Patxi Salaberri Muñoa. Klasikoen gordailuaren sortzailea: Klasikoen gordailuak daukan bokazioa gure literatura guztia bere barruan izatea da

2005-06-03

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Klasikoen gordailua webgunea dugu. Armiarma. com orrialdearen baitan kokatuta dago eta euskarazko literatur testuak biltzeko helburua du. Gordailua dugu, testu horiek guztiak bildu diren tokia delako. Ez gordeta izateko, ordea. Irakurtzeko, erabiltzeko eta ezagutzeko testuak dira, eta hala balia daitezen da egileen asmoa.

Klasikoen gordailuan ez dituzue testu klasikoak bakarrik sartu?

Hemen gauza gehiago sartu da. Alde batetik, testu klasikoak sartu ditugu, baina, bestetik, teorian klasikoak ez direnak eta testu literarioak ere ez direnak sartu ditugu. Zeintzuk dira horiek? Euskararen lekukotasuna ematen duten testuak, alegia, epigrafikoak deitzen direnak eta testu zaharrak deitu izan ditugunak. Testu epigrafikoak euskarri gogor baten gainean idatzita daudenak dira, normalean harri gainean. Papera oraindik zabaldu gabe zegoen garaikoak dira, eta batez ere erromatarren garaikoak. Normalean, testu horiek latinez agertu zaizkigu, baina horietan euskararen antza duten hainbat hitz aurkitu izan ditugu, esate baterako, antroponimo batzuk, Jaungoikoaren izenak, izakien izenak..., eta horregatik, gordailuan sartu ditugu.

Baina zuek aurkitutako testuak dira?

Ez, ez... guk ez ditugu aurkitu. Guk egiten duguna da: Beste batzuek aurkitu dutena bildu. Horretarako, denetatik erabili dugu, adibidez, gure irakaskide batzuren lanak, batzuk esatearren, epigrafia arloan Gorrotxategi edota Koldo Larrañaga irakasleek argitaratutako lanak. Guk hortik aukeraketa bat egin dugu. Testu zaharrekin berdin. Material horiek ezagunak ziren, baina sakabanaturik zeuden, eta guk Interneterako bildu ditugu.

Hala eta guztiz ere, gordailuan klasikoak ardatza dira.

Bai, hor gure autorerik eta obrarik inportanteenak ditugu, baina horiez gain bigarren mailako autoreek eta testuek ere euren lekua dute, gordailu honek daukan bokazioa gure literatura guztia bere barruan izatea baita. Hori gutxi balitz, ahozko literatura ere sartu dugu, bestela esanda, herri literatura edo egilerik gabekoa.

Momentuz, zenbat testu daude barruan?

Klasikoetan 200etik gora dira idazlanak, eta 130 bat autoreak. Herri literaturan, berriz, milaka gauza daude: Poemak, bertsoak..., baina horiek ez ditugu testu klasikoekin batera zenbatu.

Zuretzako, zeintzuk dira preziatuenak?

Niretzako denak dira preziatuak. Egia da XVI. mendekoak oso gogokoak ditudala (Etxepare, Lazarraga...). Ni eskola klasikokoa naiz.

Noizkoa da gordailua? Noiz sortu zenuten?

Hau ideia zaharra da, duela hamar bat urtekoa. Pixkat beranduago lanari ekin genion, baina itsasontzi guztiei gertatzen zaiena gertatu zitzaigun guri. Batzuek arraun egiten dute, beste batzuek ez dute itsasontzi horren beharrik ikusten, eta badira itsasontzia torpedeatu egiten dutenak ere. Gure proiektu honek gorabehera pila bat izan ditu, eta bost bat urte egon da izoztuta, tamalez. Ez zen gure erruarengatik izan, submarino batzuengatik baizik. Ez galdetu submarinoen inguruan, ahaztu nahi dut eta.

Eta gu diozunean, zeintzuk zarete zuek?

Orain Susa argitaletxea ere dago, baina hasieran Unibertsitateko hiruzpalau irakasle ibili ginen lanean. Jendea beharko genuke guri laguntzeko. Ordenagailuan ikusten ditugun testuak digitalizatu behar dira, zuzendu behar dira… mila gauzak daude egiteko. Gure erronka da urtean 50 titulu sarean ipintzea. Laguntzak mota askotakoak izan daitezke, ez ekonomikoak bakarrik. Hau ez da gure negozioa, hau euskaldun guztiok daukagun erronka bat da. Batetik, Internet, eta bestetik, literaturan aritzen direnek, ikasleek, irakasleek... etekin handia atera diezaiokete honi. Testu guztiak sar daitezke hemen, ez baitugu inolako muga kontzeptualik. Aurrerantzean, esaterako, haur literatura, eta zergatik ez. Gordailu honek daukan bokazioa idatzita dagoen guztiaren ispilua izatea da, orduan dena sar daiteke.

Batek daki zenbat ordu eman dituzun honetan

Zereginik gogorrenak testuak pikatzea eta zuzentzea izan dira, alabaina, esan beharra dago ere lagun askoren laguntza eduki dugula.

Nolatan hasi zinen Susa argitaletxearekin elkarlanean?

Haiei aldizkari literarioen gordailua egitea bururatu zitzaien, eta nigana jo zuten. Proiektua amankomuna izan zitekeela berehala ikusi genuen. Haiek unibertsitatean aurkitu ez genuen azpiegitura zuten, nik aurrera egiteko gogoa..., eta elkarrekin hasi ginen lanean, zorionez. Klasikoen gordailua armiarma. com-en sartzean izugarri aberastu zen, Susa argitaletxeko web orrialde hori literatur sare handi bat delako, horrek eskaintzen dituen aukera guztiekin. Elkarren osagarriak dira.

Hala da, armiarma. com orrialdearen baitan zaudete. Zer da armiarma. com?

Susa argitaletxeak egin duen literaturaren sarea. Momentuz gurean egin den literatur sarerik interesgarriena dugu. Atal ezberdinak ditu, eta horietako bat klasikoak dira. Gainera, munduak ezagutu gaitzan, hainbat gauza hizkuntza ezberdinetan dago.

Zergatik jasotzen du gordailuak euskal literaturako lehen agerpenetatik 1936ko gerrak ezartzen duen mugara arte?

Batetik, metodologia errazteko muga bat ipini behar genuelako, eta, bestetik, funtsezko arrazoi bat, egile eskubideak, alegia. Egile eskubideek 60 urteko iraupena dute eta pentsatu genuen horiekin ez genuela borroka egin behar. Gainera, 1936. urtea muga esanguratsua izan zen, orduan gure literaturari, gure gizarteari bezalaxe, belarrondoko, zaplasteko ikaragarri bat eman zitzaiolako. Egia da gerratik hona ordurarte baino produkzio gehiago egon dela, baina egun ia testu horiek guztiak eskuragarriak dira.

Norentzako dago egina gordailua?

Hasieran normalean testuak erabiltzen dituenengan pentsatu genuen. Zeintzuk dira horiek? Literatura eta filologiaren esparruko jendea, ikasleak zein irakasleak. Horrela, Euskal Filologiako ikasle batzuekin hasi ginen. Halere, lanean hasi bezain pronto jende askorentzat interesgarria izan zitekeela ohartu ginen. Horiek guztiek gordailuan dituzte obra osoak eskuragarri.

Euskal gizarteak idazlan klasikoak ezagutzen ditu?

Tira... Jakin nahi nuke literatura noraino den gauza popularra, noraino ez. Batzutan idazleen izenak ezagutzen ditugu, gutxiagotan horiek idatzitako testuen izenburuak, eta barruan idatzita dagoenari buruz zer esanik ez. Normalean jendeak ez du irakurtzen, eta are gutxiago, literatura zaharra.

Gaur bertan komunikabideetako berria da gutxi irakurtzen dela.

Bai, entzun dut. Inkestak zion haurrek gurasoek baino gehiago irakurtzen dutela, baina astean behin bakarrik, eta ordubete baino ez. Egia da, gutxi irakurtzen da. Halere, hau ez da berria eta oraingoak ez dira garai txarrak, are gutxiago, ditugun baliabideekin.

Gordailuak izan dituen bisitak ikusita, badago bitxikeriarik?

Datu zaharrak ditudan arren, konexioak hamaika lekutatik izaten dira (Europatik asko, baina Argentinatik ere mordoska bat edota Israeletik). Hala eta guztiz ere, eta normala den bezala, kontsulta gehienak hemendik bertatik egiten dira, hau da, euskaldunok egindakoak.

Eta non dago etekin ekonomikoa?

Guk ez dugu etekin ekonomikorik bilatzen honetan. Lana aurrera eramateko laguntza pozik hartuko genuke, baina ahaleginek desinteresatuak izan beharko lukete. Hemen ez dago dirurik.

Eta Eusko Jaurlaritzako diru laguntza bat?

Ondo legoke Eusko Jaurlaritzarena edota beste erakunde batzuena. Horren aldetik, Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitz egin genuen, baina ez bide zuten ilusio gehiegirekin ikusi.

Esan daiteke arlo honetan beste hizkuntza batzuren aurrean gaudela?

Baten batek harroputzak garela esango digu, baina kontutan hartzen baditugu zenbat euskaldun garen munduan, ez gara asko, izan ditugun historia, bilakaera... Uste dut gure lana oso ondo bete dugula. Iruditzen zait euskaldunok, hain gutxi izanda, ikaragarrizko proiekzioa izan dezakegula horrelako gordailu baten aukera guztiak jorratzen baditugu, eta gainera eredugarri izan gaitezkeela. Internetek eskaintzen dizkigun aukerak ikaragarriak dira. Noski, ez da bakarrik lau katuren lana, ez dakit Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak edo Jaurlaritzak parte hartu behar duten… Eginda daukaguna ez da erraldoia, baina bada zerbait, eta modu ezberdinetan aberas daiteke.

Kulturarako garai txarrak omen dira.

Kulturarako beti dira garai txarrak. Irratia agertu zenean, gero telebista, egun informatika... Beti dira, baina ez dira hain txarrak. Beti ari gara negarrez.

Proiektu honen zati handi batek militantzia du ardatza? Bai, baina oso militantzia polita. Militantzia baldin bada, sinesten duzun zerbaiten alde jokatzea, hau militantzia da. Alabaina, ilusio guztiarekin jokatzen dugu. Etekinak? Poztasuna, ematen dizun poztasuna, egin behar den zerbait eginda ikustea... Hori da lortzen duzun gauzarik politena. Zalantzarik ez izan, euskaldunok militantzia pila bat eta ordu pila bat ematen ditugula. Hemen ez bada, beste arlo batean (kirolean, antzerkian...). Pozik egiten den lana dugu. Patxi Salaberri Muñoa Arabako Aramaio herrian jaio zen “orain urte batzuk”. Dakizuenez, Ipar Arabako herri horrek Gasteizen baino Debagoienarekin du harreman handiagoa. Halere, Patxik Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten duenez, Gasteizen bizi da aspaldi. Euskal Filologian aditua, idazlea ere bada noizean behin, eta horren lekuko, “Iraupena eta lekukotasuna” eta “Euskal Literatura 1900 arte” liburuak. Ah! Mendia ere du atsegin.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Nieves Zabala. Medicus Mundi Espainiako presidentea: Urte askoan zehar, ahalegin izugarria egin dugu Hegoaldean, baina gero eta pobre gehiago eta gero eta bazterkeria handiagoa daude munduan

 

Irakurri

Clemente Bernad. Argazkilaria: Nire argazki kamerarekin daukadan asmoa ez da erantzunak ematea, galderak botatzea baizik

 

Irakurri

Patxi Garai. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko koordinatzaile orokorra: Herri honetan ez dago kultur ekimenetarako dirua ipiniko duen J.P. Morgan bat edo Guggenheim bat

 

Irakurri

Luisa Etxenike. Idazlea: Ahaleginak kulturarekin duen harremanaren ideia galdu da, adimenaren askatasunak urrutiko espazioetara heltzea suposatzen duenaren ideia

 

Irakurri

Anje Duhalde. Euskal musikaren berritzaile: Errobiren musika zen tripako minen ateratzea eta orduko mundu hortarik jalgitzea

 

Irakurri