Raúl López Romo. Historian Doktorea: Ez da fidatu behar egia absolutua ezagutzen dutela esaten dutenez

2012-06-15

AGUIRRE SORONDO, Juan

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

“Años en claroscuro. Nuevos movimientos sociales y democratización en Euskadi (1975-1980)” bere liburuari buruz hitz egin dugu Raúl López Romorekin. Doktore tesia oinarritzat izan du trantsizioko urte asaldatuak jorratzen dituen liburu hau idazterako orduan, baina ez ikuspegi politiko batetik, gizarte zibilaren akzio oinarritik baizik. 70. hamarkadako mugimendu sozial berrien, hau da, feminista, nuklearren aurkakoa eta gay mugimenduaren bitartez egiten da historiaren narrazioa. Adibide horiek, lapsus kronologiko labur batean eman ziren prozesu politiko nola aldaketa soziokulturalen haria jarraitzen laguntzen digute. Argilunezko urteak izan ziren, non askatasunaren eraikuntza biolentziaren desafioarekin elkar bizi zen.

Diozunez, Trantsizioa ez da bi errealitateren (diktadura eta demokrazia) arteko “zubi” bezala ikusi behar, bidegurutze bat bezala baizik. Azaldu iezaguzu hau, mesedez.

Niri ez zitzaidan, kasu honetan, zubiaren metafora gustatzen ez baitu errealitatea bere konplexutasunean islatzen. Etapa historikoak ez dira mekanikoki, beste aukerarik egongo ez balitz bezala ematen. Orainalditik, eman diren aldaketak derrigor jazo behar zirelako gertatu direla pentsatzen dugula da arazoa, baina egia esan, beste aukera ugari ere egon badaude. Horregatik ez zait gustatzen historia lerro zuzen bat bezala hartzea, zerra baten hortzak moduan baizik, ez zubi bat bezala, bai bidegurutze bat moduan. Eta bidegurutzearena, trantsizioa moduko garaietarako aproposa da, hain zuzen, demokraziarako ibilbidea aurrez zehaztu gabe zegoen eta tentsio inboluzionista gogorrak egon ziren ejertzito espainiarraren, bai eta ETAren desafio armatuaren aldetik ere, oso hilgarria batez ere hirurogeita hamarreko hamarkadan eta laurogeiko hasieran, eskuin-muturraren esku-kolpeak zirela, poliziaren zenbait gehiegikeria (Gasteizen 1976ko martxoaren 3an emandakoa kasu, non poliziak greban zeuden bost langile hil zituen) eta abar. Hala, guzi horrekin, garai benetan konplexua eta tirabiratsua da eta zalantzarik gabe ez zen demokraziarantz bide erraza, ez eta zilarrezko zubia izan.

Zure lana Trantsizioko “gizarte mugimendu berrietan” oinarritzen da, eta zehazkiago hirutan: ekologista, feminista eta gay mugimendua. Zergatik hiru horiek? Zein neurritan ziren “berriak”?

Historia politiko klasikoari errespetu handia diot, alderdi politikoen historia onari, adibidez. Baina ni, irakurle moduan, ez nau harrapatzen. Euskadiko trantsizioaren historia bat kontatu nahi nuen “behetik”, hau da, elitearen ekimenak islatuta gera zitezela, baina baita ekintza sozialak ere. Modu horretan, mugimendu sozial berriak ikertzeak, gizarteak aldaketa kultural sakonak nola hauteman dituen ulertzea ahalbidetzen duela uste dut, esaterako, homosexualitatearen edota generoen arteko berdintasun auziak. Gaur egun presentzia mediatiko handia daukaten gaiak dira, baina garai hartan eraikitzen ari ziren eta horietariko asko sortzen edota katakonbatik ateratzen ari ziren. Trantsizioan asko zegoen egiteko, baita oraindik ere, baina orduan are gehiago. Ez zen soilik Estatu buruzagitzaren, hau da, eta Franco aurkezten zen bezala, Jainkoaren graziagatik buruzagi zenaren erreleboa demokrazia parlamentario batetara. Kontuan hartu behar dugu 70. hamarkada amaierara arte Espainian ez zegoela dibortzioaren legerik, ezta antisorgailuak eskuratzerik, eta homosexualitatea jazarria zegoen. Urte gutxitan gauza horietariko asko aldatuko ziren, bai legalki eta baita irudi sozialari dagokionez ere, nahiz eta azken hori gehiago kostatu eta motelago ematen den.

Baliagarritasun irizpide bategatik aukeratu nituen hiru mugimendu sozial horiek, eta ez beste batzuk, izan ere, beste protagonista batzuetan sakontzeak nire lana amaiezina egingo zukeen. Baina batez ere, mugimendu horien historia bat baino zerbait gehiago kontatu nahi nuelako, egin zuten guztiaren xehetasun ugarirekin. Trantsizioaren historia bat mugimendu sozialetatik, beraz, baina beste batzuk ahaztu gabe, langile edo auzo mugimenduak kasu, urte haietan oinarrizkoak izan baitziren.

Hirurogeita hamarreko hamarkadako mugimendu sozial berriak zentzu batean berriak izan ziren, historikoki Euskadin sekula ez baitziren aurretik esplizituki nuklearren aurkako zein bandera feminista edo gayekin ateratzen kalera. Baina noski, berrikuntza guztiak testuinguruan ikusi behar dira: ekintzaileetariko batzuk langileena moduko beste mugimendu “zaharrago” batzuetatik zetozen, eta oso originalak ez ziren protesta moduak baliatu zituzten, besteen artean aldarrikapen plataformak, eserialdiak, sinadura bilketak...

“Demokrazia ez da bakarrik konstituzio, parlamentu, alderdi politiko eta biltze eta adierazteko eskubide batzuen aitormena duen egitura instituzional bat”.

Argazkia: Barbara van der Leeuw.

Hiru mugimenduetatik, zalantza barik ekologista izan zen indartsuena, Lemoizko proiektuaren aurkako mobilizazio efektuaren, eta ahulena berriz, gay mugimendua.

Noski, Lemoizko zentral nuklearrak euskaldunon gainean zintzilikatutako Demoklesen ezpata zirudien, Mario Onaindiak behin esan zuen moduan. Bilbo Handitik 20 kilometrotara ari ziren eraikitzen, horrek dakarrenarekin; eta horrelako azpiegitura batek gaitzespen sozial indartsua ekarri zuen euren etxe aldamenean horrelakorik nahi ez zuen jende kopuru handia baitzegoen, hauen ideologia edozein izanik ere.

Halere, homosexualitatea konnotazio kultural oso negatiboez inguratuta egon da historikoki eta hori aldatzea asko kostatu zen. Eta hasieran trantsizioan mugitzen hasi ziren aktibista konprometitu gutxi batzuek eginiko pixkanakako kontzientziazio sozial lanari esker lortu zen. Izan ere, Euskadiko historian ez zen inoiz ekainaren 28a, Gay Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatu, 1978ra arte.

ETAk proiektuko bi ingeniari-nagusi hilaz esku hartzea erabaki zuenean, Lemoizko zentral nuklearraren gaineko eztabaida dolu ekologista baino politikoa izaten amaitu zela da arazoa.

Mugimendu eta protesta modu horien inguruan aldarrikapenak bakarrik ez, talde identitate moduak eraikitzen joan ziren baita ere, zure liburuan adierazten duzun bezala.

Aldarrikapenak mugimendu sozialen ageriko agenda dira, baina horietan ere kidetasun lotura sendoak eraikitzen dira. Batez ere feminismo eta gay mugimenduetan, non identitate gradu altu bat ematen den, hau da, kideek modu jakin batetan naiz emakumea edota gay naiz harrotasun eta ausardi handiz aldarrikatzen dute, eta jendarteak naizen bezala onar nazala nahi dut, inolako bazterketa zein diskriminaziorik gabe. Hala, manifestazioak, erakundeak, prentsako albisteak eta abar identitate moduak sortzen ari dira, izan ere, nortasuna zerbait pertsonala eta besterenezina da, bakarra den pertsonaren berezko zerbait, baina gainera, gure parekoekin hartu-emanak ditugun heinean sozialki eraikitzen den zerbait ere bada.

Zure liburuan, analisi sakona egin duzu, non mugimendu sozialetatik demokrazia eta aldaketa nola bultzatu ziren, baina era berean, diktaduran borrokatzen ziren jokamolde eta botere erlazioek bizirik iraun zutela aztertuz. Hor al dago agian, argilunezko urte haietako alderik “itzaltsuena”?

Izan ere, demokrazia ez da bakarrik konstituzio, parlamentu, alderdi politiko eta biltze eta adierazteko eskubide batzuen aitormena duen egitura instituzional bat. Demokrazia maila sozialean, denboraren joan etorriarekin ikasten den zerbait ere bada, besteenganako errespetua eta tolerantzia. Trantsizioa, gerra zibilaren urteetatik Euskadi indarkeria politikoaren bidez bortxa gehienez kolpatu zuen garaia izan da ziurrenik. Eta zoritxarrez maila sozialean onarpen jarrera batzuk eman ziren, batez ere Euskadin ETAk protagonizatutako biolentziari dagokionez. Begiratzen den tokitik begiratuta, erakunde terrorista baten hilketa politikoak txalotzea edo onartzea, edozein erakunde terroristarenak, demokratizazioaren kontrakoa da erradikalki. Hor, ETAren krimenen aurrean onartze edo beste alde batera begiratzeko dinamikan sartu ziren erakunde eta aktibista batzuk egon ziren, noski ez guztiak baina bai kopuru garrantzitsu bat. Herrialdeak bizi zuen demokratizazioan tokiri ez zuen jarrera, eta noski, lokalizatu daitekeen itzal gune garrantzitsuenetariko bat da hori.

Denboraldi horretan egun ezagutzen den euskal gizarte zibilaren oinarriak finkatu ziren. Zein puntura arte eragin zuen giza ehunduran terrorismoaren eta sektakeria jakinen fenomenoak?

Zorionez, euskal jendartea zabala eta aktiboa da eta noski, alde bat izan da eta ez guztia, terrorismoaren fenomenoagatik kutsatuta geratu dena. Bizi izan ditugun balazko urte gogorretan ere, gizarte zibiletik terrorearen aurrean duintasun erakusgarri moduan sortu ziren Gesto por la Paz gisako adibideak ditugu. Gertatzen dena, zibila, ehundura zibila, gizarte zibila definizioz militarraren kontrakoa dela, indarkeriaren bidezko irtenbideen, heriotza zigorraren, politikako autoritarismoaren aurkakoa. Beraz niretzako, biolentzia politikoa legitimatu duten erakundeak ez dira gizarte zibilaren parte, gizabidearen kontrako komunitate baten parte baizik. Raúl López Romo (Bilbao, 1982) Historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatetik (2010). Egun Queen’s University of Belfasten egiten du lan Eusko Jaurlaritzako doktoretza osteko ikertzaile moduan. Diskurtso eta terrorismoaren biktimen inguruan sorturiko praktika sozialen analisian ardaztuta, 1970eko Ipar Irlanda eta Euskal Herriaren arteko konparazio-proiektu bat burutzen dihardu.Del guetto a la calle: el movimiento gay y lesbiano ene l País Vasco y Navarra, 1975-1983 (Tercera Prensa, 2008) liburuaren egilea da eta hainbat liburu kolektibotan zein Trieno, Historia Contemporánea, Alcores, Cuadernos de Alzate e Historia, Trabajo y Sociedad moduko aldizkarietan zenbait lan publikatu ditu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Martin Altzueta. Marrazkilaria: 1512. Nafarroa, amets urratua komikian gozagarria izan da ikuspuntu artistikotik gazteluak–eta marraztea

 

Irakurri

Jost Gippert. Hizkuntzalaria: Gizakiok hizkuntzen inguruan izaten dugun jakin-mina asetu nahi genuke gure ikerketen bidez

 

Irakurri

Juan Miguel Gutiérrez. Zinemagilea: Egungo zuzendari askori esker egiazko euskal zinea egiten ari da

 

Irakurri

Jorge Campanillas. Teknologia Berrietan abokatu aditua: Gure datu pertsonalak urre berria dira

 

Irakurri

Margaret Bullen. Antropologoa: Tradizioak bizirik daude eta historian zehar gizartearekin batera moldatu dira

 

Irakurri