Itsas arkeologoa zarela esan dut. Hala al da?
Sarritan esaten didate hori. Ni, zehazki, itsasoari lotuago nago arkeologiari baino. Itsasoko arkeologian asko mugitu maiz. Biltzar guztietan sortzen da itsas arkeologia, urpekoa edo itsaspekoa ote den eztabaida. Onartu behar da ikerketa-ingurua itsasoa dela, eta komunikatzeko, giza asentamendurako eta gizarte- eta merkataritza-harremanetarako bidea, berriz, ura. Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadatik nabil horretan; lurreko arkeologian, berriz, dezente lehenagotik. Itsasoak babestu egiten du batik bat, eta, hain zuzen, horrek erakarri ninduen.
Itsasoko mundua legetik at dago. Edonor ibil daiteke urpean, eta “saria” eraman. Protekzionistoi beti iruditu zaigu, neurri batean, delituzko jarduera dela, batik bat lapurretengatik. Urte hauetan guztietan, bereziki emaitza materialak lortzeko egin da lan, baina helburu materiagabeak ere ez dira ahaztu: ikerketa esperimentala, alderatua... gizona eta materia bera lotzeko aukera izateko.
Zergatik esaten da lurreko arkeologia baino babestuago dagoela?
Orokorrean, gehienok ur-geruza bat ezagutzen dugu, eta ez dakigu zer dagoen hortik behera. Eta ez dugu mundu arras ezezagun horretan sartzeko gogorik, beharrik, nahiz eta gero eta gehiago ezagutzen dugun itsaspeko mundua. Itsas epelei buruz ari naiz, zehazki. Itsas izoztuetan, berriz, ur-gainazal hori ez da muga bat, ate zeharkaezina baizik. Zehaztasunak zehaztasun, normalean arrantzaleek ez dakite latitude horietan igeri egiten. Ez dute igeri egiteko beharrik ere, izan ere itsasoa tenperatura oso txikitan egoten da.
Halere, arkeologiako gaietan ezjakinak garenontzat errazagoa da itsaspean zer aurki dezakegun jakitea, lur-gainean baino.
Kontraesana dirudi, izan ere gure ingurua lurra da. Ez gara sortu itsasoan bizitzeko, eta bertan jarduteko ortopedia ugari behar ditugu. Egia da, bestalde, dokumentazio eta erreferentzia ugari ditugula, batez ere itsasontziei buruz. Lurreko arkeologiari buruz daukaguna baino gehiago, hain zuzen. Baina ur-gainazala tarte iragangaitza da, eta itsaspean pausatutako materiala babesten du. Jakina, ñabardurak daude, izan ere, ez da berdin mantentzen Cadizeko badian eroritakoa, adibidez, eta Kantaurikoan edo Atlantikoan itsaspean dagoena, itsaso hori askoz astinduagoa baita. Itsasontzi bat kostalde irekian erortzen bada, ez du askorik iraungo, erreketan, estuarioetan edo itsasoko urek hartutako inguruetan baino askoz gutxiago.
Itsas arkeologiaren bilakaera lurrekoaren antzekoa al da?
Ez, ez horixe. Urpekoak bilakaera ezberdina izan du, eta erabili izan den metodologia ere bestelakoa da. Urpean, gure inguru naturala ez den aldetik, ezin da lurrean bezala lan egin, bestela jardun behar da. Askoz zailagoa da dena. Urpean jardun dezakegun denbora mugatua da, eremu txikiagoa ikusten dugu, eta edozein esfortzu akzio-erreakzio printzipioaren menpe dago. Ura grabitaterik gabeko ingurua da, eta horrek izugarri zailtzen du bertan jardutea. Ondorioz, badakigu urpeko arkeologia oinarrizkoagoa dela, lurrekoa baino askoz geldoagoa. Eta, beraz, garestiagoa.
Arkeologia mota honetan ere, pentsatzen dut zientziaren hasieratik urte asko pasatu behar izango direla benetako aditu zientzialariak aurkitzeko?
Bai. Unibertsitateak bidea urratu du. Hasiera batean horretan ari zirenak ia mundu osoan ziren ezagunak. Gustatzen zitzaielako eta ahal zutelako egiten zuten. Bitartekoak zituzten. Egungo unibertsitatean ez dago itsaspeko arkeologiaren espezialitaterik, baina irakaskuntza eboluzionatzen ari da eta gaur egun masterrak ditugu nonahi. Lehiaren munduak horretara behartzen gaitu. Itsas jarduera honetan aspalditik dabilenari masterra esperientziak eman dio. Gazte adituentzat espezializazioa da bidea, nahitaez. Horretarako, ikastaro ugari daude, itsaspeko munduaren diziplina guztien artean interakzio handia bermatzeko.
Beraz, hobeto prestatuta egon behar du haitzulo batera doanak edo aztarnategi ireki bat induskatzen duenak baino?
Ez dakit, ba, ez naiz hainbeste esatera ausartzen, izan ere, arkeologian gabiltzanok ikerketaren eta herritarren arteko lokarriak gara. Baina bai, uste dut urpeko ikerketak espezialitate gehiagoren eta diziplina anitzagoko taldeen beharra duela. Gure eremuan, ikerketarako ezinbestekoa da arlo hauetan adituak direnekin osatutako talde bat izatea: ontzi-arkitekturan, materialen kontserbazioan... baita urpekaritza-ekipoaren laguntzan eta mantenimenduan ere.
Gutako gehienok Ekaingo, Santimamiñeko, Iruña-Veleiako eta abarreko aztarnategiekin lotzen dugu arkeologia. Ezagutzen al da hemen itsas arkeologiaren esparruan egiten dena?
Ezin dugu esan ezezaguna denik ere. Egia da, hala ere, ezagutza sektore gutxiengodunetan dagoela. Adituok gaiari buruzko argitalpenetatik elikatzen gara, eta esan beharra dago lurreko arkeologiari buruz baino argitalpen gutxiago dagoela. Dena den, ez da jakin-mina duenarengana heltzen. Itsasoko arkeologia “aurkikuntza handiei” dagoela lotuta esan dezakegu. Gainera, kutsu abenturazalea du, Cousteau-ren antzera. Horregatik, lorpen zientifikoak ez dira hain ezagunak izaten.
“Itsasoko mundua legetik at dago. Edonor ibil daiteke urpean, eta “saria” eraman”.
Euskal Herrian aitzindaria zara itsas arkeologian, baina kanpoan ere egin duzu lan, gure Herriarekin zerikusia duten ikerketetan. Zer ibilbide izan duzu?
Hasiera oso interesgarriak izan zen, ia egin nahi nuen guztia ezezaguna nuelako hain justu. Sektorean jende gutxi, oso gutxi, zebilen hirurogeiko hamarkadaren amaieran. Uretan lan egiten zutenak urpekariak ziren. Urpekaria elementu garrantzitsua da arlo honetan. Esate baterako, dragatzailea ere oso garrantzitsua zen: kai barrenak mugitzen zituen bere zereginean eta, ondorioz, ikertu gabeko material ugari suntsitzen. Horrek esan nahi du garai hartan arlo horretan lan egiten zuten guztiak ezagutzen zenituela, informazioa biltzeko eta koordinatzeko. Zaila zen jarduteko modu bat aldatzea, gainera jarduera profesionala zela, hau da, horretan ziharduena soldata baten truke ari zela kontuan hartuta. Arrantzan aritzen zena normalean ez zen barrenera jaisten. Bazen, halaber, kirol urpekaritzan aritzen zenik.
Lehenago esan dudanez, urpean sartzen diren gehienek lapurtu egiten dutela pentsatu behar dugu. Eta nahitaez ondo konpondu beharra dago haiekin, bestela ez dago jakiterik zer gertatzen ari den. Gaur egun oso arkeologo gutxik dute harreman ona urpekari profesionalekin edo kirol-urpekariekin. Badirudi arkeologoaren duintasunak ez duela onartzen horiekin harremanak izatea. Eta beharrezkoa da horiekin harremanak izatea, nahitaezkoa esango nuke nik.
Gai horretan, lanari serioski heldu zion pertsona Jaime Rodríguez Salís da, arkeologia zale amorratua. Urpekarien arten egiten ari zenari kutsu zientifikoa eman zion. Harrezkero beste batzuk agertu dira, esate baterako Zaragozako Unibertsitateko katedradun Manuel Martin Bueno, lan handia egin baitu gure kostetan. Eta gero hainbat lagun heldu ginen, espezialitateak gure kezkak eta jakin-nahiak garatzeko aukera ematen zuelakoan. Itsaspeko arkeologiako elkartea sortu genuen: INSUB. Elkartetik alderdi biologiko eta arkeologikoak ikertzen genituen eta desagertzeko arriskuan ikusten genuen guztia babesten genuen. Dena dela, ez zitzaigun premiazkoa iruditzen urpean ikerketa handiak egitea, barrenak mugiarazita edo ondarearen suntsipena ekarriko zuen teknologiaz baliatuz. Zegoena ezagutu nahi genuen, kirol-jarduerarik handieneko guneak miatu, besteak beste, Hondarribia, Donostia, Getaria, Mutriku... Eta pieza esanguratsuren bat aurkituz gero, berreskuratzen ahalegindu. Hori izan da gure lan egiteko modua, Gipuzkoako kostaldean. Bizkaikoan, berriz, jardunbide ezberdinak erabili ditugu, nahiz eta problematika bera izan. Edonola ere, noiz edo behin Bizkaiko kostaldean ere esku hartu izan dugu.
Komentatu dut nola itsas arkeologian “aurkikuntza handiak” bilatzen direla. Zenbat egin dituzu?
Komunikabideak direla eta, ematen du dena Odissey-ren antzekoa izan behar dela. Baina, ez da horrela. Pezioak edo urperaturiko ontzien zatiak aurkitu izan ditugu, eta induskatu egin izan ditugu, nahiago genuela ez induskatu esan dudan arren. Hori bai, suntsitu egingo dena berreskuratzen ahalegintzen gara. Orioko itsasadarrean, XVI. eta XVII. mendeetako lau pezio berreskuratu ditugu. Oria nabigatzeko moduan uzteko, hondarra kendu beharra zegoen, eta, hondarra ateratzerakoan, dragak (aldi berean lagun eta etsai dugunak) itsasontziok aurkitu zituen: jakina, gelditu ezean suntsitu egingo zituen. Patatxe benakeroak1 ziren ontziok, burdina-mearekin eta burdina manufakturatuarekin jarduten zutenak. Kanadak, esate baterako, interesa agertu izan du hemengo itsas arkeologiari buruz, eta mota horretako dokumentazioari buruz. Hori guretzat kristoren aurkikuntza izan zen.
Bigarren aurkikuntza handia erromatarren brontzeak dira. Higerreko badian aurkitu ziren eta une honetan Oiassoko museoan daude. Eta hirugarren bat, agian aurki daitekeen peziorik garrantzitsuena, Urbietakoa da. Gernikako itsas adarretik Gernikaraino nabiga zitekeen eta hiribildurako joan-etorria handia zen. Eta han agertu zen, lur-ingurune batean nolabait esateko, XV. mendeko itsasontzia, tingladillo sisteman egindakoa. Sistema horretan, zurezko oholak elkarren gainean jartzen ziren, eta, beraz, kroskoa zuaker-egitura baino lehenago eraikitzen zen: sistema hori XVI. mendean desagertu zen. Itsasontzia suntsitzeko asmoa zuten, itsasadarra desbideratzeko obra zibila egitearren. Bizkaiko Aldundia aurkikuntzaren garrantziaz jabetu zen zorionez eta ebaluatzeko eskatu zidan. Ondoren, itsasontzia induskatzen hasi ginen. Eta ateratzeko, baina, teknika berezi bat erabili behar izan genuen, kroskoak ilara guztiak zituelako: gila, karela eta abar. Baina lau metro lur zituen gainean. Burdina egoera onean zegoela konturatu ginen, izan ere oxigenorik ez zegoen inguru ilun batean zegoen, baina ezin genuen taulaz taula desmuntatu. Ondorioz, oso-osorik atera behar izan genuen. Roskide-n (Danimarka) itsasontzi bikingoak ateratzeko erabili zen teknika beraz baliatu ginen. Lokatza ebaki eta multzoa altxatu genuen. Erraza da esaten baina izugarri korapilatsua egiten2.
Hura ez zen induskatze soila izan; abentura teknologikoa ere izan zen. Itsasontzia kontserbatu eta formak eman zitzaizkion, itsasontziak urperatzean liburuen antzera irekitzen baitira. Horretarako, Europa mailako diziplina anitzeko proiektua planteatu genuen, eta, nik neuk koordinatuta, Pasaiako ontzitegi honetan gauzatu genuen. Emaitza oso ona izan zen, eta itsasontzia Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan ikus daiteke.
Gure kostaldeko aurkikuntzei buruz hitz egin duzu, baina duela urte batzuetatik Kanadako indusketetan parte hartu duzu euskal ontzien aztarnen atzetik...
Hala da. Valladolideko Chancilleriako artxibategian eta Oñatikoan, 1565ean Kanadako badia batean (orain ez du orduko izena) urperatu zen itsasontzi bat aipatzen da. Selma Huxley Barkham-i eta horren seme Michael-i zor diegu aurkikuntza, eta horien hurbilketa-azterlan bati esker, kanadar gobernuak horren berri izan zuen. Badia Red Bay (lehengo Buttes) zela pentsatu zuten, Donostiakoa baino dezente handiagoa eta sakonagoa. Itsasontzia bilatu beharra zegoenez, itsasontzi ozeanografikoak kokatu ziren bertan barrena arakatzeko. Azkenean, metodo tradizionalak (botilekin jaisteak) funtzionatu zuen, eta “San Juan” aurkitu zuten, horrela deitzen baitzen, dokumentazioaren arabera, Huxley Barkham ama-semeek aurkitutakoa.
“Gure elementuen inguruan sortzen den arkeologiak, Kanadako baleontziak eta Hego Amerikako, Ingalaterrako, Danimarkako eta Holandako itsasontziak barnean hartzen dituenak, aukera eman digu Euskal Herriko ontzigintzaren morfologiaren bilakaera ikertzeko”.
Itsasontzia 1565ean eraiki zen Pasaian, eta Kanadara joana zen balea arrantzatzea. Urte horretan bertan3, ekaitz batek urperatu zuen, berriro Pasaiara bueltatzeko itsasoratu zenean. Gutxi gorabehera, zazpi metrotara geratu zen. Koipez betetako barrika asko eta masteriaren zati garrantzitsu bat berreskuratu ahal izan ziren. Kanadako gobernuak ikerketa-taldea osatzeko eskatu zidan eta sei hiletan zehar joan nintzen. Esperientzia ezin hobea izan zen. Itsasontzia ez zen berreskuratu, nahiz eta finantza-fondoak izan horretarako. Hori laurogeiko hamarkadan izan zen, eta krisi ekonomikoa ez zen oraindik igartzen gure jardueran. Beraz, itsasontziko egur guztia (milaka hain zuzen) atera genuen, itsasontziaren gainean jarri zen gabarra batera, eta laborategia ere bertan ezarri zen. Eta pieza guztiak banan-banan aztertu ondoren, berriro jaitsi egiten ziren biltegiratzeko eta itsasontzia hondoratu zen toki berean lurperatzeko. Aldizkako bisitak egiteko lekuko batzuk ezarri ziren, haren egoeran egon zitezkeen aldaketak kontrolatzeko.
Horren guztiaren oroigarri txalupa bat geratu zen, hori ere urpetik aterea...
Bai, hala da. Zureria guztia atera ondoren, kroskopean hiru txaluparen hondakinak agertu ziren ia osorik. Dibidieta legez, aparteko pieza oso berezia zenez, Ottawara eraman zuten, Kanadako itsas arkeologia zentrora, eta han berreraiki egin zuten txalupa. Gaur egun, Red Bayko museoko ontzi intsignia da, osorik kontserbatzen den garaiko euskal txalupa bakarra. Eta “San Juan” sakon aztertu den euskal baleontzi bakarra, nahiz eta ontzi askoren hondakinak izan. Red Bayn hain zuzen beste hiru agertu dira. Horrek ondotxo erakusten du arrantza- eta merkataritza-ontzien harako joan-etorria handia zela.
Espezialitateen interakzioaren bidez, gehixeago zehaztu da Euskal Herriko itsas historia?
Gure elementuen inguruan sortzen den arkeologiak, Kanadako baleontziak eta Hego Amerikako, Ingalaterrako, Danimarkako eta Holandako itsasontziak barnean hartzen dituenak, aukera eman digu Euskal Herriko ontzigintzaren morfologiaren bilakaera ikertzeko. Ezin dugu esan dena ezagutzen dugunik, baina aurrera goaz ontzigintza iberoatlantikoaren tipologia zehazteko zereginean, eta esan dezakegu Frantziakoa eta Espainiakoa ez bezalakoa dela. Berezko ezaugarriak eta eraikuntza-xehetasun bereziak ditu, XV. mendera garamatzatenak. Horretarako, lehen aipatu dugun Urbietako kasua funtsezkoa izan da. Tingladillo izeneko sistema Europako Iparraldekoa da, baina Gernikan aurkitutakoa ez dator erabat bat Europako Iparraldekoekin. Ondorioz, badira zenbait ezaugarri bereziki euskal ontzigintzarenak direnak. Iberoatlantikoa izena eman diogu chauvinismoan ez erortzeko.
Euskal kostaldean aurkitutako ontzi-hondakin guztiak ikertu dira?
Ez, ez horixe. Izan ere, ez ditugu ezagutzen ontzi-hondakin askoren nondik norakoak. Beste batzuk desagertuz joan dira. Hondarribian itsasontzi bat zegoen, Martin Buenok hirurogeiko hamarkadan erromatartzat katalogatu zuena, eta gaur egun existitu ere egiten ez dena. Gure itsasertzean aurkitutako bakarra da. Arazo handia dugu arrasteko itsasontziekin, burdinazko salabardo izugarriek parean aurkitzen duten guztia apurtzen baitute. Donostian bi pezio daude: bat kargarik gabe baina kroskoarekin eta bestea alderantziz. Ez dira ikertu. Ideiak argi eduki behar dira induskatzeko, ez baita oso erraza lortuko den informazioa errentagarri bihurtzea. Ikerketak hutsune batzuk beteko dituen ustea izanez gero, saia daiteke. Askotan, badela jakitea nahikoa da, betiere suntsitzen ez bada.
Ezagutzen duzu ikertzea eta induskatzea gustatuko litzaizukeen ontzi-hondakinik?
Jakina. Guztiok gabiltza gerra zibileko bou edo arrasteko bikote bizkaitarren atzetik. Itsas kapitaintzako artxibategiei esker, badira induskatu nahiko genituzkeen zenbat itsasontzi, baina itsas zabalean daudenez, zaila da horiekin lan egitea. Adibidetzat Oriatik atera genuen Orio IV benakeroa dugu: bagenuen horren berri, ikusita genuelako, baina berriz aurkitzeko hilabetetik gora behar izan genuen. Itsasoa aldakorra da.
Nola ikusten duzu itsas arkeologiaren etorkizuna Euskal Herrian?
Arkeologoak bizi egin behar du. Ezagutzen dugun arkeologia tradizionalak ez du bizitzeko adina ematen. Zer egiten duzu espezialistak sortzeko? Modu bakarra legearen bidea da. Legeak babesguneak aitortu behar ditu, bertan egiten diren lanak ikerketa arkeologikoaren arauetara lotu daitezen. Legerik ezean ez dago aurrerabiderik. Eta frogatzat dugu ondarearen euskal legea, atera zenetik ugaritu egin baitira enpresa arkeologikoak. Baina horrek lurrerako balio du. Zoritxarrez, itsasoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ez du babesgunerik aitortu gaur arte. Horregatik, gure ondarea galtzeko arriskua dugu.
1 http://www.international.icomos.org/risk/2006/25izaguirre2006es.pdf
2 http://www.international.icomos.org/risk/2006/31izaguirre2006es.pdf
3http://um.gipuzkoakultura.net/itsasmemoria5/huxley.pdf Manu Izaguirre Lacoste (Donostia, 1949) Bartzelonan aparejadore ikasketak burutu zituen eta gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko Ondare teknikaria da. Arkeologia eta submarinismoa maitatzen ditu eta bi pasio horiek batzen jakin izan du. 70eko hamarkadatik itsas arkeologiari estu heldu dio eta esan genezake gure herrian aitzindaria dela gai honetan.