Miren Sánchez Erauskin: "Gazteak kokoteraino daude hitzaldiekin"

2001-05-11

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Miren Sánchez Erauskin Miren Sánchez Erauskin "Gazteak kokoteraino daude hitzaldiekin" * Ismael Diaz de Mendibil Miren Sánchez Erauskinek hain du lan esperientzia luze eta zabala, gai desberdin ugari ukitu ditugula berarekin izandako solasaldian. Lan kontuak direla eta, Nazio Batuen eta Espainiar Gorteen funtzionamendua, nahiz Eusko Legebiltzarraren sorrera prozesua gertutik ezagutzeko aukera izan du. Hona hemen horren guztiaren ondorioa. Sánchez Erausquin sendia aski ezaguna da Vitoria Gasteizen. Tau Baskonia, ostalaritza, kultura... alderdi batzuk baino ez dira. Hala ere, ezin esan guztia samurra izan denik, haurtzaroan batez ere. Bost anai arreba ginen, guztiak nahiko segidakoak, ni zaharrena. Egia da nahiko atsekabe izan genituela haurtzaroan. Sei urte neuzkanean, eta gazteenak bederatzi hilabete, ama hil zitzaigun. Oso gogorra egin zitzaigun, baina sendiak emandako laguntzari esker, aurrera egin genuen. Aitak arazo asko izan zituen Gerra Zibilaren garaian. Udaleko albaitaritza zerbitzuko agentea zen, eta kargutik kendu zuten. Urte batzuk geroago, berriz ezkondu zen. Eta, aita funtzionarioa izanik, alabak bere pausoak jarraitu zituen. Beno... Aita ere hil egin zenez, eta aitaren aldeko ahizpak, Nekanek, lau hilabete besterik ez zeuzkanez, zerbait egin beharra neukan, etxean nolabait laguntzeko. Arabako Foru Aldundiko oposaketa batzuetara aurkeztu nintzen eta gainditu egin nituen, eta horrela behintzat nolabait laguntzen nien etxekoei. Zerikusi gutxi izango zuen frankismo garaiko Foru Aldundi horrek gerora ezagutu dugunarekin. Bi erakundeak hain ondo ezagutzen dituzunez, nolakoak ziren orduko Batzar Nagusiak, gaur egun Arabako Botere Legegilea litzatekeena? Ume bat besterik ez nintzen Aldundian sartu nintzenean. Orduko Batzar Nagusiak ez ziren errealak; ez zeukaten inolako ahalmen legegilerik. Urtean bitan biltzen ziren: Tierras Esparsas eko Plenoan eta Santa Catalinan. Koadrila bakoitzak pertsona batzuk aukeratzen zituen Batzar Nagusietarajoateko, baina ez zeukaten inolako zereginik. Presidente bat izaten zen, itsu itsuan aukeratua. Aldundiak, urtean zehar hartu zituen erabaki guztien berri ematen zien batzarkideei. Baina erabakien berri eman besterik ez zuen egiten, ordurako erabaki guztiak hartuta zeudelako. Hainbat urte geroago, Espainiako Gorteetara joan zinen. Hauek ere modu horretan funtzionatzen al zuten? Gorte Espainiarrak ere erabat fiktizioak ziren. Prokuradore nazionalak egoten ziren, Francok itsu itsuan izendatzen zituenak, Estatuko hiririk garrantzitsuenetako alkateak, Diputazioetako presidenteak... Eta Frankismoko azken urteetan, familia buruak ere izaten ziren, familiaren ordezkariak. Denek blokean bozkatzen zuten. Baina salbuespenik ere izan zen, esate baterako Aranegui, Arabako Foru Aldundiko presidentea izandakoa, gerora nire senarra izango zena. Hiri segurtasuneko lege baten aurka bozkatu zuen lehenengoa izan zen. Garai hartan oso gauza serioa zen aurka bozkatzea, baina bera ez zegoen lege horrekin ados, atxilotua denbora batean erabat inkomunikatuta egotea baimentzen zuelako. Herri handi batetik hiri handi batera joan zinen beraz, Vitoria Gasteiztik Madrilera. Bai, baina ni oso pozik nengoen Vitoria Gasteizen. Orduko gobernadore zibilarekin arazo politiko bat izan nuelako joan nintzen. Ni Araneguiren idazkaria nintzen, Foru Aldundiko presidentearena, eta telefonoa interbenituta neukan, Foru Aldundian ireki egiten zituzten niri zuzendutako gutunak... Alde egin behar izan nuen. Horrela ez zegoen bizitzerik, ez ni, eta ez nire ingurukoak. Nire anai arrebak oso txikiak ziren oraindik, eta asko kosta zitzaidan haiek utzita joatea... Ez dakizu zenbat malko bota nituen joan behar izateagatik. Gaiztoa zen gero gobernadore hori. "El sanguinario" deitzen zioten. Vitoria Gasteiztik Donostiara joan zen. Beste kontu bat: nire izena beti Miren izan da, baina Erregistro Zibilean tatxatu egin zuten. Miren Estibalitz izanik, María Estibaliz bihurtu ninduten. Gainera, nahiko sendi markatua neukan:aita kartzelan egon zen gerra garaian, kargutik kendu zuten... Eta, hori gutxi balitz, bere anai guztiek Argentinara joan behar izan zuten. Haatik, erakunde frankista batean lan egitera joan zinen, Gorte Espainiarretara. Bai, nik beti oso argi izan dudalako funtzionarioen kontua. Edozein lekutan egon nintekeen, oposaketak gaindituta, noski. Baina Madrilen ere arazoak izan nituen, batez ere kazetari batzuekin. Gutxienez ETAkoa nintzela esaten zuten. Arazo bat sortzen zen bakoitzean, edota paperen bat galdu, niri botatzen zidaten errua. Hala ere, nire nagusiek asko preziatzen ninduten, estimu handia zidaten. Bestetik, Gorteetan nagusi postua eskuratu zuen lehenengo emakumea izan nintzen. Erregimen frankistak zintzoen eta gaiztoen arteko muga markatzen zuen. Bai, baina Arabako erakundeetan, zorionez, guztien onerako lan egin zuen jendea izan genuen, nahiz eta salbuespenik ere izan zen, zeren eta batzuek beren buruari bakarrik begiratzen zioten, gora egin eta postu hobe bat lortzeko. Nik beti esaten dut funtzionatzen dutenak pertsonak direla. Langileari lanerako gaitasuna eskatu behar zaio, ez ideologia bat. Gorteetan zinen, beraz, emakumea bigarren mailako herritar bezala ikusten zen garaian. Bai, baina ezkongabea nintzenez, ez nion inori lanean hasteko baimenik eskatu behar. Gorteetan sartu nintzenean, besteak bezalako funtzionario bat besterik ez nintzen. Baina hizkuntzak zekizkitenak gutxi zirenez, Nazioarteko Harremanen nagusi izendatu ninduten. Nolanahi ere, ez zenuen denbora gehiegi eman Madrilen, maletak hartu eta Ginebrara joan baitzinen. Bi oposaketa gainditu nituen: Madrilekoa eta Ginebrako Nazio Batuetakoa, eta orduan kargua hartzeko luzapen bat eskatu nuen Gorteetan, Suitzara joan ahal izateko, Nazio Batuen delegazio espainiarrera. Baina, jakina, han ere bazen nahiko komeria, hemengo egoeraren oso antzekoa zuten eta. Zein zen zure egitekoa? Bilera guztietan gertatutakoa xehetasun guztiekin jasotzea. Edonor desmoralizatzeko moduko lana. Gero, idazkari nagusiarekinjarri nindutenean, aldatu egin ziren gauzak. Izugarri lan ederra zen, erabateko konfidentzialtasunekoa. Garai zailak tokatu zitzaizkion idazkari nagusi horri. Gogoan dut Malasiako hauteskunde batzuk gainbegiratu ostean, bere lankide bat hil zutela, hotel bateko leiho batetik behera botata. New Yorkeko egoitzara berekin joateko eskatu zidan, baina, arrazoi pertsonalengatik, ezetz esan nion, eta Madrilera itzuli nintzen. Urte haiek atzean utzi, eta gatozen beste kontu batekin. Orain dela gutxi Franco diktadorearen heriotzaren 25. urteurrena bete da. Zein iritzi daukazu trantsizio politikoari buruz? Liluragarria izan zen; itxaropenaren ateak zabaldu zituen. Nazioarteko Harremanetan egiten nuenez lana, asko bidaiatu nuen, munduko herrialde asko ezagutu nituen... Guztiok generabilkien askatasuna buruan, baina nire ustez akats handi bat egin zen, etorkizuna iraganeko oinarrien gainean eraiki zelako. Erregeak, 23 Fn bete zuen paperarekin, estamentu eta jende askoren adiskidetasuna lortu zuen, baina oraindik ez dakigu zer izan zen horren atzean, benetan zer gertatu zen... Paper garrantzitsua bete zuen, bai, baina izendatu zutenean deskonfiantza zegoen. Zer ikusten zen? Francoren jokaldi bat. Hala ere, nire ustez, akatsa, Erregearena baino gehiago, beste estamentu batzuena izan zen. Zeintzuena? Erabateko deskonfiantza geneukan, eta justifikatua nire ustez, poliziarekiko, frankismoaren errepresioaren aparatuarekiko... Izen desberdinak hartu arren, guztiak berdinak ziren. Euskal Herriari dagokionez, ahal zen guztia egin zen. Bukaerara arte negoziatu zen, eta xedapen gehigarriaren inguruan adostasuna lortu zen. Xedapen gehigarri horrek aukera asko ematen ditu, baina ez dira bete, eta gauza bera gertatu da Gernikako Estatutuarekin. Estatutuak itxaropen handiak eman zizkion jende askori, nahiz eta ordurako batzuk hasiak ziren mugak zeuzkala esaten. Argi dagoena da Estatutu hori ez dela bete. Lehen aurka zeudenak bere alde daude orain, eta lehen bere alde geundenok ikusten dugunada ez dela bete. Estatutua bere osotasunean bete izan balitz, orain beste aukera batzuk izango genituen. Oinarri oinarrizko transferentzia batzuk ez dira egin, esate baterako Gizarte Segurantza. 2001. urtean gaude. Une politiko garrantzitsutzat jo daiteke? Oso zaila dago egoera politikoa. Barkatuko al didate, baina ez dakit gaur egungo politikariek egoera zail hau gainditzeko eta konponbide bat emateko adina maila politiko ote duten. Egongo da salbuespenik, baina gehienak kaskarrak dira. Askok uste dute alderdi politiko batekoa izateagatik baiezko borobila eman behar diotela guztiari, huts hutsean. Lanagatik, Eusko Legebiltzarraren sorrera ezagutzeko aukera izan nuen. Orduko politikariek askoz ere garbiago ikusten zuten egoera. Okerrago adieraziko ziren, ez zuten jendaurrean hitz egiteko ohiturarik izango, eta ez zituzten Legebiltzarreko arauak ezagutuko... baina politikari onak ziren behintzat. Ezin ahaztu Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kide ere izan zarela. Ibilbide garrantzitsu eta oparoa izan arren, jende askok ezagutu ere egiten ez duen erakundea ote? Bai, batez ere gazteenek. Eta errua, nire ustez, Elkarteko kideena da. Elkarteak, XVIII. mendean sortu zenean, eragin handia izan zuen eguneroko bizimoduan, ez baitzegoen unibertsitaterik. Bera arduratu zen patatari buruzko edo ardoak Errioxan izan zuen komertzializazioaren inguruko ikerketak egiteaz. Izan ere, ardogileek arazo handi bat zuten, zeren eta ardoa Vitoria Gasteizko portura iristen zenerako pikatuta egoten zen. Orduan Elkarteak profesional talde bat bidali zuen Burdeosa. Horrela iritsi ziren Errioxara teknika frantsesak. Bestetik, Bergarako Eskolan Europako kimikaririk onenak bildu ziren... Emakumeen Mintegi bati buruzko ikerketa bati esker sartu omen zinen Euskal Herriaren Adiskideen Elkartean. Bai. Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak emakumezkoen eskola bat zabaldu nahi zuen Vitoria Gasteizen, Villa Suso n, garai batean mojen eskolak bakarrik zeudelako. Pentsatzen hasi ziren neskatoak ezzirela moja izateko hezi behar, baizik eta ezkontzeko, eta gizartean mugitzen irakatsi behar zitzaiela. Hala ere, Independentziaren Gerra piztu zenean bertan behera gelditu zen asmo hori. Zenbat aurreratuko ote zuen euskal emakumearen hezkuntzak eskola hori zabaldu izan balitz... Eta, orain, zer gertatzen da? Unibertsitatea sortu zen, Eusko Ikaskuntzak hartu zigun erreleboa ikerketen arloan... Pixka bat zaharkituta gelditu gara. Hitzaldiak formula bat direla iruditzen zaigu, baina kontua da gazteak kokoteraino daudela hitzaldiekin. Etorkizunari begira, Elkarteak eraberritzeko asmorik ba al du? Horixe egin nahi nuen nik presidente nengoenean. Zuzendari karguetan behar ditugu gazteak. Zentzugabea da ni talde gazte bat koordinatzen aritzea. Edonor izan al daiteke bazkide? Bazkide numerario izateko, bazkidea izan nahi dela adierazi eta curriculuma bidali besterik ez da egin behar. Gainera, bazkide ikaslearen figura ere badaukagu. Horrelakoa da, adibidez, Eneko Etxebarrieta, munduari bira txirringaz ematen ari zaion gaztea. Erreportaje grafiko zabal bat egiten ari da, giza eskubideak munduko leku desberdinetan nola errespetatzen edo zapaltzen diren azaltzeko. Guk ere hartzen dugu parte haurren eskubideen inguruko lan horretan. Elkarteko lankide batzuk jende gaztea erakarri nahian dabiltza, baina ni ez. Nik uste dut etorri nahi duena etortzen dela, eta parte hartzen duela. Bazkide numerarioek, bi urteren buruan, bazkide oso izateko aukera daukate, ikerketa lan bat aurkeztuz. Eta zu, emakumezkoen mintegiari buruzko aipatutako lanaren bidez sartu zinen. Bai. Baina Alfontso X. Jakitunari buruzko beste lan bat ere egin nuen. Bere jakinduria azpimarratzea interesatzen zitzaidan. Azken batean, egiten zuena jakintsuez inguratzea zen; berdin zitzaion arabiarrak, judutarrak edo zer ziren. Ez zien galdetzen zein zen beren erlijioa, ideologia edo egoera zibila. Bizitzaren edozein arlotan, garrantzitsuena filosofia hori izatea da, inguruan profesional onak izatea, berdin diola nongoakdiren, zer egiten duten, edo ezkonduta edo arrimatuta dauden... Ona zara? Profesional ona zara? Ba aurrera, lagundu egingo dizugu. Tamalez, gaur egun praktika hau ez da nahi bezain usua. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 122.zbk (2001 / 5 / 11 18) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria s
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Gloria Totorikaguena: "EEBBetako euskaldunak euskararen aldeko mugimenduan interesatuta daude"

 

Irakurri

Xabier Iriondo: "Nafarroak, Euskal Herriari jarriko balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak "

 

Irakurri

Koldo Amestoi: "Mintzatzen denak ereiten badu, ixilik dagoenak biltzen du"

 

Irakurri

Miren Terese Urrestarazu: "Araba ez da inoiz orain baino euskaltzalegoa izan"

 

Irakurri

Amelia Baldeón Iñigo: "Arkeologia Museo berriarekin, laukoiztu egingo dugu azalera"

 

Irakurri