Jose Antonio Azpiazu. Historialaria eta antropologoa: Itsas-lehiakide bat gutxiago edukitzeko suntsitu zuten ingelesek Donostia 1813an

2013-07-31

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Jose Antonio Azpiazu ikerlari oñatiarrak liburu bat argitaratu berri du, Donostiaren suntsiketaren gain idatzitakorako ikuspuntu berri bat adierazten duena. “1813: crónicas donostiarras: destrucción y reconstrucción de la ciudad” titulua daukanak gizarte harengana hurbiltzen gaitu, ingelesek hiria erre ondoren berriz ere lanean jarriko diren bere biztanleen izpirituak birsortuko duen espazio berriaren abiapunturaino.

Aurten berrehun urte betetzen dira Donostiaren erasoa eta erreketa gertatu zirela eta ordutik hona asko eta zabal idatzi da gertatutakoaren inguruan. Zuk ere liburu bat atera berri duzu horren gain: “1813: crónicas donostiarras: destrucción y reconstrucción de la ciudad”. Noiz eta nola bururatu zitzaizun ideia?

Nire ikerketa-lan gehienak XVI eta XVII mendeetan kokatu ditut orain arte eta Donostian XIXan gertatutakoaz lan egitea kasualitatea izan zen. Asmoa banuen Donostiako dokumentazio berria arakatzeko, izan ere erreketarekin aurreko gehiena galdu egin baitzen. Nire interesa zen, batez ere, hiriburuko kultura materialaren inguruan zertxobait aztertzea. Orain berrehun bat urte jendea nola bizi zen, zer nolako tresneria erabiltzen zuten eta abar ezagutu nahi nuen, horixe izan baita nire ikerketa askoren lerro nagusia beste zenbait kasutan. Oñatiko protokolo artxibategira jo nuen eta informazio zabala aurkitu nuen. Nire harridurarako, han zegoen guztia inork ukitu gabea zen. Beraz, material ederra neukan esku artean ikerketa desberdin bati ekin ahal izateko. Eta halaxe izan zen. Banekien hura ez zela nire ohiko lanen garaia, baina iruditu zitzaidan aprobetxatu behar nuela aukera. Ekin nion ikerketari eta dokumentazioa ikertzen nindoan heinean garbi ikusten zen erreketaren ondoko urteetan hiritarren asmo nagusia egoera hartatik lehen bait lehen ateratzea izan zela. Batez ere hamar urte izan ditut gogoan: 1813-1823 bitartekoak. Valladolideko Chancilleriara ere joan nintzen eta han ere auzi ugari aurkitu nituen erreketaren inguruan. Tolosako artxibategian gauza bera gertatu zitzaidan eta Donostiako dokumentazioa ere miatu nuen baina hura oso erabilia zegoen. Dirudienez, Oñati urrun samar geratzen zaie hiriburuko ikerleei, bestela ezin da ulertu nola pasatu zaien ukitu gabe hemengo dokumentazio piloa.

Zure lanaren abiapuntua kokatu ondoren zerbaitxo esan beharko zenuke tropa napoleonikoek bost urtez hartua izan zuten 1813ko Donostia hartaz...

Une latz haietan frantsesen eta ingelesen arteko borrokak harrapatu zituen bete betean donostiarrak. Orduko inperialismoaren erreferenteak ziren bi nazio horiek, espainiarrarena beherantz zihoan bitartean. Ingelesak Portugal zeukaten aliatua, frantsesek Portugal bereganatu nahi baitzuten. Frantsesak asmo horrekin ari zirela eta hemendik igarotzean Donostia eskuratu zuten 1808an, Espainiako Fernando VII erregearen baimenarekin, eta bertan geratu ziren. Donostiak, batez ere, Urgull gotorlekuarengatik zeukan interesa eta tropa destakamendu indartsu bat geratu zen bertan bizitzen. Horrek hiriko bizimodua baldintzatu zuen.

Geroago ingelesek, 1813ko erasoa zuritzearren, esango dute donostiarrak frantsesekin adiskidetu egin zirela, baina hori ez da egia. Frantsesek indarrez inposatu zuten euren agintea eta hiritarrek —biztanleria zibila, gehien bat— haien mende egon behar izan zuten, irtenbide askorik gabe. Oso bizimodu gogorra izan zen orduko donostiarrena, azken finean militar frantsesak zirelako hiriko jaun eta jabe. Izaten ziren, bai noski, ekitaldi ludikoak eta abar —antzerkia, musika...— eta donostiar agintariak zein ingurukoak gonbidatzen zituzten. Baina horrek ez du esan nahi bi aldeak adiskideak zirenik. Derrigorrez bizi behar izan zuten donostiarrek frantsesen okupazioa, 1813ko abuztuaren 31 bitartean.

Nolako zehaztapenak zituen Donostia hark?

Hiri txiki bat zen, gaurko ikuspegitik neurtuta. Gipuzkoako handiena genuen arren, ez zen 10.000 biztanletik pasatuko. Kontuan izan, garai hartan Oñati batek 5.000 hiritar zituela. Donostiar gehienak Alde Zaharrean bizi ziren eta gainerakoak Santa Katalina zubiaren inguruan, San Martin kalean eta Antiguoko baserrietan. Donostia harresien barruan zegoen kokatuta, alde batetik, eta itsasoa zeukan bestetik. Beraz, oso hiri apala zen biztanleriari dagokionez. Kasko historikoan kale estuak zituen, garraio eta osasunerako bat ere egoki ez zirenak, eta jendea pilatuta bizi zen, etxe altu samarretan. Merkataritza zen nagusi euren ofizioetan eta ongi maneiatzen ziren sal erosketetan.

Donostiaren suntsiketa Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerrako testuinguruan ulertu behar da. Zure liburuaren bitartez gerra handi horren barruko Donostiako istorio txikiak kontatu nahi izan dituzu. Ba al da atentzioa deitu dizun zerbait?

Hainbatek! Gogoan izan behar da niretzat gai berri bat zela, eta liburu dezente irakurri behar izan nuen neure burua behar bezala janzteko. Baina hasieran nioen moduan, nik dokumentuetan aurkitu dut egundoko iturria. Hain zuzen ere, gerraren ondoko dokumentuetan. Herria berreraikitzen hasi zirenean, normala den bezala atzera begira jarri ziren donostiarrak, galdutakoa oroimenean ez ezik baita modu materialean berreskuratu nahian. Nik ikertutako hamar urte horietan, beraz, atzera begirada bat da oso maiz aurkitzen duzuna. Jakina, bizimodua aurrera ateratzeko asmoarekin baina atzea ahaztu gabe.

Gauza bitxiak agertzen dira. Esaterako, ez eskatutako testigantzak. Emakumeen pairamenak oso gogorrak izan ziren. Hiriko aberatsek inguruko euren baserrietara ihes egin zuten eta maizterrek onartu eta babestu behar izan zituzten. Donostian jende umila, txiroa geratu zen, nora joaterik ez zuelako. Une hartan biztanleengan ondorio bortitza izan zuen izurriteak eta esan daiteke hiritar gehiago hil zela gaixorik frantsesen eta ingelesen arteko armen eraginaz baino. Aipatu dut emakumeen kasua eta derrigorrez azpimarratu behar da horien gainekoa. Asko eta asko neskame gisa ari ziren hiriburuan eta sufritu egin zuten soldaduen erasoa. Eta euren desgrazian denetariko trukuak asmatu behar izan zituzten. Adibidez, komunetan gordetzen ziren, kaka artean, soldaduek harrapa ez zitzaten.

Zergaitik eragin zuten aliatuek horrelako suntsiketa eta amorrua Donostian eta donostiarrengan?

Ez zen izan Donostiarekin zuzenean erlazionatutako amorrua. Hura gerratea zen eta gerra guztietan soldaduek denetariko gehiegikeriak egiteko baimena izaten dute. Beste zereginik ez zuten pertsonak ziren orduan soldaduak eta esan daiteke gerratik bizi zirela, hortik ateratzen zuten euren soldata. Kasu honetan, ingelesak Gasteizen ere izan ziren garaileak egun batzuk lehenago, baina han hiriak izan zuen defendatzaile sutsu bat, Alava Jenerala, aliatuekin zetorrena. Hark ekidin egin zuen ingelesak Gasteizera sartzea. Beraz, frantsesen atzetik zihoazen tropek aurkitu zuten lehen hiri gozoa Donostia izan zen. Merkataritzako hiria zen, aberatsa, eta jokoa eman ziezaiekeen sakelak betetzeko. Amorrua ikusten da, bai, ingelesen jokaeran baina normaltzat hartu behar da soldaduen aldetik buruturiko hondamendia.

Beste gauza bat da buruzagi militarren portaera. Bazituzten euren soldaduen krudelkeriak gerarazteko bitartekoak, baina ez zuten egin. Eta zazpi egunez iraun zuen infernu hark. Zergatik? Ene ustez, donostiarrak ingelesen arerioak zirelako, mendez mende, itsasoan. Eta beharbada oroitzapen horren arabera lehiakide bat mapatik kentzea iruditu zitzaien zuzenena tropen buruei. Sarraski hartatik ondoriozta zitekeen hiriaren desagerpenak onura ekarriko zion Ingalaterrako inperioari. Eta horregatik ez zuten atzamarrik mugitu Donostiako kaleetan gertatzen ari zena ekiditeko. Zorionez, Donostia desagerrarazteko asmo hura ezerezean geratu zen, erreketaren ondoko zortzigarren egunerako donostiarren asmoa euren hiria berreraikitzearen aldekoa zela erakutsi baitzuten.

Herria berreraikitzen hasi zirenean, normala den bezala atzera begira jarri ziren donostiarrak, galdutakoa oroimenean ez ezik baita modu materialean berreskuratu nahian.

Donostiaren sutearen eta suntsiketaren errudunen inguruko eztabaida ezberdinak daude. Zein da zure ikuspuntua?

Gerrako kontuak dira. Dantzan ibili dira izen batzuk, eta tartean espainiarrak ere bai —horra hor lehen aipatutako Alava jenerala eta batez ere Castaños—. Testigantza batzuetan agertzen da Castañosek agindu zuela Donostiako biztanleria erailtzea eta hiriaren suntsiketa eragitea. Ez dut uste hori egia denik, alde batetik Castaños hemen ez zegoelako eta, bestetik, agintzen zuena eta horretarako baimena eman zezakeena Lord Wellington jenerala zelako. Lesakan zegoen une haietan eta bertatik ematen zituen aginduak. Eta bere bigarrena zen Graham jenerala ere errudunen tartean sartu behar dugu. Espainiar armadari errua egoztea ez da erabat zuzena. Castaños Bailenen heroia izan zen arren Donostian ez zeukan aginterik eta ez dago dokumentatua ingurutik zebilen ere. Nondik dator istorio hori? Biztanleak beldurrarazteko asmatutako mehatxua izan daiteke, errez asko.

Ene iritziz, Wellington eta Graham jeneralei leporatu behar zaie Donostian gertatutakoa. Donostiarrak frantsesen lagunak zirelakoan edota aurrerantzean itsas-lehiakide bat gutxiago izango zelakoan hartu zuten hiria suntsitzeko erabakia.

Lehen aipatu duzu berreraikitzearen izpiritua zortzi egun baino lehen sortu zela. Herriko agintariak Zubietan elkartu eta hiria berreraikitzeko proposamena sinatu zuten. Zuk diozunez donostiarren adorea erabakigarria izan zen errautsetatik Donostia berria eraikitzeko ...

Bai, ingelesen asmo iluna Donostia desagerraraztea zen. Ahaleginak egin zituzten donostiarren ohorea ere, memoria, zeharo ezeztatzeko. Artxiboak erre zituzten, publiko zein pribatuak, eliz erregistroetakoak barne. Baina handik zortzi egunetara donostiar agintariak hiria berreraikitzeko asmoarekin Zubietan bildu egiten zirela ikusteak harritu egin zituen, guztiz. Etorkizunik izango ez zuen toki bat uztera zihoazen haiek zur eta lur geratu ziren donostiarren adorea antzematean. Eta merkatalgo izpiritua bizirik zegoela frogatzeak min egin zielakoan nago. Txundituta geratu ziren ingelesak, su eta txikizio materialen gainetik hiritarren borondateak zutik segitzen zuela ikusita.

Mende erdi bat igaroko da harresiak kendu eta hiria zabaltzen hasi bitartean. Baina 1813koa da Donostia berria prestatzearen ideia. Hiri modernoaren abiapuntua, suntsiketa jasan eta zortzi egunetara ipini behar dugu, ordukoa da haren zuztarra. Gizon emakume haien asmo argitik dator egungo Donostia eta hori aitortu beharra dago.

Aipatu duzu ingelesak Donostia hiria suntsitzeaz gain artxibo eta dokumentuak desagerrarazteaz ere arduratu ziren. Galera materialaz gain, memoria-galera aipatu behar da, beraz: memoria historikoa galdu zen... Zer suposatu zion horrek hiritarrari momentu hartan?

Donostia izan da Gipuzkoako hiri nagusiena. Merkatal aldetik egundoko bideak ireki zituen, Ternuan, Sevilla eta Ameriketako hartu emanetan eta baita Europarakoetan ere. Gotorleku gisa ere bere garrantzia zeukan. Eta abagune horretan, garrantzi handikoa zen donostiar sendien dokumentazioa. Alde batetik, historia adierazten zuen dokumentazioa eta, zer esanik ez, baita edozeren gaineko jabetza erakuts zezakeena. Nola frogatu erreketa izan ondoren etxe hura nirea edo harena zela? Umezurtz bezala geratu zen hiria bere memoria idatziari zegokionez. Elizetako erregistroak - bataioak, ezkontzak, heriotzak...- eta notario publikoen legatuak desagertu ziren bat-batean, udal dokumentazioarekin batera. Data haietatik aurrera bizilagunek kontatutako historia da Donostiakoaz geratzen zaiguna.

Zure liburuan suntsiketaren ondoren eman zen hierarkia aldaketa aipatzen duzu: nola aberatsak beraien etxeetan zaurituta edo ezinduta gelditu ziren eta bertako neskameen laguntzarekin aurrera ateratzea lortu zuten. Emakume donostiarren papera eta protagonismoa aldarrikatzen duzu zure ikerketan ...

Halaxe da, emakumeek ikaragarrizko papera jokatu zuten egun haietan. Emakumeak, oro har, garrantzia izan du beti Euskal Herriko historian, gizakumeek askotan kanpora atera behar izan baitute, lehorrean edo itsasoan. Emakumeak izan dira sendiaren sostengu eta arduradun nagusiak. Donostiako erreketaren ondorioz emakumeek zer esan handia izan zuten, batez ere gizarte berreraikitze prozesuan. Lehen komentatu dudan bezala, neskame asko ari zen hiriburuan lanean, aberatsen etxeetan. Okupazioaren ondoren aberats eta goi mailako hainbat gizakume larri samar ibili ziren, gaixorik edo zaurituta batzuk eta egoera ez hain onean besteak. Beraien neskameak, ordea, haiek ahaztu edo baztertu beharrean haien kargu egin ziren. Eta hori garbi asko ikusten da geroko testamentuetan, zeintzuetan jaun aberatsek espresuki aipatzen dute beraiekiko emakume haien portaera zintzoa eta nolabait diruz edo ondasunez errekonpentsatu egiten dute. Batzuetan jauntxoek amatzat hartzen dute euren neskamea.

“Donostiako erreketaren ondorioz emakumeek zer esan handia izan zuten, batez ere gizarte berreraikitze prozesuan”.

Urte hartako suteak Donostiako bizimodua eraldatu zuela esan duzu eta baita gaur egungo Donostian eragina izan zuela...

Zoritxarrez, ez dugu normalean geure historiaren gain gauza handirik jakiten. Oraingo liburua idatzi ondoren eman behar izan ditudan hitzaldietan harritu egin naiz jendeak egin dizkidan galderekin. Bere iragana hurbilaz ezer gutxi ezagutzen dugunaren seinalea zen. Apur bat sakonduz gero errealitatean gertatutakoaz... gehienok ez dute asmatzen historiak markatutakoarekin. Hortik datoz gero interpretazioak eta legendak.

Gaurko Donostia turismo eta zerbitzuetatik bizi da hein handi batean eta nolabait esatearren pixka bat señorito samarrak bilakatu zaizkigu. Duela berrehun urtekoak, ordea, ez ziren gaurkoen modukoak. Eta hori ezagutu beharko lukete donostiarrek eurek, batez ere egungo krisi ekonomikoari beste begitarte batekin so egiteko. Ordukoa bai izan zela egiazko krisia! Eta adorea atera zuten hari aurre egiteko. Suntsiketa garaiko Donostiari segitu zion Donostia erromantikoak bere parafernalia osoarekin. Baina ez da ahaztu behar herriko jende xumeari esker eraiki ahal izan zela hiri berria.

Balioko al du efemeride honek duela berrehun urteko Donostia hura hobeto ezagutzeko?

Gure asmoa horixe izan da liburua egitean. Baina ni pixka bat dezepzionatuta nago efemeridearen inguruan programatutakoarekin. Duela ehun urte publikapen batzuk argitaratu ziren, interesgarriak oso, historiografiak eskaintzen zuenaren arabera. Berrogeita hamar urte geroago oso liburu ederrak agertu ziren. Eta nik espero nuen orain beste esfortzu bat egingo zela historia behar bezala kokatzeko. Zoritxarrez ez da horrela gertatu. Folklorismo hutsean geratu garelakoan nago. Ez zaie ikerketa lanei lehentasuna eman. Itxaropentsuak izan al gaitezke? Ez dakit nik. Begien aurrean daukagu 2016ko kultura hiriburutasuna eta iruditzen zait aukera eder bat galdu dela.
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Alain Xalabarde. Zinemagilea: Ezin dugu ahaztu zinema negozioa dela halabeharrez, eta modu horretan ulertu behar dugu

 

Irakurri

Anjel Lertxundi. Idazlea: Euskarak aukera ugari ditu literaturan

 

Irakurri

Judith Jáuregui. Piano-jolea: Nik disfrutatzen badut bakarrik, besteak nirekin disfrutatu ahal izango dute

 

Irakurri

Rosa Ayerbe. Historialaria: Gure iraganetik ikasi behar dugu, ekin ahal izateko

 

Irakurri

Manu Marañón Uriarte. Komunikazioa Coach-a: Komunikatzen dakien pertsonak autonomia eta independentzia handiagoak lortzen ditu

 

Irakurri