezer egiteko. Beraz, haiekin hitzarmen bat sinatzen dugu artxibo horiek aldi baterako Fundazioan gordetzeko; landu egiten ditugu, digitalizatu egiten ditugu, on-line jartzen ditugu, eta gero material optiko digitalizatuak itzultzen dizkiegu. Beraien dokumentazioa ikertu ahal izan dadin eskaintzeko eskuzabaltasuna dute, eta aldi berean haiek ere onura bat lortzen dute.

Zer nolako dohaintzak jasotzen ditu Fundazioak?

Era guztietako dohaintzak ditugu: liburuak, argazki-funtsak,... Vital Kutxaren XIX. mendeko azken herenetik aurrerako argazki-artxibategia bilduz hasi ginen (30.000 ale inguru). Familien dohaintza asko eta asko ere jaso ditugu, horrelako materialerako baldintza bereziak izateak atentzioa ematen baitu. Familiek hona ekartzen duten materiala arrazoizko epe batean zabaldu egiten dela, ikertu egin daitekeela, hemen lotan gelditzen ez dela ikusteak, dohaintzak egitera bultzatzen du jendea.

Ikertzaileen kontsulta asko jasotzen dituzue?

On-line kontsultak etengabeak dira. Jendeak presa dauka eta ez dauka honaino etortzeko astirik; ondorioz, on-line kontsulta erabiltzen dute dagoeneko digitalizatuta dauden materialak ikusteko.

Eta zuri, pertsonalki, zer nolako agiriak interesatzen zaizkizu?

Liburu zaharra asko-asko gustatzen zait, ondare-funtsa ere bai, eta baita kalean jasotzen den materiala (pegatinak, txartelak, ...) ere, ikerketarako zein praktikoa den ikusi baitut. Denboraz, ikerketaren helburu den materiala aldatuz joan da. Hasieran artxibategietako materiala baino ez zen ikertzen, gero bibliografia, 70-80 hamarkadaren amaieran prentsa ikertzen hasi zen, eta orain aipatu berri ditudan materialak datoz. Horrelako materiala funtsezkoa da historiagileentzat, manipulatu gabe dago eta ondorioz garrantzi handiko iturri historikoa da. Niri halako materiala gustatu egiten zait, oso praktikoa da eta.

Urte hauetan zehar, gertatu zaizu Fundazioak lanen bat eskuratu nahi izatea eta ezin lortzea?

Bai, Leizarragaren biblia, 1995ean Londresen enkantean jarri zena. Nire ustez euskarazko funtsa ezinbestekoa da duela gutxi arte hainbeste eztabaida eragin dituen hizkuntza bat ikertu ahal izateko. Fundazioan ez diogu betorik jartzen euskaraz dagoenari. Aukeraketa bat egitekotan, euskaraz dagoena aukeraketa egin beharreko materialetik kanpo gelditzen da.

Eta zuri nondik datorkizu informazioa biltzeko zaletasuna?

Ez dakit, egia esan beti gustatu zait historia. Nire ustez, aztertzeko gai bazara, oraina ulertzeko maisu bikaina da iragana. Historia ez da errepikatzen, baina egoera asko antzekoak izaten dira eta batzuetan ez dugu ikasten historiak eskaintzen dizkigun irakasgaietatik. Ahalik eta informazio gehien biltzeko nire zaletasuna, albait gehien biltzeko bizio antzeko bat delakoan nago. Benetan gustatzen zait, adrenalina emango balit bezala.

Eta euskal dokumentazioarekiko interesa, nondik datorkizu?

Hori, ziur aski, Jesus Olaizolari zor diot. Carmen Gómez (Palencia, 1945) Carmen Gómez Filosofia eta Letretan, Espainiako Historia sailean, lizentziatua da. 1979az geroztik Arabako Foru Aldundiaren Artxibategian lan egin zuen. 1985ean Sancho el Sabio Fundazioan hasi zen eta 1990ean Fundazioko Zuzendari Tekniko izendatu zuten. Horren ondorioz zentroak aurrera eramaten dituen jarduera guztien plangintzaz, zuzendaritzaz eta kontrolaz arduratzen da. Biblioteka eta Artxibategiei lotutako Biltzar eta Jardunaldietan parte hartzen du, eta txostenak eta hitzaldiak egin eta aurkeztu ditu estatu zein nazioarte mailan. Sancho el Sabio Fundazioaren argitalpenen zuzendaria da eta bertan artikuluak idazten ditu. Unibertsitateetan eta Liburutegi eta Artxibategien Elkarteetan kurtsoak ematen ditu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Joxe Mari Auzmendi. HIK HASIko koordinatzailea: Ordezkari politikoak, hezkuntzako profesionalak eta komunikabideak bilduko lituzkeen batzorde bat sortzea da gure ametsa

 

Irakurri

Anjeles Iztueta Azkue. Matematikaria: Matematika batez ere lengoaia da, Zientzien lengoaia

 

Irakurri

Marian Martínez de Pancorbo. UPV-EHUko DNA Bankuaren zuzendaria: Ziur aski, hemendik denbora batera, denok izango dugu gure genomaren fitxa

 

Irakurri

Luisa Etxenike. Idazlea: Berdintasuna ez da desberdintasuna ukatzea, bereizketa ukatzea baizik

 

Irakurri

Eduardo Anitua. Medikuntza-doktorea: Zentro aitzindaria gara Europan, ahoko kirurgiaren eta inplantologiaren alorrean

 

Irakurri