Iñigo Lamarca. Arartekoa: Herritarrak ez dira inoiz erabat gustura egongo administrazio plublikoak egiten duenarekin, eta ez da iritsiko kexarik aurkezten ez duten momentu bat

2006-11-10

BREA, Unai

Gay eta lesbianen aldeko Gehitu elkartean zegoela ezagutu genuen Iñigo Lamarca donostiarra, eta ezagunago dugu Arartekoa denetik. Nahiz eta, berak dioenez, erakunde hori ez izan behar bezain ezaguna. Lamarcak lan biak parekatzen ditu, biak baitabiltza, azken buruan, pertsonen eskubideen defentsan. Gu guztiok babesteko ardura omen dauka Arartekoak, eta eginkizun hori burutzeko dituen lanabesez hitz egin digu ondoko berriketaldi mamitsuan. Baita mugez ere, denetik dago eta.

Gehituko presidentea zinen Arartekoa izatea proposatu zizutenean. Bertara itzultzeko asmorik bai, presidentea izateko ez bada ere?

Bertara itzuli bai, eta presidentea, argi eta garbi esaten dizut ezetz; Arartekoa izan baino lehenago esan nuen utzi nahi nuela, uste dudalako karguak ez direla betiko izan behar, epe jakin baterako baizik, eta nik eginak nituen bi urte bertan. Nahikoa zen. Ez baninduten Ararteko aukeratu, berdin utziko nion Gehituko presidente izateari.

Eta badago legeak ezarritako gehienezko eperik Arartekoa izateko?

Bai, bost urtekoa. Beraz, 2009an bukatuko da, baina legeak esaten du Arartekoa bigarren epealdi baterako hautatua izan daitekeela. Beraz, asko jota hamar urte izango lirateke.

Hain luze irauteko gogorik baduzu? Zer asmo daukazu?

Oso urrun ikusten dut hori! Momentu honetan oso gustura ari naiz Ararteko lanean, baina auskalo. Batetik, eguna iristen denean, Legebiltzarrak esan beharko du nik jarraitzea nahi duen ala ez, eta bestetik nik ere izango dut zer esanik. Gustura ari naiz lan honetan, baina denbora eta energia asko jaten duen kargua da. Ez dakit… Argi daukat, bestalde, lan honetan aritzeak derrigorrez eskatzen duela bokazio handia, eta bete-betean lan aritzea. Ez dakit hiru urte barru bokazio horrek iraungo duen.

Sekulako aldaketa, edonola ere, Gehitun burubelarri aritzetik Arartekoa izatera, honelako bulegoetan, trajea eta gorbata…

Aldaketa izan zen, eta oso nabarmena, baina ez horrenbestekoa. Nik lehen eginkizun bi nituen. Batetik legelaria nintzen Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta hor ere gorbata erabiltzen nuen (barre). Bestetik, Gehitun nengoen. Orain egiten dudanak zerikusi handiagoa dauka Gehitun egiten nuenarekin. Arartekoa gauza asko dira, baina neurri batean GKE handi bat ere bada, eta beraz, lehen gay eta lesbianen eskubideen alde egiten nuena, orain hiritar guztien eskubideen alde egiten dut. Bestalde, bai Gehitun bai Batzar Nagusietan politikariekin, erakunde publikoekin, administrazioarekin… harremanak nituen, eta orain askoz gehiago noski. Gauza asko aldatu dira, baina ez hainbeste.

Alderdi politikoek proposatzen dituzte arartekogaiak. Eta alderdi bakoitzak berea. Horrek ez du “marka” bat ezartzen? Hau da, Arartekoak kontuan dauka, eguneroko jardunean, nork aukertu duen kargurako? Bestalde, alderdi politikoetatik kanpo egonik ere, norberak badu bere ideologia…

Nik uste dut inpartzialtasunak erabatekoa izan behar duela. Nahiz eta jatorrian nolabaiteko “marka” izan, edozein Arartekok hautsi egin behar du “marka” hori. Hasteko, nire hautagaitza bakarra izan zen, eta oker ez banago Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiek eta talde sozialistak aldeko botoa eman zuten. Jakina, norbaitek egin behar du proposamena, baina hori hala da hemen eta beste edonon. Lehenengo momentuan derrigorrezkoa da talde batek izatea ekimena. Kontua da hautatze-prozesu horretan gainerako taldeekin adostasuna lortzen den ala ez, eta lortzeko ahaleginak egiten diren ere. Kasu honetan egin ziren, egin, beste gauza batzuen artean legeak 3/5eko gehiengoa behar dela dioelako. Edozein modutara, leku guztietan gertatzen da hori: batetik, lehenbiziko proposamena talde batek egitea, eta bestetik, hainbat lekutan politikagintzatik datorren jendeak hartzea Ararteko kargua. Euskal Herrian ere gertatu da… Xabier Markiegi parlamentaria zen Arartekoa izan baino lehenago. Eta estatuan dauden defentsore asko politikagintzatik datoz. Nafarroakoa, esaterako, alderdi sozialistako parlamentaria izan zen, Enrique Múgica zer esanik ez… Hiru iturritatik etorri ohi dira mundu osoko defentsoreek: politikagintza, GKEak, eta botere judiziala (fiskalak edo epaileak).

Eta jatorriaren arabera oso desberdina izaten da lan egiteko era?

Erakunde hauek oso pertsonaren araberakoak izaten dira. Nahiz eta lan-talde zabalak egon, hasiera batetik, Suedian sortu zenetik, Ararteko-buruak garrantzi izugarria dauka. Bakoitzak bere legeak ezarritako mugen barruan noski. Baina ararteko bakoitzak tarte zabala dauka erakunde horren ildoak, helburuak… ezartzeko orduan. Eta ondorioz, aldeak daude.

Hainbesteko gaitasuna duzue orduan?

Hara, gure zeregina legeak ezartzen du, eta zereginik garrantzitsuena herritarrek helarazten dizkiguten kexak bideratzea da. Baina defentsoreek egiten duten lana bi ataletan bana daiteke. Batetik bideratze lan hori, lan juridikoa gehienbat: kexak jaso, ordenamendu juridikoaren arabera aztertu eta ebazpena eman. Baina badago bigarren atal bat, legeak esaten baitu hor ere jardun behar dugula: herritarren eskubideak defendatzea. Eta horretarako gure ekimenezko ekintzak egin ditzakegu, uste dugunean banako baten edo giza-talde baten eskubideak ez direla behar bezala babestuak.

Nola?

Txosten bereziak egiten ditugu, gai jakinen gaineko diagnosia egiteko eta proposamenak egiteko dagokion administrazioari. Nork erabakitzen du zeri buruz egin txosten bereziok? Bada, defentsore bakoitzak. Ofiziozko kexak ere egiten ditugu, eta hainbat bidetatik: GKE batek jakinarazten digulako, edo prentsaren bidez jakin dugulako, edo… Nahiz eta herritar batek kexa aurkeztu ez, guk ofiziozko kexak egiten ditugu. Eta tarte handia daukagu gizartearekiko harremanak nola bideratu erabakitzeko. Esan nahi dut, nik adibidez, eta nik bezala beste hainbat defentsorek, argi daukagula kalean egon behar dugula, gizarte zibilarekin etengabeko harremanean.

Herritarrek sinesten dute Arartekoan? Susmoa daukat kalean inkesta eginez gero, askok esango luketela: “Arartekoa, a bai! Administrazioak bere burua zuritzeko asmatutako zeozer, polita baina eraginkortasun txikikoa…”

Baliteke. Uste dut Arartekoari buruzko ezagutza eskasa dela. Eta hori, neurri handi batean, autokritika da. Kontuan hartu behar dugu, batetik, ez dela erraza defentsore, ombudsman… erakundea zer den azaltzea. Sistema demokratikoetan oso instituzio berria delako, Suedian izan ezik. Eta beharbada Europako iparraldeko beste herrialde batzuetan. Baina salbuespenak dira. Leku gehienetan, erakunde hau II Mundu Gerra ostean sortu da. Eta Espainiar estatuan are berriagoa da, 80ko hamarkadakoa. Hemen edozein herritarrek badaki, gutxi-asko, parlamentuak, gobernuak, epaileek… zer egiten duten, baina ez hainbeste defentsoreak zer egiten duen. Guztiok daukagu oztopo hori, hasteko. Bigarrenik, Ararteko izena niri egokia iruditzen zait baina aztarna gutxi ematen dio herritarri, izenaz bakarrik nolabaiteko ezagutza izan dezaten erakunde honi buruz. Orduan, esan bezala, erakunde guztiok daukagu zailtasun hori. Noski, gutako bakoitzari dagokio zailtasun hori gainditzea eta erakundea behar bezala ezagutaraztea. Eta iruditzen zait ahalegin handiagoa egin behar dugula erakundea zer den jakinarazteko. Herritar guztiek jakin dezatela, ez bakarrik Ararteko izeneko erakunde bat badela, baizik eta zer egiten duen eta zertarako dagoen. Edozein modutara, iaz 1.500 kexa jaso genituen, ez dakit asko ala gutxi diren baina…

Galdera bat zapuztu didazu orduan. 1.500 kexa gutxi ala asko direnez galdetu behar nizun, hain zuzen…

(Barre) Hara, estatuko gainontzeko defentsoreen kexa kopuruarekin konparatuz gero -haien lurraldeetako populazioa kontuan hartuta-, Arartekoa batez bestekotik gora dago. Guri gustatuko litzaiguke kexa kopurua handitzea, ez lan gehiago egin nahi dugulako, baizik eta iruditzen zaigulako herritarrek herritar kontzientzia zabala izatea ona dela, eta horrek berarekin dakar, derrigorrez, administrazioak egiten duenaren edo egiten ez duenaren aurrean kexu izatea.

Baina seinale txarra izango da gizarte batean kexa kopurua handitzea, ezta? Ez litzateke hobe behera egitea? Gauzak hobeto dabiltzala adieraziko luke horrek.

Mundu perfekturik ez dago. Galdetuko baligute: gizarte eredugarria zein izango litzateke, munduan daudenen artean? Seguraski askok Suedia erantzungo lukete. Han sortu zen ombudsman erakundea, eta kexa kopuru handia jasotzen du. Beraz, herritarrak ez dira inoiz erabat gustura egongo administrazio publikoak egiten duenarekin, eta ez da iritsiko kexarik aurkezten ez duten momentu bat.

Zergatik?

Arrazoi askorengatik da hala, baina bat aipatuko nuke: nahiz eta administrazioak bere jarduera ondo egin, dena hobetu daiteke. Eta bestetik, kontuan izan behar dugu gizarteak dinamikoak direla: beti sortuko dira behar berriak, errealitate berriak eta neurri handi batean administrazio publikoek, leku guztietan gainera, atzetik joaten dira. Haiek badituzte lan egiteko modu batzuk sortuak, baina errealitatea aldatzen denean, nahiko motelak izaten dira. Uste dut hor egon behar dugula ombudsman bezalako erakundeak, modu arinean gizarte aldaketa horien berri izan eta lehen bai lehen administrazioari jakinarazteko. Beti egongo da honelako erakunde baten beharra.

Orduan, zenbat eta kexa gehiago jaso, hobe?

Neurri batean bai. Noski, kexa kopuruak gora egiten badu, lehenengo irakurketa da administrazioak gero eta okerrago ari direla…

… edo ordura arte isilik egon diren asko hasi direla hitz egiten…

Hori da beste azalpen bat, edota lehen esan dudana: herritarrek beren herritar kontzientzia gero eta biziagoa daukatela, eta beraz gero eta gehiago eskatzen diotela administrazioari.

Eta zer bilakabide egon da? Iaz 1.500 kexa. Eta aurreko urteetan?

Garai desberdinak egon dira, eta badaramagu hiruzpalau urte kopuru horrekin. Kontuan izan behar dugu kexa batzuk taldekakoak izaten direla; hau da, gai beraren gainekoak direnak bakartzat hartzen ditugu. Eta hor bai gora egiten ari dela: gero eta taldekako kexa gehiago jasotzen dugu. Ez dira asko, hogei baino gutxiago bai, baina tira… Edo gai beraren gainean herritar askok kexa aurkez dezakete, banan-banan, edo gizarte erakunde batek aurkezten du kexa.

Eta zeintzuk izaten dira kexa gai nagusiak?

Dozena erdi bat gai nabarmentzen dela esango nuke. Etxebizitza, hezkuntza, osasun-zerbitzuak… badago multzo bat, oro har lanak eta zerbitzuak esan dakiokeena: Udalek ematen dituzten zerbitzuak, eta lan publikoak edo etxebizitzetan egiten diren lanetarako baimenak. Eta gero, gizarte-zerbitzuak eta gizarte-prestazioak. Kexa kopuru txikiagoa, baina dezentekoa ere bai, polizien ekintzengatik jasotzen dugu. Ertzaintzaren eta udal polizien ekintzengatik hain zuzen. Zergengatik edo isunengatik ere bai.

4.000 kontsulta, 1.500 kexa. Ez dakit kontsulta guztiak kexa izateko asmoz egiten diren, edo asko galdera hutsak diren…

Jakina, guk mugak dauzkagu geure jardueran. Herritar baten eskakizuna kexa moduan bideratzeko, batetik herritar horrek -legeak hala dio- administrazio horren aurrean egin behar du eskaera. Beraz, guregana etortzen bada zuzenean, esan egiten zaio: zoaz lehenengo administrazio horretara, egin eskakizuna, eta han ez badizute erantzuten edo erantzuna egokia ez bada, zatoz hona. Bestetik, gai bat auzipean badago, justizia epaitegietan alegia, guk ezin dugu onartu. Beste muga bat da kexaren gaia gertatu denetik urtebete baino gehiago igaro bada ezin dugula onartu. Eta beste bat: guk parte har dezakegu herritar baten eta euskal administrazio publikoaren arteko tirabira batean, baina ez bi herritarren arteko gatazka batean, edo herritar batek izate pribatu batekin duenean. Edozein modutara, uste dut kexak hartzea ez dela gure zeregin bakarra. Eta gainera, hasteko, herritarrak ez du zertan jakin zeintzuk diren gure mugak, beraz dei egiten diet herritarrei gure bulegoetara joateko, eta han azaltzeko beren eskakizunak. Han emango diegu, kexa bideratu ezin bada ere, aholkua eta informazioa.

Iaz ofiziozko 42 kexa ere bideratu zenuten. Gutxi, asko, aurreko urteekin konparatuta?

Ez daukat daturik konparazioa egiteko. Dena den, ofiziozko kexa bat egiteko orduan, ezin dugu tresna hori arduragabeki erabili. Halako kexa bat irekitzen dugunean, baditugu zantzu sendoak kexa hori oinarritzeko. Guk badugu protokolo bat, ni hona etorri baino lehenagotik dagoena, eta horren arabera edozein aholkularik, nitaz gain, proposatu dezake, edozein iturritatik jakin duelako, ofiziozko kexa bat irekitzea. Guk orduan aztertu egiten dugu kexa hori irekitzeko arrazoiak zeintzuk diren, eta horren ostean, ikusten baldin badugu badagoela behar bezalako oinarria, aurrera egiten dugu. Gehiago ala gutxiago egin den? Ez dut uste aldaketa handirik egin denik.

Baina kopurua bera, handia ala txikia begitantzen zaizu?

Kontuan izan behar dugu ofiziozko kexa beti egiten dela administrazioaren jarduera zehatz baten aurrean. Jarduera hori kaltegarria izan bada herritar batentzat, herritar hori izaten da guregana datorrena, zuzenean edo zeharkako bideren batetik (aipatu dut lehen guk baditugula harremanak gizarte erakundeekin). Horrekin lotuta, lehen esan dut guk txosten bereziak egiten ditugula. Txosten horietan egoera baten diagnostikoa egiten da, eta horren ostean gomendioak egiten zaizkio dagokion administrazioari. Azken batan, txosten berezia tresna egokiagoa iruditzen zaigu administrazioak bere jardueran izan ditzakeen gabeziak salatzeko. Kontuan izan behar dugu halakoetan ez dela izaten jarduera irregular bat -irregulartasuna dagoenean beti egoten baita kexa bat-, jarduera eza baizik. Behintzat, jarduera eskasa. Horren aurrean zaila da kexa bat sortzea, eta ofiziozko kexa bat egitea baino, egokiagoa iruditzen zaigu txosten berezia. Edo, liburu batean gauzatzen den txostena ez bada ere, gomendio orokor bat egitea administrazioari. Guk, gainera, jarraipena egiten dugu gomendioen gainean, urtetik urtera.

Eta orain artekoan behintzat, balio izan dute gomendiook? Bai. Hara, kexa-espedienteei dagokienez eraginkortasuna handia dela esango nuke. Datuen arabera, %90 baino handiagoa. Horrek esan nahi du espediente horietan zerbait eskatu badiogu administrazio bati, bete egin duela, edo den-dena ez bada, bai neurri handi batean, hamarretik bederatzitan. Aldiz, txosten berezien ondorioz egindako gomendioen eraginkortasuna neurtzea zailagoa da. Jakina, kexa-espediente batean eskatzen duguna oso zehatza da eta, gainera, administrazioari eskatzen diogu argi eta garbi esan dezala bete egingo duen ala ez. Gomendioak, berriz, zabalagoak izaten dira, eta gehienetan politika publikoak hobetzea eskatzen dute. Administrazioarentzat zaila da esatea: bete egingo dut ala ez dut beteko. Lehenengo erantzuna “aztertu egingo dugu” izaten da. Guk horren jarraipena egiten dugu epe bat pasatzen utzi ondoren, baina eraginkortasuna neurtzea oso zaila izaten da. Konturatu egin gara txostena egin eta denbora batera –pare bat urte edo-, administrazio batek arau bat onartzen duela edo erabaki bat hartzen duela, guk esandakoarekin oso lotuta dagoena. Jakina, administrazio horrek ez du aitortzen guk esandakoaren ondorioz egin duela hala, eta ulergarria da hala izatea. Azken batean, administrazio publiko batek erabaki bat hartzen duenean, ulergarria da dominak, nolabait esateko, bere buruari jartzea. Onerako baldin bada, eta beti izaten da onerako, ulertzekoa da adiministrazio horrek ez esatea –hala balitz- guk bere garaian egindako txostenak eta gomendioak kontuan hartuta egin duela. Orduan, hori neurtzea oso zaila da. Iñigo Lamarca Iturbe (Donostia, 1959) Ikasketak Donostiako Santo Tomas Lizeoan egin zituen. “Euskadiko lehenengo ikastola zen, edo lehenengotarikoa behintzat. Han egin nuen Batxilergoa, baina lizeoak ez zeukan, artean, aitortza ofizialik –1972an lortu zuen hori, oker ez banago-, horregatik azterketak institutu batean egiten genituen ikasle libre modura”. UBI ere ez zegoen Santo Tomasen, eta hori Peñaflorida Insitituan ikasi zuen Lamarcak. Zuzenbidea ikasketak burutu zituen unibertsitatean, Deustun lehenengo eta EHUn gero. Horrez gain, oso gazte hasi zen Zeruko Argian kolaboratzen, euskara zuzentzaile lanak eginez batetik, eta unibertsitateko kronikak idazten bestetik. Zuzenbide ikasketak amaitutakoan (1981), euskara irakasle aritu zen Rikardo Arregi euskaltegian. “Garai hartan argi neukan unibertsitateko irakaslea izan nahi nuela –gogoratu du Arartekoak-, zuzenbide politiko irakasgaian, eta hango departamentuarekin kolaboratzen hasi nintzen. 1984an hartu ninduten irakasle fakultatean, Donostian” Hamar urtez jardun zuen EHUn irakasle, eta ondoren Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelari lanpostua eskuratu zuen. Hantxe aritu zen 2004ko ekainean Ararteko izendatu zuten arte, eta hara itzuliko da –ustekabe handirik ezean behintzat- kargua utzitakoan. 1997an Gehituren sorreran parte hartu zuen. Elkarteko presidentea eta bozeramale nagusia zen Ararteko kargurako aukeratu zutenean.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Ramón Anda. Eskultorea: Unamunok Espainiaz esan zuen bezala, Nafarroak min ematen dit

 

Irakurri

Pío Caro Baroja. Idazle eta dokumentalista: Nire osaba, Pío Baroja, gizon adeitsua, langilea eta egiazalea zen guztiz. Ez zuen legarrik ahoan, eta sirenen kantu eztiek ere ez zuten limurtu

 

Irakurri

Mónica Moso. Ezagutzaren Klusterraren Zuzendaria: Euskadik ez du energia baliabiderik, ez du multinazional handirik, eta atzerritik etorritako inbertsioa mugatua da. Geure pertsonen asmamena eta ezagutza ditugu bakarrik, funtsean

 

Irakurri

Imanol Olaizola Etxeberria. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehenengo lehendakaria: Egiaz, zerk du balio handiagoa, dirua aurrezteak ala herritar guztiei zerbitzu kultural garrantzitsua eskaintzeak?

 

Irakurri

Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Heziketako Sailburuordea: Guk daukagun eredua industriala da, eta ikasleek eta familiek jakin behar dute lanpostuak non dauden

 

Irakurri