Mari Jose Iriarte. Prehistorialaria: Gurean beti izan den landare espeziea pinua da

2013-10-02

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtua

Gaztea dugun arren ikerlaririk ospetsuenetakoa da bere espezialitatean. Ikerbasque elkartearen kidea dugu eta, halaber, EHUko irakaslea. Prehistorialaritzat dauka bere burua eta eskarmentu handikoa bilakatu da Mari Jose Iriarte lehen indusketetan aritu zenetik. Paleonologian espezializatu da, hots, polen fosilaren ikerkuntzan.

Bere lana indusketa arkeologikoekin dago erlazionatua eta batez ere polen fosilaren ikerketarekin. Horren bitartez garaiko landa-paisaia ezagutzen da eta horiek baldintza paleoklimatikoak ezagutaraz ditzakete. Fosilizatutako polena ikertzen duen zientzia arloari paleopalinologia esaten zaio. Eta Iriarteren bete beharrak, behin fosila berreskuratuz gero, laborategian segitzen du tratamendu kimikoekin, polenak eman ditzakeen datuak ezagutzeko.

“Gure lanarekin informazio paleo-ingurukoa ateratzen dugu, aztarna botaniko eta faunakoak aztertzen ditugularik. Horiek egundoko informazio klimatikoa eskaintzen digute eta horrek klimaren bilakaeraren gaineko puzzlea eratzen laguntzen digu. Erakusle denen artean ateratzen dugu, ondorioz, giza bilakaeraren erradiografia, jakin baitakigu zer nolako lan gai eta lanabesak erabiltzen ziren eta nondik ekartzen zituzten. Areago, baita antzinako gizaki haien gaixotasun eta osasunbideez ere informa dezakete datuek”.

Mari Jose Iriarteren ikerketen bidez iraganeko landare multzoak ezagutzen dira eta espezie desberdinen agerketa zein desagerketaren data. Eta behin gizakia ekoizle bihurtzen deneko paisaiaren antropizazioaz informazioa ematen zaigu. Horregatik dakigu gurean laboreak direla neolitikoan agertu ziren lehenak. Eta ordudanik gure ingurunean eragiten ari garela, ardia sartzen denean soloen beharra agertu baitzen, desforestazioaren hastapenari abiadura emanez. Gizakiaren sedentizazaioak aldaketa bortitza ekarri zuen gure ingurunera eta egoera horren aurreko ikerketa paleopalinologikoak zerikusi ia bakarra klimarekin baldin bazuen, behin giza talde egonkorra bilakatuta paisaia aldatu egiten da, sakon, gizakien premiekin lotuta.

“Pirinioetako pagadi handien presentzia Brontzezko Arotik ematen den desforestazioaren ondorioa da. Diagrametan agertzen den bezala, duela 3.000 urte eman zen pagoaren agerpen masiboa. Horren aurretik pagoa beste espezie askorekin bizi zen —haritzak, hurritzak, ...— proportzio txikiagoan. Gizakia agertu aitzin ere hemengo espeziea zen pagoa —nire ikerketetan duela 10.000 urte bazirela ondorioztatu dut—. Eta lehenagokoak ere ditugu gaztainondoa eta intxaurrondoa, pleistozenokoak, duela 12.000 urte”.

Iriartek erakusten duenez, klima aldatzen joan da denborarekin. Eta Arrasateko Labeko Koban burututako indusketek horren froga argia eman zutela azpimarratzen du, bi mila urteko tarte laburrean landare gutxi baina desberdinetako paisaiatik pinua bakarrik agertzen dueneko garaira igarotzen baita, hotz handiko sasoira. Eta orduko gizakiek, egur gutxi zutenez gero sua egiteko beste lan gai desberdinetara jo behar izan zuten.

Prehistorialaritzat dauka bere burua eta eskarmentu handikoa bilakatu da Mari Jose Iriarte lehen indusketetan aritu zenetik. Paleonologian espezializatu da, hots, polen fosilaren ikerkuntzan.

“Klima aldatzen doa, aro historikoan barne. Horra hor, Erdi Aroko sasoi epela eta izotz aro txikia. Horrek ez du esan nahi, azken horretan —XIX mendearen bigarren erdira arte luzatu zena— hotz ikaragarria izan zenik. Baina oso gora behera handiak eman ziren. Duela 20.000 urte gauza bera gertatu zen, eta orduko biztanleak egokitu behar izan ziren egoera diferenteetara. Klima aldatzen doa eta joera izan daiteke glaziazio baterantz edo, gaur dugun glaziar-arteko egoerarantz. Historiaurrean klima epeltsuan bizi izan zirenek espezie kaduzifoliak ezagutu zituzten eta hori dakigu polena aurkitu dugulako”.

Polenarengatik ezagutzen da Euskal Herrian beti izan den espeziea pinua dela. Nahiz eta fama txarra duen, pinua beti zintzoa izan da Euskal Herriko paisaian. Klima epelean beste espezie askorekin. Hotza denean, urki eta ipuruarekin batera. Iriarteren ikerketa lanetan, inoiz haritz edo hurritz gabeko sasoiak agertu dira. Baina pinua beti egon da presente. Iriarteren ustez, hezkuntza sisteman asko egin dezake gure oihan eta, oro har, paisaiaren iraute prozesu egokian.

“Nik uste dut hezkuntza sistema ahalegin handiak egiten ari dela inguruneari buruzko kontzientziazioan. Baina sendi giroan zein lagun artekoan modu eraginkorragoan aritu beharko genukeela uste dut. Etxean eta kalean ausartagoak izan beharko genuke. Daukaguna iraunaraztearekin nahikoa lan dugu eta horretarako denok egon beharko genuke prest”.Mari Jose Iriarte ChiapusoDeustu eta Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitateetan ikasi zuen, eta bigarrenean Geografia eta Historiako Lizentziatura (1985), Lizentziatura Gradua (1986) eta doktoretza (1994) eskuratu. 2002tik, Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Goi Errendimenduko Ikerketa Taldeak kontratatutako ikertzailea da Gasteizen, eta Pleistozenoko zein Holozenikoko metaketa arkeologiko eta naturalei lotutako sekuentzia palinologikoen azterketaren arduraduna da. Profil horretaz gain, gure eskualdeko aztarnategi paleolitiko eta mesolitikoak batera zuzendu eta aztertzen ditu, adibidez, Jaizkibelgo multzo arkeologikoa edo Bolinkobako koba. Hainbat kongresutako partaidetzaren eta aldizkaritako zein monografikotako lankidetzaren ondorioz, argitalpen-zerrenda luzea utzi du 1989. urtetik.Iturria: Aranzadi Zientzia Elkartea
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Jone Karres Azurmendi. Alardearen seme-alabak dokumentalaren zuzendaria: Klabea izan da sufritu dutenekin enpatia izatea, elkarri entzutea eta ulertzea

 

Irakurri

Antxon Aguirre Sorondo. ACEM elkarteko Lehendakaria: 30 urte baino gehiago erroten ikerketari eskainiak

 

Irakurri

Jose Antonio Azpiazu. Historialaria eta antropologoa: Itsas-lehiakide bat gutxiago edukitzeko suntsitu zuten ingelesek Donostia 1813an

 

Irakurri

Alain Xalabarde. Zinemagilea: Ezin dugu ahaztu zinema negozioa dela halabeharrez, eta modu horretan ulertu behar dugu

 

Irakurri

Anjel Lertxundi. Idazlea: Euskarak aukera ugari ditu literaturan

 

Irakurri