Manu Marañón Uriarte. Komunikazioa Coach-a: Komunikatzen dakien pertsonak autonomia eta independentzia handiagoak lortzen ditu

2013-05-22

SILLERO ALFARO, Maider

Komunikazio eta jendaurrean hitz egiteko klaseak ematen ditu hiru Foru Aldundietan, Nafarroako Gobernuan, Eusko Jaurlaritzan eta hainbat udaletxetan, bai funtzionario eskala ezberdinetan, baita maila politikoetan ere; sailburuorde, zuzendari, aholkulari etab. Azkenaldian enpresa mundura ari da zabaltzen, barrura zein kanpora begira krisi garaian komunikazioak duen garrantzia ikusi baitu. Manuk esaten duenez, ondo komunikatzen dutenak izango dira etorkizuneko erakundeak, eta gauzak ondo egitea ez da nahikoa izango. “Zertarako balio du produktu on bat izatea ez badugu prezio onean saltzen?”.

Zein da Komunikazio Coach baten lana?

Coach terminoa erabiltzeak badu marketin puntu bat... Gehiago naiz ni formatzailea eta coach-aren arteko uztarketa bat. Klaseetan ahozko komunikazioa lantzerakoan saiatzen naiz ez azaltzen espertoaren rolean halako klase magistralak ematen, baizik eta praktikotasunarekin jendeak dituen baliabideak eta kapazitateak azalarazten saiatzen naiz. Jendeak ikus dezala zeintzuk diren dituen ahuleziak eta gabeziak, ahalmenak eta posibilitateak, gero neurriak hartzeko.

Noiz ohartu zinen komunikazioaren garrantziaz? Ibilbide profesionala ez zenuen komunikazioaren esparruan hasi.

Zuzenbidean lizentziatu nintzen Deustuko Unibertsitatean eta berehala EHNE baserritarren sindikatuan lan egiteko aukera izan nuen. 19 urte egin nituen bertan eta lehen momentutik tokatu zitzaidan komunikatu beharra, esparru desberdinetan gainera. Tokatu zait informatzea, konbentzitzea, negoziatzea, aurre egitea, irrati eta telebista elkarrizketak egitea, prentsaurrekoak aurkeztea... era, formatu eta publiko ezberdinen aurrean: herritarrak, kontsumitzaileak, baserritarrak, politikariak, etab. Beraz, izugarrizko praktika lortu nuen eta unibertsitatean ikasi ez nuena, eta gaur egun komunikazioan edo kazetaritzan 5 edo 10 urtetan kapaz inor ez dena ikasteko, nik EHNEko unibertsitatean ikasi nuen.

Eroso sentitu nintzen eta horren garrantzia ikusirik irrati eta telebistako komunikatzaileen trebakuntza masterra egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatea eta Euskal Telebistaren eskutik. Esan dezagun, forma profesionalago batean eta jende askori entzunda ohartu nintzela komunikazioak duen garrantziaz. Gero, heziketa handik eta hemendik jaso eta irtenbide profesional berri bat hasteko aukera ikusi nuen.

“Komunikazioa gure esku dagoen erreminta garrantzitsua da eta horren atzean pertsona batek lortu dezakeen segurtasuna dago”.

Zure kurtsoetatik politikari ugari pasa da, baita beste esparrutako profesionalak ere. Baina komunikatzearen beharra eta jende aurrean egoki hitz egitearen beharra, gure eguneroko bizitzan ere guztiz garrantzitsua da.

Bai, noski. Nik gehien bat egiten ditudan kurtsoak jende aurrean hitz egiteko dira, eta politikari, sindikatu, enpresari, erakunde eta elkargo profesionaletako jendeari, irakaskuntza munduko profesionalei eta abarri zuzenduta daude. Zuk aipatu duzuna egia da, komunikazioa askoz zabalagoa da eta azken finean, horren atzean pertsonen arteko harremana dago, gaur egungo gizartean asko baloratzen den zerbait.

Hau da, jendearekin zer nolako harremanak ditudan, lan taldean nola komunikatzen naizen, nola kudeatzen dudan egoera gatazkatsu bat, adimen emozionala ere hemen sartzen da... Egia esan, gero eta gehiago interesatzen zait komunikazioaren esparru zabal hori eta zentzu horretan jendearen arteko harremanak hobetzeko komunikazio tailerrak ematen hasi naiz, laburrak badira ere. Entzuten jakiteari, kalitatezko hizkuntza erabiltzeari, galderak egiten jakiteari, enpatiari, asertibitateari eta horrelakoei garrantzia emanez.

Komunikazioa gure esku dagoen erreminta garrantzitsua da eta horren atzean pertsona batek lortu dezakeen segurtasuna dago. Ondo komunikatzen duen pertsona seguruagoa da, ez bakarrik komunikatzen ari denean, baita bere bizitzaren esparru zabalagoetan ere. Ondo komunikatzen dakien pertsonak autonomia eta independentzia handiagoak lortzen ditu. Hau da, pentsatzen eta sentitzen duena esateko gai den pertsona, ez du beste baten beharra eta ez da etxera bueltatuko uste duena esan edo galdetu gabe. Bestalde, ondo komunikatzearekin pertsonak malgutasuna lortzen du eta pertsona malguak eragin handiko pertsonak izaten dira. Gainera, oso pertsona baloratuak izaten dira egoera desberdinak era eraginkorrean kudeatzen dakitelako. Zera esango nuke: malgutasunarekin batera, askotan ondo komunikatzeak norberaren pentsamendua ere zabaltzea eta aberastea dakarrela. Horregatik interesatzen zait komunikazioa esparru zabal batean hartzea, hortik atera ahal direlako pertsona autonomoagoak, seguruagoak eta malguagoak.

Orain adierazi duzun hau komunikazioaren beste alderdi bat da, hazkunde pertsonalarekin oso erlazionatuta dagoena, alegia.

Krisian gaude, gauzak gaiztotu egingo dira, lehiatzeko eta merkatuan sartzeko gure aukerak gero eta murritzagoak izango dira eta komunikazioa tresna egoki bat izan daiteke etorkizunari eraginkortasun handiagoarekin aurre egiteko. Jendaurrean hitz egitea esaten dugunean ez du zergatik milaka pertsonen aurrean izan behar, bilera txikietan ere izan daiteke... Jendaurrean hitz egiten du abokatu batek epaileen aurrean, irakasle batek gelan, gerente batek administrazio kontseiluaren aurrean, langile bat lantaldearen bileran, lagun artean bidai bat antolatzen ari garela... Esparru ezberdinetan, toki ezberdinetan eta helburu ezberdinekin.

“Ez da magia, gimnasia baizik” esaten duzu zuk. Beraz, ikasi egin daiteke.

Askotan jendeak bere gabeziak justifikatzeko, edo erosotasunean erortzeko, karisma hori berezkoa dela eta horrekin jaio egiten dela dio. Nik, ordea, hori egiten dela diot. Izugarrizko baliabideekin jaiotzen gara eta parte minimo bat besterik ez dugu erabiltzen, beraz, arazoa ez dago gure baliabideetan, baizik eta horiek erabiltzeko ahalmenean. Guk ere baliabide horiek ditugu eta lanarekin, praktikarekin, prestakuntzarekin, behatzaile on batekin eta era kontzientean praktikatuz lortu daiteke.

Eta zeintzuk dira landu daitezkeen baliabideak edo tresnak?

Jendaurrean hitz egitearena nahiko mitifikatuta dugula uste dut gure hezkuntzan landu ez dugulako. Hasteko, urduritasuna seinale ona da, horrek garrantzia ematen diogunaren adierazle baita. Gero, pentsamenduei buelta ematea funtsezkoa da: “ez naiz kapaz izango”, “ez daukat esperientzia handirik”, “burua hutsik geldituko zait” eta horrelako pentsamenduekin kalte handia egiten diogu geure buruari. Beraz, pentsamendu positiboekin, gure sinesmenei buelta eman eta gainontzekoak erremintak honako hauek dira: ideiak sortzeko gaitasuna, hitzaldiak egituratzeko eskemak, formulazio egokia, lagungarri bisualak, gorputz mintzaira, ahotsa, etenaldi-isiluneak, etab.

“Izugarrizko baliabideekin jaiotzen gara eta parte minimo bat besterik ez dugu erabiltzen, beraz, arazoa ez dago gure baliabideetan, baizik eta horiek erabiltzeko ahalmenean”.

Azken finean, eta lehen aipatu dugun moduan, gure autoestimuarekin oso erlazionatuta dago.

Autoestimua eta konfiantza hitz klabeak dira eta askotan lantzen ez den feedback-a ere bai. Jendeak ondo egiten dituen gauzatan arreta jartzeko ohiturarik ez daukagu. Ondo legoke jendeari zer egin duen ondo esatea, baina askotan gertatzen ez denez, norberaren autoestimua eraikitzen ikasi behar da, ondo egiten ditugun gauzak baloratuz eta gaizki egiten ditugun gauzetan arreta jarriz. Batzuetan ez gara konturatzen daukagun areriorik handiena geu garela. Beraz, ez geratu lur jota gaizki egiten ditugun gauzak direla eta.

Irakasle gisa eman dituzun urte hauetan, ikasleen artean ogibide ugariko pertsonak izan dituzu, zein da maiztasun handiagorekin topatu duzun akatsa?

Gehiegi hitz egitea eta dakigun guztia adierazteko obsesioa. Eduki gehiegi ematen dugu eta, berez, informazio gutxiago emateak prestakuntza handiagoa eskatzen du. Profesional espezializatuekin lan egitea tokatu zait, abokatuak, irakasleak, langile publikoak... beraz, badakite laburtzen eta gauza garrantzitsuak bereizten, baina horri uko egitea kostatzen zaie. Beste akatsa hizkuntza korporatiboa eta profesionala erabiltzea da. Jendea oso eroso sentitzen da hizkuntza profesional horren atzean euren gabeziak ezkutatzen dituelako eta ez dira ausartzen era naturalean hitz egiten. Horrek publikoarekiko distantzia markatzen du. Bestetik, jendea obsesionatu egiten da urduritasunarekin eta lagungarri bisualak era desegokian erabiltzen ditu.

Egoera gatazkatsuak kudeatzerakoan ere beste akats bat ikusten da. Publikoa kontra daukagunean, gauzak gaiztotzen direnean, konfiantza galdu dugunean... teorian badakigu zein garrantzitsua den formak zaintzea, errespetuz hitz egitea, besteak esandakoa entzutea... baina praktikara eramatea asko kostatzen zaigu.

Politikariak herritarrei, edota egoera larrian dauden enpresen kudeatzaileak langileei hitz egiten dietenean, aurrean duten publikoa oso zorrotza izaten da...

Horrelako egoeratan komunikatzea zaila da baina aurre egin behar zaie. Helburua argi eduki, jendea ez iraintzeko formak zaindu eta era hurbilean hitz egin. Aldi berean, jendeak pentsatzen duena esan behar du, bere mezua ez du ezkutatu behar.

Eta zer gertatzen da sinesten ez dugun zerbait azaltzea egokitzen zaigunean? Haur gertatu izaten da...

Nahiz eta ondo komunikatzeko erreminta asko izan, badaude etikarekin lotutako beste elementu batzuk eta hauek ondo erabili behar dira: sinesgarritasuna, koherentzia, konpromisoa, onestasuna... deskuidatzen ditugun elementuak dira. Kontuz ibili behar da hitzekin eta keinuekin gauza ezberdinak ez esateko, edota gauza bat esan eta beste bat ez egiteko. Nahiz eta tresnak ondo erabili, hau galtzen badugu dena galduta dago.

“Komunikatzea da lan taldean ondo lan egiten jakitea, lidergoa eramaten jakitea, emozionalki inteligentea izatea”.

Komunikatzeko modua aldatu da. Lehen, erakundeak bere inguruko informazioa sortzeko aukera zeukan. Orain, tresna berrien bidez, edonork informazioa sortzeko eta zabaltzeko baliabideak ditu. Beraz, ez dugu guk esaten duguna bakarrik kontrolatu behar, baizik eta besteek gutaz esaten dutena ere.

Oro har, harremanak aldatu egin dira. Horizontalagoak dira, ez hain hierarkiakoak. Trebakuntza sozialetan ematen diren ikastaroetan planteatzen ari da jendeari protagonismoa eta hitza ematearen beharra, taldean eztabaidatzean sortzen den aberastasuna aprobetxatzea, taldean erabaki hobeak hartzen baitira. Horren inguruan izugarrizko errekurtsoak gastatzen ari dira, gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio. Hala ere, nik esango nuke oraindik maila teorikoan dagoela, praktikan ez dela jartzen ari enpresatan, taldeetan, kolektiboetan...

Gero eta jende gehiago ari da ondo komunikatzen ikasten. Azkenean, komunikatzea da lan taldean ondo lan egiten jakitea, lidergoa eramaten jakitea, emozionalki inteligentea izatea, komunikatzea da gatazkak ondo kudeatzea, jendaurrean ondo hitz egitea... Askotan, udaletxeetako alkateek eta zinegotziek herri mailan partaidetzak duen garrantziaz hitz egiten dute eta gero ez dute udaletxeko langileekin harremanik... Beraz, predikatzen duguna oso gutxi praktikatzen dugu gero.

Zure erronketako bat euskara eta komunikazioa uztartzea da.

Interes handia daukat ikastaroa ahal den neurrian euskaraz ematean. Euskara eta komunikazioa eta komunikazioa eta euskararekin badugu erronka bat: jendea prestatuta egotea edozein tokitan euskaraz hitz egin ahal izateko garrantzitsua da. Askotan, eta bizi garen gizartean, nagusitasun argia duelako erdarak. Euskara eta gaztelera jakinda gaztelerari lehentasuna ematen diote askok, hizkuntza horrek segurtasuna ematen dielako. Askotan gertatzen da enpresa euskalduna izanda, inguru euskaldunean kokatua, langileen % 90a euskalduna izanda, baita arduraduna ere, erosoagoa sentitzen dela gazteleraz egiten eta harreman profesionalak erdaraz egiten dira. Euskarazko ikastaro hauetan, ikasleek jendaurrean euskaraz normaltasunez hitz egin dezaketela ohartzea da niri interesatzen zaidana. Euskarari bere esparrua emateko tresna interesgarria izan daiteke kurtso hau, euskararen normalizazioan gauzatxo txiki bat erantsiz. Manu Marañón Uriarte Zuzenbidean lizentziatua Deustuko unibertsitatean (1983) eta Irrati eta telebistako komunikatzaileen trebakuntzako masterra Euskal Herriko Unibertsitatean eta Euskal Telebistan (1994). Programazio Neurolinguistiko master-trainerra eta Komunikazio Coach-a da. 1983-2002 urte bitartean EHNE nekazaritzako elkarte profesionaleko arduradun teknikoa, Koordinatzailea, bozeramalea eta komunikabideekiko harremanen arduraduna izan zen. 2004. urteaz geroztik prestakuntza-ikastaroak ematen ditu Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Foru Aldundietan, Eudelen, hainbat udaletan, ikastolen elkartean, kooperatibetan, enpresetan eta abarretan. Bere web orrian (www.komunikarte.org) informazio gehiago aurkituko duzue. komunikarte@gmail.com
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Mirentxu Oyarzabal Irigoyen. Pediatra eta endokrinologoa: Inoiz ez nituzke zientzia eta ideologia politikoa nahastuko, baina zenbaitetan batak bestea osatzen du

 

Irakurri

Ramuntxo Kanblong. Euskaltzalea: Unibertsitateak asko lagun lezake Ipar Euskal Herriko garapena

 

Irakurri

Iñaki Martinez de Luna. Soziolinguista: Garaia iritsi zaigu kuotak ezartzeko euskararekin

 

Irakurri

Gregorio Díaz Ereño. Jorge Oteiza Museo Fundazioaren zuzendaria: Funtsezkoa gertatzen da Jorge Oteizaren hausnarketetan sartzea bere idazkien bitartez

 

Irakurri

María del Mar Magallón. ALBOAN erakundearen zuzendari ondokoa: Hegoaldeko pertsonak euren garapen prozesuen protagonistak dira eta ez hartzaile hutsak

 

Irakurri