Javier Retegi. Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria: XVI. Kongresua: Gazteengan konfiantza eduki dezakegu

2005-12-09

SILLERO ALFARO, Maider

Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua burutu berri du Eusko Ikaskuntzak. Kongresuak Garapen Iraunkorra izan du ardatz, alor horretan lan egin duelarik azken bi urteetan Eusko Ikaskuntzak. Javier Retegi, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak gai horri buruzko hausnarketan parte hartu du hasiera-hasieratik Eusko Ikaskuntzaren barrenean Diziplina askotariko Proiektu Berezitzat hartu baita. Javier Retegi, halaber, Kongresuko Batzorde Zientifikoko kidea izan da.

Zein izan dira Garapen Iraunkorrari buruzko XVI. Kongresu honen ondorioak?

Garapen Iraunkorraz gizarteak jabetu beharra duela egiaztatzea izan da gehien nabarmendu beharreko ondorioetako bat. Itxaropenez ikusi behar dugu, aukera handia baita gure etorkizunak gainean dituen mehatxu handiei aurre egiteko gai izatea. Garbi dago hezkuntza, prestakuntza eta komunikazioa funtsezkoak direla Garapen Iraunkorra aukera gisa mamituko badugu. Eta guztiz esanguratsua dena: ingurumen babesaren inguruko kontzientzia eta jarduketa aurreratu batetik, Kongresu honetan sendotu egin da ekonomia eta gizarte alderdiak indar handiz integratzeko kontzeptua, eta garrantzi handia eman zaie erronka zientifikoei eta teknologikoei.

Baina bada gizarte kontzientziazio nahikoa optimistak izateko?

Nik esango nuke gazteen artean, gutxienez, gogoeta ziurtaturik dagoela. Izugarri ongi egon dira. Bagenekien haiengan konfiantza izan genezakeela… eta egia esan, Kongresuan egon direnek ederki berretsi dute gure ustea.

Eusko Ikaskuntzak Kongresu honekin itxitzat jotzen du Garapen Iraunkorraren zikloa?

Inola ere ez. Kongresua, hain zuzen ere, gertaera garrantzitsua izan da, duela urte pare bat Diziplina askotariko Proiektu Berezi baten inguruan abiarazitako hausnarketaren barrenean. Bi galdera ditugu oraindik erantzuteko. Zer egin dezakegu Garapen Iraunkor hobe baten alde? eta Zer egingo dugu horren alde? Garbi dago, hala ere, gai hau gure elkartearen jarduera ardatz nagusi gisa harturik ez dugula urte asko jarraituko; Garapen Iraunkorra, nire ustez, 2006an eta agian 2007an landuko da Eusko Ikaskuntzan, funtsean mezua gizarteratzearen aldetik. Kongresu hau eztabaida prozesu batean integratu da, eta bultzada bat eman dio aurrera jarrai dezan.

Arrakasta zientifikoaz gainera, zer nabarmenduko zenuke Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresu honetatik?

Garapen Iraunkorraren inguruko hausnarketaz lortu ahal izan diren aurrerapenetatik landa, XVI. Kongresuak garbi utzi du Eusko Ikaskuntza bezalako erakundeak guztiz beharrezkoak direla gure gizartean. Hasierako ekitaldian Ibarretxe Lehendakariak esandako hitzek, nire iritziz, izugarri esanguratsuak dira: gizarte zibilak gurea bezalako erakundeen premia du, hainbat eragileren baterako jarduera ahalbidetuko baitute. Azken bi urteetan Garapen Iraunkorrari buruz Eusko Ikaskuntzaren baitan gauzaturiko prozesu hori, aurrera egiteko gutxieneko adostasun soziala eskatzen duten beste gai askori aplika dakieke. Nire ustez, Eusko Ikaskuntzak bere hasierako estiloa berreuskaratu du, 1918an erakunde aurreratu baten paradigma egin zuena, iritzi egoera sortzeko gai zen hura. Bide horretatik lor daitezkeen gauza ugariren agerraldi txiki bat izan da hau.

Diziplina askotariko Proiektu Bereziaz gainera, zein beste jardunbidetan oinarritzen du Eusko Ikaskuntzak bere oraingo lana?

Nire ustez, garrantzi handia hartzen ari dira Diziplina askotariko Proiektu Bereziak, hala Garapen Iraunkorrarena –XVI. Kongresua den gertaera nabarmena tartean izan delarik–, nola bigarrena, dagoeneko errealitate bat dena eta, gure itxaropenen arabera, euskal komunitate globalaren erreferentzia bilakatuko dena. Euskosarez ari naiz, jakina, sortu berria izanik ere –joan den irailaren 14an Interneten agertua–, dagoeneko Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan Eusko Ikaskuntzak eginiko eskaintza antolatzeko gai izan dena, eta oihartzun handiz antolatu ere.

Halaber, Auñamendi kontua nabarmendu nahi dut, jadanik horren eguneratzeko lehen aldia burutu baita. Lan ikaragarri handia egin da hor: gaur egun Eusko Ikaskuntza euskal kulturaz Interneten gauzatzen ari den dibulgazio eskaintzaren bizkarrezurra dugu entziklopedia hori. Gogoratu beharra dago Gregorio Monrealek egiteko horri heltzerakoan izan zuen etorkizun sen bikaina, apustu gogorra egin baitzuen digitalizatzeko eta ikertzaileen zerbitzura jartzeko. Juan Jose Goiriena de Gandariasek sendotu egin zuen hura Euskomedia Fundazioa sortuz –fondo propioak zein besterenak digitalizatzen ari dena–, eta gaur egun Fundazio horren bidez sarean den euskal kulturaren eskaintzarik handienera irits daiteke edonor. Eusko Ikaskuntzarentzat tresna baliotsua da Euskomedia Fundazioa, Interneten bere presentzia egunez egun indartzen ari baita.

Gauza bera esan daiteke Asmoz Fundazioaz?

Hala da, bai. Ia jolas bat bezala abiatu zena, zazpi urte geroago, hainbat formatutako ikastaroz osaturiko eskaintza sendoa bilakatu da gaur, bai Internet euskarri duena bai zuzeneko irakaskuntzakoa. 2005-2006 ekitaldian 280 ikasle baino gehiago eman dute izena. Gure eskaintza propioaz gainera, sinetsita nago Eusko Ikaskuntzako Zientzia Sailen jarduera sustatzeko tresna handia izan daitekeela Asmoz Fundazioa, Sailentzat Fundazio hori plataforma ezin hobea izan baitaiteke beren Jardunaldiak, Ikastaroak, Mintegiak etab. eskaintzeko, eta modu horretara errentagarri bihurtu irakasletan egindako inbertsioa.

Zientzia Sailak aipatu dituzu, Eusko Ikaskuntzaren errealitateetariko beste bat…

Hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzako bazkide gehienak Sailetara bildurik daude eta hor dihardute zeinek bere jardunbidean. Sailek beren autonomia dute eta beren lanaren buru dira. Gaur hamabost Sail dira; kasuistika desberdina dute, eta hori –nire iritziz– positiboa da, kaltegarria izango bailitzateke denoi eredu bera ezarri nahi izatea. Sailek autonomoak izaten jarraitu behar dute, nahiz eta joko arau batzuk mantendu behar, beren helburuetan zorrotzagoak, elkarri lotuagoak, hitz batean, beren osaera sozialarekin kontsekuenteagoak izan daitezen.

Eusko Ikaskuntza elkarte gaztea da bazkideen batez besteko adinari dagokionez?

Egunez egun gazteagoa da eta hori egiaztaturik dago, izena ematen duten gehienak ikasleen mundutik baitatoz, bere ikasketak bukatu berri duten neska-mutilak gehienbat, eta gure erakundean harremanak izatea, lan esperientziak trukatzea, helburuak partekatzea etab. bilatzen dutenak. Horretaz gainera, multzo garrantzitsu batek izena eman du Eusko Ikaskuntzak elkartzeko erakunde bat eskaintzen dielako, hausnarketa lasai daitekeen elkarte bat, betiko konpromiso politikoaren presarik gabe.

Zein arrazoi emango zenizkio pertsona bati Eusko Ikaskuntzan izena eman dezan?

Nik esango nioke Eusko Ikaskuntza, Euskal Herri osoan finkatua dela, euskal kulturaren gaien ikerketa, prestakuntza eta dibulgazio alorretan eragin handiena duen elkartea dela. Eusko Ikaskuntzan gure Herriaren kulturaren zale den edozein herritarrek aurki dezake leku egoki bat ideiak trukatzeko, bere burua prestatzeko, ikerketak egiteko, teknologia berriek kultura dibulgazioan eskaintzen dituzten abantailak baliatzeko. Eusko Ikaskuntza bazkideek osatzen dugu, hori da errealitatea, jarrera eta jatorri guztietako bazkideak, gure kultura hobetzearen alde lan egiteko gogoak elkartzen gaituela. Euskonewsek ematen didan aukera honetaz baliatuz, dei egiten diet oraindik ez diren guztiei Eusko Ikaskuntzako bazkide egin daitezen.

Nolako harremanak ditu Eusko Ikaskuntzak erakunde publikoekin?

Nik esango nuke hiru urte hauetan sendotu egin dela erakunde publikoek Eusko Ikaskuntzarekiko erakutsi duten konfiantza. Esaterako, Euskal Administrazioarekin –Eusko Jaurlaritza eta Diputazioak– sinaturiko esparru hitzarmenari esker, eguneroko lanari ekin ahal izan diogu ustekabeko larrialdirik gabe. Era berean, Nafarroako Gobernuarekiko harremanak oso sintonia onean daude. Eta nabarmendu beharra dago Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko egungo arduradunengan aurkitu dugun jarrera berria.

Nola ikusten duzu Eusko Ikaskuntzaren etorkizuna epe labur eta erdira? Nire ikuspuntutik eta, are gure babesle diren erakunde publikoen ikuspegitik, Eusko Ikaskuntzak bere bide berezkoena aurkitu du berriro. Hasieran euskal mundu soziokulturalean erreferentzia bilakatu zuen bide hura. Eusko Ikaskuntzak aurrea hartu behar dio gizarte zibilari berari, gure Herriaren garapenaren alde hausnartzea merezi duten gaiak hautemanez. Ausartak, eskuzabalak izan behar dugu elkartearen parte hartzeari dagozkion planteamenduetan. Ildo horretatik, gogoratu nahi dut Gizarte Ospe Kontseiluak, 1996an sortu zen Eusko Ikaskuntzako aholku organoak, era guztiz serioan lan egin duela amaitzen ari den aldi honetan, eta epe laburrera emaitzak ekar ditzaketen jardunbide guztiz interesgarriak zabaldu dituela.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Andoni Egaña. Bertsolaria: Kezkatzen nau diskurso hutsuneak gazteen artean

 

Irakurri

Nicolas Gaminde. Eusko Ikaskuntzako XVI. Kongresuko lehendakaria: Garapen iraunkorra jendarte osoaren eskaria izan behar da

 

Irakurri

Izaskun Moyua Pinillos. Emakundeko zuzendaria: Uneotan, presentzia politikoan baino ez dago berdintasunik

 

Irakurri

Andoni Idoiaga. Eusko Jaularitzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaria: Ordenarik ezartzekotan, gure lehentasuna sektore arrantzale profesionala izan behar da, eta ondoren olgetakoa

 

Irakurri

Aizpea Goenaga. Aktore, idazle eta zuzendaria: Ikus-entzunezko euskal mundua oso mugatua da eta horri buruz hausnarketa egitea izugarri sanoa iruditzen zait

 

Irakurri