Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtua
Esther Rebato irakasleak urteak daramatza antropologia fisikoa irakasten Euskal Herriko Unibertsitatean eta aditua dugu gizarte-kolektiboen elikadura gaietan. Antropologia fisikoak lagundu du gizakiaren gain mendetan izan diren mito batzuk ezereztatzeko, eta zubiak jartzen ditu aurrerantzean gure espeziari buruzko ezagutza sendotu dadin. Rebato irakasleak dioen bezala, Homo Sapiens oso bizidun gaztea da denbora geologikoan eta oraindik ustekabeak eman ditzake antropologia fisikoaren aplikapen gero eta zorrotzagoaren bidez.
“Gure bilakeara-abiadura motelagoa izan da beste bizidunenarekin alderatuz gero, baina kontuan eduki behar dugu badagoela beste osagai bat, oso garrantzitsua: kulturala. Hau oso azkarra da, batez ere gure egunotan, eta ez da DNAren bitartez transmititzen. Herentzia kulturalak gure ingurua osatzen lagundu digu eta, areago, baita gure bilakaera bera ere” baieztatzen du Rebatok, gizakiaren lur gaineko agerpenetik gure espeziak bizi izan dituen aldaketak direla-eta. Ehun eta berrogeita hamar mila urteko adinarekin, bizidunen arteko bihurriena bilakatu da gizakia bere portaerari dagokionez.
Rebatoren esanetara, arrazari buruzko kontzeptua oso erlatiboa da, izan ere baldintza soziokulturaletan oinarritzen da batez ere, eta ez hainbeste biologian. Eta adibide gisa jartzen du hindutarrak zuritzat hartzen dituztela AEBetan eta, aitzitik, Britainia Handian kolorekotzat dituzte. Eta azpimarratzen du:
“Egungo ikerketa-metodoek —batez ere genetikoak— gure espeziari aplikatu zaion arraza ideia ezabatzen dute, ez baitu bat ere zentzu biologikorik. Giza-populazio guztietan da gene-dibertsitatea eta hori handiagoa gerta daiteke kolektibo berdinean, kolektiboen artean baino. Baina ez dugu pentsatu behar, inondik ere, arraza mito bat dela ezagutzeak arrazismoa erauziko duenik” gaineratzen du bere eskarmentutik.
Giza-multzoen gain burututako ikerketa asko berrirakurri ahal izan dira ikerketa molekularren bitartez, hau da DNAri esker. Hezur-hondarretan zein Rh odol-eragileari buruzko teoria batzuk ukitu ahal izan dira, baina horrek ez du esan nahi lehengo ideia, kontzeptu eta iritziak beti hankaz gora jarri direnik. Kasu batzuetan DNAk datu fenotipikoak berretsi ditu, lehengo teoriak aberastuz. Hala ere, Rebatok dioenez zientzian ez dago ezer betiko iraun dezakeenik eta beraren ustez ibilbide luzea geratzen zaio Antropologiari gure espeziaren bilakuntza prozesuaz argia ematen joateko.
“Fenotipoa oso garrantzitsua da eta herri baten partaide izateko badira beste eragile batzuk arrazoi biologikoaren gainetik daudenak. Hizkuntza, janzkera, elikadura, erlijioa... horiek guztiak izaera genetikotik kanpo daude, independenteak dira, eta osotasunean fenotipoaren oinarrizko indarra ditugu” argitzen du Esther Rebatok, fenotipoaren gaineko bere iritzia eskatzen diogunean. Eta segitzen du:
“Baina uste dut ez dela Rh partikularra edota morfologia zefalofazial konkreturen bat eduki behar, inorengan gizarte-talde batekiko pertenentzia sentimendua sortzeko. Ez dira populazio baten gene partikularrak, aldaera genetikoak baizik, populazio horien egitura eta biodinamikako funtzioaren araberakoak. Pertenentzia sentimenduak oso konplexuak dira. Eta gure espeziea halakoxea da, konplexua. Egungo gizakia, denbora luzeko mestizaia biologiko eta kulturalaren ondorioa da.”
Giza-kolektiboen elikaduran aditua den Rebato irakaslearentzat, “gizadiaren elikadura arazo larria da eta gizarte mugimenduek betebehar garrantzitsua eduki dezakete. Paradoxa izugarria da, munduan jende asko gosez hiltzen ari den bitartean, beste asko gaixo egotea, zergatik eta gainelikaduraren ondorioz. Biztanle asko gara planetan eta ez dakit baliabide nahikorik izango ote den denentzat, batez ere horiek esku gutxitan baldi badaude. Hasteko, modu ekitatiboan hasi beharko litzateke banatzen, modu zuzenaz”.Esther Rebato Otxoa (1957, Bilbao) Biologia Zientzietan doktorea, Antropologia Fisikoa irakasten du EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean. Espainiako Antropologia Fisikoaren Elkarteko presidentea da eta Europako Antropologia Elkarteko kide ere. Ikerketa ildo nagusiak elikaduraren antropologia, auxologia (giza hazkundea eta garapena) eta giza ekologia dira. Egun garatzen ari den lanen artean “Obesidad en familias de etnia gitana del Gran Bilbao. Aspectos sociales y de género” proiektua dago. Horren haritik, ijito etniako familietan gizentasun fenotipoen zenbait faktore genetiko eta ingurumeneko aztertuko ditu gutxienez hiru urtez. Ikerlan epidemiologikoen esparruan, ikerkuntza lan sakona egin du Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren bi sexuetako “unibertsitateko ikasleen elikadura egoerari eta gorputz irudiaren pertzepzioari” buruz. Esther Rebatok Alex Hrdlièka domina akademiko entzutetsua jaso du, Txekiar Errepublikako Antropologia Elkarteak eta Estatu Batuetan jardun zuen zientzialari horren jaioterri Humpolec hiriak egindako proposamenari jarraiki. “Ikasle txekiarren prestakuntzan laguntzeagatik, irakasle eta ikasleekin truke hitzarmenak ezartzeagatik eta Pragako Charles Unibertsitatearekin arlo zientifikoan elkarlanean aritzeagatik” eman zaio saria.