Iñigo Martinez. Xare (Euskarazko Teknologia Berrien Azoka) egitasmoaren koordinatzailea: Euskararen biziraupenerako informazioaren teknologia berrietan bere erabilpena normalizatzea estrategikoa da

2012-11-21

SALA, Teresa

Azaroaren 23 eta 24an Xare azoka-jaialdiak hartuko du Donostiako Kursaal jauregia. Euskal kultura digitala da egitasmoak bultzatu nahi duena, eta hori bideratzeko egitarau oparo eta aberatsa izango da bertaratzen direnen eskura. Besteak beste, multimedia instalazioak, ikus-entzunezkoak, erakustaldiak, kontzertuak, ikastaroak, mahai inguruak eta hitzaldiak izango dira gozagarri. Egitasmo ireki eta parte hartzaile gisa sortu da, Eragin enpresaren ekimenez. Jaioberria izanik, etorkizuna baikortasunez begiratzen du eta edizio berriak iragartzen ditu.

Zehazki, zer da Xare? Zeintzuk dira bere ezaugarriak?

Euskararen erabilera informazioaren teknologia berrietan sustatu nahi duen egitasmoa da. Eta azpimarratu nahi dugu, teknologia baino gehiago beraien erabilera axola zaigula. Horregatik maite dugu kultura digitalaren kontzeptua. Euskal kultura digitala da Xarek bultzatu nahi duena.

Egitasmoa aurkezteko azoka bat antolatu dugu Donostiako Kursaalen azaroaren 23 eta 24an. Bertan, bi egunez, informazioaren teknologia berriekin loturiko egitarau oparoaz euskaraz gozatzeko aukera egonen da. Baina azoka pasa ondoren, egitasmoak jarraipena edukiko du, nagusiki sarean.

Nola sortu zen horrelako egitasmo bat errealitate bilakatzeko ideia?

Xarek eguneroko jardueran sumatzen genituen gabezietan du jatorria. Eragin Iruñean sortu genuen duela 12 urte, eta hasieratik argi izan genuen barne funtzionamendua euskara hutsean izanen zela. Ordenagailuak, ordea, beti gaztelaniaz datoz konfiguratuta. Tamalez, errealitate hau ez da 12 urtetan aldatu. Ordenagailuan erabiltzen den sistema eragilearen arabera, euskaraz funtzionatzeko aukera ezberdin daude. Linux da, ordea, euskararen erabilpena nabarmenki gehien bermatzen duena. Sistemaz gain, euskarazko programa kopuru handiena Linuxen dago erabilgarri eta ondoren Windows-en. Egun, euskaraz lan egiteko aukera gutxien ematen duen sistema eragilea Apple-ena da. Nolanahi ere, ordenagailua euskaraz konfiguratzea ginkana txiki bat izaten segitzen du, ia duela 12 urte bezalaxe.

Zeintzuk dira ekimenaren helburuak?

Euskararen erabilera sustatu nahi dugu teknologia berrietan, eta horren bidez euskarazko kultura digitala suspertu. Horretarako, honezkero dagoen euskarazko softwarea ezagutarazi eta bere erabilpena bultzatu nahi dugu. Ordenagailu zein mugikorretan euskarazko sistema eragilea eta softwarea instalatu eta erabiltzeko ohitura sortu eta indartu nahi dugu, hiritarrentzat erreferentzia gune bat sortuz, www.xare.eu. Bertan, software katalogo osatu eta eguneratua martxan jarriko dugu datozen hilabeteetan. Horretaz gain, informazioaren teknologia berrien alorrean euskaraz lan egiten duten eragile eta egitasmoen elkargune eta erakusleihoa izan nahi dugu.

Nori dago zuzendua Xare?

Egitasmo hau informazioaren teknologia berriak erabiltzen dituzten euskaldun guztiei zuzenduta dago. Hartzaileak izan daitezke partikularrak, elkarteak, enpresak edo administrazioa. Lanerako zein aisialdirako. Baina bereziki gazteei zuzentzen diegu. Beraiek egiten dute informazio teknologia berrien erabilpenik handiena eta, aldi berean, adin tarte horretan ematen dira euskararen ezagutza ehunekorik altuenak.

Egitarau oparoa aurkezten duzue. Zerbait azpimarratuko zenuke?

Galdera zaila, aipatzen duzun moduan egitaraua oparoa delako eta aipatu gabe gelditzen dena... Guk azpimarratuko genuke Kursaalera etortzeak bi egun hauetan mereziko duela, bertan hitzaldiak, erakustaldiak, multimedia instalazioak, filmak, musika, standak, ikastaroak... izango baitira. Egitarau zehatza www.xare.eu webgunean argitaratuta dago.

Nola hartu daiteke parte?

Sarrera irekia eta doanekoa da. Hortaz, egin beharreko gauza bakarra azaroaren 23 eta 24an Kursaalera gerturatzea da. Ikastaroetarako, ordea, izena aurretik webgunean eman behar da.

Zein da, zure ustez, euskarak teknologia berrietan jokatzen duen papera?

Egoera ez da txarra, izan ere, urte hauetan Interneten euskal komunitate bat garatu da, euskarazko lanabesak eta edukiak sortzen dituena. Gure ustez, orain kontua da komunitate hori gehiago zabaltzea eta indartzea.

Euskararen erabilera informazioaren teknologia berrietan sustatu nahi duen egitasmoa da Xare.

Eta jokatu beharko lukeena?

Hasieran aipatu bezala, informazioaren teknologia berrien erabilpena gero eta handiagoa egiten da bizitzaren alor gehienetan. Horrek erran nahi du euskararen biziraupenerako informazioaren teknologia berrietan bere erabilpena normalizatzea estrategikoa dela.

Zein neurritan izango da Xare honetan lagungarri?

Beno, gu oso jende xumea gara eta hau erronka handia. Sobera handia guretzat. Horregatik gure helburua komunitate bat sortzea da, elkargune bat. Xare egitasmo ireki eta parte hartzailea da. Eragile eta hiritar guztiak dira ongi etorriak. Elkarlana sustatu nahi dugu, denon artean, erronkari heldu ahal izateko. Denok egiten ahal dugu ekarpen bat, software itzuliz, euskarazko edukiak sortuz, dauden baliabideak zabalduz...

Etorkizunean azoka-jaialdiaren edizio berriak antolatzeko asmoa dago?

Bai, bistan dena. Oraingoa, berez, beta edizioa da guretzat. Informatikan erabiltzen den termino honekin azokaren bertsio hau esperimentala dela adierazi nahi dugu eta erabiltzaileei, bisitariei, beraien ekarpena eskatzen diegu hurrengo edizioa hobetzeko xedearekin. Lehenengo edizioa ekainean antolatuko dugu eta hortik aurrera urtero data horietan ospatzeko asmoa dugu.Iñigo Martinez Monasterio (Iruñea, 1973) Deustuko Unibertsitatean enpresa zientzietan lizentziatua (1999) kultur alorrean garatu du beti bere jarduera: Napartheid komiki fanxina, Esan Ozenki Records (1994-2001), Metak diskoetxea (2001-2006). 2001ean Eragin.com komunikazio enpresa sortu zuen, hainbat kultur egitasmoen eragilea izan dena: The Balde aldizkaria, Entzun.com ataria eta diskoliburua eta Arteziak sorkuntza ataria, besteak beste. Madrilen finkatuta zeuden Ladinamo aldizkaria eta kafe antzokiaren sortzaile eta kudeatzaileetariko bat izan zen. Eraginek teknologia berrietan euskararen erabilpena bultzatzeko sortu duen XARE egitasmo berriaren koordinatzailea da. Zure iritzia / Su opinión

euskonews@euskonews.com
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Gaizka Fernández Soldevilla eta Raúl López Romo. Historialariak: Tolerantzia, sineskortasunik gabe egunero landuz ikasitako zerbait da

 

Irakurri

Fernando Ugarte. Euskadiko Heriotza Duinerako Eskubidea Elkartearen diruzaina: Aldez aurreko Borondateen Dokumentuak, bizitzaren azken uneetan alperreko sufrimendua ekiditen du

 

Irakurri

Adolfo Yebra. Bilbao Ballet Elkartearen lehendakaria: 60 baino gehiago dira mundu osoko ballet konpainiatan dauden euskaldunak

 

Irakurri

Arantza Arruti. Ekin-it programaren koordinatzailea: Ekitea ez da enpresa bat sortzea soilik, bizitzarekiko jarrera bat baizik

 

Irakurri

Maria Jose Azurmendi. Soziolinguistikaria: Hizkuntzarekin eta kulturarekin erlazionatuta dagoena daukat nik “vasco”tzat

 

Irakurri