Ramuntxo Kanblong. Euskaltzalea: Unibertsitateak asko lagun lezake Ipar Euskal Herriko garapena

2013-04-24

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Ipar Euskal Herriari buruzko edozein zehazkizun ezagutzeko derrigorrez kontsultatu beharreko pertsonaia bilakatu da. Bere izena erreferentea da euskal kulturan, baina batez ere enpresaria izan da eta eraginarekin lan egin du bizitza profesionalean. Iparraldeko kooperatiben sustatzaileetariko bat izan da erretiroa hartu arte. Ramuntxo Kanblogek enpresaritzat hartzen du bere burua. Baina baita euskaltzaletzat. Hamarkadak daramatza Ipar Euskal Herriarentzat espazio politiko propio bilatzen eta ez dio amore ematen lantegiari, nahiz eta zenbait unetan eszeptiko samarra ager daitekeen.

Duela berrogei eta hiru urte inguru idatzi zenuen garaiko Anaitasuna aldizkarian, Iparraldeko datu ekonomiko batzuk eskaini nahi zenituela: INSEErentzat (Institut National de la Statistique et des Études Économiques) Euskalerririk ez dago. Eta orain?

Erakundeetan ez, baina estatistika mailan bai. “Euskal Herria 2010” deiturapean 1992an buruturiko bilkurak tarteko, hemengo suprefetak onetsi egin zuen estatistiken premia bagenuela, eta ordudanik baditugu Ipar Euskal Herriari dagozkion datu estatistikoak, Zuberoa barne. Garapen Kontseiluak eta Merkatal Ganbarak, adibidez, zerbitzua baliatzen dute beren lanetarako.

Estatistikei dagokienez erantzun duzu, baina beste arloetan nola sentitzen zara?

Gu beti umezurtz gara erakundeei buruz. Izan zen aldi bat esperantzarekin bizi izan genuena —batzuek gehiegizkoarekin— alde horretatik. Baina azken hauteskundeetatik sortu den gobernuak frenoa ipini du ostera eta momentuz ez dugu aurrera pausurik emango. Alderdi abertzaleak ez ezik, sozialistak eta eskuina ere ados daude orain Ipar Euskal Herriak erakunde bat edo instituzio bat behar duela, baina gero errealitateak bestelako zeinua markatzen du. Manuel Valls Barne Ministro sozialista izan da oraingo honetan ezetz borobila eskaini duena.

Nik badut beste esperientzia bat, 1981ean: Destrade diputatu ohiaren eskola laguna nintzen eta hark esan zidan Mitterrandekin lortuko genuela, azkenik, gure departamendua. Eta botoak eman genizkion, noski, xede haren esperantzan. Ipar Euskal Herriko berrogei pertsona ezagunek hauteskunde haien bigarren itzulian Mitterranden alde bozkatzeko dei publiko bat burutu genuen. Hautagaiaren gobernu planaren 54. proposamenean Euskal Herriko departamendua sortuko zela agintzen zuen. Irabazi zuen... baina berdin segitzen dugu. Sortu genuen “Hitza Hitz” komitea eta Destraden bulegotik deitu genuen Eliseora Jakes Abeberri eta biok. Arazoak berdin iraun zuen. Zer dela-eta? Lehenik eta behin, hemengo sentsibilitatea oso ahula zelako orduan. Mitterranden gobernuak Parisera deitu zituen hemengo maila bateko hautetsi guztiak eta batek ere ez zuen euskal departamenduaz hitz egin. Mitterrand eta Felipe Gonzalezen arteko bileretan ere, errefuxiatuen auzia zela-eta, inoiz ez zuten aintzakotzat hartu gure gaia, eta horretaz mintzatu zirenean justu kontrako asmoarekin egin zuten. Baionara etorri zen Mitterrand 1985ean eta adierazi zuen ez zuela Frantziaren oihala urratzen utziko departamendu bat emateagatik! Frantziarrak beldur ziren, gu txikiak izan arren, Hego Euskal Herriarekin harremanak sendotu eta bat egingo ote genuen. Miterrandek bere hitza jan zuen. Ezezkoa emanez gero... agur tarte luzerako! Nik ez dut uste orain egingo denik baina eskatzen segitu behar dugu... Bi egoerak konparatuz gero aldi honetan (2012) askoz indar politiko eta ekonomiko gehiago metatua dago instituzio baten alde. Horri Gobernuak erantzun bat eman behar dio.

Ipar Euskal Herriaren mapa soziologiko/kultural/enpresarial/politikoa ezagutzen duen edozeinentzat Ramuntxo Kanblongen izena aspaldiko erreferentea da. Egiguzu, arren, zure buruaren gaineko erretrato bat...

Biziki ederra den “Etxeparea” laborari etxe batean sortu nintzen eta bertan eman nuen haurtzaroa, oso pozik. Batxilergoa amaituta, 1959an konkurtso bat pasa nuen Ingenieru eskola batean sartzeko Parisen, elektronika ikasketak egin nahi nituen-eta. Hiri handi bateko bizitza ezagutu nuen Parisen, eta horrek arras aberastu ninduen eta aldararazi zidan jendearekiko harreman eta ezagutza. Sarritan esaten dut, negarrez joan nintzela Parisera eta 1966an itzultzean handik ere malkotan etxeratu nintzela. Egina neukan Parisen nire zuloa! Ikasle bezala ordu interesanteak eman nituen frantziar hiriburuan baina oporretan gustura itzultzen nintzen, etxeko eta herriko giroak tiratzen baininduen.

Behin, 1960ko uztailean, Ezpeletan bazkari bat egin zen ikasle ohiekin eta orduko Bordeleko euskal ikasleekin. Han ziren —Michel Labegerie, Jokin Yntxausti, Lekuona apaiza, Ximun Haran, Mixel Burukoa, Bordeleko ikasleak...— eta lehen aldiz entzun nion Labegerie zenari kantuz eta kartsuki hitz egiten Euskal Herriaz. Zuzen-zuzenean gu gazteontzat mintzatu zen, herriaren etorkizuna geure eskuetan zegoela azpimarratuz. Orduan mundu guzian gazteria hasia zen mugitzen politikan, hala nola “Zengakuren” taldea Japonian (Labegeriek aipatu zuena). Bestalde, hasia zen Algeriako gerra. Eta Labegerieren ustez, Euskal Herriak bere nortasuna aldarrikatu behar zuen. Orduantxe abertzaletu nintzen. Eta Pariseko Euskal Etxea bilakatu zen nire zentroa, hemengo kultura, hizkuntza eta historiaz janzteko. Bordelen zenaren antzeko ikasle-euskaldunak taldea sortu genuen Parisen eta ordurako hego aldeko errefuxiatu batzuk bazirenez gero haiekin ekin nion Bidasoaz bestaldeko egoera ezagutzeari. Halaber, Piarres Xarriton izan nuen adiskideetariko bat, asko lagundu zidana, eta haren eskutik, Piarres Lafitte irakaslearen ondotik, ekin nion euskal literaturaz jabetzeari. Eta harrez geroztik oso hurbildik segitu dut literatura mundua.

Nere aita hil zelarik etxeratu eta aurki hasi nintzen lanean Hazparneko Eskola Teknikoan. Matematika, fisika eta elektronika irakasteari lotu nintzaion. Behin Miren Yntxausti adiskideak planteatu zidan Donostian hitzaldi bat ematea Ipar Euskal Herriaren gain, Club Donostia elkarteak erdi ezkutuan antolatzen zituen mintzaldietan. Oso ongi joan zen eta esan behar dut arratsalde hartan ezagutu nuela bi urte geroago nire emaztea bilakatuko zena. Hiru haur ukan ditugu (alaba eta 2 seme). Ikastolaz arduratu gara nahi baigenuen gure seme alabak euskara eta euskal kulturaren jabe izan zitezen, hots euskaldunak. Familiak garrantzi handia izan du nire bizian.

Donostian egon zen, beraz, aurrerantzean nire jarduera-konstantea izango zenaren abiapuntua: Ipar eta Hego Euskal Herria batu behar zirela. Ideia horretan lan egin dut, baita amets ere, eta buruhauste ugari jasan ditut. Hazparnen topo egin nuen Edur Arregi Arrasateko errefuxiatuarekin eta hark azaldu zidan arrasatear kooperatiben mugimendua. Bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan nuen eta enpresa kudeaketa sistema horrek harrapatu egin ninduen.

Enpresa bat sortzea zen garai hartan nire beste amets bat eta 1974an Partzuer deitutako elkartea ipini nuen martxan. Bertara hemengo ekonomialari eta enpresari batzuk bildu nituen Arrasateko kooperatiben gain hitz egin genezan, Ipar Euskal Herrian sistema ezartzeko aukera ote genuen aztertzeko. Frantziar enpresa handi baten hemengo lantegitik kaleratutako zenbait langile ere agertu ziren Partzuer-era eta aukera ikusi nuen haiekin sare elektrikoak eraikitzeko kooperatiba bat sortzea. Erdi irakasle erdi enpresari bihurtu nintzen eta 1975-1977 bitartean bietan aritu nintzen. Baina aurki ikusi nuen enpresa aurrera ateratzeko nire ahalmen guztia eskaini behar niola, eta eskola utzi nuen. Bost urte geroago, nire formakuntzarekin zerikusi gehiago zuen elektronikako kooperatiba bat jarri genuen abian, Copelectronik izenekoa. Hemen Jean Thicoipé nire ikasle hoberena izan zena edukiko genuen buru. Urteekin hirugarren bat ere moldatu dut informatikaren inguruan, kartografian lan egiteko. Erraz uler daitekeen moduan, harreman batzu izan ditut Hego Euskal Herriko kooperatibekin, nahiz eta hemengo enpresak askoz txikiagoak diren. Hemen sortu ziren kooperatiba andana bat (1980-1985 urteetan) eta Akitaniako Kooperatiben Elkarteko burua ezarri ninduten hamar urtez (1985-1995). Eta horren ondorioz Akitaniako Kontseilu Ekonomikoan ere sartu nintzen. Administrazio publikoa ere ezagutu nuen, beraz.

Politika aktiboan geroago (1998) sartu naiz. Enpresaria zarenean ezin diozu denbora asko eskaini, enpresa aurrera atera nahi baduzu. Dena den, Parisek —Lang ministroak— Ipar Euskal Herrian kultura zentro bat ireki nahi izan zuen (nire ustez, departamenduaren afera zabaltzeko). Haristchelarek (orduan euskaltzain eta Euskal Museoko buru) muntatu zituen Kultur Jarraldiak 1981 ondotik eta kultur eragile gehienak biltzen zituen Pizkundea elkartea sortu genuen. Orduan egin zen akordioa Ministeritza eta bertako hautetsiekin Euskal Kultur Zentro bat muntatzeko. Lehendakari jarri ninduten baina ez geunden ados euskarari ematen zitzaion tratamendu murritzarengatik. Parisera Kultur Ministeritzara jo zuten J. Haristchelar, J. Abeberri eta E. Baxok-ek gure ezadostasuna azaltzeko. Ministroak baimena eman zuen Euskal Kultur Erakundean euskara gai guzietan baliatzeko. Orduan sortu zen Euskal Kultur Erakundea (1990) Beste lau urtez izan nintzen Administrazio Kontseiluaren Buru, 1990-94a bitartean, Txomin Hegi zuzendaria zelarik eta Daniel Landart koordinatzailea. Iparraldeko kultur ekintzak hobetu zituen EKE-k eta harremanak hasi ere Hegoaldeko kultur erakundeekin.

“Nik beti buruan nuen bi Euskal Herriak lotzea: Bilbo Baionatik ordu batean ezartzea! Orain ikusten dut ez direla denak ideia horretakoak!”

Garapen Kontseilua izan zen hurrengo urratsa. Lehen aipatutako “Euskal Herria 2010” bilkuren ondorioetako bat dugu hura. Hemengo suprefetak garbi ikusi zuen hemengo abertzaletasuna indarra hartzen ari zela, eta berak ere nolabait parte hartu behar zuela iruditu zitzaion... prozesua hurbildik segitzeko asmoz, ziurrenik. Bilkura haietan, enpresa guztietan bezala Ipar Euskal Herriak ere proiektu bat behar zuela aldarrikatzen genuen. Eta ideia horretan oinarritua sortu zen Garapen Kontseilua, hau da lurraldearen egitasmoa eratzeko eta garapena bultzatzeko. Ez du bakarrik ikuspuntu ekonomikotik lan egin Kontseiluak 1994tik, eta ez ditu inolaz ere baztertu hizkuntza, kultura eta ingurumena. Peio Olhagarai hautatu genuen zuzendari bezala eta bultzada handi bat eman zion1997an atera genuen planari. Zazpi kapitulutan antolatu genuen eta gure lurraldearen arlo guztiak hartzen genituen kontuan: laborantza, industria, azpiegiturak, hezkuntza, ingurumen eta kultura, hizkuntza politika barne. Oraindik bizirik segitzen du Erakundeak eta garrantzia badu Iparraldearen bizian. Honen proposamenak Hautetsien Kontseiluak onartu behar ditu praktikara eraman aurretik eta gure plan hori onetsi egin zuten bere osotasunean. Lan hori elkarrekin egin baitzen. Baginen 124 kide 7 lan taldetan banatuak.

Biltzar Nagusian egiten genuen sintesia. Erran gabe doa abertzale asko ginela hor inplikatuak eta abertzale ez zirenekin jakin ginuela elkarrekin plan hori muntatzen.

Ipar eta hego Euskal Herriaren garapen integrala lortzearen aldera, enpresa gehiago ekarri beharko al luke hegotik?

Ene ustez, bai. Badira azken urte hauetan etorri direnak, baina ez da nahikoa. Hala ere zaila da, enpresen kudeaketarako erak ez baitira berdinak eta hego aldekoak beste modu batean daude ohituta. Nire lan profesionalaren azken hiru urteak (2002ko iraila arte) Hendaiako Sokoa enpresan eraman nituen, Patxi Noblia zuzendariak deiturik. Nire lana zen enpresaren Kanpo Garapena moldatzea. Hola hobeki ezagutu ditut Hego aldeko zenbait enpresa eta hango giro ekonomikoa.

EAJren EBBeko kidea izan naiz lau urtez (2004-2008) eta nire kezka hau azaldu dut sarritan. Josu Jon Imaz Presidenteari behin agertu nion eta erantzuna izan zen ingurumen ekonomikoa oso diferentea zela bereziki fiskalitatean eta sozial gaietan. Esan zidan ere bere ustez hemengo abertzaletasunak hogeita hamar urtez lan egin behar zuela Hegoaldekoaren heinera heltzeko. Iparraldean berean sortu da beste giro bat Estia Injineru Eskolaren inguruan bere enpresa parkeari esker. Bidarteko herrian kokatua da eta Merkatal Ganbara da buru. Azken bi urteetan Donostia eta Baionako Merkatal Ganbaren artean muntatu dute “Bihartean” elkartea. Eta hortik sortu dira harreman eta produktu berriak.

Inoiz bilerak eta aldarrikapen arranditsuak ikusi eta entzun ditugu. Ezertan mamitzen al dira hitz polit eta potolo horiek?

Izugarrizko pena daukat trenaren gaiarekin. Garapen Kontseiluan pentsatzen genuen hasiera batean Topo deritzana Baionaraino luzatzea baina gero ikusi genuen tren horrek gehiegi luzatzen duela denboran bere ibilbidea. Eta ikerketa lan bat burutu genuen tren laster bat jartzeko. Baiona-Donostia trenaren bideragarritasuna egiaztatzen duen ikerketa txostena oso ona da, suitzar enpresa batek egina. Baina Hego aldeko pertsonalitate batzuek ez zuten bultzatu, tentsio elektrikoko lineak desberdinak zirela argudiatuz. Otoi! Hori arazo tekniko bat da! Izan zitezkeen eragozpenak gainditzea erreza zen BAB eta Gipuzkoako Diputazioarentzat. Zuk uste al duzu gehiegizko aldarrikapen entzuten denik erakunde publikoetatik? Zoritxarrez, ez nik nahi nituzkeen beste. Badira zenbait urte ez nagola BAB-ren egituran eta beraz ez dakit zeintzuk diren euren lehentasunak Gipuzkoarekiko harremanetan. Baina lehengo indarra galdu delakoan nago... Penagarria da.

Anekdota bat: 1992an Akitaniako kontseilu ekonomikora etorri zen Parisetik - Bordelerako TGV aren arazoa. Emendakin bat egin nuen erranez TGV hori lotu beharko zela Hegoaldetik etorriko zen TAV delakoarekin. Txalo zaparrada izugarria izan zuen proposamen horrek, aho batez onartua izan zen eta zorion asko eman zizkidaten. Lotura hori plan horretan sartu zen. Nik beti buruan nuen bi Euskal Herriak lotzea: Bilbo Baionatik ordu batean ezartzea! Orain ikusten dut ez direla denak ideia horretakoak!

Bestalde sail horretan Udalbiltza-Udalbideri esker diru laguntza anitz hedatu dugu Iparraldean: ikastolak, irratiak, laborantza ganbara eta kultur elkarte anitz lagundu ditu (10 urtez, milioi bat eta 800 mila ¤, hemen zabalduz) Milesker Hegoaldeko anaiei eta Udaletxeei!

Ipar-Hegoen arteko mendetako mesfidantza eta diferentziak gainditzea, posible al da gero eta uzkurrago jokatzen ari den Europa batean?

Nik uste dut gure arazoa ez dela Europatik pasatuko, nahiz horrek lagun dezakeen. Arazoa gure artekoa da. Aski da gure artean ongi eramatea, harremanetan hazteko. Gizarte-jarioa, alde batera eta bestera, izugarri handia izaten da, batez ere uda partean. Beraz, jendearen arteko zubia errealitatea bada, nola ez da gehiago instituzionalki burutzen? Zergatik ez da gehiago bultzatzen bi aldeen arteko lankidetza? Agian enpresekin hobeto goaz. Duela bizpahiru urte eskatu ziguten niri eta Iparraldeko beste injineru bati lan bat Aeronautikako Klusterretik. Angelun daukagun Dassault enpresarekin harremanak eragitea eta bisitaldi aberats bat egin zuten Hegoaldekoek. Hemengo Industria eta Merkatal Ganbarak eta Gipuzkoakoak sortu dute egitura berri bat, Bihartean deitzen dena, eta eginiko ikerketa baten ondorioz jakin badakigu enpresa txiki asko egon daitezkeela interesatuta bi aldeetako merkatuetan. Udalbiltzako kidea izan nintzen, eta oroitzen naiz Seaskako lehendakariak bultzatu zuela hemengo gazteak ikasketa teknikoak egiteko Hego aldera bidaltzea. Bide on bat da, kohesioa iraunkorragoa eta sendoagoa bihur dadin. Politikak asko lagun lezake alde horretatik. Lamassoure ahalegindu egin zen, adibidez, telefono esparru bat sortzen zuzeneko konexioetarako, 34 edo 33 markatu gabe. Kasu horretan frantziar administrazioak ezetza eman zuen. Baina ez dezagun pentsa eragozpenak Ipar Euskal Herritik bakarrik datozela.

“Enpresaria izan naiz, baina kulturak eta politikak ere toki handia izan dute nire nortasunean. Asko maite dut nire herriaren kultura. Baina egia da ekonomiaren bitartez eragin nahi izan nuela gure garapen propioan.”

Zure profila enpresariari dagokiona dugu, hein handi batean, baina kulturak ere zati garrantzitsua hartzen du...

Bai. Enpresaria izan naiz, baina kulturak eta politikak ere toki handia izan dute nire nortasunean. Asko maite dut nire herriaren kultura. Baina egia da ekonomiaren bitartez eragin nahi izan nuela gure garapen propioan. Gure arteko jendearen kontzientzia —bai hautetsien artean baita jende arruntarena— aldatu bada, hein handi batean Garapen Kontseiluari zor zaio. Emeki-emeki konbentzitu egin ditu —kutsatu— mesfidatiak gure ideiekin (hor dago Lurralde Elkargoa, orain kolore guzietako politikoek nahi dutena). Eta kulturalki bi aldeen arteko zubia badago, inoiz baino gehiago. Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Euskal Kultur Erakundea eta anitz kultur elkarte lankidetza horren lekuko eta eragileak ditugu. Beharbada, bai alde batean eta bestean ekintzak hedatuagoa izan beharko lirateke. Bilbora edo Gasteizera heltzea zailagoa da, Donostiara baino. Distantzia hori gainditzen joan beharko genuke, Nafarroa ahaztu gabe.

Zure kultura-talaiatik, zertan ikusten duzu indartsuen euskaltzaletasuna Ipar Euskal Herrian?

Ikastolek oso lan eder eta zabala burutu dute baina ez dira hain ezagunak. Gure artean, bistan da, kantua dugu erakusgarriena. Ez dira kasu gehienetan profesionalak izango, baina oso kantari onak ditugu. Dantzariekin berdin. Bertsolaritza goitik doa.

Inoiz atera al da zein den bi aldeen arteko kultura-balantzea (eta balantza) kultura elkar trukaketari dagokionez?

Ez dut uste inoiz egin denik. Eta egin beharko litzatekeela uste dut. Interesgarria litzateke datua jakitea. Adibidez, bere garaian —eta arrazoi ezagunengatik— alderantzizko norabidea eraman bazuen ere, orain liburugintzan defizitean gaude, askoz gehiago inprimatzen baitira Hego aldean. Kantuarekin zer gertatzen den ikusi beharko litzateke, hemengoak aise mugitzen baitira Gipuzkoara eta Bizkaira. Gauza bera esan liteke dantzei buruz.

Zeren amets zaude, Ipar Euskal herriko ekonomia barrundik susper zezakeenaz?

Beharbada Unibertsitatea. Hemengoa eta hego Euskal Herrian direnen arteko harremanak ez dira hain handiak. Baditugu kasu ederrak, Jean Michel Larrasket-ena esaterako. Hemengo Unibertsitatea oso gaztea da eta nahiko murritza, injinerutzan ezik. Hegokoren baten batekin sailen bat edo beste garatzerik balitz Baionan, alde batetik Frantzian barreiatuta diren irakasle euskaldunek hona etortzeko aukera lukete, eta bestetik ikastera kanpora doazen gazte asko hemen geratuko lirateke.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Iñaki Martinez de Luna. Soziolinguista: Garaia iritsi zaigu kuotak ezartzeko euskararekin

 

Irakurri

Gregorio Díaz Ereño. Jorge Oteiza Museo Fundazioaren zuzendaria: Funtsezkoa gertatzen da Jorge Oteizaren hausnarketetan sartzea bere idazkien bitartez

 

Irakurri

María del Mar Magallón. ALBOAN erakundearen zuzendari ondokoa: Hegoaldeko pertsonak euren garapen prozesuen protagonistak dira eta ez hartzaile hutsak

 

Irakurri

Jesús Mari Valdaliso. Historialari ekonomikoa: Euskal Herria, aeronautika alorrean, bikaintasun gune bihur daiteke

 

Irakurri

Bernat Vidal. Arbaso Elkarteko lehendakari eta artisaua: Artisau eta diseinatzaileak bat egin behar dute elkar-lanean aritzeko

 

Irakurri