Nola hasi zinen lan mundu honetan?
Eskoriatzako Almen ikastetxean ikasi nuen. Goi mailako ikasketak egin aurretik, 17 urte nituela, Asier Aranguren kazetaria hitzaldi bat ematera etorri zen. Berak kazetaritzari buruz hitz egin zigun. Amaitzerakoan, berarengana gerturatu nintzen, hitz egiten hasi ginen eta telebistan zerbait egiteko nire asmoa azaldu nion. Berak, sortu berri zen Arrasate Telebistara gerturatzeko esan zidan. Txatxaran deituriko elkarrizketa programa batean kolaboratzaile lanetan aritzeko aukera eman zidaten. Hori izan zen nire lehenengo esperientzia.
Prentsan ere aritu zara. Zer da bi medioek eman dizutena?
Arrasate Telebistako lanarekin batera egiten nuen Arrasate Press-eko lana. Oso desberdinak dira. Prentsak, gaiak sakonago eta luzeago lantzeko aukera ematen du. Ez da berdina telebistarako minutu bateko albiste bat egin edo hiru orritako erreportaje bat egitea. Telebistaren berezitasuna azkartasuna da, eta prentsan gehiago landu daitezke gaiak. Beraz, sistema desberdinekin lan egiten erakutsi didate bi medioek.
Bestalde, ATB eta Arrasate Pressen aritu nintzenean, lan egiten erakutsi zidaten. Komunikabide txikiak izan arren, handietako lan berdina egiten da funtsean.
Telebista programa desberdinak egin dituzu.
Bakoitzak lantresna batzuk eman dizkit. Hasteko, telebista programa desberdinetan lan egiteak sistema desberdinekin aritu beharra adierazten du nire ustez; jarrera desberdinak izan behar dira jorratzen den gaiaren inguruan... Ez da berdina albistegi bat aurkeztea, Kili-kolo programa aurkeztea, Jaiak aurkeztea...
Bestalde, oso lagun onak egiteko aukera izan dut. Gainera, lan mota desberdinak eginda etorkizunean zer egingo ez dudan konturatzeko balio izan dit.
Esaterako?
Esaterako, pilota munduari buruzko saioak. Fronton programan aritu nintzen urtebetez. Ahal nuena egiten nuen partiduei eta pilotariei buruzko informazioa izateko, baina bestalde, oso urduri joaten nintzen saioetara eta ez nintzen gustura aritzen. Gainera ez nintzen, ez naiz eta ziurrenik sekula ez naizela pilotazale amorratua izango. Hala ere ez nion ezetza eman lan eskaintzari; denetik egin behar da mundu honetan. Nire mugak ezagutzeko ere balio izan zidan.
Betidanik nahi izan zenuen telebistan lan egin?
Txikitan gerra korrespontsala izan nahi nuen. Arrazoia ez zen telebistan irtetea, gertaerak jazotzen ziren tokian egon nahi nuen. Hori, normala denez, telebistarekin lotu nuen, eta beraz, kazetaritza ikasi behar nuela pentsatu.
Hala ere, Asier Aranguren ez balitz Almen ikastetxean egindako mintzaldira etorri, ez dakit lan honetan arituko nintzatekeen. Maiz pentsatu izan dut kasualitatez ari naizela kazetaritza munduan.
Nolako sentsazioa utzi dizu kazetaritzak?
Oso gustura nabil. Programa desberdinetan egin arren, lan berdintsua egiten dut denetan. Horrela, ez naiz eguneroko ohikerian erortzen; beraz, niretzat aberasgarria da saio mota desberdinak egitea. Hala ere, programa batetik bestera ibiltzeak saioan zerbait ez dabilela ondo esaten du gehienetan.
Zertan zabiltza orain?
Chiloé deituriko saioa prestatzen ari naiz irailetik. Bidaia programa baten bigarren denboraldia ari gara grabatzen. Aurkezle eta gidoilari lanak egiten ditut bertan. Lehenengo denboraldian aurkezle gisa aritu nintzen bakarrik, eta erronka handia izan da niretzako gidoilari lanak egitea. Lau pertsona gabiltza saioan lanean: zuzendari-errealizadorea, bi kamera eta ni.
Irailean hasi ginen, eta besteak beste, Jordania, Malasia eta Puerto Ricon egon gara.
Eta zein da gehien gustatu zaizun tokia?
Oso zaila da bakarra aukeratzea; uste dut toki guztietara itzuliko nintzatekeela. Lehenengo denboralditik Siria; bigarrenetik Puerto Rico eta Txile aukeratuko nituzke esaterako.
Grabatzera joan zareten tokietan, izan al duzue aparteko arazorik?
Bat ere ez. Irailaren 11ko atentatuak izan eta hilabetera Siria aldera joan ginen. Hasieran zalantzan egon ginen joan ala ez. Gaizki hartuko gintuztela uste genuen. Baina guztiz kontrakoa gertatu zen. Jendea oso adeitsua izan zen gurekin, beti laguntzeko prest azaldu ziren. Gainera, turistarik ez zegoenez, herrialdea benetan den bezalakoa ezagutu genuen. Esan daiteke aurreiritziekin joan ginela, eta ikasbide polita hartu genuela.
Zuk aukeratu al zenuen bidaia kazetaritzan aritzea?
Ez, egia da beti nahi izan nuela horrelako zerbait, baina eskaintza bat jaso nuen. Hasieran, lagun batek azaldu zidan saioaren zuzendariak lana eskainiko zidala. Baina ez zidan esan nik bidaiatuko nuenik, platoan egongo nintzela baizik. Zuzendariarekin hitz egin nuenean, ez nuen sinisten. Gainera, Sorginen Laratzako nire kontratua amaitu berri zegoen.
Ez da gerra korrespontsalaren lana, baina bai beti amestu dudana. Bestalde, jende askok esaten dit inbidia didala, eta uste dut ulertzekoa dela. Hala ere esan behar da ez dela turismoa egitea.
Zinea ere egin duzu.
Bai, Hilarri deituriko laburmetraian hartu nuen parte. Manu Gomez zuzendaria lagun mina dut. Laburmetraia egiteko gogoa zuen eta nigan pentsatu zuen. Nire amak ere hartu zuen parte. Izugarri gozatu nuen, baina batez ere nire amak esperientzia nola bizi zuen ikusteagatik. Manuk beste laburrik egingo balu eta bertan parte hartzeko gonbita jasoko banu, errepikatu egingo nuke zalantzarik gabe. Maider Egues 1974ko azaroaren 8an jaio zen. EHUn Informazio Zientzietan lizentziatu zen. 1993tik 1997ra Arrasate Telebistako erredaktore eta eguneroko albistegiaren aurkezle izan zen. Aldi berean, Arrasate Press aldizkariko erredaktorea. 1994-1995 urteetan TVE-2ko Fronton kirol saioko aurkezle-kolaboratzaile lanak egin zituen. 1997an ETBn hasi zen: Kili Kolo (1997-1998), Jaiak (1997-1999), Sorginen Laratza (1999-2001), Chiloé saioaren lehen denboraldia (2001-2002), Baietz Gogoratu! saioan erredaktore (2002ko irailetik), Kuxkuxeroak (2003) eta Chiloé saioaren bigarren denboraldia eta Vaya Semanita-ko lokuzioak.