Joan Martinez Alier. Ekologismoan eta ekonomian aditua: Jende askok egiten du protesta ondasun naturalen alde, ez ekologista petoak direlako, ondasunok bizirauteko behar dituztelako baizik. Hori da pobreen ekologismoa

2006-04-28

BREA, Unai

“Martinez Alierrek akademikoen diziplina zintzoa eta ekintzaileen energia sutsua uztartzen ditu”. Halaxe irakur daiteke Joan Martinez Alier bartzelonarrak idatzitako “El ecologismo de los pobres. Conflictos ambientales y lenguajes de valoración” (Pobreen ekologismoa. Ingurumen-gatazkak eta balorazio-hizkuntzak) liburuaren atzeko azalean. Martinez Alier akademikoak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko bulegoa dauka lantoki; Martinez Alier ikertzaileak, ingurumenaren kariaz gatazka bat sortzen den munduko edozein toki. Ekonomia ekologikoan eta ekologia politikoan maisu, bere begiz ikusitako gatazkak ikerketa-eremu bi horien arabera aztertu ditu “El ecologismo de los pobres” lanean. Huraxe izan dugu mintzagai nagusi, Bilbora egindako bisita baliatuz egindako elkarrizketa honetan.

Zertaz dihardu El ecologismo de los pobres zure azken liburuak?

Ingurumenarekin zerikusia daukaten gatazkak aztertzen ditu, bai gaur egungoak bai iraganekoak. Hala, esaterako, orain dela mende bat baino gehiago borrokak egon ziren Río Tintoko (Huelva) kobre-oletan, sufre dioxidoak eragindako kutsadura zela eta; orduko hartan, Paviako erregimentuak sarraskia egin zuen 1888ko otsailean, hainbat lagun hilez. Badira gaur egun antzeko gatazkak, Ilon (Peru) adibidez, eta beste zenbait lekutan ere. Esan behar da, gainera, kobre eskariak gora egiten segitzen duela.

Diozunez, gatazken sorburua gure ekonomia eredua da…

Izan ere, gure ekonomia ez da “desmaterializatzen” ari. Kontrakoa da, hain zuzen. Berbarako, gaur egun munduan erauzten den ikatz kopurua orain dela ehun urte erauzten zenaren zazpi halako da, Europan erauzpenak behera egin arren. Batzutan, ekonomiarako nahitaezko gaiak dira, baina beste batzutan, beharrezkoak ez diren produktuez ari gara. Gatazkak daude ikatz eta kobre meategietan zein petrolio erauzpen eta garraioan, baina gatazkak daude, halaber, urre meatzaritzan, edota izkira-esportazio industriaren aurka, mangladien defentsan. Inportatutako urre edo izkira erosleek ez dakite, eta ez dute jakin nahi, nondik datorren kontsumitzen duten hori.

Zaila da oreka lortzea?

Hara, batzutan diruzko ordainaren hizkuntza erabiltzen da. Nik uharka eraiki behar dudanez, zuk zure bizilekutik alde egin behar duzu, baina ez da arazorik: kalteak eta etxe berria ordainduko dizkizut. Ondorioz, munduko pobreek maiz jotzen dute ekonomiatik kanpoko hizkuntzetara. Sahiestezinezko giza eskubideak kolokan daudela esaten dute, eta denok berdinak garela giza-duintasun alorrean. Ghandi lehen mailako tren-bagoi batetik bota zutenean Hegoafrikan, “koloreduna” izatearren, ezin zitekeen argudiatu bigarren edo hirugarren mailan joanez bidaia merkeago gertatuko zitzaiola. Giza-duintasun galera ezin daiteke ordain-sari bidez zuritu.

Zenbait leinuk, petrolio edo meategi-konpania handiei oldartzean, lurra sakratua dela esaten dute. Diruzko balioak ezin ditu balore ekologikoak berdindu, ez eta giza-biziraupena, talde eta norbanako baten eskubideak edo sakratutasuna ere. Alegia, diruzko balorazioa erabil daitekeen hizkuntzetako bat da. Etekin/kalte bikotearen araberako analisia proiektu baten aldekoa izan arren, bada beste argudiorik. Eta nork esan behar du erabakitzeko metodoa zein den?

Zer da, izan, pobreen ekologia?

Ekologismo barruan eskola desberdinak daude. AEBetan bada “ekologia sakona” deritzona, naturaz baizik kezkatzen ez dena. Konparazio baterako, uharka batek ureztatu behar duen arroil baten eder defentsan borrokatu daitezke. Baten batek esan omen du prest legokeela bertan hiltzeko ere. Niri miresgarria iruditzen zait. Naturaren alde baino ez dira borrokatzen; ez pertsonen alde. Baina beste batzuek uste dute ez direla natura eta jendartea bereizi behar. Jende askok egiten du protesta ondasun naturalen alde, ez ekologista petoak direlako, ondasunok bizirauteko behar dituztelako baizik. Hori da pobreen ekologismoa. Zenbaiten ustez ekologismoa aberatsen luxua da; etxea ondo hornituta daukatenean hasten dira naturaz arduratzen. Baina jende behartsuaren ekologismo herrikoi hori ere badago.

Mundu mailako gertakaria da, baina Hirugarren Mundukoa batez ere, ezta?

Iparraldeak, munduko aberatsok, hainbeste kontsumitzen dugunez, lehengai erauzpenaren mugak txoko guztietara zabaldu dira. Petrolioaren muga, esate baterako, Alaska eta Amazoniaraino iritsi da. Baina erresistentziak daude. Herri ekologismoa esan diezaiekegu, edo pobreen ekologia, edo ingurumen justiziaren aldeko mugimendua. Erresistentzia horiek historia garaikidearen kontrako norantzan doaz itxura batez; eta zein da norantza hori? Bada, kapitalismoaren etengabeko garaipena eta pobreak beren bizilekuetatik kanporatzea. Sarritan, emakumeak dira borroka horien buru. Giza-taldeek hainbat bide erabiltzen dute euren burua defendatzeko: LANEren (Lanaren Nazioarteko Erakundea) 169. hitzarmena aldarrikatzen dute, indigenen lurralde-eskubideak errespetatzea eskatuz –Guatemalako Sipacapan bezala-, edo urre-meatzaritzaren aurkako erreferendumak antolatzen dituzte, batzuk Tambograndde (Peru) edo Esquelekoak (Argentina) bezain arrakastatsuak. Beste herrialde batzutan, hala nola India, Indonesia edo Tailandia, bestelako ekintza zuen edo legezko plantemaneduak erabiltzen dituzte metzaraitzaren, uharken, baso-soiltzearen edota zuhaitz-landaketaren (eukalitua, olio-palmondoa) aurka.

Baina badago koordinaziorik mugimendu horretan, ala oso tokian tokiko erantzunak dira?

Zenbaiten ustez, borroka horiek NIMBY (“nire atze-patioan ez”) tankerakoak dira, edo talde-nortasuna agertzeko saio hutsak, baina ingurumen-justiziaren aldeko nazioarteko mugimendu baten tokian tokiko adierazpideak dira, izan. Hala, borroka horietatik sareak sortzen dira. Esaterako, Oliwatch sarea 1995ean jaio zen, Nigeria eta Ekuadorreko ekimenetatik abituatuta. Sare batzuek, gainera, iparraldeko taldeei eskatzen diete laguntza, konpainiak iparraldekoak direlako. Nire ustez, protesta horietatik, erresistentzia horietatik, alternatibak sortuko dira. Alternatibak ez dira sortuko intelektual batek idatzitako liburutik, ez eta alderdi politiko batengandik.

Ekonomia ekologikoaz eta ekologia politikoaz aritzen zara zeure liburuan. Biak ere ikerketa eremu berri samarrak ditugu. Zer dira?

El ecologismo de los pobres gizarte-metabolismotik abiatzen da. Hau da, ulertu egin behar dugu ekonomia gero eta energia eta lehengai gehiago xurgatzen duen eta gero eta hondakin gehiago (karbono dioxidoa, beste kutsadura mota batzuk) sortzen duen sistema dela. Ekonomiaren dimentsio fisikoa handituz doa. Ez gara desmaterializatzen ari.

Baina ekonomia-zientzia arruntak ez du ekonomia gizarte-metabolismoaren arabera aztertzen. Nola enpresen kontabilitateetan hala kontabilitate makroekonomikoan, ”inurumen-pasiboak” ez dira kontuan hartzen. Pasibo horiek ikustezinak dira ekonomilarientzat. Aldiz, ekonomia ekologikoak dio alderdi biologiko, fisiko, kimiko eta sozialak izan behar direla kontuan. Hots, ekonomia %3an hazi bazen iaz, ados, baina esan dezatela, halaber, zenbat handitu den kutsadura, zer gertatu zaien ibaiei, zer basoei, zer umeen osasunari… Hau ez da unibertsitateko irakasle baten burutapen hutsa. Protestak daude ekonomiak natura hondatzen duelako. Batzutan, kaltetuak etorkizuneko belaunaldiak dira; ez dute protestarik egingo, ez dira-eta oraindik jaio. Berdin baleek, mutu jarraituko dute horiek ere. Baina inoiz, hondamendi ekologikoek gaur egungo pertsonei egiten diete kalte, eta horiek badira protesta egiteko gauza. Hala eratzen dira ingurumen-justiziaren aldeko borrokak. Ekologia politikoak aztertzen ditu gatazka horiek.

Pobreak daude hariaren mutur batean, beraz. Nor bestean? Enpresa handiak?

Enpresek erantzukin handia daukate. Haien kontabilitateak, esan dudanez, ez ditu aintzakotzat hartzen ingurumen-pasibo eskerga horiek, zor ekologiko horiek. Zenbat zor du Repsol-YPFk Argentinako lurralde maputxean ingurumen zein gizarte mailan eragindako pasiboengatik? Zenbat zor du Chevron-Texacok, Ekuadorreko oihanean eragindakoengatik? Zenbat Dow Chemcal-Unión Caribek, 1984an Bhopalen egindako kalte izugarriengatik? Leku askotan ari zaizkie enpresei kontuak eskatzen, arrakastarik gabe orobat.

Zor ekologikoa aipatu duzu. Hirugarren Munduan hamarkada bateko ibilbidea dauka eginda kontzeptu horrek, baina herrialde aberatsetan ideia berri samarra da, hainbat talde ekologista-eta zabaltzen dabilena. Zer da?

Giza-ekonomiak biomasa, erregai fosil eta mineral kontsumoa handitzen du. Gainera, lekua geureganatzen dugu, ekosistemak suntsituz eta beste espezie batzuk zokoratuz. Beraz, etorkizuneko gizaki belaunaldiei kalte egiteaz gain, gaur berean ere badira gero eta ingurumen-gatazka latzagoak.Ekonomiak, hazi ahala, lehengai gehiago eta energia gehiago erabiltzen ditu. Oscar Carpinterok Espainiako kasua aztertu du, eta ondorioa zera izan da: azken 50 urteetan, energia eta lehengai erabilera ekonomia-hazkundearen neurri berean hazi da, gutxi gorabehera. Batzutan, ingurumenarenganako presioa bestee kontinente batera eramaten da. Lehengaiei dagokienez, Espainiaren lehen bazkide komertziala ez da Europar Batasuna, Afrika baizik, inportazioei dagokienez beti ere (gasa, fosfatoak, petrolioa). Asko eta merke inportatzen dugu; exportatu, berriz, gutxiago eta garesti. Suma daitekeenez, ingurumenari egindako kalteak Iparretik Hegoranzko bidea egin dute. AEBk erabiltzen duten petrolioaren erdia baino gehiago inportatzen dute, eta Japonia eta Europa inportazioen are menpeago daude, fisikoki. Lehengai-fluxuak kalkulatuz gero, ikus daiteke Latinoamerikak inportatzen duena baino sei bider tona gehiago exportatzen duela: mineralak, soja, petrolioa, ikatza… Europar Batasunak, aldiz, lau bide tona gehiago inportatzen du exportatu baino. Horrek ondorio honetara garamatza: ekologiaren ikuspuntutik desberdintasunak areagotzen dituen merkataritza dugu.

Eta horrek zorra eratzen al du?

Bai. Hara, klima aldatzearen arrazoi nagusia diren karbono dioxido igorpenetan desberdintasun bera suma dezakegu. Erabiltzen ditugun lehengaien zati handi erregai fosilak dira: ikatza, petrolioa eta gasa. Erretzean karbono dioxidoa eratzen dute. Baina pertsona bakoitzak ekoizten duen karbono dioxido kopurua oso bestelakoa da munduko leku batzuetan eta besteetan. Karbono dioxidoa, berez, onuragarria da landareentzat; haiek xurgatu egiten dute, fotosintesirako erabiliz. Baina munduko aberatsok hainbeste ari gara ekoizten, non landareek eta itsasoek ezin baitute dena xurgatu. Honenbestez, atmosferako karbono dioxido kontzentrazioa handituz doa, eta klima aldatzea eragiten du. Norena da atmosfera, norenak dira itsasoak? Euren karbonoa dioxidoarekin heltzen diren lehenengoena? Ez al da hori ingurumen injustizia latza? AEBetako hiritar batek, batez beste, Indiako batek baino hogei aldiz gehiago igortzen du. Geure buruei galdetu behar diegu, beraz: nor dauzka karbono isurtegien –itsasoa, landaredia berria, lurzorua- jabetza-tituluak? Nor da atmosferaren jabe, sobera dagoen karbono dioxidoa bertan uzteko eskubidea edukitzeraino? Jakin badakigu Kiotoko protokoloa Bushen politika baino hobea dela, baina ez du banaketa-gatazka ekologiko izugarri hori konpontzen.

Horregatik eskatzen da Iparrak Hegoarekin daukan zor ekologikoa kita dezan. Desberdintasun ekologikoek, klima aldaketak, biopirateriak, hondakin toxiko esportazioek… eragin dute zor hori. Zor ekologikoa dirutan adieraz daiteke, baina diruz neurtu ezin diren alderdi moralak ere baditu.

Zeintzuk dira alderdi horiek?

Lehengai erauzpen eta garraioak, edo kutsadurak eragindako ingurumen-gatazketan hizkuntza desberdinak erabiltzen direla suma daiteke. Baliteke botere publikoek eta enpresek ekonomiaren araberako hizkuntza inposatu nahi izatea, den-dena dirutan neurtuz. Horrez gain, ingurumenarenganako eragina neurtzeko azterketa egingo dute, eta halaxe erabakiko da uharka eztabaidatsu bat eraikiko den, edo meategi bat zabalduko den. Baina gerta liteke kaltetuek, hizkuntza hori ulertu arren, eta diruzko ordaina jasotzea ezer ez jasotzea baino hobe dela pentsatu arren, euren kulturan dauden bestelako hizkuntza batzuetara jotzea. Esan dezakete, Kolonbiako U´Wa leinukoek Occidental Petroleum eta Repsoleri bezala, lurra eta lur azpia sakratuak direla, eta gainera norberaren kulturak preziorik ez daukala. Ingurumen-gatazka batean hainbat balore agertzen dira: ekologikoak, kulturarenak, giza-taldeen bizaraupenari dagozkionak. Baita ekonomiaren baitakoak ere. Horietako batzuk ez dira neurgarriak.

Horrela esanda, gatazka ekologikoak nekez kopondu daitezkeela ematen du. Batzuen eta besteen abiapuntuak elkarretik urrunegi egon! Hara, nire liburua, honezkero esan dugunez, ekonomia ekologikoari eta ekologia politikoari buruzkoa da. Ekonomia ekologikoak ekonomiaren eta ingurumenaren arteko gatazka azaltzen du, eta zalantzan jartzen du gatazka hori “garapen iraunkorra”, “eko-eraginkortasuna” edo “modernizazio ekologikoa”-ren gisakoekin konpon daitekeenik. Ekologia politikoak ingurumen-gatazkak aztertzen ditu, horietan diharduten alde desberdinek balorazio-hizkuntza desberdinak erabil ditzaketela agerian utziz. Neurtu ezinezko baloreak daudela ikus daiteke. Dena dirutan neurtzea botere-ariketa baino ez da. Todo necio/confunde valor y precio (ergel orok/balioa eta prezioa nahasi). Nork dauka ingurumen-gatazkak konpontzeko bitarteko jakin bat inposatzeko ahalmena? Balio al dute tokian tokiko demokrazian edota bertakoen lurralde-eskubideetan oinarritutako herri-galdeketek? Zenbateko balioa dauka sakratutasunaren aldarriak? Balore ekologikoek dirutara eramanda baino ez dute baliorik, ala berezkoa dute balio hori, biomasa eta bioaniztasun unitatetan neurtuta? Ekonomia-kontabilitateak beste edozerk baino balio handiagoa dauka? Galdera horiek munduko leku desberdinetako ingurumen-gatazkak behatzearen eta haietan parte hartzearen ondorioa dira. Hortixe dator, hain justu, liburu amaierako galdera: nork dauka balorazio-hizkuntza jakin bat inposatuz konplexutasuna bakuntzeko botere sozial eta politikoa? Joan Martinez Alier (Bartzelona, 1939) -Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ekonomia eta Ekonomia-Historia Saileko katedraduna. -Europako Ingurumen Agentziako Zientzia-Batzordeko kidea. -International Society of Ecological Economics elkarteko presidentea. -Ecología Política aldizkariko zuzendaria. -Argitaratutako lanak: . La economía y la ecología (1991, Fondo de Cultura Económica, Mexiko) . De la economía ecológica al ecologismo popular (1994, Icaria) . Economía ecológica y política ambiental (2000, Fondo de Cultura Económica, Mexiko) . El ecologismo de los pobres. Conflictos ambientales y lenguajes de valoración. (2004, Icaria)
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Valeriano Bozal Fernández. Filosofian lizentziaduna, Estetikan doktorea eta Arte Garaikidearen Historian katedraduna Madrilgo Complutense Unibertsitatean: Indarkeria estetizatzen ari zaigu

 

Irakurri

Salvador Marzana, Eduardo Aparicio eta Ramón Agesta. 75 urte II Errepublika aldarrikatu zenetik: II Errepublika, zuzenean

 

Irakurri

Marina Bidasoro Arocena. Egailaneko Zuzendari Kudeatzailea: Azken urteotan ez da asko aldatu lanbideen izena, baina gaur egungo profesionalek zerikusi gutxi daukate duela 20 urtekoekin

 

Irakurri

Hasier Etxeberria. Idazlea: Nik beti pentsatu izan dut ipuingilea naizela

 

Irakurri

Áurea Díaz de Guereñu. Gerrako umea: Ez dut izenik gogoratzen, ezta leku eta data askorik ere, baina estualdia bai. Hori, oraindik ere sentitzen dut

 

Irakurri