Helena Taberna. Zine zuzendaria: Orain bertan, Euskadi oso abagune egokian dago bakea lortzeko. Eta, segur aski, zinemak izan du horretan zerikusirik

2005-02-04

LARREA, Koldo

GARMENDIA IARTZA, Koro

Bere begiek, kamerak bailiran, poza jariatzen dute, ekin nahia, bizitzeko gogoa, inguruan duen errealitate hunkigarria erakustekoa. Baina, gizartearekiko konpromisoa hartuta daukan arren, ez da bere asmoa inoren eredu izatea. Lurrari lotuta sentitzen da, eta emakume, bere bi film luzeek ondo erakusten duten bezala. Baina ez du sailkatuta gelditu nahi. Eta hain zuzen ere horregatik egin dio uko bere hurrengo egitasmoa zena, La flor de la canela, burutzeari. Baina, bere independentzia lotsatian edo lotsa independientean murgilduta, lan berri bat prestatzen ari da dagoeneko. Gauza bat besterik ez digu esan nahi izan: “oso istorio ederra” izango dela.

“Yoyes” eta “Extranjeras” filmak errodatu dituzunetik, zuzendari konprometitu gisa ikusten zaitu jendeak. Benetakoa al da irudi hori?

Bai, baina ez pentsa militante bat banintz bezala konprometitzen naizenik. Nik fedea dut gizakiengan, baina ez ditut pelikula horiek militantziagatik egin, baizik eta istorio hunkigarriak iruditzen zaizkidalako, eta errealitatearekin lotuta daudelako. Ez dut inolako erabaki irmorik hartu gizartean pil-pilean dauden gaiei buruzko filmak egiteko; filmak nahi dudalako egiten ditut. Nolanahi ere, aitortzen dut gehien gustatzen zaidan zinema errealitatearekin lotuta egoten dena dela. Zuzendari naizen aldetik, saiatzen naiz ikusleak adi eta gustura sentiarazten filma ikusten duen bitartean, eta aretotik irtendakoan hausnarketak egitera bultzatzen dituen irudi batzuk izan ditzala buruan. Pelikulak pentsatzera bultza dezala.

Konpromiso hori emakumeekiko bakarrik hartua daukazu?

Emakumeak interesatzen zaizkit interes gutxi piztu dutelako historian zehar. Atsegin dut beren bihozkadak nire pertsonaien bidez ezagutzea. Emakumezkoena da gehien erakartzen nauen unibertsoa; beharbada, istorioak kontatzeko aukera izan duen lehen emakumeetako bat naizelako. Zaila izango zen “Extranjeras” filma gizon baten lana izatea. Niretzat erronka modukoa zen itxuraz inolako interesik ez zeukan gai batetik abiatu (emakumea, hirugarren munduko emakumeak), eta ikusleen interesa piztuko zuen istorio bat sortzea. Baina prostituzioa edo oinazea bezalako sentsazionalismoak albo batera utzita.

Zure ustez, norantz doa gizartea, giza balioak sustatzen dituen elkartasunerantz ala indibidualismo berekoirantz?

Hemen mendebaldeko ereduari jarraitzen diogu. Horregatik, “Extranjeras” filmak erakutsi dit badugula beste kulturengandik zer ikasi: elkartasuna, zaharrak errespetatzea, eta mendebaldeko ereduak kutsatu ez dituen beste hainbat eta hainbat ohitura. Aukeratu dugun bidea ez da oso solidarioa, berekoi samarra da. Baina gizartean jende ona ere badago. Ea hedabideetako diskurtsoak giro kutsatu horretatik atera eta behingoz aldatzen diren.

Goazen atalez atal. “Yoyes” pelikula giro politikoan mugitzen da, baina poesiak lagunduta, politikak eta poesiak elkarren artean inolako loturarik ez dutela pentsa daitekeen arren. Filmaren manipulazio politikoaren aurka borrokatu behar izan al zinen?

Batez ere filma egin ahal izateko borrokatu behar izan nintzen. Behin filma prest zegoenean, Euskal Herriko areto batek ere ez zuen pelikula eman nahi, eta, beraz, ez genuen promozio aldirik ere izan. Baina pelikulak indar berezi bat zeukan niretzat, banekien bere poesiak hunkitu egingo zuela jendea, eta ikusleek, edozein ideologia zeukatela, gure herriaren azken urteotako historiaren zati bat ezagutuko zutela, eta gustatu egingo zitzaiela. Azkenean, milaka gora-beheren ondoren, Guggenheimen estreinatzea lortu nuen, Bilbon. Prentsarako emanaldia amaitu orduko hasi nintzen kritikak entzuten. Ondo nekien nolako zezen puskarekin ari nintzen borrokatzen. Aurreiritzirik ez zutela esaten zuten intelektual askok garbi utzi zuten bazutela aurreiritzirik, eta sekulakoak gainera.

Alderdi politikoen aldetik izan al zenuen inolako presiorik?

Ez, alderdiek ez zidaten presiorik egin. Baina beste gauza bat egon zen: gehiegizko isiltasuna, handiegia. “Yoyes”-ek jaialdi guztietan jaso zituen sariak. “El hijo de la novia” filma lehian zela ikusleen saria eta guzti irabazi zuen, pentsa. Guztira hamazazpi sari irabazi zituen, baina ez zuten Goya sarietarako izendatu ere egin. Ez zitzaienez nire diskurtso ideologikoa gustatu, zigortu egin ninduten. Bi muturretan jaso nuen zigorra, zeren batzuek, pelikula ikusi ere egin gabe, izenburua irakurri orduko, adierazpen ideologiko bat egiten ari nintzela pentsatu zuten.

Beharbada, ahaztu egin zenuen Dolores Gonzálezen alderdi terrorista?

Ez, inolaz ere ez. Oso ondo nekien nori buruz ari nintzen. Berak ez zuen inor hil, baina hiltzaileen taldean zegoen, eta hori garrantzitsua iruditzen zitzaidan pertsonaia osatzeko orduan. Ez baitira gauza bera tiro egitea edo ez egitea. Dena den, horrek ez du errugabe bihurtzen. Ez nuen terrorista zenik ahaztu. Leporaino egon zen ETAn sartuta. Irizpide politikoak hartzen zituen muin gogorreko kidea zen, baina oso etika sakona zeukan. Atentatu batean lehendabiziko biktima errugabeak hil zirenean, aldatzen hasi zen bere barrua.

Film luze horrek bost urte baino gehiago dauzka. Estreinatu zenez geroztik izan al da Euskal Herrian aldaketarik, ala orduko tentsio giroa daukagu oraindik ere?

Giroa aldatu egin da, eta hobera gainera. Orain bertan, bakea lortzeko abagune paregabean gaude. Ziur aski, zinemak, nola edo hala, lagunduko zuen zenbait jenderen pentsamoldea aldatzen, eta horrek poz handia ematen dit. Irlandako bake prozesuak, esaterako, zerikusi handia izan zuen zinema irlandarrarekin. Zinema konprometituta zegoen gizartearen egoerarekin, eta gogoetak egitera bultzatu zuen bertako jendea. Zinemak sekulako indarra du. Yoyesen amaierako irudiak indar handia du, heriotza, abstrakzio bezala ikusi beharrean, errealitate gordin eta gogor bat bezala ikusten delako. Alderdi horretan, iruditzen zait nik ere, Julio Medemek bezala, bide onetik jotzeko harri koskorra ekarri dudala.

Nola ikusten duzu orain Euskal Herria, eta nola ikusi nahiko zenuke?

Niri kultura interesatzen zait gehien. Euskal nortasuna existitzen dela pentsatzen dut, eta ez litzatekeela euskara arma politiko bat balitz bezala erabili beharko, Nafarroan egiten duten moduan. Nik aske ikusi nahiko nuke Euskal Herria, indarkeriarik gabe, gizaki sendoz betea, arteak maila gorenean garatuta dituela. Euskal Herriak elkartasuna adierazten du, berezko nortasuna du, eta beste herri asko baino manipulagaitzagoa da.

ETAren bukaerari buruzko pelikularik filmatu nahiko zenuke, bere desagerketan oinarritzen denik?

Ez. Olerkari batek esaten zuen bezala, norbera nolakoa den, horrela maitatzen du. Zinemaren kasuan, nolakoa zaren, horrelako zinema egiten duzu. Ez zait zinema politiko edo militantea interesatzen. Niri historia onak interesatzen zaizkit, panfletorik gabeak. Baina bai nahi dudala ETA desagertzea, noski. Gizartearekin inplikatuta

“Extranjeras” pelikulan pertsonarik ahulenekiko konpromisoa agertzen duzu. Emakumeengan zentratzen zara berriz ere; kanpoan uzten duzu gizona. Zergatik?

Ez dut kanpoan uzten. Nire pelikulek ez dute inor kanpoan uzten. Kamera emakumeei ipini diet kezkatzen nauelako gizartean bizi duten egoerak, baina ez naiz militantea. “Extranjeras” pelikulan hasiera-hasieratik senti daiteke poza. Emakume horiek erakarri egiten ninduten. Dena utzi eta besteak bezalako pertsonak izan nahi zuten. Beren duintasuna azpimarratzen saiatu nintzen, beste ezer baino lehen gizakiak direlako. Hainbestekoa zen haien indarra, haien poza, detaile txikiak eskertzeko modua, zaharrei agertzen zieten errespetua, beren jakinduria... limurtu egin nindutela.

Zer egin da gaizki immigrazioaren arloan?

Gauza asko. Adibidez, etorkinen aurrean hartzen dugun nagusitza alboratu ez izana, hain erraz ahanztea gu ere emigranteak izan ginela. Gainera, atzerritarren legerik onenak ere ez du lortuko gizaki batek beste bat bere parekoa balitz bezala ikusterik. Alderdi asko landu behar dira gizarteak ez dezan etorkina etsai modura ikus. Oso aberasgarria da bere kultura. Ikusi bestela ekarri dizkiguten gastronomia eta osagai berriak. Eta erotismoan ere jolas asko dauzkagu haiengandik ikasteko. Horregatik, “Extranjeras” pelikulan botila erdi betea ikusten saiatu nintzen, erdi hutsa beharrean. Emigrazioaren alderdi onuragarriei zuzendu diet arreta. Bazter dezagun behingoz nagusitzaren sentipen hori.

Eta gerora?

Ez dakit. Ezin da esan dena gaizki egin denik ere. Pelikulak okerrera goazela erakusten digu, xenofobia indartzen ari dela. Etorkin gutxiago zeudenean, jendeak ikuskera hobea zuen haien inguruan. Beste alde batetik, hedabide batzuek mezu negatiboak zabaltzen dituzte: terrorismoa-emigrazioa, delinkuentzia-emigrazioa, lanpostuak kentzen dizkigutela... Baina bada jende onik ere, GKEtan ari direnak, benetako integrazioaren alde dihardutenak, etab. Aurrerapauso txiki positiboak ere ematen dira.

Denboraren joanarekin, belaunaldiz belaunaldi, integraziora iritsiko gara, ala bazterketa sustatuko da?

Baikorra izan nahiko nuke, gizakia bizkorra da-eta. Gutako bakoitzak mundua hobetzeko ahaleginak egiten baditu, aurrerapausoak emango ditugu integrazioa erdiesteko. Ez dut tolerantzia hitza erabili nahi, ez zaidalako batere gustatzen. Integrazioak kultura ezberdinen arteko elkarrekintza adierazten du.

Arrazistak al gara euskaldun jendea?

Bai, baina ez beste edozein herrialdeko jendea baino gehiago. Gutxiago agian. Arrazistak gara, eta klasistak ere bai, baina, nire ustez, beste lekuetan baino gutxiago.

Ez al ditugu ijitoak ahaztu?

Egia da! Gustukoak ditut gainera. Batzuetan, ijito punttu bat daukadala eta guzti esaten didate. Kultura batzuek ez dute integratu nahi; ijitoek edo txinatarrek adibidez. Jakina, nahi dutena egiteko eskubide guztia daukate. Baina horrek ez du esan nahi ezberdinak garenik. Gainera, ez da zertan etorkin guztiak zoragarriak direla pentsatu behar. Beste guztiok bezala, beren alderdi onak eta txarrak dauzkate. Egitasmo ederra

Etorkizunari begira, zure hurrengo egitasmoa, “La flor de la canela”, gizartearen arazoekin daukazun konpromisoaren ispilu izango al da?

Azkenean ez dugu pelikula hori egingo. Berriz ere immigrazioaren gaia ukituko genuen, eta dagoeneko itxia dugu atal hori. Ez nuke jendeak nire zinema inongo arlotan sailkatzerik nahi: emigrazioa, terrorismoa... Jakingura daukan gizaki bat besterik ez naiz. Dena den, “Extranjeras” filma bizirik dago oraindik, pare bat aretotan astero-astero ematen jarraitzen dute-eta. Espero baino oihartzun handiagoa izan du. Zinemako gida bat sortu dugu, eta gaiari hurbiltzen zaion didaktiko bat, herriko etxe eta kulturetxeetan erabiltzeko, debateak pizteko asmoz. Ez dut “La flor de la canela” egingo. Eta erabaki horrek askatasun handia eman dit.

Beraz, orain zer?

Beste istorio batean sartuta nago. Oso istorio indartsuan.

Esaiguzu zerbait.

Ez dut ezertxo ere esango. Ezer esanez gero, egitasmoek porrot egiten dute.

Xehetasun bat ere ez?

Oso pelikula ederra izango da, garesti samarra, jendeari gustatu egingo zaio, eta protagonista ez da emakume bat izango, gizon bat baizik. Oso istorio ederra da. Prest daukagu gidoia.

Non arituko zarete errodatzen?

Inguru hauetan. Nafarroan, Euskal Herrian...

Ondo bereizten al dituzu bizitza eta zinema?

Ez. Ez dut nahi izaten. Sorkuntza prozesuko pauso guztiak dastatzea gustatzen zait. Ekoizlea naiz, eta izugarri atsegin ditut gidoia, filmaketa eta edizio lanak, pelikula osatzen nola doan ikustea. Promozioaren zatiak ere ez nau gogaitzen, erabat beharrezkoa delako jendea aretoetara joan dadin. Horrek, noski, ekoiztetxe indartsuekin ondo moldatzera behartzen zaitu. Horra hor “Mar adentro” filmaren adibidea. Zinemazale porrokatua naiz.

Inolako helbururik ba al daukazu zuzendari bezala?

Egin nahi ditudan pelikulak egitea. Eta egin nahi ditudan bezala. Hitz bitan, gustatzen zaidan lana egitea.

Goya edo Oscar sariren bat jasotzearekin amesten al duzu?

Ez, ez, ez. Baina ez zait batere axola sariak jasotzea. Etortzen direnean pozik jasotzen ditut, baina ez naiz haien atzetik ibiltzen.

Bukatzeko, esaiguzu, nolakoa edo zein izango litzateke zure ametsetako pelikula? Bukatzeko, esaiguzu, nolakoa edo zein izango litzateke zure ametsetako pelikula? Helena Taberna Profil biografikoa. Erabat babesten du bere intimitatea. Ez du bere jaiotze data emateko inolako asmorik, ez eta bere ikasketei zein egoera zibilari buruzko informaziorik ere. Altsasun jaio zela dakigu, noiz ez ordea. Haurrik ere badu, baina ez digu esango zenbat. “Datu pertsonalak isilean gorde behar dira. Interesatu behar zaiguna zuzendariak egiten dituen pelikulak dira, eta haiek ikustera joan”, dio zuzendari nafarrak. Ibilbide profesionala. 1986an hasi zen ikus-entzunezkoen arloan lanean, Nafarroako Gobernuko Teknologia Berrien koordinatzaile izendatu zutenean. Aldi hartan, bideo didaktikoez gain, sormenezkoak, dokumentalak eta film laburrak egin zituen. 1994an Administrazioa utzi, eta bete-betean gidoiak idazten eta ikus-entzunezkoak ekoiztu eta zuzentzen aritzeko erabakia hartu zuen. Sari ugari jaso ditu dagoeneko. Filmografia. “Extranjeras”. 2002 “Yoyes”. 35 mm. Film luzea. 1999 “Herrikolore”. 16 mm. Bideoklipa. 1996. “Nerabe”. 16 mm. Film laburra. 1995. “Alsasua 1936”. 35 mm. Film ertaina. 1994. “87 cartas de amor”. 35 mm. Film laburra.1992. Bideografia. “Spotmanía”, “Andelos”, “La mujer de Lot”, “Busto de un Poeta”, “De tierra al Peregrino”, “Sueños de Amor perdido”, “Emiliana de Zubeldia”, “Recuerdos del 36” eta “Hamabost urte”. “Yoyes” filmak lortutako sariak (2000-2001). - Mazatlan-go Nazioarteko Zinemaldia (Mexiko). Epaimahaiaren sari nagusia, pelikularik onenari. - Viña del Mar-ko XIII. Zinemaldia (Txile). Epaimahaiaren saria, zuzendari onenari. Ikusleen saria, pelikularik onenari. Giza Eskubideen OCIC saria. - Gramadoko XXIX. Zinemaldia (Brasil). Herritarren epaimahaiaren saria, pelikula latinorik onenari. - Cartagena de Indiasko XLI. Nazioarteko Zinemaldia (Kolonbia). Opera primarik onenaren saria. - Euskal Aktoreen Batasunaren sariak. 2000. urteko euskal aktoresarik onenaren saria, Pilar Rodríguezi. - Santo Domingoko Zinemaldia (Dominikar Errepublika). Ikusleen saria pelikularik onenari. Aktoresa onenaren saria Ana Torrenti. - Vitoria/Gasteizko Euskal Zinemaren XVII. Astea, 2001. Ikusleen saria, 2000. urteko euskal pelikularik onenari. - Toulouseko VI. Cinespaña Zinemaldia (Frantzia). Ikusleen saria pelikularik onenari. Ikasleek osaturiko epaimahaiaren aipamen berezia. Aktoresa onenaren saria, Ana Torrenti. Aktore onenaren saria, Ernesto Alteriori. - San Juan Cinemafesteko XII. Nazioarteko Zinemaldia (Puerto Rico). Ikusleen saria. Premio del Círculo de Críticos de Cine de Puerto Ricoko zinema kritikarien zirkuluaren saria. - Iruñeako Zinema eta Emakumearen XIII. Nazioarteko Zinemaldia. Pelikularik onenaren saria. - “Yoyes” filmak beste honako zinemaldi eta erakustaldi ez lehiakorretan ere hartu du parte: Municheko Zinemaldia (Alemania) Donostiako Nazioarteko Zinemaldia Valladolideko Zinemaldia Gijóngo Zinemaldia New Yorkeko Lincoln Center-eko Zinema Espainiarraren Erakustaldia (Ameriketako Estatu Batuak) Los Angeles-ko Zinema Espainiarraren Erakustaldia (Ameriketako Estatu Batuak) Punta del Esteko Zinemaldia (Uruguay) Bogotáko Zinema Europarraren Erakustaldia (Kolonbia). “Extranjeras” filmak jasotako sariak (2003). - Seminci 2003 (Valladolid). Tiempo de Historia Saileko lehiaketarako hautatua. - Festibercine 2003 (Costa Rica). Epaimahaiaren Ohorezko Aipamena. - III Encuentro Hispanoamericano Documental Independiente. Contra el silencio todas las voces ( Mexiko DF, 2004). Lehen saria. - Giza Eskubideen Nazioarteko Jaialdi Ibiltaria (Vitoria/Gasteiz, 2004). Ikusleen saria. - Instituto Canario de la Mujer (Kanaria Handia, 2003). Dibulgazioko lanik onena. - Festival Cinelit Portland 2003 (Ameriketako Estatu Batuak, 2003). Itxialdi ekitaldian proiektatua. Pilar Rodríguezen hitzaldia. - Ameriketako Estatu Batuetako Green Bay, Dartmouth, Stanford eta Portland-go unibertsitateetan aurkeztua. - Cine Forum Barcelona 2004ko programaziorako hautatua. - Congreso de Escritores de Cine Newcastle (Ingalaterra, 2004). Itxialdi ekitaldian proiektatua. Elisa Villaverderen hitzaldia. - Forum Mundial de las Culturas (Sao Paulo, Brasil, 2004). Itxialdi ekitaldian proiektatua. - Los Ángeles Latino Film festival (Ameriketako Estatu Batuak, 2004). Lehiatzeko hautatua. Beste zinemaldi batzuk. XLIV Festival de Cartagena de Indias (Kolonbia). Festival Internacional de Derechos Humanos (Argentina). Carrefour de Cinemas (Paris). Toulouseko Cinespaña Zinemaldia (Frantzia). Marsellako Zinemaldia (Frantzia). Miami Latino Film Festival (Ameriketako Estatu Batuak). Helena Tabernak jasotako beste sari batzuk. 1995 XXII Jornada Internacional de Cinema de Bahía. Brasil. Mejor guión para “Alsasua 1936”. Festival Internacional de Cine Independiente de Elche. Gizonezkoen antzezpenik onena, Fernando Guillén Cuervori, “Alsasua 1936” filman egindako lanagatik. Bigarren saria. 35 mm-ko pelikularik onena, “Alsasua 1936”. Bigarren saria. Bideoan egindako pelikularik onena, “Nerabe”. 1994 Nafarroako Bideo Lehiaketa. Nafarroako errealizatzailerik onena, “Emiliana de Zubeldia”-gatik. Emakunde sariak. Vitoria/Gasteiz. Ohorezko aipamena “Emiliana de Zubeldia”-ri. 1990 Emakunde sariak. Donostia. Sormenezko bideorik onenaren saria, "La mujer de Lot" bideoari. 1989 Festival Nacional de Vídeo didáctico. Madril. 1989. Premio para “Andelos”.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Luis Aurrekoetxea. Ingurumeneko Jarduketarako Sozietate Publikoa, IHOBEko zuzendari orokorra: 2007-2020 epean, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurien murrizketari dagokion helburua erdiestea xedetzat dauka, Kioto-n adostutako mailari helduz

 

Irakurri

Alberto Alberdi Larizgoitia. Eusko Jaurlaritzako ekonomialaria: Euskal ekonomiako aurrezki maila, Espainiakoa baino handiagoa da

 

Irakurri

José María de Gamboa. II. Mundu Gerrako gudaria: Aliatuek ez gintuzten traizionatu. Euskaldunok musu-truk borrokatu behar ginen askatasunaren alde

 

Irakurri

Antonio Altarriba. Gaztelaniazko eleberriaren Euskadi 2003 saria: Gaztelaniak ere jaso behar du erakundeen babesa

 

Irakurri

Miguel Ángel Sáenz Recalde. Peritu kimikoa eta enologoa: Sagardotegi handien erronka nagusia, atzerrira esportatzeko moduko sagardo naturala ekoiztea da, itxura hobea eta egonkortasun handiagoa dituena

 

Irakurri