Imanol Querejeta. Psikiatra: Oporren osteko estres sindromea, lortu dugun bizi kalitatearen ondorio bat besterik ez da

2007-09-07

AGIRREZABAL, Lore

Oporrak amaitu eta lanera itzultzeak tristura, urduritasuna eta ezinegona sortzen du jende askorengan. Oporren osteko estres sindromea bezala ezagutzen den egoera gero eta ohikoagoa da langile askorengan. Batzuengan astenia, zorabioak, jateko gogorik eza edo suminkortasuna eragiten du sindrome horrek. Adituek, ordea, ez diote garrantzia handirik ematen. Imanol Querejeta psikiatrarengana jo dugu sindrome horren berri gehiago jakiteko. Bere iritziz, oporretatik itzuli eta estresatzea ?exajerazio? bat da.

Iraila oporren osteko sindromearen hilabetea izaten da. Sindrome dei geniezaioke animoak jasaten duen beheraldiari?

Sindrome bat sintomen multzo bat da eta kasu hauetan esan dezakegu sindrome bat dagoela.

Zein dira sindrome horren ezaugarri nagusiak?

Hau gaitz bat ez denez pertsona bakoitzak ?bere sintomak? azaltzen ditu baina nabarmenenak hauek dira: tristura, urduritasuna, suminkortasuna eta tentsioa.

Nola definituko zenuke edo zer dela esango zenuke beheraldi hori?

Nire iritziz egoera kulturala da. Horregatik ematen da adin tarte batean. Gure aiton-amonen garaian oporrak ez zeuden, zazpiren bat seme-alaba elikatu behar izaten baitzituzten eta horrelako kexarik egiteko ez zuten denborarik ere izaten. Orain opor asko izaten ditugu (ez abuztuan bakarrik) eta dirudienez jendea (langabeak izan ezik) gusturago dago lan egin gabe, lanean baino. Nire iritziz, egoera hau lortu dugun bizi kalitatearen ondorio bat besterik ez da. Zenbat eta hobeto bizi, are eta gauza gehiago eskatzen ditugu.

Errutinara itzultzean animoan izaten den beheraldi soila da, edo larriagoa izan daiteke?

Hau pertsonala dela iruditzen zait. Nire kasuan ez dago ez bata ez bestea. Lanera itzuli behar dut eta kitto.

Zenbait adituk dioenez, egun batzuetan pasatzen den zerbait da. Sintomak luzatzen badira, horren atzean zerbait sakonagoa dagoelako izan daiteke?

Nire iritziz, hau egokitu arte izaten da eta ez dut uste ezer berezirik dagoenik horren atzean.

Oporren osteko estres sindromea deitzen zaio eta izenak berak dio: estresa da gaitza. Ados zaude?

Estresa egokitzeko arazoak azaltzen direneko egoera bat da. Oporretatik etorri eta estresatu? Izan daiteke, baina, errespetu osoarekin, exajerazio bat iruditzen zait.

Jarrera negatiboek ere zerikusi handia dutela esaten da.

Nire ustez, hor dago arazo honen erdia. Ez jarrera negatiboan, baizik jarreran bera.

Zer egin hori guztia saihesteko?

Bada, errealitateari aurre egin, oporretako errealitateari aurre egin diogun moduan. Geure pentsamenduak zuzentzen gaitu egiten ditugun gauza guztietan. Pentsamenduak lana katastrofe bat dela pentsatzera zuzentzen bagaitu, horrela sentituko dugu. Geure jarrera beste bat bada, hobeto hasiko gara lanean.

Diotenez, 25 eta 40 urte artekoengan ematen da gehien sindrome hori. Helduagoek beste heldutasun batekin erantzuten dutenez, kasu gutxiago gertatzen omen dira. Bat zatoz horrekin?

Lehen aipatu dizudan moduan, bai.

Haurren artean ere, eskolara itzultzeak eragindako beheraldiak ere gertatzen dira. Estresa hor ere?

Ez dut uste. Hor adinak badu zerikusirik. Zenbat eta gazteago are eta gusturago itzultzen dira haurrak eskolara, etxean askotan aspertzen direlako. Gero azaltzen dira arazoak, ohiturak aldatzen direlako.

Gaixotasuna ez den arren, depresio bihurtu ez dadin espezialistarengana joatea egokia iruditzen zaizu? Edo daukana baino inportantzia handiagoa ematen zaio?

Honengatik ez dut uste espezialistarengana joan beharrik dagoenik. Profesionalok ez dugu heldutasuna ematen.

Gure gizartean gehien zabaldu den gaitzetako bat da estresa. Horrek, gainera, beste gaixotasun batzuk ere eragiten ditu. Lan egutegiak, ordutegiak eta langileen jarrerak errotik aldatzea eta gauzak beste patxada batekin hartzea da irtenbidea?

Estresa gauza larria da eta ez da lan arloan bakarrik azaltzen. Estresari aurre egiteko lehengo gauza antzematea da, eta horretarako egoera honen kontzeptua hobe zabaldu beharko litzateke. Hala ere, norberak bere arazoak sailkatzen ikasi beharko luke eta bere mugak non daude ikusi. Estresa azaltzen da inguruak bidaltzen dizkigun lanei aurre egiteko gauza ez garenean.

Zer gomendatuko zenioke orain beheraldi sintoma horiek jasaten ari denari? Laneko martxa ahalik eta azkarren hartzea. Lana izatea pribilegio bat da (bestela langabeei galdetu diezaiotela). Horrela ikusten badugu askoz ere arinago egokituko gara! Imanol Querejeta Ayerdi

(Caracas, 1953) Caracasen jaio zen 1953an. Ondoren, familiarekin batera Euskal Herrira etorri zen. Medikuntza ikasi zuen Bilboko Unibertsitatean eta psikiatrian espezializatu zen Jose Guimon Ugartecheak EHUn ematen zuen katedran. 27 bat urte daramatza psikiatrian lanean eta EAEko hiru lurraldeetan jardun du. Gaur egun, Donostiako Ospitaleko psikiatria saileko zerbitzuen burua eta EHUko Donostiako kanpusean psikiatria irakaslea da. Egin dituen lanetan esperientziarik ederrena jendearekin tratatzea izan dela dio.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Félix López López de Ullibarri. Arabako Foru Aldundiko Museo Zerbitzuko burua: Hemendik aurrera egin beharreko lehen lana Arabako museoak berregituratzea da

 

Irakurri

Pedro Usabiaga. Argazkilaria: Nire lana ez da argazkiak ateratzea, aurrea hartu eta besteek gero digerituko dutena aurkeztea baizik

 

Irakurri

Begoña de Ibarra Zuazo. Boinas La Encartada museoko zuzendaria: Boinas La Encartada ez da txapela museo bat, garai bateko industria eta bizimoduaren erakustokia baizik

 

Irakurri

Ainhoa Alberdi. Aktorea eta Zarauzko Kale Antzerki Jaialdiaren antolatzailea: Kaleak beste magia bat du, publikoa antzezlanaren barruan harrapatuta sentitzen da

 

Irakurri

Xabier Caño. Klima Aldaketaren Euskal Bulegoko koordinatzailea: Kyotoko Protokolo barruan dauden herrialdeek ez badituzte egiten epe luzeko planak, ez dugu ezer lortuko

 

Irakurri