Paulo Iztueta Armendariz. Irakasle-ikerle eta idazlea: Niretzako ikaragarria da dakidan txiki-txiki hori transmititu ahal izatea

2008-12-12

SILLERO ALFARO, Maider

Paulo Iztueta jaunarekin egiten dugu hitzordua Donostiako Gros auzoan. Euskal pentsamenduaren eraikitzaile dena taberna baten aurrean dago gure zain. Aurpegian irribarrea dauka. Bizitza luzean lanean eman ondoren 2 urte daramatza erretiroan eta denbora libreaz gozatzen ikasi badu ere, lana ez du baztertu guztiz. Denbora luzez ematen dugu elkarrizketan baina motz gelditzen gara. Amaitu eta bakoitza bere bidea hartzera dihoan bitartean hizketan jarraitzen dugu. “Paulo, idazteko falta zaizun liburua zure bizitzaren inguruko liburu da” ausartzen naiz esatera. “Bai, hala eskatzen didate semeek” erantzuten dit. Bizi izan dituen esperientzia guztiak Orixeren inguruan idatzitako liburua baina potoloagoa izan daiteke.

Paulo, zure bizitzari errepasoa emango diogu, baina goazen atzetik hastera. Nola bizi duzu erretiroa?

Duela 2 urte jubilatu naizela eta bizitza, zentzu batean, aldatu da nahiz eta ildo beretik joan. Lehen neraman bizi-erritmoa jaitsi da, lasaiago hartzen ditut gauzak eta unibertsitateko lanbidea eta irakaskintza sistematikoak dakarren presio hori ez daukat orain. Aisia lehen baino gehiago zaintzen dut, baina Utriusque Vasconiae argitaletxean denbora gehiago sartzeko astia dut ere.

Aipatzen duzun “ildo” horretan ikerketa lanak daude presente?

Unibertsitatetik aldendu egin naiz, ez naiz sartzen plangintzetan nahiz eta noizbehinka deiak izaten ditudan ikastaroren bat edo beste emateko eta beste konpromiso batzuk ere baditut; pare bat doktore tesi ditut zuzentzeko, adibidez, eta horiekin ere segitzen dut.

Ondo baderitzozu goazen hasierara. Zure bizitzari eta gure historiari errepasoa egingo diogu:

Ongi da. Nire prestakuntza zein den azalduko dizut, nondik natorren jakin dezazun. Gerra ondorengoa naiz, 1941ean jaioa, Berastegiko baserri xume batean. Eliza Ikasketak burutu nituen lehenik Arratiako Areatzan, sakramentinoen komentuan, eta segidan Erroman Filosofiako Lizentziatura. Nere lehenengo lanbidea eta bokazioa, beraz, filosofia izan da. Beraz, filosofiari lotuta egon naiz, pentsamenduari eta baita literaturari ere. Asko maite dut literatura. Nire lehenengo pausoak euskal munduan Arnas aldizkariaren inguruan izan ziren, baita Jakin aldizkarian ere, 1960ko hamarkadan.

Hamarkada hori oso bizia, aberatsa eta indartsua izan zen: gerra ondoko generazioaren sorrera, kultur mugimendu berriak, ETAren sorkuntza... Giro berriak eman ziren filosofian ere bai, existentzialismoa, sozialismoa... Hamarkada horren bukaeran Arratian filosofiako irakasle nintzela, Burgoseko prozesua burutu aurretik, erbestera joan behar izan nuen, nire bizitza asko aldatu zelarik. Zerotik hasi nintzen Parisen, Soziologia eta Historia ikasten. Frantzian nintzela Euskal Herriko gizarte egoerak behartu ninduen filosofiari oinarri soziologikoak eta historikoak ezartzen. Ikusi nuen problema konplexua zela eta gai horietara hurbiltzeko historia eta soziologia lantzen hasi nintzen oso modu espezifikoan. Beraz, gizarte zientzietan ibili naiz.

Eta zein da modu espezifiko hori?

Ni euskararen mundutik nentorren eta nire egitekoa kultura zen, eta gainera euskaraz landutako kultura. Jabetu ginen guk ez bagenuen egiten inork ez zuela egingo euskarazko kultura. Gure aurreko belaunaldiak, Lekuona, Barandiaran, Azkue, Mitxelenak eta... horiek beren ikerketak erdaraz egin zituzten. Baina euskara zientzietan? Guk nahi genuen gure pentsamendu akademikoa gure mundu partikularretik begiratuta eta euskaraz sartzea Europako kultura landuan, gizarte zientzietan bezala teknologikoetan ere. Iraultza guzti hau neurri handi-handi batean gure generazioari zor zaiolakoan nago.

Garai horretan aldizkariek garrantzia handia izan zuten eta zu horien sorkuntzan ibili zinen.

Jakin aldizkaria Hegoaldean kokatua zegoen eta bera zen garai hartako erreferente nagusia. Guk, erbestean geundela eta orduko pentsamendu giro sekulartuagoak hala eskatuta, Iparraldean Zabal aldizkaria sortu genuen, Hegoaldeko eta Iparraldeko pentsalari gazteen kezkak jasotzen zituena. Erakunde politiko guztietatik autonomoa izan zen pentsamendua landu zen han, pentsamenduak, orduan bezala egun, aske izatea eskatzen zuelako. Euskal Herriko hainbat euskal intelektualen kokalekua izan zen. Erreferentzia guztiz inportantea zen hura baina erbestetik etorri nintzanean hil egin zen, geroztik maila horretako beste aldizkari autonomo batzuk, espezializatuak, sortzen hasi zirelako unibertsitate inguruan. Gai asko eta asko jorratu ziren bertan: marxismoa, nazio arazoak, sozialismoa, emakumearen mugimenduak, ekologia... Gure aurreko generazioaren pentsamendua Eusko Gogoa aldizkarian biltzen den bezala, gure generazioarena Zabal-en islatzen da.

Beste bi aldizkariren sorkuntzan ere parte hartu zenuen: Arnas eta Zehatz.

Kontatuko dizut bai. 1965-1966 sortu zen Jakin. Goi ikasketak egiten seminario eta komentuetan zeuden luma onentxoenak aldizkari horretan idazten zuten. Geroxeago, 1960ko hamarkadaren erditik aurrera, aldizkari komentualak sortu ziren, bospasei urteko bizitza izan zutenak: Erein, Laiaketa, Gogoz, Ekin... Guk Areatzan Arnas argitaratzen genuen eta bost urtez zuzendu nuen. Baina horiek guztiak Burgosko prozesua baino lehen desagertu ziren. Zehatz aldizkariaren kasua desberdina da, Franco hil eta gero Donostian sortutakoa, Zabal-en ildotik edo, baina bizitza oso laburra izan zuen.

Eta gaur egun horrelako aldizkariak existitzen al dira?

Oso biziak ziren garai hartakoak, aberatsak, oso askeak, potenteak. Nere ustez, gaur egun unibertsitatean pentsamendua askoz “domatuagoa” dago. Maila handikoak dira batzuk, zientzia jakinetan espezializatuak, baina mundu akademikoan sortzen den pentsamendua, zientifikoa deitzen zaion hori, neurri handi batean organikoa da, botere instituzionalari atxikia. Zoritxarrez ez dira hainbeste erresistentziaren ikuspegitik begiratuta pentsamendu alternatiboa, zibilizatua eta humanoa, eskaintzen ahalegintzen direnak. Eta euskaraz, berriz, gutxiago, nahiz sekulako urratsak eman diren. Lasto artean ale bikainak ere aurkitzen dira.

Noiz iristen zara Unibertsitate mundura, klaseak ematera?

Harrituko zara, baina 1986an sartu nintzen. Zergatik hain berandu bizitza osoan mundu honetan ibili eta gero? Begira, ni euskararen ingurutik nentorren. Hori zen nire bokazioa, nire ikuspegia eta orain ere horretan sinesten dut eta nire angustiak ere horretan joan dira. Parisetik etorri nintzenean kezka handia neukan. Orduan sortu zen ere euskara batuaren inguruan sekulako arazoa, Koldo Mitxelena hor zegoelarik. Euskal idazleen artean, bereziki belaunaldi zaharrekoen eta berrikoen artean, tirabira garratzak sortu ziren. Aurreko generaziokoak, orokorrean esanda, ez zeuden euskara batuaren alde, generazio berriaren kezka izan zen gehiago. Oso arazo konplexua zen. Helburua euskara maila guztietan modernotzea eta beste hizkuntza landuen mailan jartzea zen. Baina nola lortu ordura arte testu erlijiosoetara eta nekazal mundura mugatuta egondakoa kultura landuaren adierazpide arautua izatera? Kontua ez zen linguistena bakarrik. Gai jakinetan adituak zirenen laguntza ere beharrezkoa zen. Bestela nola finkatua hiztegi zientifikoa?

Egiteko zaila zen hori, baina ez ezina. UZEIk arazo horri heldu zion 1977an eta ni ere taldekide bat gehiago izan nintzen, gizarte zientzien sailean. Joseba Intxaustik eta beste batzuk bultzatutako proiektua izan zen. Asmoa: Euskarazko Unibertsitatea sortzeko tresneria sortu: Alde batetik, testu liburuak eta bestetik lexikoa. Sail bakoitzean adituez osatutako talde bat. Bertan 10 bat urte egin nituen, 1977tik 1987ra arte. Politika eta Filosofiako hiztegiak egiten. Ordurako UZEIk hiztegi bilduma mardula zeukan egina, gaurko hiztegi espezializatuen oinarri dena.

Lan honetan 10 urte eman eta gero Unibertsitatera pasa eta bertan 20 urtez ibili zara, duela 2 urte arte hain zuzen.

Niretzako plazer bat izan da hori egitea, eskolak ematea. Unibertsitate garaian ere Émile Durkheimen Hezkuntza eta Soziologia liburua euskaratzea gogoz egin nuen eta eskolan asko erabili nuen, oinarrizkoa delako. Egia esan, plazer ikaragarria eman zidan itzultzeak, behintzat gustu hori badaukat...

Hezkuntza munduan ere lan handiak egin dituzu.

Nire ustez, nire produkzioa joan dela 3 sektore desberdinetan: Alde batetik, ikerketatako lana. Utzi aparte poesia. Literatura barrutik bizi izan dut eta pasionalki gainera, baina herri arazoak oso barrutik ikusi nituenean esan nuen “Paulo, hau oso ondo zegok baina barruraino jo behar dek”. Orduan hasi nintzen arrazoitzen eta ez ihes egiten. Literatura nire errekreoa bihurtu zen bitartean, gizarte zientziak lantzen jarraitu nuen. Dekantazio hau Parisen nengoela egin nuen.

Parisen ere zure doktore-tesia jorratu zenuen. Ez dugu aipatu orain arte, baina ustez arro sentitzen zera lan horrekin.

Bai. Han ere, Parisen, bidegurutze bat izan nuen nire doktore-tesia nola bideratzearekin: erlijioaren soziologiatik ala politikaren soziologiatik. Azken honi guztiz inportantea den alderdi bat ikusten nion; “boterea”rena. Beste aldetik, eta ni nentorren mundua ikusita, erlijioa ere guztiz inportantea ikusten nuen. Azkenean, azken honi heldu nion Gaudemar irakaslearen zuzendaritzapean. Gaiaren muina zen azaltzea nola zen posible horrenbeste apaiz kartzelan egotea Zamoran garai hartan gure herrian. Lehenengoa nintzen gai horri heltzen. Koskatu zitzaidan latz, baina emaitzarekin gustura geratu nintzen. Frantsesez idatzitakoaren itzulpena da hau: Sociología del fenómeno contestatario del clero vasco (1940-75), bertan erlijioaren soziologia bat frankismo garaian egiten dut. Nik uste dut nire obrarik onenetarikoa hori dela, asko maite dudana.

Jokin Apalategirekin batera Marxismoa eta nazional arazoa Eukal Herrian liburua kaleratu nuen. Orduan oso bizia zegoen asunto hori eta sekulako txispak atera zituen.

Garai horretan, Jokin Apalategirekin batera beste liburu bat egin nuen Sei idazle plazara. Garai hartako literaturari buruzko kritika oso zorrotza.

Orixe.

Gu autodidaktak ginen euskal munduan. Guk ikasi genuen idazten irakurriz. Ikaragarri irakurtzen genuen. Autore bat guztiz inportantea, nik gehien betetzen ninduena askogatik Orixe izan zen. Gauza asko erakutsi zizkidan: prosa erraza nola egiten zuen, nola tratatzen zituen gai oso altuak, saiakera nola egiten zuen... Bere garaian euskal kulturaren zilborra izan zen, euskal kulturgile guztiek miretsi egiten zuten. Orduan pentsatu nuen, nik azterketa sakon bat egin nahi dut XX. mendekoa. Orixeren bizitza hartu eta genesia azaldu. Lan ikaragarria izan zen eta eredurik ez neukan. Gainera Orixeren mendeurrena zen: 1888an jaio zen eta 1988rako zerbait burutu nahi nuen. Gauari ordu asko lapurtu nizkion. Astebururik ez zen. Bere lan guztiak hartu, ikertu, bildu, bateratu eta gero hari buruzko azterketa bat egin nuen. Lana 1990an bukatu nuen eta 1400 orrialdetik gorako biblia atera zitzaidan. Seguru asko, bolumenez eta pretentsioz lanik inportanteena da, gaur egun erreferentzia bat dena, tesia ahaztu gabe. Bertan mugimendu kulturalak, bai politikoak aztertzen eta bateratzen eta bilbatzen ditut. Ezin da autore bat esplikatu, are gutxiago haren sorkuntza, ez bada autore horren sorkuntza bera azaltzen. Hau da nire aspaldiko tesia.

Orixe eta gero azkeneko fase edo garai bat dator.

Hau bukatuta Hezkuntzaren Soziologiaren fasea dator. Esparru honetan lan bat aipatzearren, oinarrizkoa, Hizkuntza, hezkuntza eta boterea da. Hor azaltzen dut paradigma moduko zerbait, hezkuntzarena eta hizkuntzarena boterearekin zerikusi zuzena duen zerbait baita. Boterea gizarte harremanetan lehen elementu fundatzailea da.

“Paulo Iztueta Euskal Pentsamenduaren eraikitzaile” liburuan irakurri daiteke hori, eskola boterea dela.

Bai horrela da. Eta gai horren inguruan artikulu ugari daude aipatu dizudan liburu horretan.

Hezkuntza lehen eta orain. Nola aldatu da? Zeintzuk dira desberdintasunak markatzen dituzten faktore horiek?

Gai baten inguruan bi jarrera daude. Ni naiz erresistentziatik datorren pertsona bat, eta ez naiz bakarra. Baina jende honek ez dauka tokirik erakundeetan. Beste batzuk dira, ordea, erakundeek ezarritako hezkuntza sistema bati lotuta daudenak. Hau esanda, nik egiten dudan irakurketa da badaukagula hezkuntza sistema bat, gaurkoa, Franco hil eta gero ezarritakoa, zer ikusirik ez daukana nire garaikoarekin, hau da, maila batean etena duena. Orduan, sortu zen ikastola baina nukleo txiki txikian, herri mugimenduan babesean. Franco hil eta gero eraiki nahi denean hezkuntza sistema berria, hezkuntza sistema hori autonomikoa da, baina funtsean, egituralki estatala. Ikastolek eredu bakarra zuten, baina hezkuntza sistema autonomikoa adosterakoan tarta polit bat egiten da: A, B eta C ereduekin. Hori demokrazia da, eta onartzen dut, baina pasako dira ehun eta berrehun urte eta segituko du modu berberean ez badira bitartekoak jartzen. Gaur ezarrita dagoen hezkuntza sistema ez da Franco garaikoa, egia, baizik eta autonomiaren estatuari dagokiona, zeinetan autonomia bakoitzean hezkuntza sistema oso antzekoa aplikatzen baita. Hezkuntza sistema autonomiko horri dagokion modelo linguistikoa elebitasuna da. Hau ez da inongo estatuan ematean. Herri menperatu batean ematen da elebitasuna eta Euskal Herriak merezi du, behar du, bere hizkuntza sistema nazional propioa, zeinetan euskaraz irakasten den.

Zure bizitzari errepasoa eman diogun bitartean Euskal Herriko kultur eta hezkuntza munduaren zatitxo bat ere errepasatu dugu. Utz iezadazu bukatzen hasi garen moduan, orainarekin, Utriusque Vasconiae argitaletxean egiten duzun lanarekin alegia.

2000. urtean sortu genuen eta harrezkeroztik guretzako gizarte mailan sortzen diren produkzio kultural onentxuenenak hautatu eta hori ateratzen dugu. Bagoaz 70 liburutik gora, pentsamenduaren alorrean bezala beste sailetan ere, literaturan eta kritika literarioan ere, aleak kaleratuz. Hemen gaude.

Generazio berriari bideak irekitzea, laguntzea eta transmisio hori egitea, horixe da nire kezkarik handiena. Ahalegin handiak egin ditut aldamenean ikertzaileak eta taldeak sortzen eta niretzako ikaragarria da dakidan txiki-txiki hori transmititu ahal izatea. Bideak erakustea, alegia. Eta horrek poz handia, handia benetan ematen didala. Paulo Iztueta Armendariz (Berastegi, 1941) Irakasle-ikerle eta idazlea. 1967an Erromako Angelicum Unibertsitatean Filosofia Lizentzia lortzen du. 1969an Parisera erbesteratu zen. Bertan Paris VIII. Unibertsitatean Soziologia eta Historia ikasketak burutu zituen. 1976an doktorego tesiarekin ikasketa akademikoei amaiera ematen dio. Arnas, Zabal eta Zehatz aldizkarien sortze prozesuan partaide izan zen eta Hiztegi unibertsitario-zientifikoa prestatu zuen. Iztuetaren bokazio ezkutua literaturarekiko pasioa da: saiakerak, poesia, artikuluak, hitzaldiak... baita itzulpenak ere egin ditu. Hauekin hainbat sari lortu dituelarik. 1986az gero EHUko Hezkuntza Zientzietan aritzen da. Garai honetan hainbat tesi gidatzeaz gain 2 liburu azpimarra daitezke: Euskal Irakaskuntza Autonomi Aroan (1983-1984) eta Hezkuntza, Hizkuntza eta Boterea Euskal Herrian, non boterearen, hizkuntzaren eta hezkuntzaren arteko arazoa uztartzen dituen.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jose Felix Basozabal. Itsas ingeniaria: Eutsiezinak dira egungo garraio-sistemaren kanpo-kostuak

 

Irakurri

Daniel Innerarity. Filosofoa: Mundua ez da inoiz ulertzeko hain zaila izan

 

Irakurri

Joseba Etxebeste. EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakaslea: Haur batek jakin beharko luke gure kulturan zer nolako joko eta jolasak eman diren

 

Irakurri

Sho Hagio. Eusko Ikaskuntzako bazkidea: Euskal nortasunetik gustukoen dudana euskararekiko atxikimendua, bestearenganako irekitasuna eta bereganako fidagarritasuna da

 

Irakurri

Jokin Larrañaga. Arabako Diputazioko Euskararen Foru-Zerbitzuko arduraduna: Arabako euskaldun asko militanteak dira eta hori oso aberatsa da herrialdearentzat

 

Irakurri